Katixa Garate
Donostiako Antzerki Feria hamaikagarrenean bai
Iaz ez zen Feriarik egon Donostian. Udaleko langileek greba deitu zuten Feriaren egunetarako eta hori ikusita, Udalak Feria bertan behera uztea erabaki zuen. Aurten ez dirudi arrisku hori dagoenik, datak aurkeztu dituzte-eta dagoeneko. Ekainaren 29tik uztailaren 2ra , aretoko 26 lan eta kaleko 11 programatu dituzte, antzerkiko nahiz dantzakoak. %42 Euskal Herrikoak -Ertza, Deabru Beltzak, Golden Apple Quartet, Kanpingags...-, %38 Espainiako Estatukoak -Atra Bilis, CDN...- eta %15 Amerikakoak -Churchill&Co, Teatro D'Dos...-. Berrikuntzak izango dira: profesionalentzako azoka paratuko dute Kursaalen, omenezko saria banatuko dute, Trinitate plazan oholtza jarriko dute eta Konstituzio plazan euskarazko lanak eskainiko dituzte. Hamaikagarrenean.
Mundumira: kulturen topagune
Munduko kulturen ordezkari andana ekarriko du Euskal Herria aldizkariak eta Gin&Tonic-ek antolatu duten Mundumira jaialdiak Arrasatera, ekainaren 10etik 12ra. Aldizkariaren oinarri dira mendia, kultura, natura eta bidaiak eta horiexek jorratuko ditu jaialdiak, haur nahiz helduentzat. Zirko emanaldiak, kale antzerkia, txangoak, tailerrak, bidezko merkataritza, ipuin kontalariak... egitarau oparoa atondu dute. Doan guztiak. Artisautzari, gastronomiari eta mendiari eskainitako azokak paratuko dituzte. Eta kontzertuak ez dira nolanahikoak izango: Márcio Faraco (Brasil), Phil Cunningham (Eskozia), Babacar & Diengoz (Senegal), Gari... Kanpin dendak jartzeko eremua prestatu dute halaber. Informazio gehiago: www.mundumirafesta.com gunean.
Labetik ateratako artelanak Zumaian
Sorkuntza eta enpresetako berrikuntza uztartzeko asmoz antolatu dute aurten estreinakoz Divergentes proiektua Zumaiako Zuloaga museoak, Bizkaiko Windsor galeriak eta Xabide kultur kudeaketa enpresak. 190 artista aurkeztu ziren proiektura eta horietatik hamar bertako hainbat enpresatan (CAF, Ulma, Tecnalia, EITB) izan dira apiriletik euren artelanak sortzen. Orain Zumaian jarri dituzte ikugai. Saioa Olmok Zumaia nola ikusten duten galdetu zien zumaiarrei eta horiek paratu ditu, herritarrek ikus ditzaten. Ewen Chardonnetek karpa bat paratu du Zuloaga museoaren lorategian, eta inkomunikazio sentipena adierazi du bertan telebistako albisteen bidez. Irailaren 4a arte izango da zabalik artea gizarteratzea xede duen proiektuaren erakustaldia.
Bluesak hartuko du Getxo
Eszenatoki ederra izango du, urtero gisan, ekainaren 10etik 12ra, Getxoko XVII. Blues Jaialdiak: Algortako portu zaharra. Bluesaren hainbat adarretako musikariak etorriko dira urteroko zitara. Coco Montoya musikari zaildua, Eddie The Chief Clearwater beteranoa, musika elektronikoa, duba eta bluesa uztartzen dituen Skip McDonald eta Bilboko Canal Blues izango dira taula gainean.
MID-E lehiaketa hirugarrengoz
Sortzaile gazteei euren lana garatzeko eta beste sortzaileekin partekatzeko aukera ematen die orain hiru urte Yox kolektiboak sortutako MID-E lehiaketak. Hogeita hamabost urtetik beherako Europako artistek parte har dezakete, beti ere, beren sorkuntza esparruak moda, irudi elektronikoa edota musika sorkuntza badira. Artista aukeratuek bi mintegitan parte hartu beharko dute uztailean eta azaroan, Donostian, bakarkako nahiz hirunakako proiektuak aurkezteko. Ekainaren 17a da izen emateko azken eguna.
* * * * * * * * * * * * * * * * * *
Kilometroak 05eko literatur lehiaketak badu irabazlerik: Roberto Izagirre Barruetabeña. Hamar lagunek aukeztu dute Fernando Morillo idazlearen Dragoien orroa eleberrirako amaiera eta epaimahaiak Izagirrerena hautatu du. Parte hartzaileen lana eskertzeko, guztien izenak agertuko dira liburuan. Liburua ekainaren 17an aurkeztuko dute.
Erdi Aroko Gasteiz ezagutzeko parada eskainiko du Arabako hiriburuko Kordoiaren Etxeak uztailaren 27a bitartean. XV. mendeko itxura eta egitura errekuperatu dute lau urte iraun duten birmoldaketa lanen bitartez. Eta etxearen irekitzea ospatzeko, Erdi Aroko etxeen moduan apaindu dute, bertan zeuden altzariak eta Kordoiaren Etxerako propio egindakoak paratu dituzte, Toti Martínez de Lezea idazlearen gidaritzapean. Horrez gain, hainbat aktorek XV. mendean Kordoiaren Etxean bizi zen Juan Sánchez Bilbao eta haren sendia gorpuztu dituzte. Haien bitartez jakingo du ikusleak nola bizi zen Sánchez de Bilbao familia, nola sortzen zituzten ehunak eta zer jaten zuten, esate baterako.
Nestor Basterretxeak 2005eko Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria jaso du Eusko Ikaskuntza eta Kutxaren eskutik. Hala, Basterretxeak alor anitzetan ( eskultura, poesia, arkitektura...) egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute.
Jon Mayak zazpigarren aldiz irabazi du Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa. Horrenbestez, gaurdaino txapel gehien (zazpi) jasotako Mikel Sarriegik lortutako marka parekatu du Mayak.
Iñaki Goenaga Sistiya idazle eta itzultzailea zendu zen joan den astean, ehun urte zituela. Berak 1934an euskaratutako Wilhem Tell antzezlana aurten berrargitaratu du EIZIEk. Valentin Aldalur Zialtzeta trikitilariak ere pasa den astean utzi gintuen. Ez zuen diskorik grabatu, ezta txapelketetan parte hartu ere, baina asko ibili zen erromeriaz erromeria.
Blanca Arrieta koreografo eta dantzariak Memoria ikuskizuna estreinatu berri du. Salvador Daliren hiru margolan sakon aztertu ondoren otu zitzaion oroimenari buruzko lana osatzea.
Brandoren txokoa kultur elkartea sortu du Donostian Paul Zubillaga aktoreak, antzerkian hasiberriak direnek euren lanak erakusteko aukera izan dezaten. Paul Zubillagak Asier Hernándezen zuzendaritzapean, Alfonso Sastreren Cargamento de sueños antzezlanaren moldaketa estreinatu berri du bertan. Alfonso Sastrek Espainiako Letxen Kixote saria irabazi du 1935ean idatzitako Los amores sicilianos (Hiru, 2004) obrari esker.
Sorkun Rubio bigarren bakarkako lana grabatzen ari da Nafarroako Azkarate estudioetan. Aurreratu duenez, disko polifonikoa izango da eta elektronikoagoa.
Thierry Malandainen hitzok jaso zituen 7Kk: «Baleta arte burgesa da, baina dantzariak beti izan dira txiroak. Nik arte demokratiko baten alde egin nahi dut lan».
David Barberok esanak Aldaketa 16n: «Antzerkiak egungo gertakarietan eragin behar du, jendeari kezka sortzen dioten gauzetan, errealitatearekin zerikusirik ez duten ikuskizun estetiko soilak egin beharrean. Eta uste dut horretarako umorea dela biderik eraginkorrena».
Unai Elorriagak adierazpenok egin zizkion Berriari: «Nola kritikatu behar da: idazle bat lurpean uzteko moduan ala gomendatuz? Nik bigarrena aukeratuko nuke. Irakurritako liburu onak aipatuko nituzke, eta txarrak hortxe utzi. Zerbait txarto egin duenari aurrez aurre esango nioke, eta ez egunkari batean; kikilduta utziko bainuke! Idazle gutxi gara, eta giroa narrasteari ez diot zentzurik ikusten».
Lisabö musika taldekoak Xirikan: «Talde interesgarriak daude Euskal Herrian (...) Eta mugimendu ugari (...) Tamaina txikiko mugimenduak daude baina ezinbestekoak iruditzen zaizkigu, batez ere, gurea bezalako herri txiki honetan. Baina komunikabideek aurrera pausu bat eman behar dute eta mugimendu horiei guztiei, ezagutzera emateko, leku bat egin behar diete, musika behar bezala tratatuz eta ez produktu komertzial baten antzera».