Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-06-12 -- 1996.zenb

Jakoba Errekondo


Fotosintesia medio landareek argiaren energia erabiliz bere elikaduraren mundu konplexu hori osatu eta borobiltzen dute. Animaliok, ordea, bizi eta aurrera egin nahi badugu beste bizidunak, landare edo animalia, akabatu eta jan beste erremediorik ez dugu. Urteko egun luzeenak eta gau motzenak ditugu oraingo hauek, udako solstizioa, alegia. Landareek udaberriko izerdi berriarekin pujak eta hostajea zabaldu dituzte, lurretik hartzen dituzten elikagaiak eraldatuz jaki bihurtzeko jo eta su lanean ari diren ikaragarrizko olak. Urteko sasoi beroenaren mugan, ur exkaxiak ekarriko duen geldialdi gogaikarria arintzeko azalpea ondo hornitu behar dute.
Gogaikarriari irrifarrez zeharbegiratuko diote batzuk, gereziondoak eta marrubiak adibidez. Gauean, fotosintesiaren olak atseden hartzen duenean ere pakerik ematen ez duen bero-lama harroa etortzen denerako urteko lan garrantzitsuenak burutuak dituzte: loretu ziren, fruituetan haziak ondu eta birigarro, zozo, eskiñoso, mika eta abarrek begiz jotzeko gorri-gorri pronto dituzte. Hegazti jende honek gu konturatzerako harrapatuko dituzte, heldu ahala onenetik onenera, gozoenak aukeratuz... Gero haziak inguruan hedatzeko, bakoitza bere zirin dosi egokiarekin, ernetu behar duenerako ongarrituta pronto. Hegaztiari berari ere komeni baitzaio gereziondoa ugaritzea...
Guk gereziak kutxatxo eproposetan bakarrik ezagutzen ditugu. Garbi. Jan ere hala egiten ditugu, garbi, baina hegaztiek utzitako erreuxak direnik pentsatu ere egin gabe. Eta hezurrak zabalduko lituzkeen gure zirin-simaurra basoan zabaldu beharrean kutsadura besterik sortzen ez duten pila ikaragarrietara bideratzen ditugu estolderietan barna. Natura kontrolatzen dugulakoan... bere espezieaz beste egiten ari den bakarra da geure hau... Argi-egun hauetan argitu beharko genuke burua, baina... Solstizioko festaren oinarria ezagutzeko besterik ez bada ere...

Jabier Agirre


Urtebetetik 14 urtera bitarteko pertsonen %90ek pasatu du barizela. Gaixotasun hori benetan kutsakorra da, bere hasierako faseetan batez ere eta bai ukimenez eta baita arnasketaz kutsatzen da. Gaixotasun infekto-kutsakorra hau zoster izeneko birusarekin kontaktua eduki ondoren harrapa dezake lehendik ere gaitza pasatu ez duen pertsonak.
Gorputza baba edo pusla txikiz betetzen da, aurretik 3-4 egunetan mantxa gorrixka batzuk han-hemen zabaldu ondoren. Baba edo besikula horiek likidoz beteta egoten dira, eta azkura handia ematen dute. Behin besikula hausten denean, lesioa lehortu egiten da, eta kostra edo zakarrarekin estaltzen da. Azalean lesioak dauden bitartean sukarra izan dezake gaixoak, ez oso altua normalean, eta sintomak lasaitzeko talko-hautsak erabiltzea gomendatzen da. Garrantzi handikoa da azaleko lesioetan ez hatz egitea, seinaleak betirako geratu daitezkeelako.
Besikulen barruko likidoa zuzenean ukituta transmititzen da barizela, eta baita arnasterakoan botatzen ditugun tantatxo mikroskopikoen bidez ere. Kutsatzeko arriskurik handiena gaixotasunaren aurreneko egunetan izaten da. Arraroagoa den arren, objektu kutsatuen bidez ere zabal daiteke gaixotasuna.
Barizela usuagoa da umetan, eta normalean 14-15 urterako ia denek pasatu dute gaixotasuna ûbeti geratuko da pasatu gabeen portzentaje txiki bat, %10 inguru. Horiek izango dira gero helduaroan gaitza harrapa dezaketenakû.
Barizela gaitz arina da normalean, salbu urtebetetik beherako haurrentzat, edota haurdun dauden emakumeentzat, haurdunaldiaren azkeneko hiruhilekoan batez ere. Behin barizela pasatu ondoren, gorputza immunizatua geratzen da, eta berriro ez da gaitza harrapatzen. Baina pertsona batek bere defentsak oso baxu badauzka, birusak kutsatu ondoren, zoster herpes bat sorraraziko lioke.

Joxerra Aizpurua



Energia sortzeko bide hobeak

Automobilaren motorrak kontsumitzen duen energiaren %70 bero egoeran xahutzen du; baina aurkikuntza zientifiko batek galdutako energiari etekin handiagoa lortzeko bidea zabaldu du. Aurkikuntzaren oinarria beroa elektrizitate bihurtzea da eta horretarako oso nanoeroale finak erabiltzen dira.
Aurkikuntza hau praktikan gauzatzen bada, automobiletako motorren etekina handitzea ezezik, ordenadoreen mikroprozesadoreen hozketa erraztea eta hozkailu isilagoak eta trinkoagoak lortzea eskura egon daitezke.
Azterketa Oregon-eko unibertsitateko Heiner Linke irakasleak eta Australiako ikerketa-kontseiluko Tammy Humphrey ikerlariak burutu dute eta lortutakoa aurrerakuntza handia da oraingo gailu termoelektrikoekin alderatuz.
Gauza jakina da salda beroa katiluan jarriz eta hau metalezko bandejan utzita, salda hoztu ahala bandeja berotzen joango dela; une batean biek tenperatura bera lortuko dute eta denbora gehiago utziz gero, multzoak ingurugiro tenperatura hartuko du. Normalean beroa atmosferan zehar galdu egiten da. Ikerlariek lortu dutena galtzen den beroa kontrolatzea eta elektrizitatea sortzen duten sistemetara zuzentzea da eta horretarako elektroiek ibilbidea gidatzea lortu dute.
Lorpenak eskala txikian izan dira eta orain eskala handiagoetan frogatzea falta da, baina orain arte hori ere ezin zen lortu.


Lurra gero eta distiratsuago

Lurraren gainazalaren dirdira handitu egin da azkeneko hamabost urteotan. Kontutan hartu behar da aurreko hogeita hamar urteetan distira gutxituz joan zela, baina orain handitu izanak garbi adierazten du lurrazalaren tenperatura-hazkundea eta gertatzen ari den berotegi-efektua.
80ko hamarkadaren amaieran argitara emandako txosten baten arabera Lurraren gainazalera ailegatzen ziren izpien kopurua %4-%6 gutxiago zen 1960an baino. Beherakada zela eta, zientzialariek hainbat hipotesi aztertu zituzten, gehienak berotegi-efektuaren sortzaile den karbono dioxidoarekin loturik. Bitartean, Zuricheko Teknologiaren Institutu Federaleko ikerlari den Martin Wild-ek zuzendutako ekipoak lurrazaleko datuak bildu eta aztertu zituen. Horrela, konturatu ziren iragan hamarkadan Lurraren distira %4 handitu zela.
Nahiz eta eguzki izpi batzuk ez diren lurrazalera ailegatzen lainoen eraginez, eguzkietako beroa ailegatzen da eta beraz, lurrazaleko beroari atmosferan metatutako beroa gehitu behar zaio.
Ikerketak aurrera darrai, baina berotegi efektuaren susmorik txarrenak baieztatzen ari dira uste baino azkarrago.
Oraingoz, hipotesi nagusia da elur kantitateak udako tenperaturak baino eragin handiagoa duela, baina ikerketek aurrera egin behar dute hori baieztatu ahal izateko. Hori horrela bada, prezipitazio-kantitatean zerk eragiten duen da aztertu beharreko hurrengo galdera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan