Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-06-19 -- 1997.zenb

Iñaki Zubeldia

Hamurabiren kodea idatzi zenetik edo Egiptoko idazkera kuneiformea asmatu zenetik, pertsonak bere ideiak, jakinduria, legeakà idatziz transmititzeko joera izan du. Horrela iritsi zaizkigu Greziako eta Erromako klasikoen obrak Erdi Aroko esku-idazleek kopiak atera eta beren biblioteketan gorde zituztelako. Antzinateko jakinduria, filosofia, literaturaà dokumentu idatzien bidez iritsi zaigu. Idazkera ezagutu ez zutenen jakinduria ez da behar bezala iritsi guganaino eta betiko galduta geratu da historiaren zulo beltzean. Ahozko transmisioaren bitartez ipuinak, legendak, epopeia batzuk heldu zaizkigu belaunaldiz belaunaldi, baina ziur ezagutza asko galdu egin direla belaunaldi hilen memoria isilduan.

Liburuak monastegietako monjeen eta garai hartako jakintsuen ondare ziren eta herri xeheari zail zitzaion jakinduria hura guztia eskuratzea. Geroago, liburuak sozializatzen joan ziren eta eskola instituzio gisa sortu zenetik, liburua herri xehearen eskuetaraino iritsi da.

Gaur egun, herri aurreratuetan behintzat, ia denok dugu liburuak eskuratzeko ahalmena. Sozialki ondo ikusita dago irakurtzea. Hori dela eta, jende askok esango dizu "bai, nik ere irakurtzen dut". Euskal Herrian ere hortxe dugu Durangoko Azoka.

Baina esan beharra dago liburua beheranzko bidean doala. Jende gutxi ikusiko duzu liburudendara hurbiltzen eta liburuak aukeratzen eta erosten. Eta nago irakurtzen are eta jende gutxiago ikusiko genukeela, irakurle isila ikusterik balego.

Baina bada beste arazo bat asko kezkatzen nauena. Irail oro errepikatzen den eslogan inozo bezain faltsua: "Testuliburuak garestiak dira. Liburuak doan behar dute izan." Eta hori horren lasai esaten duenak 1.500 edo 2.000 euro gastatu ditu oporretan. Urtean zehar markako zapatilak erosten, alternatzen, poteoan, juerganà auskalo zenbat gastatu duen. Eta 150 euro inguru kostatzen diren liburuak erosteko hainbeste negar eta kexu. Horrela ari direnek ba al dakite liburu horien atzean profesional mordo bat dagoela gizarte honetako ume eta gazteen hezkuntzaz eta jakintzaz arduratzen dena eta ikasle horiek bihar pertsona jakintsu eta prestatuak izan daitezen material ahalik eta egokienak egiten aritzen direla. Ba al dakite liburu horietan guregana iritsi zaigun jakinduria dagoela dosifikatuta, gaurko ikasleek urtez urte asimila dezaten eta biharko egunean probetxuzko hiritar jakintsu eta prestuak izan daitezen? Hainbeste panplina erabili behar al dugu dakigun gastu bati aurre egiterakoan? Gin-tonikak, whiskiak, afariak, ospakizunakà txintik atera gabe ordaintzen ditugu eta liburuen ordua iritsitakoan hainbeste komeria! Ez dugu kultura, jakinduria eta gure umeen prestakuntza behar bezala baloratzen.

Eta zer esango dizuet literaturaz? Nork irakurtzen du gaur egun literatura? Eta literatura euskaraz? Gutxi batzuek helduen literatura eta dezentek Haur eta Gazte Literatura. Baina hemen ere baditugu batzuk -ez denak, zorionez- liburuen zeharkako etsai direnak. Alde positiboan azaldu nahi dut hainbat eskolatan egiten den lan bikaina umeengan irakurzaletasuna sortzeko asmoz. Irakasle askok badaki zein garrantzitsua den umeei ipuinaren eta istorioen magia txiki-txikitatik kutsatzea, eta ahalegin berezia egiten dute umeek eskolan material interesgarria eduki dezaten. Horrez gain urtean behin edo bi aldiz gutxienez liburu bat erosarazten diete, irakurri eta euren apaletan gorde dezaten. Eta, gainera, idazlea eskolara joaten bada umeekin solasaldi bat izatera, are eta motibagarriago ikasleentzat.

Baina bada irakasleen artean beste multzo bat liburuak erostearen aurka azaltzen direnak. Arrazoia: liburuak garesti direla eta etxekoei nola eginaraziko dien horrelako gastu extra bat (!) Gastu extra 6 edo 7 euro? Zapatila markakoetan edo litxarkerietan hainbeste gastatzen dutenei 6 euro gastaraztea horrenbesteko delitua ote da ba? Hauxe da mundu aldrebesa! Ikasleen kulturaz, irakurzaletasunaz, arduratu behar duena oztopoa jartzen 6 euro mixerableren aitzakian. Hamaika ikusteko jaioak gara!

Koldo Aldalur

Jon Mirandek bere haur besoetakoa zuen bezala, badut neuk ere liburu bat neure besoetakoa: Jose Luis Iriarteren Gure erri-joku nagusiak. Lehengo kontu zaharrei begira, apustu giro hura datorkit gogora: Santageda eta Atxumarria, Keixeta, Luxia, Arria zaharra, Polipaso, Korta, Garziarena, Latasaà Eta nola ez, Agerre, Arteondo, Garatxabal, Errekartetxo, Aretxa... Dozenaka kirolari bikain, itxuraz. Aiako txikia, Arruizkoa, Aizarnakoa, Aldaz. Karga-altxatzen, korrika, segan, aizkoran eta apustuak prestatzen.

Garai hartako markei begiratuta, agian erreferentzia gal daiteke, lehengoa eta oraingoa bi garai erabat ezberdinak direlako. Ez zen erraza izango harriari heltzea edo kortea nola eman erabakitzea barrena hutsik zela. Eta are zailagoa hilabetetan haragia besterik apenas janda!

Bestalde, odola sutan jarri ohi zait lehengo herri-kirolzalea hurbildu ohi zaidanean esatera gaur egungoek batere ez dutela egiten, antzinako denak oso onak zirela, eta horrelako ergelkeriak. Kazetaritzan eta herri-kirol munduan ibiltzearen zerga, itxuraz.

Eta hain gustuko dudan liburu zaharrari begira, Azpeitiko eta Tolosako zezen-plazak azaltzen dira gehienetan. Leporaino beteta. Eta datu artean hamaika komentario galdu direla iruditzen zait. Izan ere, apustua urrutiko kontua izaten zen dirua mahai gainean jartzen zenean, eta ondorioz, baserri giroan nahiz fabrikan lana egiten zuenak denbora lapurtzen zion beharrari pentsatuz "hau abilagoa da eta bestea indartsuagoa. Egur xamurrak ala gogorrak eramango dituzte? Tongorik izango ote da? Baba beltza egunean hirutan jan beharko luke ala birekin aski ote da? Lehen ere apustua galduta pinudia erosi zuen horrek." Detaile denak zaindu behar, itxuraz.

Eta horretan ari naizela telefonoak jo du. Herri-kirolzale gazte bat, Olasagasti eta Erasunen arteko apustuari buruz galdezka. Uztailaren 17an, hogei kana-erdiko aizkora lana eta bi ordu bete arte segan. Eta bi munduak buruan bueltaka dabilzkidala, gauzak erabat ez direla aldatu otu zait. Agian oraingoak argiagoak dira, baina apustuari hartzidura falta zaio. Heldu ziren akordiora, mahai gainean diruak azaldu ziren, eta, hala ere, soroetan eta fabriketan apenas entzuten den urteko apustu handienari buruz komentariorik. Epel dabiltza eta euren apustua saltzea kostako zaie. Erasunek ez du maila onik eman aspaldi honetan aizkoran jende aurrera irten duenean, eta ikaragarri egin beharko du enbor gainetik jaitsitakoan, itxuraz galduko duen denbora errekuperatzeko. Olasagastik aise hartu zuen mendean Azurmendi aurreko apustuan. Errazegi, itxuraz. Eta Urrezko aizkoraren final-aurrekoan Nazabalek mendean bazuen ere, dotore prestatuta dagoela ematen du.

Eta faborito garbia duen apustua berotzeko, hona proposamen batzuk: faborito denak esan dezala ez dabilela gustura entrenamenduetan, nekatuta edo. Faborito ez denak, edo bere ingurukoren batek, hitz egin dezala kazetariekin lau haizetara zabalduz mutila indartsu dagoela eta nahiago zuela 12.000 euro jokatu beharrean hiru aldiz gehiago jokatu izan balu. Azken orduko katarroak ez baztertu, eta orain hamaika urte protagonista beraiek egindakoa gogoratuz, errebantxa hitz magikoa hizki handitan jarri. Itxuraz, dena beharko baitute ikusleak biltzeko.

Eta arestian nioen itxura, estetika ez dela aldatu, egungo kirola saltzeko eiteari ez diotelako kasu handirik egiten. Gaur komunikabideen bultzakadarik gabe ez dago kirol ikuskizunik. Sarreretako dirua da, itxuraz, helburu bakarra. Lehia telebistaz ematea eta sosak biltzeko beste bide batzuk bilatzea, ezinezkoa. Bertan, enborretan edo zelai bazterretan iragarkiak jartzea, zaila, eta gainontzeko publizitate salmentak, fikzioa. Ondorioz, txapeldun mordoa begira eta gazte bakar batzuk besterik ez belardi bazterretan. Zakarra dutenak. Gainontzeko askok gustura ikusiko lukete apustua bertatik, baina bizia garesti dago gauez eta egunez ibiltzeaz gain sarrera hogeita hamar eurotik gora ordaintzeko.

Irujo eta Olaizolaren arteko finalean esate baterako, kolore gorria eta urdina nagusi pilotaleku berdean, dozena erdi kamaratik gora zuzenerako bakarrik, irudiak Europa guztira zabaldurik bat-batean eta egun batzuk geroago Ipar Amerikara, hormak iragarkiz beteak, baliabide tekniko ugari kirola ikuskizun eta entzunkizun izan dadinà Etxean milaka lagun nafarren arteko jokoari begira. Etorkizuna.

Liburuko argazki horituak alde batean eta gainean dugun aizkol apustua bestetik. Denbora gelditu egin da itxuraz.

Mikel Basabe

Indarrez sartu da gure agendan, berriro ere, Mendebaldeko Sahara. Sahararren zoritxarrerako: agendan badaude, oraindino arazo bat dutelako da. Haien kasuan, Espainiak muzin egin dio duen erantzukizuna betetzeari: potentzia koloniala izan zen, baina deskolonizazio-prozesua egin beharrean, ihes egin zuen, sahararrak marokoar eta mauritaniarren menpe utzirik.

Beharbada ez daki Espainiak deskolonizazio-prozesuak zelan egiten diren. Beharbada, ez da egia indarraren bitartez ezer lortzerik ez dagoela. Beharbada, interes politikoak justiziaren aurretik jartzen dituzte Espainiako gobernu guztiek. Beharbada... Portugalera begiratu beharko lukete, potentzia koloniala izatea duintasunarekin uztar daitekeela ikusteko: Ekialdeko Timor ez da Mendebaldeko Sahara, eta Espainia ez da Portugal. Baina justiziak bietan berdina izan beharko luke. Edo hiruretan, Euskal Herria ere sartzen badugu tartean.

Azken finean, horixe da hemen ere noizbait lortu gura genukeena: geure etorkizuna geure kabuz erabaki ahal izatea -geure buruari jarririko muga barik: esate baterako, estatu asoziatu izango garela aldez aurretik zehaztu barik-. Horretarako, guztion arteko elkarrizketa bultzatzea komeni da: herri honetan iritzi politiko askotako jendea bizi da, eta inor ez dago sobera. Alde batera utzi beharko dugu, beraz, bakoitzaren sentimendu nazionala irain moduan erabiltzea -esate baterako, inor espainol deitzea, ez azalpen huts legez, baizik eta erdeinuz-. Norbaitek aspaldi samar -zer ez da gertatu herri honetan, azkeneko urte erdian!- esan zuen legez, hizkuntza desarmatu beharra dago. Hizkuntza ere bai, alegia. Lastima esanetik izanera doan tartea oraindino ere handia, handiegia izatea.

Hizkuntza desarmatu ondoren, pentsatzekoa da hizkera berria guztion arteko adostasuna topatzeko erabiliko dela: inor ez da egia osoaren jabe -horretaz ere konturatu al gara?- eta guztion arteko elkarbizitza dugunez helburu, berba egin beharko dugu: elkarri berba egin barik, nekez ailegatuko gara hitzarmenetara. Berba eginik ere, gaitza da aurretik dagoen lana. Horregatik, lehenago helburu txikiagoak ipini beharko genituzke, berotze-ariketak edo. Ez legoke txarto. Egia esan, orain arte ere izan dugu aukeraren bat edo beste -niri azkeneko hileko bi datozkit gogora, biak ere Gasteizko Legebiltzarrekoak-, baina ez dugu batere ahaleginik egin. Sinetsita gaude konponbidearen, akordioen eta normalizazioaren legealdia hauxe dena, baina, hain hasi da azkar, ezen ezin izan dugu mezu hori guztiz barneratu. Horregatik, gurago izan dugu orain arte legez jarraitu, betiko inertzia zaharrekin, ondokoari zerbait esateko hedabideak erabiliz. Eta zenbait kasutan, ondokoak zer dioen entzun gura izan barik. Alferrik esan dugu guk, behin eta berriro, baliabideak bigarren mailakoak direla guretzat, funtsezkoa dela batzorde guztietan eta bozeramaleen batzordean ordezkaturik izatea eta osoko bilkuretan berba egiteko nahikoa denbora izatea -taldeei buruzko eztabaida zaharkituari buruz ari naiz, bai-. Gidoia nonbait idatzi da, eta gidoi horri estu jarraitu zaio. Alferrik egin ditugu gonbite zehatzak: "Hi, gure eskakizunari buruzko zehaztasunak gura baditun, azalduko dizkinagu".

Espero dut normalizazio politikoak orain arteko lanek baino aukera gehiago izatea. Espero dut inork ez jartzea ezein araudi demokraziak eta bakeak eskatzen dituen urratsen gainetik, lehenengo eskubideak baitatoz, eta gero araudiak. Espero dut normalizaziorako bidean inork tentaziorik ez izatea, legebiltzarrean hartzen diren erabakiak Espainiako justiziaren aurrera eroateko: ez litzateke onartzekoa Eusko Legebiltzarraren autonomiaren gainetik Espainiako justizia jartzea. Espero dut guztiok jakitea herri honen onerako lan egiteko nortzuekin konta daitekeen. Espero dut orain arte legez ez jardutea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan