Onintza Irureta
Irakurtzeko, eta batez ere, idazteko grina laster erakutsi zuen Juan San Martinek. Mendizale amorratua zen eta Eibarko kirol aldizkarian hasi zen mendiko kontuak idazten. Baita Pirenayca aldizkarian ere. Gaztelaniaz hasi zen eta ondoren euskaraz zein gaztelaniaz segi zuen. Mendiko kontuez gain bestelakoetan ere bi hizkuntzak erabili zituen. Kultura gaiei buruz idazten hasi zen lehenengo aldiz Anaitasuna eta Euzko Gogoa aldizkarietan eta ondoren, garaiko ia hedabide guztietan idatzi zuen. Idazteaz gain zuzendari lanak ere bete zituen Egan aldizkarian 1983tik 1989. urtera arte. Artikuluak eta poesia ere idatzi zituen; 60ko hamarkadan idatzi zituen poemak Otsalar ezizena erabiliz.
Lehenengo liburua 1959an argitaratu zion Euskaltzaindiak Juan Antonio Moguel eta Urkitza: bere bizitza ta lanak izenburuarekin. Esan liteke ordea, ordurako ia liburu oso bat egina zuela, nahiz eta berak ez sinatu. Jon Etxaidek sinatu zuen Pernando Plaentxiarrari buruzko liburua, baina sarreran Etxaidek garbi adierazi zuenez, Pernando Plaentxiarraren istorioak biltzen Juan San Martin aritu zen eta Etxaidek tajutzaile lana baino ez zuen egin. Pasadizo umoretsuak beraz, San Martinek bildutakoak ziren eta umorearen hariari tiraka, 1960an eta 1965ean hurrenez hurren Zirikadak eta Eztenkadak liburuak argitaratu zituen. Pernando, Mogel, Eztenkada eta Zirikadekin hasi eta 2000. urtera arte ez zion liburuak egiteari utzi. Urte horretan Eibar eta Elgetako Toponomastika eta Giza eskubideen inguruan argitaratu zituen.
Euskaltzaindian 1957az geroztik
Tornulari hasi zen lanean San Martin Eibarren eta lantegian erabiltzen zuten tresneria eta makinen izenak euskaraz biltzen hasi zen. Bildumatxoa egin eta Euskaltzaindiara bidaltzea erabaki zuen. Euskaltzaindiak bilketa hura argitaratu egin zuen. 1957. urtean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1964an egin zuten euskaltzain oso. Orduz geroztik idazkari, diruzain, Jagon sailburu eta euskaltzainburuorde izan zen. 1988. urtean izendatu zuten euskaltzainburuorde, baina kargua utzi zuen 1989. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko izendatu zutelako. Lan honetan aritu zen 1995. urtera arte.
Hizkuntzalaritza, literatura, mendia... lehen ere zerrendatu ditugu bere liburu eta artikuluetako mamiak. Ez da harritzekoa gai askori buruz idaztea, horiek denak zituen gustuko-eta. Horren adierazgarri da hainbat erakundetako kide izatea, esate baterako, Donostiako San Telmo Museoko Zuzendaritzako kidea eta baita Aranzadi Natur Zientzietako Elkarteko kide ere.
Gurean esandakoak
Zeruko ARGIAn berak idazten zuen eta ARGIAn berriz, behin baino gehiagotan elkarrizketatu dugu San Martin. Elkarrizketa horietako batzuetan esandakoen entresakak dituzue segidakoak.
Idazlea sutsuki defendatzen
Joan Mari Torrealdaik 1969an dioenez, Idazleen Alkartea sortzea lehen aldiz San Martinek proposatu zuen Ermuko jardunaldi batzuetan. Proposamen horri geroago beste batzuek heldu bazioten ere, Torrealdaik berak egindako elkarrizketan garbi ikusten da eibartarrak idazlearekiko zuen sentikortasuna:
«(...) Sindikato-era batez ere interes profresionalak defenditzean eskatzen dut %-etik 10-a, gutxienik, kobratu behar du egileak. Hemengo editorialek ez dute ematen. Euskal-idazleak ez daki tutik ere. Sakrifikatzen dana idazlea da betiere, liburuak merkeago saltzea egilearen deretxoetatik hartzen dalako. Eta Alkarteak eskatu behar duana da: edo libururik ez da ateratzen edo kostatzen dana kostata atera dedila, ez merkeago jartzearren idazleari dirua kenduaz.
Beste fenomenu bat desterratzeko ere lan egin behar du Alkarte honek sindikato-eran: ba daude idazle onak ala ez, baina dirudunak. Argitaldariak esaten du euskal-liburuak ez duala negoziorik, eta orduan egileak aurreratzen du dirua, beharbada gero jasotzeko (edo ez). Ez dago eskubiderik, beste lan asko argitaratu gabe geratzen dira, beharbada askoz hobeak, nork diru eman ez dagoelako (...)».
Sentikortasun hori bera agertu zuen 1986an, Laura Mintegik egindako elkarrizketan:
«Gure herrian flautea jotzearekin bat egon daiteke soldatarekin horretan bizitzen, baina idaztearekin ez. (...) Euskal Herrian azkena da idazlea: hizkuntza txikia denez, idazleak ez du posibilitaterik idazle eskubidetatik bizitzea, ze bizitzea, lagungarri zerbait irabaztea... Eta hori bideratzen ez den bitartean ez dago soluziorik. (...)»
Ingelesa edo esperantoa euskararen bidelagun
Bi hizkuntza defendatzen zituen San Martinek; euskara, noski, eta denentzako baliogarri zatekeen beste bat: ingelesa? esperantoa? Alabaina, abertzaleek euskararekin ere nahikoa lan zutela azpimarratu zuen 1998an Aitor Zuberogoitiak egindako elkarrizketan:
«Ideala zera litzateke: bakoitzak berea izan eta gero guztiontzako balioko lukeen beste bat edukitzea. Esperantoa ona zen teorian, baina sozialistek ez zuten aurrera atera sozialismoa gailendu zen herritan. Dena dela, hor dugu ingelesa. Zergatik ez erakutsi eskoletan haurrei norberarena eta ingelesa? Ah, lagun, baina abertzalerik gehienek ez dakite euskaraz. (...)»
1974ko urtean ere gogoan zituen abertzaleak eta euskara, begira bestela Luis Alberto Aranberrik egindako elkarrizketan esandakoak:
«(...) Arzalluzek euskaraz ondo daki baina ez du sekula euskaraz idatzi; hori ere egin beharko du noizbait, hori egin ezean analfabetoa izango baita bere hizkuntzan. Garaikoetxeak, aldiz, ikasi egin du eta ondo hitz egiten du; horrelako pertsonak behar ditugu. Dena den, gure politikoak ez daude ondo bideratuta: transferentzietan etekin ekonomikoak baino ez dituzte bilatzen. Hori ondo dago, baina ezin dugu arima diru-truke saldu, eta gure arima hizkuntza da».
Pilar Iparragirre
Orio. Historia argazkitan
Iñaki Iturain Azpiroz
Orioko Udala
197 orrialde 20 euro
Oriotarren aztarnak argazkitan
Argazkilari ezagun zein anonimo askok garai eta testuinguru ugaritan jasotako irudien bitartez osatu du Iñaki Iturain Azpirozek Orio. Historia argazkitan liburua, argazki horien aintzinatasuna, edukia eta kalitatea ezer baino gehiago balioztatuz. Era horretan eskaini ditu 12.000 urte inguru dauzkaten irudirik zaharrenak, Aita Lertxundiri 1870ean egin zioten erretratua, Orioko mendiak, baserriak, etxeak eta kaleak agertzen dituztenak, eta batik bat herri xehea, Orioko biztanleen hamaika irudi, oriotarrak bere ahalegin jarraituan azalduz, itsasoan, eskabetxerian, fabrikan, festa egiteko garaian, eskolan, arraunean, pilotan, lehen jaunartzea egin zutenekoan, ezbeharrean, gerran, pozik, goibel... Liburuko argazki bakoitzak historia oso bat dauka bere atzean.
Uztaro
Batzuen artean
Udako Euskal Unibertsitatea
122 orrialde
6 euro
Elhuyar anaiek Espainiako koroarekin zituzten harremanez
Udako Euskal Unibertsitateak plazaratzen duen Uztaro aldizkariaren 51. zenbakian, besteak beste, Fito Rodriguezek burututako Elhuyar anaiak, wolframioaren isolamendua eta espainiar koroarekin zituzten harreman sekretuak, Roldán Jimeno Arangurenen Zuzenbide penalaren bilakaera historiko-doktrinala: Hamurabiren kodetik Hugo Grotius-en teoriara; Itziar Bernaola, Ana Isabel Morales eta Irune Payrosen artean osatutako Inarra txarragaz, baztarrak lohi: internazionalizatu gabeko produktu informatikoak lokalizatzearen arazoak, Jon Murelaga Ibarraren Irrati modernoaren testuinguru teknologizatua, eta Antonio Casado eta Zigor Peralesen artean eginiko Basho-ren basora bazoaz... (renkuaz eta haikuaz) lanak aurki daitezke.
Ikuspuntu iluna
Pablo López
Ediciones beta
142 orrialde 14 euro
Egiaren atzetik, hilketa bat argitzen
Irakurle gazteei zuzendutako eleberri honetako protagonistak 1979an eraiki zuten El Sauzal herrixka aspergarrian bizi diren bi mutil dira. Asperkizun horri bizikletan ibiliz egiten diote aurre, eta horretan dihardute Mariok eta Andresek institutuak libre uzten dien denbora gehiena, harik eta Marioren neska-laguna izandakoa poliziak hilik aurkitzen duen arte. Neska hori droga gaindosi baten ondorioz hil dela diote guztiek, baina hilik dagoen arren, neskatoa Mariori agertzen zaio, norbaitek hil duela adieraziz-edo. Eta Mario Andresengana doa, neskaren hilketa argitzeko laguntza eske. Andresek ez du ezer ulertzen, baina lagunak elkarri laguntzeko daudenez, baietz erantzuten dio. Eta beste munduarekin harremanetan jartzeko gai den jendea bisitatzen hasten dira biak.
Antoloxía poética. Poesia antologia. Antología poética (1990-2003)
Batzuen artean
Pamiela
398 orrialde
19,50 euro
Galeuscakoen poesia antologia
Antoloxía poética. Poesia antologia. Antología poética (1990-2003) izenburuko liburuan, azken urteotan euskaraz, galegoz eta katalanez idatzitako obra poetikoaren lagin adierazgarria erakusten da. Lan hau Associació dÆEscriptores en Llengua Catalana, Asociación de Escritores en Língua Galega eta Euskal Idazleen Elkartea 2003ko azaroan Gernikan XX. Galeusca ospatzera bildu zirenean hartutako erabakiaren ondorioz plazaratu da. Erabaki haren arabera, Galeusca osatzen duten elkarteetako bakoitzak bere herriko hamabost idazle hautatu behar zituen, eta idazle horietako bakoitzaren olerki lanetik bina poema eskaini. Horixe da, hain zuzen, liburuan jasotzen dena. Poema guztiak bere jatorrizko hizkuntzan zein Galeusca-koen beste bietan ere irakur daitezke.
Haginak eta hilobiak
Mariasun Landa, Asun Balzola
Erein
46 orrialde 10 euro
Mariasun Landaren Iholdi saila guztiz osatua
Haginak eta hilobiak izenburua duen kontakizunarekin momentuz behintzat amaiera ematen zaio Mariasun Landak sortu eta Asun Balzolak marraztutako Iholdi sailari. 1988an kaleratu zuten hasierako liburukia, hain zuzen ere Iholdi izenburua zuen hura, eta handik gutxira bigarrena, Izeba txikia. 1990. urtean ikusi zuen argia, berriz, 1991n haur eta gazte literaturako Euskadi saria jasoko zuen Alex -ek, eta ondorengo urteetan Amona, zure Iholdi eta Marina plazaratuko zituzten. Orain kaleratutako Haginak eta hilobiak kontakizunarekin, haur baten barne-ahotsa ezagutzeko aukera eskaintzen duten sei liburuki dira denera, eta nahi izanez gero seiak eskura daitezke, Ereinek plazaratutako bilduman.
Luma berrien eleak
Batzuen artean
Idazle Eskola
62 orrialde
3 euro
Idazle Eskolak plazaratutako aldizkariaren bigarren alea
Aurreneko zenbakiak izandako arrakasta ikusirik, idazle berrien lanak ezagutaraztea helburu duen Luma berrien eleak aldizkaria urtean bi edo hiru aldiz plazaratzen jarraitzeko asmoz agertzen zaizkigu Idazle Eskolakoak. Bigarren zenbaki honetan, Julen Gabiriari egiten dioten elkarrizketaz gain, idazle berri askoren narrazioak, iritziak, ipuinak, poesiak eta antzerki-lanak aurki daitezke. Baita idazle bakoitzaren berri eskaintzen duen Nor da nor saila ere, eta Idazle Eskolakoekin harremanetan jartzeko erak.
Mundu txikia
Alberto Barandiaran
Susa
129 orrialde 12 euro
Alberto Barandiaranen hamalau narrazio labur
Egun nahiz iragan hurbilean kokaturiko hamalau narrazio eskaintzen dizkigu Alberto Barandiaranek Susa argitalatxeak plazaratu duen Mundu txikia liburuan. Bizipenez betetako istorioak dira, gertaera txikiz eta lehen begirada batean xehez osatutako hamalau ipuin: Bizimodu ez oso ona ematen dion senarraren zain dagoen emakume baten gogoetak, guztiak miresten zuten anaiari muzin egin eta benetan bera aukeratu zuen pertsona bakarra galtzea egokitu zitzaion gizonaren geroa, bikote baten lehen sexu harremana, amarik gabeko haurraren aitaren kezkak, herri txiki batean bizi den margolariaren eguneroko jarduna, gurasoen zain dagoen umearen ezinegona, piano jole baten plazer ezkutua, sagarrondoa erori zeneko eguna, apaiz baten ukitu lizunak mutikotan jasan behar izan zituen gizonak elkarteko lagunei gertakizuna kontatzen dienekoa, adoptatua izan den neskatoak bizimodu berrian dituen jarrerak eta pentsamenduak, euskara gustuko ez duen mutikoaren arrazoiak, amonaren hizkera gozo haren aztarnak, irabazleekin gerran ibilitako aitonaren erretxina, eta ikurrinaren legalizazioaren alde egindako manifestazioei buruz idazteko eskatzen dioten egungo kazetariaren urratsak.
Pilar Iparragirre
Zer diozu narrazio hauei buruz?
Egia esan, ez dakit oso ondo zer kontatu behar dudan liburu honi buruz. Kazetaria naiz ni, baina batzutan, grabagailua jartzen dudanean, harritu egiten naiz jendeak erantzuteko duen prestutasun horrekin, benetan zaila delako hainbeste jarri duzun liburu baten berri ematea. Dena den, uste dut interesgarria dela azaltzea, ez zergatik idatzi ditudan lan hauek -hori galdera potoloegia litzateke-, baizik nola idatzi ditudan.
Nola sortu zitzaizkizun istorioak, alegia?
Beno, nola iristen diren zirriborro edo ideia batzuk azkenean liburu batera. Nire kasuan irudiak, eskutitzak, obsesio batzuk... izan dira. Halako batean erabaki nuen paperean jarri behar nituela, eta horrela hasi nintzen, jakin gabe oso ondo zer aterako zitzaidan. Nekien bakarra zen buruan bueltan zerabilzkidan irudi horiei buruzko gogoetak kontatu nahi nituela.
Eta Mundu txikia izenburuaren arrazoia?
Uste dut ondo azaltzen duela nik hamalau argazki hauetan ikusten dudana. Metafora bat erabiliz, batzuetan txoratu egiten gara ur biziekin, errekak gauza asko dakarrenean eta oso ikusgarri, ematen duelako hori dela benetan inportantea; baina nik uste dut bidea benetan egiten dutenak ur sakonak direla, eta niretzat korronte sakon horiek askoz gehiago daude eskutitz batean manifestu batean baino; eta begirada iheskor edo berezi batek askoz gehiago esaten du argazki eder batek baino. Hau da, nire iritziz, letra txikiz idazten diren gauzak dira benetan mundua mugitzen dutenak.