Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-06-19 -- 1997.zenb

Estitxu Eizagirre

Maila inoiz baino orekatuago dagoela da Ikastolen Elkartean Eskolarteko Txapelketaren ardura duen Mikel Mendizabalek aurtengo Euskal Herrikoaz egiten duen gogoeta. Garai batean lidergoak oso nabarmenak ziren bezala, orain maila altuagoa eta berdinduagoa da. Horren erakusle da herrialde bakoitzeko Eskolarteko Txapelketatik Euskal Herrikorako sailkatzen diren izen gehienak berriak izatea. «Hori ûdio Mendizabalekû bertso eskoletan egindako lana hobetu denaren seinale da. Nabari da orain ikasleei egokitutako lan zehatzagoa egiten dela, eta metodologia ere findu dela». Urteekin erreferentzia sendo bihurtu da Eskolarteko Txapelketa, eta kurtso bukaerarekin bat eginez, bertso ikasleen agendan egun seinalatua izaten da.

Sari sabatikoa

Iaz Euskal Herrirako sailkatuek sari berezi bat jaso zuten: txikiek asteburu-pasa Bidarrain, eta handiek astebeteko bidaia Parisera. Mendizabalek kontatzen duenez, «sari oparoago bat ematea genuen helburu, ikasmateriala baino gusturago hartuko dutena». Oso gustura etorri ziren, lagun berriak eginda. Baina txikien kasuan asteburu-pasa motz xamar geratzen denez, aurtengoan aste osorako egonaldia gozatu ahal izango dute.

Txapelketa berezia

Gazteentzat bertso eskolaz kanpoko saiorik garrantzitsuena da Eskolarteko Txapelketa, askorentzat urteko saio bakarra. Horrek urduritasuna, ilusioa, beldurra... hamaika emozio korapilatzen ditu. Horiek ondo kudeatzen ikastea oso aberasgarria da, baina ez asmatzeak faktura pasatzen du. Merezi luke bertso eskoletan aztertzea txapelketak ikasleen artean zer balio zabaltzen dituen eta hauek nola landu behar diren.

Gipuzkoako Eskolartekoak 25 urte

Jon Sarasuak jantzi zuen txikitoen arteko lehen txapela, eta 25 urte beranduago Unai Gaztelumendiren buruan da. Data hori ospatzeko, aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko finala Kursaalen jokatu zen, eta bertan elkartu ziren familia argazkia ateratzera urte hauetan izandako txapeldunak, antolatzaileak, irakasleak, eta Imanol Lazkanori ere aipamen berezia egin zitzaion, urteotan txapelketa honetan egindako lanagatik. Mende laurdenean txapelketak eman duena jasoko duen liburua prest du Ikastolen Elkarteak eta uztaila hasierarako kalean egongo dela espero dute. Praka motxetan izenburuarekin, urtez urteko errepasoa egiten du argazki, bertso eta parte-hartzaileen iritzi artikuluekin.

Eider Garaikoetxea


Despedida batera joan gara Arriaga antzokira, hala dio behintzat txarteldegi ondoan dagoen kartelak: Au revoir triunfadoreak. Antzerkiola Imaginarioaren azken lana da. Garai berrietako komedia, komedia tristea, erantsi du kartelak. Antzokian sartu eta argiak itzali dituzte, eszenatokia soilduta ageri zaigu, egurrezko kutxa handi bat erdian duela. Despedida baten lekuko izango gara, triunfadoreen azkena, euren heriotza. Kapitain zahar bat igoko da oholtza gainera, paperezko ontzitxoa herrestan darama: hura ere agur ari da esaten, mutu dago, baina agur dio ibilera nekez batekin.

Inkognitaz beterikoa da Au revoir triunfadoreak lanaren hastapena eta irauten duen ordu eta erdian ere, galderak eta erantzunak, baieztapenak eta ezezkoak, barreak eta tristurak... denak brodatu baten fintasunez harilkatuko dira.

Au revoir triunfadoreak obran, denak du bere kontrakoa, bere ispilu desitxuratua, bere muturreko bestaldea. Hiru pertsonaia nagusiak (Madame Faneka, bala gizona eta gazte nihilista) bikoiztuta ageri dira eta hiru lagun baino, sei taularatuko dira: aipatu hirurak eta Baniju, bala neska eta gazte nihilista 2; pertsonaiak eta horien alter egoak. Are, hirugarren izaera bat lotuko zaie hezur haragizko protagonistei: off ahotsak. Garik, Ruper Ordorikak, Antton Lukuk eta Ramon Agirrek bikain landutako narratzaileak.

Hipopotamoaren metafora

Seiek, Melville kapitain zaharra lagun, hildakoen zubirako bidea egingo dute. Garai berrietako gaixotasunak jota daude denak ala denak: norbera ezin izatearen tragedia, mundu modernoaren azkartasunak txintxarriak bezala, errekan behera, eramaten dituen sentsazioa, hipopotamo bihurtu izanaren konplexua.

Jon Gerediagak Na Gomesekin batera idatzi du Antzerkiolaren azken lanaren gidoia eta berak ere inertzia sentsazio bera du: "Iruditzen zait bizitza oharkabean pasatzen zaigula, ez dugula sentitzen behar bezainbeste; batzuetan ematen du bizitzak xarma galdu duela eta horrek utzikeria sortzen du. Azaleko zoriontasun batean bizi gara, baina nik ez dakit sakona ote den zoriontasun hori".

Obrak, baina, ez du zehazten nor den hipopotamo eta nor poeta ûuraren korrontearen indarrari aurre egin eta bereari eutsi dionaû. "Testuari dagokionean, irekita utzi dut, nik ez dut esaten nor den hipopotamoa eta nor den poeta, uste dut denok dugula hipopotamo bat barruan eta aterako da, asko-gutxi", azaldu digu Gerediagak.

Hala ere, hor dago Ander Lipus zuzendariak egindako aldarria: "Sentitzen eta pentsatzen duzuna bidean ez uzteko deia egin nahi dugu. Justu kontrakoa exijitzen duen garai honetan ûeuroparrak eta globalizazio zaleak izan behar duguû, istorio propioak eraiki behar dira, istorio txikiak".

Hori guztia eszenaratzeko tratamendu berezia eman diote lanari Antzerkiola Imaginarioko kideek: komediaren erritmo eta moldeak erantsi dizkiote. "Yuri Sam eta gero, komedia bat egin nahi genuen; Ubu Rey eta Esperando a Godot, El Rinoceronte eta halako obrak aztertzen hasi ginen, bere garaian haustura bat ekarri zuten obrak izan ziren eta gustuko genituen", esan digu Lipusek.

"Garai berrietako gaixotasun bati buruz hitz egiteko badirudi beharrezkoa dela umorea erabiltzea, barre egitea", gaineratu du Gerediagak. Umorea, baina, ez da azalekoa, ez barre algara ozenak eragitekoa. "Absurdo hitza jarri dioten abizena da, baina berez absurdoaren sentimendua ez da batere barregarria, barruko hustasun sakon batek sorrarazten du eta umorea berezia da, ez da hain hutsala, umore sakona da, gazi-gozoa" azaldu digu Gerediagak.

Dena ulertu behar hori

Umorea lagun izanda ere, hustasun sentimenduarekin utziko du ikus-entzuleak antzokia. Antzezlana ikusi baino lehen zituen galderak halako bi dira orain. Helburua, hein batean, hori dela azpimarratu digute lanaren gidoigile eta zuzendariak. "Ikuslea dena ulertzera doa antzokira, eta ezinezkoa da dena ulertzea. Garai berri hauetan erantzunak nahi ditugu baina askotan, erantzunak baino hobe da galdera ona planteatzea" azpimarratu du Gerediagak.

Ulertu baino, ikus-entzuleak sentitu egiten du, biziki sentitu ere. Horretan laguntzaile paregabea da Aitor Agirianok ideiatutako eta Ondarroako Metal Taldeak gauzatutako konposizio indartsu eta sendoa edota Ruper Ordorika, Antton Luku, Gari eta Ramon Agirreren ahots sarkorrak.

Izan ere, kolaborazio dezente izan dituzte Antzerkiolakoek lan honetarako. Aipatutakoez gain, LaRessistens kolektiboko Iker Garciak bala gizonaren txotxongiloa darabil. "Jende asko bildu zaigu, nekagarria izan da baina oso positiboa. Jendeak sentsibilitatea du gurekin lan egiteko. Kolaborazioak, gainera, oso garrantzitsuak dira taldea horren hermetikoa ez bihurtzeko" agertu du Ander Lipus zuzendariak.

Laborategian landutakoa

Antzerkiola Imaginarioaren lan sistemari jarraiki, oraingo honetan ere talde-lanaren emaitza izan da Au revoir triunfadoreak obra. "Nik uste oraingo honetan prozesua muturrera eraman dugula, talde-lanean oinarritu dugu eta ideala bada ere, oso nekagarria izan da. Deserosoa zelako, deserosotasuna sormen lanetan oso ona da, produktiboagoa da. Guztiz erosoa baldin bada, nik uste ez dituela fruitu guztiak ematen" esan digu Jon Gerediaga gidoigileak.

Dudarik ez da azken lan honek fruitu guztiak eman dituela, Donostian lehen aldiz loratu zen landarea ureztatzen eta mimatzen denbora luzea eman baitute Antzerkiolakoek (hain justu sei hilabete, denak 20 bat lagunen izerdi eta ideiak biltzen), baina hazia aspalditxo landatu zuten. "Orain bi urte eta sei hilabete, Lipusen ideia batetik abiatuta, testu bat idatzi genuen Gomesek eta biok; entseatzen hasi baina konturatu ginen ez gindoazela inora, oso erosoa zen, antzezlana itxita zegoen" kontatu digu Gerediagak. Ez atzera ez aurrera zeudela, testua zakarrontzira botatzea erabaki zuten eta proiektuari berriz heltzea, zerotik, talde-lanean.

Pilar Iparragirre

Nor izan genuen Li Bai?
Antzinaroko literaturako edo filosofiako autore askorekin dagoen arazo bera dago Li Bai-ren edo Li Tai Bo-ren -bietara ezagutzen baita- biografiarekin ere: historia eta kondaira nahastu egiten dira, tarteko muga-marra zehaztea zaila egiten delarik. Idazkiek diote Li Baik Qinglian izeneko herrialdean igaro zuela haurtzaroa. Bizitzako lehen urteak nortasuna eta etorkizuna sakonmarkatu zizkioten hiru eginkizunetan igaro zituen: poesia aztertzen eta idazten, garai hartan puri-purian zegoen ezpata-jokoan trebatzen, eta taoismoa praktikatzen. Taoismoak ezaugarri dituen zain libertarioa eta naturalismoa ûbaita chan budismoaren zenbait ñabardura ereû hor-hemenka, edozein pasartetan atzeman daitezke haren obra poetikoan.

Zeintzuk dira berak landu zituen gaiak?
Gure ustez, Li Baik darabiltzan gaiak grina unibertsalei lotuak daude: aldiaren iragaiteari, adiskidetasunari, banatzearen saminari, gerratearen doilorkeriari, naturaren kontenplazioari, horditzearen onurei... Hara hor haren arrakastaren gakoa.

Zaila izan al da haren poemak euskarara itzultzea?
Li Bairen poesia egoskorra eta menderagaitza da itzulpen-saio guztientzat, on eta txarrentzat; inmunitateak babesturiko izakia irudi. Denborak eta lekuak ezarritako tarte handiaz gaindi, eta ekialdeko orok duen azaleko bitxitasun galkorraz gaindi, Li Bairen poesiak sentikortasun berri baina nabarmen bat dakarkigu: berria da, eta aldi berean, zaharra, betierekoa.

Pilar Iparragirre

Sukar ustelaren urtea
Edorta Jimenez
Txalaparta
403 orrialde 15 euro

Itsas giroan kokatutako intriga

Edorta Jimenezen nobela honek XVI. mendera garamatza. Bere protagonistak Espainiako koroaren Txit Zorionekoa itsas-armadan erroldatutako marinelak dira. Gehientsuenak fortuna egin nahian engaiatu dira; beste batzuk, berriz, euren borondatearen kontra lotu behar izan dute zereginera. Eta haien artean bada maitemin kontuak gaizki atera eta ihesean joandako euskaldun bat ere, loriazko egunen bila. Oso gaztea da oraindik, eta deus gutxi daki gizakien barnean ezkuta daitekeen doilorkeriaz. Itsasoko gaitzak jo eta oso gaizki jartzen denean, Martin zirujauak sendatuko du, handik ez askora tripulazioko norbaitek salatuta Inkisizioaren aurrera eramango duten gizon berberak. Gazteak asko maite du, eta mendeku hartuko du.

Moskatel Team
Joxean Sagastizabal Errazu
Kutxa Fundazioa
48 orrialde
5 euro

2005eko Donostia Hiriko Kutxa Antzerki saria eskuratutako lana

Joxean Sagastizabalek idatzitako Moskatel Team antzezlanak jaso zuen 2005eko Donostia Hiriko Kutxa Antzerki saria. Protagonista okin gazte bat du. Halako batean, Moskatel txirrindulari taldeko aholkulari batekin egiten du topo. Haren hitzetan, okinaren gorputza egundokoa da, Mikel Txilurainen ipurdia, Edu Ferkxen hankak, eta Bahamendisen bular eta bizkarrak dituelako. Bizikletarako espreski sortutako gorputza omen du gazteak. Tourra ere irabaz dezakeela, eta hasteko, ea ez al den Moskatel ekipoak Txordiziako Klasikan egin behar duen ahaleginean parte hartzera animatzen galdetu dio. Eta okinak baietz erantzun dio, bizikletan errepidera irteteko inolako ohiturarik ez duen arren.

Mila esker andereño
Iñaki Amezua Pellés
Ostoa
336 orrialde

Lehen ikastoletako maistrak mintzo

Iñaki Amezua Pellések osatutako liburu honen izenburu zehatza Mila esker andereño. Hastapeneko ikastoletan ibilitako andereñoekin solasean da, eta hain zuzen ere horixe du mamia, iragan ez hain urruneko urte latz haietan ikastolak martxan jarri eta haietara zihoazen umeei zekiten guztia euskaraz irakasten aritu ziren emakume haiek aitortutakoak jasotzen baititu. Gure historia hurbila gauzatu zuten pertsonei eman nahi izan die Iñaki Amezuak hitza, utopia batean sinetsi eta haren alde borrokatu zutenei omenaldi xume bat eskainiz, zeren gerra aurretik zaila bazen, gerra ondorenean euskararen aldeko apustua egitea eta berezko euskal hezkuntza baten alde lan egitea ez baitzen erronka makala izan. Horregatik jaso ditu andereño haien testigantzak eta hausnarketak.

Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
160 orrialde
12 euro (urteko harpidetza)

Lauaxeta eta karmeldarrak

Esteban Urkiaga Basaraz Lauaxeta-ren jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan, Lukizekoak karmeldarrekin izan zuen zerikusia argitara atera nahi izan dute Karmel aldizkarikoek. Izan ere, kartzela bihurtutako karmeldarren komentuan hil zuten Lauaxeta, 1937ko ekainaren 25ean, baina mutiko zela ere karmeldarren komentu batera joateko gogoa agertu omen zuen Estebantxuk, nahiz eta Lekeitioko osaba batek abade egin behar zuela esan eta azkenean mutikoak Durangoko jesuitetan amaitu. Luis Baraiazarrak honen guztiaren berri eman ondoren, Gotzon Garatek olerkariaren gainean eginiko lanak datoz. Batetik, Lauaxeta eta hogeita hamargarren urteko belaunaldia, eta, bestetik, Lukizekoaren Maitale kutuna, Artzain baten erijotzean eta beste poemen azterketak.

Non nago?
Liesbet Slegers
Ibaizabal
26 orrialde 6,50 euro

Lore gorri eder bat belar berde gozoan

Etxeko txikienak liburuetara ohitu daitezen burututako bilduma da Ibaizabal argitaletxearen Kepa saila, 18 hilabetetik aurrerako haurrentzat entretenigarri izan daitezkeen liburuxkez osatua. Non nago? izenburua duen honetan, lore gorri eder bat erakusten zaio haurrari, eta baita belar berde gozoa irudikatzen duen marrazki bat ere. Jarraian, txikitxoari egitea dagoen galdera dator: non aurki daiteke bera egoera horretan? Orrialdea ireki eta... parkean dagoela ikusiko du. Beste adibide bat: koilara berde bat erakusten zaio. Eta haren aldamenean, kazola. Koilara berdearekin kazola jotzen, non egon daiteke haurra? Bada, sukaldean, danborra jotzen aitatxok afaria prestatzen duen bitartean!

Menchu Gal
Batzuen artean
Irungo Udala
110 orrialde

Menchu Gal artistaren biografia eta bere margolanen katalogoa

Irungo Udalak bere hiritarrik ezagunenetakoa duen Menchu Galen ibilbide piktoriko bikainari egin nahi izan dion omenaldia baino ez da orain plazaratutako katalogo hau. Bertan, 1918ko urtarrilaren 7an Irunen sortu zen Menchu Galen biografiaren sinopsia eskaintzen du Iñaki Moreno Ruiz de Eguinok. Eta jarraian, margolariaren lanen katalogoa dator, 1931n margotutako Gain-Gainean oleotik hasi, eta 1990eko Nocturno en el Bidasoa eta datarik agertzen ez duen Carpas en Ondarraitzekin amaitzeko.

Urrutira bidalia
Li Bai
Alberdania
123 orrialde 12,90 euro

VIII. mendeko olerkari txinatar baten poemak

Poesia egiteko oso modu berezia duen VIII. mendeko olerkari txinatar baten 49 poema euskaratu dituzte txinera zaharrean aditua den Albert Galvanyren eta Pello Otxotekoren artean. Eta aurretik Joseba Sarrionandia, Itxaro Borda eta Rafa Egigurenen saioengatik irakurle euskaldunak Hilezkor Deserriratua bezala ezagun izan zen poetaren berri baldin bazuen ere, poema hauen bidez ohar daiteke Li Baik bere garaian jorratzen zituen gaiak zeinen unibertsalak diren. Iraganaren hamaika tristezia ezabatzeko ardoa pitxerka edatea gustuko zuen gizona genuen Li Bai, loreez liluratua, funtzionarioen kapelari uko egin eta printzeez batere arduratzen ez zena. Eta latz ordaindu behar izan zituen bere ezaxola horiek, deserrian denbora luzez egonda. Li Bairen poesia, oso antzinakoa izan arren, gaur egun ere argitaratu egiten da eta arrakasta du munduko hizkuntza gehienetan. Bernardo Atxagak liburu honen hitzaurrean dioen bezala, «nahiz eta denbora izugarri luzez ezezaguna izan Mendebaldean, eta ez egon haren aipamenik ez Marco Polok, ez Fray Ignacio Martín de Loyolak, ez beste bidaiariek idatzitako liburuetan, munduko hamaika irakurle eta idazleren erreferentzia da gaur egun».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan