Josemari Velez De Mendizabal
Egiaren biribiltasunaren atzetik ibili diren guztiek porrota jasan dutela gogoraraztea alferrikako ariketa dela uste dut. Egia poliedrikoa da, irregularra gainera, eta haren bikaintasuna ez datza uniformitate linealean, alde bakoitzeko sinesgarritasun mugatuak besteenekin osatzen duen irudi ertz beterikoan baizik. Horren behaketa objektiboan aurki dezake gizakiak nolabaiteko izpiritu atsedena.
Azken hilean bi liburu erabat desberdin irakurri ditut, sentimenduak ere halakoak sorrarazi dizkidatenak, ezen ezer eskatu behar baldin bazaio liburu bati irakurlearengan bibrazioak igarraraztea baita, onak ala txarrak. Bi testuak aspaldikoak ziren, 1973koa bat eta 1958koa bigarrena. Lehenengoan Kennedy presidentea zen ardatz nagusia, sendi oso baten deskribapena egiten zelarik -El destino trágico de los Kennedy- eta zaharrenean -All men are brothers-, Gandhi zenaren gogoetak irakur daitezke. XX. mendeko bi pertsonaia handi eta tragikoki desagertuak izan ziren, biak esku beltzek akabatu baitzituzten.
Gandhik bere hausnarketaren bitartez bizitzarako kemena ekartzen zidan bitartean, Kennedyrenak amorrurako bidean jartzen ninduen. Eta biek, beren postulatuetan, egia eta justizia izan zituzten aipagai eta euren karrera diferenteetako leit motivak. Egiaren bidez iritsi nahi izan zuen Gandhik askatasunera eta justiziara, arraza eta giza klaseen gainetik. Kennedyk ere egiaren izenean jardun zuen bere ibilbide politiko osoan, justizia ezartzeko mundu aske batean.
"Niretzat, abertzaletasunak egiarekin eta humanitatearekin errimatzen du. Abertzalea naiz, gizakia eta humanoa naizelako. Sentimendu horrek ez du ezelako esklusibismorik. India zerbitzatzeko ez dut Ingalaterra edo Alemania kaltetu behar. Inperialismoak ez du zentzurik nire asmoetan eta abertzale baten legea patriarka batena da" zioen Gandhik. "Egia eta arrazoia gurekin dago. Egin ezazue, beraz, erasoa baina ez dadila Estatu Batuen eskua antzeman, Amerika Askeak ez baitu gure asmoen berri izan behar" agindu zuen Kennedyk 1961eko apirilaren 15ean, Bahia de los Cochinos-erako argi berdea piztuz.
"Kultura guztien egiaren izpirituak nire etxeko bazterretan askatasunean loratzea nahi nuke, baina inork nire pioiak haizatu gabe... Horregatik ez nuke indiar bakar batek ere bere ama hizkuntza ahaztea nahi... Nire erlijioak debekatu egiten baitit nire etxea presondegi bihurtzea" predikatzen zuen Gandhik Indiako bideetan. "Aita: nahi zenuen bezala Europara etorri naiz eta Mussolini eta Franco miresten ditudala esan behar dizut. Eta Pacelli kardenala? Oso tipo egokia, bai jauna! Francok Espainia indartsu bat egingo du. Korporazioak faxistak izan behar dira hemen, egia ezar dadin" idatzi zion John Kennedyk bere aitari, 1937ko udan.
"Bakea helezina da, hura lortzeko baldintza guztiak betetzen ez diren bitartean... Askatasuna ez da izango, justiziaren izenean erabiltzen ari diren armak baztertu gabe... Egia ez da egia, botere handiek ez badituzte ideia inperialistak ahazten..." esaten zien Gandhik bere jarraitzaileei, "ez bortizkeria"ren doktrinaren gaineko bere gogoeten artean. "Henry Cabot Lodge izango da gure enbaxadorea Saigonen. Nire konfiantzako gizon horrekin askatasuna izango da Vietnamen, justizia" azaldu zien Kennedyk bere gobernu kideei, 1963ko uztailean. Lau hilabete beranduago, azaroaren lehenean, Cabot Lodgek eta zerbitzu sekretu iparamerikarrek estatu kolpea eman zuten Saigonen. Enbaxadoreak, presazko txosten bat igorri zion Kennedyri bertan kolpearen egia deskribatzen ziolarik.
Gandhi eta Kennedy ez ziratekeen egiaren gaineko mugaketan batera etorriko. Egun, gizartea bere porrotaren kontzientziaz jabetzen ari denean, hondamendi etikoa gero eta presenteago egiten zaigunean... Mahatmaren egiatik askoz hurbilago sentitzen naiz, osotasun poliedrikoan bilatzen segitu beharko dudala dakidan arren.
Anuntxi Arana
Maiatzaren 24tik 27ra, Euskal Herrian ibili da Emazteen Mundu Martxa, talde feminista anitzen plataformaren eskutik. Bigarren aldikoz etorri da, 2000.ean iragan baitzen lehena, Quebec-eko emazteek 1995ean pentsaturik, Montreal-era joan zirenean "Ogia eta arrosak" errebindikatzen, hau da, janaria eta bizitzaren goxoa.
Aurtengoa Brasilen hasi da, martxoaren 8an, eta Burkina Fason amaituko da urriaren 17an, eta bi helburu orokor ditu: pobrezia uxatu eta emazteei egiten zaien bortizkeria deuseztatu. Pobrezia ez da emazteen gaitza soilik, bistan da, baina haiek dute bereziki jasaten eta Martxak munduko estatu guztiei eta Nazio Batuen Erakundeari eskatzen die neurri eraginkorrak har ditzaten haren kontra. Hasteko, marko-lege bat ezar dezaten, emazteen eskubideak bermatzeko, beren autonomia ekonomiko eta soziala erdiets ahal dezaten eta eskura ukan ditzaten premiazko baliabideak: ur edangarria, elikagaiak, etxebizitza, osasun eta hezkuntza zerbitzuak... Aldi berean, aginte publikoek bultza dezaten emazteen eta gizonen berdintasuna etxeko zein kanpoko lan eta eginkizunetan.
Hirugarren munduko zorra altxatua izan dadin, pobrezia deuseztatzeko laguntza eskain eta finantza sistemaren kontrol politikoa egin dezaten. Bortizkeria sexistaren aurkako errebindikazioei dagokienez, jende eskubideak aitortzen dituzten estatuei eskatzen zaie kondena dezaten emazteen bizia kontrolatzen duen edozein aginte erligioso, politiko edo kultural; halaber, Nazio Batuen Erakundeak presioa egin diezaien estatuei, Emazteen eta Haurren eskubideetako hitzarmenak onar eta bete ditzaten, baita protokoloak presta ditzaten hitzarmen horien gauzatzeko; pertsonen trafikoa eta prostituzioaren esplotazioa galaraziak eta zigortuak izan daitezen; Nazioarteko Auzitegi Penalaren xedapenak onar ditzaten, haietan bortxaketa eta sexu bortizkeria gerlako krimen eta jendadiaren kontrako krimen kontsideratuak baitira; bortizkeria eta diskriminazio sexista jasaten duten pertsonei aterbe politikoa eskain diezaieten.
Errebindikazioez bestalde, ibiltzen diren emazte taldeek eraiki nahi duten mundua marrazteko, eta beren jatorri eta izaera desberdinen aniztasuna islatuz, "Emazteen mundu gutuna jendadiarentzat" aldarrikatu dute Kigalin (Rwanda) 2004ko abenduan. Hona hemen gutuneko sar hitzaren ideia batzuk:
- "Gu, emazteok, aspalditik ibiltzen gara, bizi dugun zapalkuntzaren salatzeko eta haren bukaera eskatzeko; baita errateko injustizia, gerla eta bortizkeria ekartzen dituzten nagusikeriek, esplotazioek, berekoikeriek eta mozkinen gutizia neurri gabeek badutela amaiera».
- "Gure Martxak salatzen du patriarkatua dela emazteen zapalkuntza bideratzen duen sistema, eta kapitalismoa dela emazte-gizon gehienak gutxiengo batek esplotatuak izan daitezen ahalbidetzen duen sistema. Bi sistema horiek integrismoari eta fundamentalismoari bidea zabaltzen diete, pobrezia eta bazterkeria sortzen dituzte, denen eskubideak bortxatzen dituzte, batik bat emazteenak, baita arriskuan ezartzen gure planeta eta hartan bizi diren guztiak».
- "Guharrek eta lehenago gure amandreek bost kontinenteetan eraman dituzten borroka feministetatik sortu dira askatasun une berriak, bai guretzat eta bai jende guztientzat ere. Eraiki nahi dugun munduan esplotazioak, zapalkuntzak, bazterkeriak eta intolerantziak ez dute lekurik eta aniztasuna da baliabide onena. Hartan banakotasuna zein kolektibitatea, biak dira aberastasun iturburuak, eta pertsona da ondasun preziatuena, eta BERDINTASUNA, ASKATASUNA, ELKARTASUNA, JUSTIZIA eta BAKEA nagusi dira beste ororen gainean"
Jexux Mari Irazu
Zaletasunaz aparte, artean ez nuen bertso munduarekiko harreman gehiegirik eta irratia belarrian jarrita entzuten nituen Eskolarteko Txapelketako gorabeherak. Bertso eskolarako pausoa eman nuenerako berandutxo nenbilen Eskolartekoan parte hartzeko. Ikusi eta gozatzearekin konformatu behar. Hernaniko bertso eskolako lagunak Eskolarteko kontuetaz hizketan ari zirela, hamaika aldiz inbidia ederra pasatakoa naiz. Eskolartekoan parte hartu ezaren pena hori barruan daramakit, eta hor segituko du, Lazkao Txiki zenarekin inoiz bertsotan aritu ez izanaren penak bezalaxe. Ez nator, ordea, nire penak kontatzera bakarrik, ez. Ez dira pena garaiak. Eskolarteko Bertsolari Txapelketari zorionak ematera nator. Eskolartekoari, sortu zutenei, Ikastolen Elkarteari, Mikel Mendizabali eta ondoan izan dituenei... eta proiektu horretan sinestu eta lagundu duten guztiei. Hogeita bost urteko bideak erakutsi du Eskolartekoa, eta inguruko mugimendua osoa, bertsolaritza modernoaren hazia izan dela, eta dela, garaian garaiko eraginen gainetik. Eta haziak, loreak eta fruituak ez ezik, zainak eta enborra ere ematen ditu. Zorionak.
Agurtzane Intxaurraga ( antzerkilaria)
Korrika ailegatu nintzen zine aretora... nola ba! Entsegutik nentorren, gustura egindako lanarekin, ilusionatuta, oso ilusionatuta. Azkenean bertan nintzen. Eseri, eta eseri orduko, filmak lehen irudiak pantailaratu zituen. Puntu-puntuan.
(Ordu erdi beranduago)
Zertan ari naiz? Baina ni zertan ari naiz? galdetzen nion behin eta berriz neure buruari. Turtles can fly edo Dortokek ere hegan egiten dute, Bahaman Ghodadiren filma zen pantailan ematen ari zirena. Ikaragarria, jasangaitza baina era berean txundigarria, ikusi beharrekoa... barreneraino sartzen den horietakoa. Ez dut hitz egokirik aurkitzen... Eta ni zertan ari naiz galdetzen nion behin eta berriz neure buruari... zer egiten? ume haien istorio krudel eta gordinaz jabetzen nintzen bitartean. Zer egiten nire ordu eta ene indar guztiak antzerki lan berri baten prestaketan bideratuta? Ezereza, huskeria, alferrikakoa nirea... eguneroko lehen mailako premietatik azkena bera ez bada ere, azkenetakoa. Ze, guda garaian bizirik irautea da lehen mailako beharra, eta nireak ez zuen horren antzekorik. Hala uste nuen nik une hartan behintzat. Zine aretora sartu aurreko ilusioak zama galanta besterik ez ziren pantaila handian unez une belarritik, bihotzetik eta gorputzaren zentzu guztietatik sartzen ari zitzaidan istorioaren aurrean... Lotsa ere sentitu nuen, neure buruarekiko lotsa, aitortzen dut. Lotsa ume haien aurrean, ordu batzuk lehenago, guztia ematen ari nintzelako ia neronek bakarrik ikusten nuen amets bategatik. Gerora entzundako hitzak dira horiek. Zine aretoan hauek ere... oso bestelako filmean kokatuta: Million dolar baby filmean... Guztia eman zerorrek bakarrik ikusten duzun amets bategatik.
Zergatik horrenbeste borrokatu orduan? Zertarako? Norentzat? Norberaren egoa besterik ez, asetzeko? Galderak bata bestearen atzetik joka... guztiak erantzunaren bila.
Gau hartan tempo lasaian egin nuen etxerako bidea, behar nuen zurrunbilo hartatik ateratzeko. Zertan nabil? Zertan gabiltza gau eta egun antzerki lan berri baten prestaketan murgilduta? Estuegia eztarriko korapiloa... mingarria.
(Aste batzuk beranduago)
Sustrai Colinari irakurri nion maiatzaren 17ko zutabean: «Liburu gehienak alferrikakoak dira» Marie Darrieusecq-ek esana. «Egiak mina ematen du» zioen Sustraik gero. Egia. Zertara dator orduan gure ahalegina? Horren geurekoiak ote gara ba, gu guztiok? Izan ere, liburu gehienak alferrikakoak badira, zer esanik ez antzerki ikuskizunak! Alferrikakoak asko eta askorentzat. Berdin margolari asko eta askoren lanak eta musikari gehienen abesti eta konposaketak, koreografoen izerdi eta nekeak... eta abar eta abar. Gehienetan, ia gehienetan: alferrikakoak.
Zertan ari gara orduan? Zertan zebilen Bahaman Ghodadi filma egitea erabaki zuen egunean? Satelite eta bere lagunei gerrako umeak izateari utzi eta zineko artistak ere izan zitezkeela sinestarazi zien egunean? Donostiara aurkeztera etorri eta Donostiatik urrezko maskorrarekin abiatu zenean? Alferrikako lanetan akaso?
Berari esker ezagutu ditut nik ordea, Satelite eta bere antena parabolikoak. Berari esker jakin dut nik han bizi dutenaz inoiz baino sakonago eta hurbilago. Berari esker izan dut beste behin aukera neure begiokin nigandik urrunago ikusteko, film zoragarri baten aurrean esertzeko eta barrenak ukituta altxatzeko.
Horrexegatik eskerrak eman nahi dizkiot Bahaman Ghodadifiri orduan berea bakarrik zen amets bategatik horrenbeste eman zuelako. Gaur oraindik, egunak joan eta egunak etorri, ikusitakoaz biziki gogoratzen naizelako. Eskerrak berari eta beste hainbati. Batez ere isilean etengabe lan egiten jarraitzen duten guztiei... Alferrikako lan guztien gainetik, alferrikako lan guztien artetik, amets egitea ezinbestekoa delako. Galdetu diezaiotela Sateliteri bestela.
Antxon Gomez
Apirileko hauteskundeek Euskal Autonomia Erkidegoan utzitako errealitate gordina, batzuek euren gotorleku instituzional eta mediatikoetatik sortu nahi izan duten errealitate birtualari nagusitu zaio.
Imazen alderdikoek uste zuten posible zela ezker abertzale erreala -beraiek ezker abertzale ofiziala deitutakoa- desagertzea errepresioz, alderdien legeaz, apartheid politikoz eta etengabeko eraso mediatikoz baliatuta, eta euren lekuan haientzat askoz erabilgarriagoa den ezker abertzale birtual bat (Aralar) jartzea. Benetan sinetsi zuten hirukoa gehiengo absolutua lortzeko gai izango zela. Jelkideek azken urtetan egindako bidegabekeria politiko guztia eta izandako prepotentzia itogarria dohainik aterako zitzaiela...
Gizarte errealarekin hain gutxi bildu eta asesoreekin hainbeste denbora emateak halakoak dakartza. Hauteskunde gauean Imazen aurpegia adierazgarria zen. Ezin zuen sinistu gertatutakoa, jakina, ez utzi sekula errealitateak inkesta on bat zapuztu dezan.
Aralarrek 28.000 bozka lortu ditu. Ezker abertzalea ordezkatzeko jaiotako alderdia izanik, errealitatearen hormaren aurka zanpatu da bera ere. Hori bai, EITB eta Vocento taldearen laguntza dauka oraindik bere egoera makilatzeko. Hauteskundeak baino lehen EHAKri bizpahiru legebiltzarkide iragartzen zizkioten tertulianoek jarraitzen dute lotsa handirik gabe bi ezker abertzaleez hitz egiten.
Aralarrek hobe luke sirena kantuei kasu gutxiago egin eta ezker abertzale errealarekiko zubigintza lanean hastea, horretarako oholak geratzen zaizkion bitartean behintzat.
Ez dakigu ezta ere ea Richard Irazusta bere kabuz edo ABko sentsibilitate guztien izenean aritu den Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeetan kanpaina egiten. Kontutan hartuz Irazusta jauna beti izan dela mugaz bi aldeko abertzaleon injerentziarik ezaren defendatzaile sutsua, estimagarria da beronek hastapen sakrosanto hau pikutara bidaltzeko halako jauzi kualitatiboa eman izana, nahiz eta Aukera Guztiak zein Batasunaren zerrendak ilegalizaturik, ez zuen ematen Aralarren aldeko kanpaina egiteko unerik aproposena. Dena den bozkak hor daude, eta bakoitzak bere irakurketa egin beharko du.
Hemendik aurrera ezingo du behintzat injerentziaz akusatu inor Euskal Herri guztirako estrategia nazionalak defendatzearren.
EHAK-k Batasuna, EAE-ANV, abertzale komunista, LAB, ezker abertzaleko gazte erakunde eta talde antirrepresiboen sostengua jaso du. Hau da, ezker abertzale errealaren bultzada. Ondorioz ehun eta berrogei mila bozka baino gehiago, eta 9 legebiltzarkide.
Batzuen ustez emaitzek oso egoera korapilatsua utzi diote Gasteizko gobernuari aritzeko. Hala ere horiek izan dira herritarron bozak, eta ez du ematen ezker abertzaleak -erreala- aukera berdintasunean aurkeztu ahal izan balu egoera errazagoa izango zitzaionik Ibarretxeri. Segur aski ez zuen izango ezta zorioneko 33-33 berdinketarik ere.
Hainbat urtetan ezker abertzalearen bazterketaz bere bandera egindakoek zailtasunak dauzkate orain zartatutako zubiak korrika eta presaka berreraikitzeko. Sarritan presa baino ezina sumatzen zaie. Atutxarekin legebiltzarrean emandako espektakulo tragikomikoa -tragedia EAJko mitxelinentzat eta sainetea gainontzeko taldeentzat- horren isla da, baita ondorengo sasi mendekua ere, EHAK legebiltzarreko mahaitik baztertuz.
Ezker abertzalearen ordezkariekin ez negoziatzeko tabua behintzat pikutara joan da. Sasoi berrien seinalea ote?
Ortzemugan sumatzen diren konponketarako garaien aurrean, batzuei mitxelinak eta gerri politikoa batzea oso zaila izango zaie. Ezker abertzaleak berriz ilegalizazio eta errepresioaren derrigorrezko dieta pairatu arren, gerri politiko nahikoa erakusten ari da hainbat ekimenen bidez. Malgutasunaren garaia da, eta zenbaitzuentzat prepotentziaren amaiera. Haiek gustukoa izan ala ez.