Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-06-12 -- 1996.zenb

Batasunak eta LABek jasandako entzuketak lekuko. Ohikoak dira horiek, baina azken hilabeteotan ćjarraipenaren sindromeać oso hedatua dago klase politikoan. Estatuak inoiz baino barreiatuagoak ei ditu bere espioiak, mugimendurik txikiena ere jaso nahian.

San Martzial eguna hurbildu ahala, alarde kontuek Irungo hesia gainditzen dute eta Euskal Herriratzen dira. Ińigo Lamarca Arartekoak iradoki du EAJk eta PSE-EEk alarde tradizionala baliogabetu beharko luketela. Apustuen txanda zabalik da: ez da oraindik Alarde tradizionala baliogabetzeko adinako indarrik, ezta legea horren aldekoa izanik ere.

Euskal Herrian azken urte luzeetan izandako tortura testigantzetatik, Unai Romano gasteiztarrarena izan da hedatuenetakoa. Bere garaian Amparo Arangoaren ipur masailek edo Joseba Arregiren gorputz txikituak agertzen zuten torturaren sinadura bera irudikatzen zuen Romanoren aurpegi handitu eta ubelduak. Ez da nahikoa izan eta Madrilgo Lurralde Auzitegiko Valentin Sanz epaileak salaketa aintzat ez hartzeaz gain, salaketa faltsuaren mehatxuaz erantzun dio Romanori.

Herritarrek espero ohi dutena baino geldoago doa ireki den prozesu politikoa. Datorren Aberri Egunerako alderdien mahaia eratua izatea nahiko luke Batasunak eta horrek berak adierazten du helburu horretara iristeko aurreikusten diren zailtasunak. Urtebetean gauza asko gertatzen dira, batzuek norberaren kontrolpekoak eta beste batzuek norberaren kontrolpetik kanpokoak. Orain arte irudikatu diren borondateak egiazkoak badira, argi da, alde desberdinek prozesuak izango dituen erasoetatik blindatzeko lana egin beharko dutela. Batetik blindatzeko eta, bestetik, gorpuzteko. Madrildik, Zapateroren ingurua zabaltzen ari da ez duela munduko denbora guztia, eta prozesu hau Zapaterok berak egindako apustu pertsonal erraldoia dela, baina bai PP bai bere alderdiko sektore batzuk zain dituela, gobernuburuak noiz egingo duen porrot lepora salto egiteko.

Ainhoa Lendinez

Aresketa Ikastola orain 27 urte sortu zen, euskara eta euskal kultura kezkabide zuten guraso batzuen ekimenez. Mendiko Lagunak mendi taldeak utzitako areto batean egin zituen lehen urratsak Aresketak. Ikasle kopuru txikia, baldintza kaskarrak eta administrazioaren oztopoak gainditu behar izan zituen hasieran. Haatik, hainbat urtetan saiatu izanak eman du fruitua. Egun, 2 eta 16 urte bitarteko hezkuntza proiektuari helduta 427 haur biltzen dira egunero Aresketako zentroan. Horrezaz gain, Amurrioko Udal Haurtzaindegia ere kudeatzen du Aresketak.


Aresketa Ikastola eta Araba Euskaraz

Hirugarrenez antolatuko du Aresketa Ikastolak Araba Euskaraz jaia. 1986an lehenengo eta 1996an ondoren, beste hainbat taldek lagunduta, ikastolen eta euskararen aldeko jaiak hirugarrenez bisitatuko du Amurrio.


Araba Euskarazi eskean

Hiru helburu nagusi izango ditu aurtengo Araba Euskarazek. Batetik, Haur Hezkuntzako umeentzako egoitza egokia eraiki nahi dute Aresketan. Horrezaz gain, jolasleku estali bat ere behar dute. Azkenik, Arabako euskararen egoera itzuli nahian, euskaldun orori laguntza eskatu nahi die Aresketak, Arabako lautadetan euskara arlo guztietan bizi dadin.


Zirkuitua bete ekitaldi

Aresketakoek ekitaldi erakargarri askoko zirkuitua prestatu dute. Euskaraz jarduteko makina bat jolas eta saio izango da. Kilometro eta erdiko ibilbide laburrean bi gune izango dira, Juan de Urrutia parkean, erdigunean eta Salvador gunean.


Zumetari omenaldia

Euskararen eta ikastolen egunean Jose Luis Zumeta euskal artistaren ibilbide oparoa gogoratuko dute Aresketa eskolakoek. Zumetak egin du aurtengo Araba Euskaraz jairako logotipoa, kolore bizi eta forma eta lerro argikoa. Irudia abstraktua da baina ongi bereiz daitezkeen hiru txorik euskara Euskal Herri osora hedatzen dutela ikus dezakegu. Zumetak berak esana da euskaraz irri egiten eta hitz egiten ari direla txoriak.

Jose Luis Zumeta 1939an jaio zen, Usurbilen. Euskal Herriko artista ospetsu eta garrantzitsuenetakoa da egun. Oteiza, Chillida, Mendiburu, Basterretxea, Ruiz Balerdi, Arias eta Sistiagarekin batera Euskal Eskolako "Gaur" taldearen sortzaile izan zen. Oso gaztea zela hasi zen margolari lanetan.

Frankismoaren urte latzak bizi izan zituen eta orduko gabeziei aurre egin nahian Parisera jo zuen. Abangoardiaren bidean saiatu zen eta bide horri segika egin ditu bere lan artistikoak. Abstrakzioaren hasikinak ekarri zituen Paristik Euskal Herrira. Lan koloretsuak egiten ditu Zumetak, aurtengo Araba Euskaraz jairako paratu duen logotipoa da horren erakusgarri.


Abestia, Ken7 taldearen ekarpena

Aurtengo Araba Euskaraz jaiaren abestia Ken7 euskal talde ezagunak egin du.


Txorien aldarria

«Ekiozu euskararen bideari, ekiozu ikastolen bideari, ekiozu Araban eta Amurrion dugun egoera aldatzeari eta ekiozu egunean bertan zirkuitua egiteari». Horixe eskatu zion euskal gizarteari Aitor Garatek, Aresketa ikastolako zuzendariak, 2005eko Araba Euskaraz aurkezteko ekitaldi ofizialean. Ekainaren 19an Jose Luis Zumetaren hiru txoriek Amurrioko ikastola atontzen lagunduko dute, baita Arabako euskara biziberritzen ere.

Heriotz guztiak dira hunkigarri hildakoaren ingurukoentzat eta Jon Idigorasena sakon-sakonean sentitzen den horietakoa izan da ezker abertzalean: bere ideia politikoekiko tinkotasunaz gain, beste balore askoren artean xumetasuna eta eredugarritasuna transmititu izan du, eta eman zaizkion agur desberdinetan, politikari gutxik lortzen duten aitortza lortu du. Ezker abertzaleak egin dio omenaldi handi eta beroa, baina abertzaletasunaren gainerako esparruek ere begirune sakona agertu diote. Bero, kritiko eta zorrotz agertu zen eremu politikoan, baina jendearengana heltzen zen horietakoa zen, bere mezu politikoarekin familia politikora, eta bere berba molde eta kontakizunekin gainerako entzuleengana. Birikietako gaitza medio, politikaren lehen lerrotik aspaldi erretiratua, ezker abertzaleko politikarien artean gutxik izan dute halako omenaldi sentikor eta zabalik. Zalantzarik gabe, ohore guztiekin utzi du plaza.

Daniel Udalaitz

Egunero sei mila pertsona hiltzen dira munduan lan istripuen ondorioz, eta urtean bi milioi lan munduan gertatutako istripuen erruz edo lanbideak eragindako gaixotasunengatik. Euskal Herria ez da irla bat triskantzen mapa horretan; izan ere, urtean batez beste 130 pertsona hiltzen baitira. Esate baterako, 1988-2004 aldian 2.300 pertsonatik gora hil ziren. Jadanik 54tik gora pertsona zendu da aurten lan istripuen ondorioz.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan