Lau legealditan jarraian gehiengo osoarekin irabazi ondoren, bosgarrenean Manuel Fragak eta PPk Galiziako Gobernua gal dezakete. Alternatiba PSG eta BNGren koalizioan dago. 75 jarleku ditu Galiziako Legebiltzarrak eta inkesta gehienek diote Fraga 34tik 38rako tartean ibiliko dela. Lehenago ere izan dira halako hotsak, baina frankista zaharrak aise gainditu izan ditu aurreikuspenak. Edozein ikuspegi aurrerazalek hobetsiko luke Fragaren erorketa, baina Euskal Herrian bizi den egoerarekin, PSGk eta BNGk Gobernu berria eskuratzeak Zapaterok harnasa sakon hartzea ahalbideratuko luke. Indarberriturik ateratzeaz gain, PP ere bere baitan sortuko liratekeen arazoei arreta handiagoa jartzera behartua legoke. Euskal Herritik ikusita, Zapatero indartsu izatea komeni da, euskal gatazkaren aurrean orain arte agertutako borondatean sakondu ahal izateko batetik, eta bestetik, bere alderdiaren baitan ere duena baino posizio sendoagoa hartzeko, PPn eta PSOEn, bietan baitauzka etsaiak zain Espainiako gobernu buruak.
1980ko ekainaren 11n galdu zen Jose Miguel Etxeberria Naparraren arrastoa. Harrezkero, desagertua jarraitzen du. Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen Naparraren desagertzea eta hilketa, eta beste hipotesi batzuk ere mahaiaren gainean izan badira, familiak eta kasua daraman abokatu Iñigo Iruinek beti sinetsi izan dute BVEren egiletzan. Desagertzearen 25. urteurrenean, familiak saminez eskatu izan du edozelako zantzurik izan dezakeenak daturen bat helaraztea, besterik ez bada hainbeste urtetako sufrimentuari amaiera emateko.
Lehendakari hautaketa korapilotsua biziko da datorren astean, azken egunetan sakoneko aldaketarik ez bada behintzat. Ez dirudi Juan Jose Ibarretxeren lehendakaritza arriskuan denik, baina hirukoaren indar harreman berriaren egoera islatuko da Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran: hirukoak jadanik ez du gehiengo osoa eta bere jarrera ere horretara egokitu beharko du. Izango diren berdinketetan giltza EHAKren esku dago eta logika abertzaleak eta garai berriek, Ibarretxek Ezker Abertzaleko Taldearen sostengua bilatzea eskatuko luke. Ostiral Santuko euskal akordioei itxaron gabe, normalizazio politikorako urratsak egunerokotasunean ere irudikatu beharko lituzkete euskal alderdiek. Ezusteko handiegia litzateke Patxi Lopez EHAKren botoren batekin ateratzea lehendakari; ikusiko da., beraz, Ibarretxeren hautaketa EHAKren baiezkotik datorren ala PSE-EEren abstentziotik.
Marijo Deogracias
LH eta Batxilergoa euskaraz egiteko dauden aukerak ezagutarazteko, beraz, Alkarbide bilguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zeurea da aukera, jarraitu euskaraz kanpaina abian jarri dute. Horretarako Luis Prietoren gutun bana jaso dute DBH euskaraz egin duten 7.200 ikaslek, bai eta Bizkaiko ikastetxeetako euskarazko eskaintzaren informazioa ere. Izan ere, eta gai honen inguruan Andres Osa Sakonak erabili.com webgunean argitaratutako artikuluan zioen legez, «Indar guztiak batuta ere komeriak izango dira. Zirt edo zart egiteko garaia da». LH euskaraz eskaintzen dute esaterako Iurretako Institutuan. Hango zuzendari Josu Errastiren iritziz, «baliteke LH euskaraz egitea ez aukeratzea informazio ezagatik». Horrela uste dute Alkarbiden: «Lanbide Heziketa euskaraz ez egitearen arrazoia, sarritan, informazio ezagatik da; beste askotan, ordea, beldur izaten dira uste dutelako ez direla aurrera egiteko gai izango eta gaztelaniazko ereduetan izena ematen dute». Hala ere, Errastik uste du ikaslea ez dagoela prest esfortzu handirik egiteko euskarazko ikasketak burutzeagatik: «Gizarteak ez du behar beste baloratzen euskarazko irakaskuntza LHn».
Tradizio falta
Bizkaian LH ikasten duten gazteen %89k gaztelaniazko ereduetan egiten du; D ereduan, %7,5ek. Eustaten datuen arabera, iazko ikasturtean EAEn, Erdi mailako Lanbide Heziketan 11.222 ikasle ziren eta horietatik D ereduan 1.669 ikasle baino ez ziren matrikulatu. Alkarbideko teknikarien ustez, «tradizio falta dago LH orain arte gaztelaniaz eman izan baita; ez da euskarazko materialik egon eta euskaraz irakasteko gai zen irakasle gutxi egon da. Jende askok uste du batxilergoan eta LHn kalitatezko irakaskuntza jasotzeko gaztelaniazko ereduetara jo behar dutela. Hori horrela ez dela erakutsi behar diogu gizarteari. Bestalde, gazte askok uste du ez dela gai izango goi mailako irakaskuntza euskaraz egiteko eta gaztelaniazko ereduetara jotzen du».
Gaztelaniazko ereduetara jo beharko lukete erdal giroan; horrela iritziko genioke gehienok behintzat. Baina, hain justu, Bizkaiko gunerik erdaldunenean, Ezkerraldean, bada LH euskaraz eskaintzen duen ikastetxerik. Joan den ikasturtean Ezkerraldeak emandako euskarazko lehenengo LHko promozioa atera zen. Portugaleteko Ibar Ezkerra Ikastola politeknikoak eman zuen. Orain dela lau urte eratu zuten kooperatiba Asteleku eta Bihotz Gaztea ikastolek; gaur egun Somorrostroko LH zentroa ere kooperatibako bazkide da. Hango zuzendari Fernando Barrigosek dioenez, «egia da informazio eza handia dagoela ikasleen artean. DBHko orientatzaileek ardura handia dute lan horretan. Eurei dagokie ikasleei hurrengo ikasketak euskaraz egin ahal dituztela azaltzea. Askotan ikastetxeetan ziklo bera euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen denean, euskarazkoaren berri ez dute ematen, eta, azkenean, jakin ezean gaztelaniaz ikasteko matrikulatzen da jendea».
Portugaleteko Ibar Ezkerra ikastolan Ezkerraldeko ikasleez gainera, bilbotarrak eta eskumaldekoak ere badaude: «iaz ondarrutar bat izan genuen euskarazko lehenengo promozioan. Euskaraz ikasi nahi zuelako etorri zen gurera. Eskaintza gutxi dago euskaraz eta dagoena ez da ezagutzen», dio Barrigosek. Hurrengo ikasturterako goi mailako heziketa ziklo berri bat eskainiko dute Portugaleten: gorputz eta kirol ekintzen sustapena. Eskaintza honen garrantziaz jardun digu Barrigosek: «Kirolean euskarak balore erantsi handia dauka; komunikazioa oso garrantzitsua da arlo horretan».
Hortaz, berriz ere lan mundua eta euskara nola uztartu da gakoa, lehen ere Errastik agerian utzi legez. Iurretako Institutuko zuzendariak azaldu digunez, «oraintxe hasi dira esaten zenbait forotan LH euskaratzea estrategikoa dela lan mundua euskaratzeko eta, bide batez, euskara normalizatzeko». Horretaz jardun zuten maiatzaren 11n Durangon, Ibilaldiaren babesean antolatutako mahai-inguruan. Markel Eizmendi, Hetel-eko -Lanbide Heziketako ikastetxeen Elkartea- ordezkariak azpimarratu gura izan zuen herrialde bakoitza soziologikoki aztertu beharko litzatekeela eta horren arabera, «bermatu gutxieneko bat euskaraz aritzea». Eztabaidagune hartan zabaldu zen beste ideietako bat Idurre Maortua Durangoko Ibaizabal ikastolako zuzendariak azaldu digu: «LH euskalduntzeak gizarteko eragile askoren parte hartzea eskatzen du: enpresa-administrazio eta sindikatu. Azken batean enpresaburu- entzako euskara jakitea ez da produkzioaren edo irabazien gehikuntza, hortaz, horretan inbertitu dezala nahi badugu gizarte osoaren inplikazioa behar dugu». Durangoko Ibaizabal ikastolaren asmoa 3. lerroa deitzen dutena garatzea da. Hartara ikasleak heziketa ziklo osoa euskaraz egiteko aukera izango du eta lan mundura erabat euskaldunduta egokitu.
Beteranoen bidetik
Iurretako LH Institutuan esperientzia dute arlo horretan. Urte batzuk badira euskarazko eskaintzarekin hasi zirela, 1997-1998 ikasturtean. Administrazioa, automozioa, informatika, elektronika eta fabrikazio mekanikoko familia profesionaletako tituluak eskaintzen dituzte. Aurten 186 ikasle ari da han eta beste 78 batxilergo teknologikoa egiten ari da. Baina, Errastik dioen moduan, «orokorrean LHn euskarazko eskaintza oso murritza da, batetik eskaintza oso sakabanatua delako eta bestetik, euskarazko irakasteko material gutxi dagoelako». Ikas materiala euskaratzen hasita daude Lea-Artibai ikastetxean. Polimeroak lantzen espezialista da Markina-Xemeingo ikastetxea eta euren erronketako bat ikasketa ziklo guztiak euskaraz eskaintzea da.
Bitartean, eta dagoenaren berri eman nahian, Zeurea da aukera, jarraitu euskaraz izeneko informazio kanpaina dago Bizkaian.
Gehienek ematen dute hiltzat Europako Batasunaren egungo Konstituzio-itunaren ibilbidea. Bukatu da garai bat eta beste bat hastera doa, Itunaren bideak jarraitu ala ez. Aukera berrian zaila dirudi Frantziaren ezezkoaren indar sozialak asko eragiteko aukerarik izango duenik, baina oraingo Ituna onartu izanbalitz baino gehiago bai behintzat. Aurten bertan Alemaniako hauteskundeetan gertatuko dena funtsezkoa izango da EBren norabide horren hastapenerako.
Mikel Asurmendi
Bere alderdian azken bi urteetan izandako gorabeherak izan ditugu hizpide solasaldiaren zati nagusian. EAJko GBBko presidentearen hautaketaz mintzatu gara hasieran, urte luzetan alboko izandako Juan Mari Juaristi izan baitzuen arerio. Hainbat tirabiraren ondoren, Joseba Egibar GBBko burua berretsia izan zen: "Alderdi barruko prozesua izan da gertatuen atzean. Xabier Arzalluzen agurraren ondoren alderdian bi ikuspegi lehiatu ziren. Ikuspegi bakoitzak alderdiak finkatutako estrategia eta politika kudeatzeko bere ideiak azaldu zituen. Prozesuan Josu Jon Imaz izan zen garaile eta horren ondorioz etorri zen GBBan gertatua". Juaristi Imazen alboan kokatzeak politikako solas-lekuak harritu zituen: «Hori norberaren aukera da. Berak pentsatzen badu talde horrek hobeto kudea dezakeela alderdiak finkatu dituen estrategia eta politika, nik ez dut arazorik. Alderdi hau boluntarioz osatuta dago eta bakoitzak bere erabakia hartzen du libreki». Juaristirekin gertatuaren ondorioz minik geratu ote zaion galdetu diogu: "Ez. Aitzitik. Jarrerak argitzen diren neurrian hainbat hobe alderdiaren politika kudeatzeko".
EAko idazkari nagusi ohi Gorka Knörrek politikaren parte handi bat politikarien arazo pertsonalek baldintzatuta dagoela esan berri du ARGIAn. Ados?
Berari esperientzia hori hurbiletik bizitzea tokatu zaio nonbait. Argi dago: politika ez da aseptikoa, pertsonak gara. Politika eta taldearen lana pertsonekin duzun konfidantzaren arabera gauzatzen da, elkarren arteko konfidantza mailak baldintzatzen du politika. Eta horrek ez du esan nahi talde bat osatzeko denek berdin pentsatu behar dutenik. Alderdi barneko aniztasunaren isla izan behar du taldeak. Gure alderdian, proportzio eta batzorde ezberdinetan, aniztasuna badago.
Josu Jon Imaz EBBko presidente hautatu ondoren horrela esan zuen Arnaldo Otegik ARGIAn: "Agian hobe EAJn agintzen dutenekin hitz egitea, ezta?" Nork agintzen du EAJn?
Horretan Arnaldok arrazoi du. Garai bakoitzean zer tokitan nork agintzen duen harekin hitz egin behar da. Uste dut Batasunak logika hori jarraitu duela. Harreman kolegiatuak dauzkagu indar politikoekin, ezker abertzalearekin barne, eta hitz egiten dugunean bakoitza zein den badakigu. Denok kontziente gara horretaz, alderdi barruan aginte maila zeinek daukan garbi delarik. Gurean garbi dago, alderdia erreferentea da, eta aldi berean, Ibarretxek ûjarduneko lehendakaria orainû Jaurlaritza eta alderdia erreferente nagusitzat ditu.
Nolanahi ere, iruzurtua sentitu al zinen EBBrako hauteskundeetan?
Ez. Nik argi daukat alderdiko batzuentzako ez naizela gustuko pertsona. 1991z geroztik, Leitzarango auzia konpondu zenean, bakarren batzuk ez zuten egokitzat jo GBBren jarrera. Geroago, 1995 eta 1998ko gertaera politikoetan, GBBk estilo bat erakutsi zuen. Eta estiloa, ez politika egiteko moduan. Norbera finago edo baldarragoa izan daiteke, estiloa diot, norabide politikoa marraztu eta ziurtatzeko garaian eztabaidak gure modura planteatu eta garatu genituelako. Batzuek Xabier Arzalluzek urtetan agertu zituen nolabaiteko autoritate eta lasaitasunari galdera ikurra jarri zioten nolabait.
Alderdi barruko bi arima delakoak agertu ziren nolabait. Egun Imazek eta Egibarrek ordezkatuta?
Arima horiek ote diren ere ez dakit. Batzuk Comunión eta Aberri ildo historikoekin alderatu nahi izan dituzte. Ni ez naiz eztabaida horretan sartuko. Garbi dudana da, 2000 eta 2002. urteetako alderdiaren ponentziak ûnahiz eta emendakinak izan zirenû aho batez onartuak izan zirela. Agian, aho bateko hori ez zen benetakoa, eta bakarren batzuek beste ideia batzuk eduki ditzakete. Denborak erakutsiko du zertan dabilen sektore hori. Hau ez da alderdi barruko lasterketa bat. Nik alderdia herri honen zerbitzurako dagoen tresna bezala ulertzen dut, eta ni parte naiz beste 33.000 kideak bezalaxe. Gure erabakiek herriaren zerbitzura egon behar dute, eta herriaren nahitik aldentzen bagara, herritarrek abisua emango digute, eta modu berean jarraitzen badugu, bide horretatik baztertuko gaituzte. Zorionez, azken 25 urteetan, EAEn, herri honen gehiengoaren babesa jaso du EAJk.
Dena dela ere, Imazen izendapenak alderdiko "pisu astu»nen sostengu interesatua izan omen zuen. Ba al daude "pisu astun" horiek?
Agian egongo dira. Beraiek jakingo dute. Herri honetan erreferentea diren erakunde eta pertsonak direnak direla ere, denok ezagutzen dugu elkar. Nahiz eta ezkutuan edo azpi-jokoan ibili eta batzuek ez duten beren benetako iritzia behar adina azaltzen, Joseba Egibarri baino beldur gehiago diote herri honek hartu duen atzeraezinezko bideari. Adibidez, lehendakariak nora garamatzan edo nora eraman gaitzakeen horrek beldurtu egiten ditu sektore horiek. Askoz garrantzia handiagoa dute lehendakariaren jarrerak eta estrategiak Egibarrek pentsa dezakeenak baino.
Batzuentzat Arzalluzen delfina edo izurdea zara. Beste batzuentzat marrazoa.
Xabier Arzalluz EBBko buru zela eta ni bozeramalea, talde erreferentzial bat osatu genuen. Arzalluzek egina hor dago, garai ezberdin batean egina. Utzi duen legatu politikoak autoritate ukitua eman zion alderdiari. Eta nik asko eztabaidatu nuen Arzalluzekin. Baina nahiago dut berarekin izan nuen eztabaida izatea ûgaur egun ere jarraitzen dugunaû eztabaida ez den giroa baino, edota gauzak joan doazela uztea baino.
Arzalluz zegoenean baino gutxiago eztabaidatzen da orain EBBn?
Lehen asko. Orain, arazo asko dugu eta bagoaz berauek konpontzen. Egia esan, arazoek ondo bideratzea denbora asko eskatzen dute. Garai estrategikoetan Arzalluzekin eztabaidatzea luxua izan zen. Xabierrek boterea baino gehiago autoritate politikoa zeukan. Ez dakit besteen kasua nola izan zen, nik eztabaida aberatsa izan nuen EBBn eta ondorio oso positiboak.
Orduan EAJn Arzalluzen arima nagusia edo bakarra ote zen ez dakigu, baina gaur egun, analista politikoen esanetan, bi arima daude: Imaz eta Egibarrena.
Hemen analista gehiegi dago. Azken urtetako erreferentea desagertu denean, analisia noiznahi, nonahi eta nolanahi egiten da, alegia. Josu Jonek bere estiloa dauka. Berak garbi dauka zein garaian tokatu zaion EBBko presidente izatea eta alderdiak nondik nora joan behar duen, eta nik ez dut zalantzan jarriko alderdiarentzat eta herriarentzat hoberena nahi duela. Guk talde lanean aritu behar dugu. Diferentziak diferentzia, bakoitzak badakizki zein diren bere alde ahulak eta sendoak. Ni, alderdiak markaturiko estrategiaren barruan, eskatzen zaidan neurrian eta moduan, guztia ematen saiatzen naiz herri honen onerako.
Zein da Egibarren arima politikoa?
Alderdiarena. Herri honek 1998tik gaurrera estrategia berria gorpuzteko prozesua bizi izan du: alderdiak eta lehendakariak aurreko legealdian aurkeztu eta onetsi zuen proiektu hori ez zen onartuko 1998. urtean gertatu zena gertatu gabe. Urte hartan autonomiaren azterketa kritikoa egin zen. Su-eten garai bat ezagutu genuen. Alderdi abertzaleen arteko elkar lanerako aukera ireki zen, Lizarra-Garaziko Akordioan nahiz Legebiltzarrean gauzatuak. Estrategiak berrikusi ziren eta ez dut uste egoera berri batera estrategia egokitu zela su-etena eman zelako, herri honek heldutasuna eta herri bezala jauzi egiteko aukera ikusi zuelako baizik. Herriak horretarako indarkeriazko bidea behin betiko utzi behar zela adierazi zuen eta Espainiari gatazka konpontzeko nahia eta beharra agertu zitzaion. Hor kokatu behar dira alderdiaren gaur egungo jarrerak, eta nik aurreko jarrera horiek alderdi barruan nola proiektatzen diren begiratu behar dut. Nik horietan ikusten ditut nire arima, bihotza eta burua.
Juan Jose Ibarretxerenak eta zureak hurbil al daude?
Ibarretxek bere ardurak eta mugak ditu. Hiruko baten gobernuburua izan da. Aurrerantzean ikusiko dugu horrela izango den. Nahiko lan badu berau berresten. Instituzio gizona da. Erakundeetan dagoen gizona izaki, babesaz gainera, alderdiak bere bidea zabaltzen lagundu behar dio, alderdiak aurretik joan behar du, berak atzetik datorrela bide errazagoa eduki dezan, horretan lagundu behar diogu. Ibarretxek ez ditu alderdiaren jarrerak azaltzen soilik, adostasunarena baizik. Alderdiak aurretik joan behar du, eta nik hori botatzen dut faltan nolabait, aurreragotik joatea alegia.
Nola ikusten duzu bera eta bere izena daraman Plana aurrera joate horretan?
Agian, alderdiari dagokionean, Ibarretxe bezalako pertsona batek egin du egin zezakeena. Orain, Gernikako Estatutuaren garaia protagonizatu zuten pertsonek lagundu lezakete pertsona hau beste jauzi bat ematen. Ibarretxe berak bakarrik ezin du protagonizatu hori. Jauzi horren lidergoa berak hartu zuen, baina, aurreko belaunaldiak, apustu estrategikoa egin zutenek -Arzalluzek nahiz Garaikoetxeak, adibidez- duten eskarmentuaren laguntza ekarri beharko liokete. Denok bat gatoz, barne azterketa eta prozesu bat izan da, eta EAk nahiz EAJk babestu dute plana. Ibarretxek egin behar zuena egin du.
Planak balio al du aurrera egiteko?
Bai. Dudarik gabe. Plan horretan mugarri batzuk daude eta horiek alderdiak etorkizunean egingo dituen pronuntziamenduetan izango dira: hala nola Euskal Herria deritzan herri bat dagoela. Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukala. Autodeterminazio ariketa zuzen eta modernoa egin behar dela eta hori adierazi behar zaiela estatuei -epe laburrean, ariketa hori Espainiako Estatuari betetzea galdetu behar zaio, eta geroan Frantziakoari-: hau da, herri honek erabakitzen duena errespetatzeko prest al zaudete? Erabaki horren ondorioz elkar bizitzarako hitzarmen berri bat ituntzeko prest al zaudete?
Epaiketa Nafarroako Lurralde Auzitegian egingo da eta ez Auzitegi Nazionalean. Zuzenbidearen ikuspegitik normalena litzateke hori, bortizkeria politikoarekin zerikusirik duten beste kasuetan ere berdina gertatuko balitz. Epaiketaren doinua jarria dago, beraz, eta helburu nagusia ere bai: 2004ko irailaren 11n Madrilen izandako atentatuetatik politikoki guztiz bereiztea. Eta halako enborretik halako ezpalak izango dira.