Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-06-12 -- 1996.zenb

Patxi Larrion

Zangoza aldeko Xabier izeneko gazteluan jaio zen Frantzisko Xabierko, 1506ko apirilaren 7an. Aitaren aldetik, Nafarroa Behereko Jatsukoa, amaren aldetik, berriz, baztandarra. Nafarroan hemeretzi urte eman zituen eta Nafarroako Konkista hasi zenean, sei urte zituen. Frantziskoren familia agramondarra zen, hau da, Nafarroako errege-erreginen alde borrokatu ziren, Gaztela eta beaumondarren kontra. 1525ean eliz ikasketak egitera Parisera joan zen, Nafarroako Kolegiora hain zuzen ere. Parisen Loiolako Iñigo ezagutu zuen, eta 1534an, Jesusen Lagundiaren sorreran parte hartu zuen. Europako hainbat hiriburutan lan egin ondoren, 1541ean misiolari joan zen Ekialdera. Portugalgo koroaren zirkuituak ibili zituen: India, Indonesia eta Japon ebanjelizatzen hamarkada luzea eman zuen. Txinara arribatu nahi zuen ordea, eta herrialde horren atarian hil zen, 1552ko abenduaren 3an. Misiolari gisa egin lana berehala zabaldu zen, diotenez, milioi bat fedegabe bihurtu zituen kristau. 1622an kanonizatu zuten. Nafarroako patroia da egun, eta urtetan eztabaida iturri amaigabea. Frantziskok egindako lanak baino, josulagunaren herritartasunak eta euskalduntasunaren inguruko eztabaidak ezin konta ahaleko orrialdeak bete dituzte. Abenduaren 3an, batzuek Nafarroa gaztelaratuaren eguna ospatzen dute; beste batzuek Nafarroa askearena, eta euskararen eguna ospatu nahi duenik ez da falta.

Xabierrera garamatzate

Gazte ginenean, duela bi hamarkada edo, ez ziguten gauza handirik kontatzen delako Frantses horretaz, oinez, Xabierko gaztelura generamatzaten, bihotza ezin kabituz. Xabierko Frantzisko hura santua zen nonbait, sekulakoak eta bi egin omen zituen Asia aldean fedegabeak ebanjelizatzen.

Bagenekien anitz urte igaro zirela, Jatsuko Frantsesen heriotzatik, baina, Nafarroako Erresumarako horren liskartsua izan zen 1512-1530 aroaz, ez bilo ez arrasto. Gure hezitzaileak bestelako eginkizunetara ziren emanak. Konparazio batera, egun, ikur eta peregrinazio leku bilakatu den Amaiur, Conoce niño Navarra hartan, Maya de Baztan zen; eta Nafarroako Konkista ikasi ordez, Reconquista de España ziguten irakatsi, frankismoan erroturiko gure irakasleek.

Xabierko josulagun errena

Goierriko lehengusuak kontatua dakit, munta handiko zerbait gertatu zela XVI. mendearen hasierako Nafarroan. Historia irakasleak, Ordiziako institututik, Xabierko gaztelura eraman zituen ikasleak, lehengusua barne. Zangoza aldeko gaztelua bisitatzean, gidari, errenka zebilen josulagun euskalduna egokitu zitzaien, eta irakaslearekin nolabaiteko konplizitatea erdietsirik, hara non hasten zaien, sutsuki, konkista, 1512, furto et maña, Pedro mariskala, 1516, Noain, Asparros, 1521, Amaiur, Velez Medrano, 1522, Hondarribia, Jatsu, 1524, Donibane Garazi, 1530... eta gisa horretako toponimo, izen eta data purrustadan harilkatzen. Lehengusuak ez zion gauza handirik ulertu, baina, garbi zegoen, josulagun errenarentzat, ezer, gogoangarri bezain gogaikarria, bihotzaren altxagarri bezain samingarria zen zerbait, gertatu zela garai hartan Nafarroako Erresuman.

Arestian esan bezala, gazte ginen, eta udak elkarrekin ematen genituen lehengusuak eta biok. Gure artekoan bazen elerako tartea eta, Lizarrerriko arratsalde sargoritsuan, Xabierko gazteluan kontatu ziotenak harengan piztu zuen jakin-mina kutsatu zidan. Osaba Julio genuen, gure jakin-mina ase zezakeena -harrigarria badirudi ere, Julio zen gure familiako eliz gizon bakarra-. Hari galdetu, eta osaba kaputxinoa, harro bezain pozik hasi zitzaigun, Xabier gora eta Frantzisko behera, Nafarroako patroia izateaz gain, misioen, pilotarien eta turismoaren patroia zela esan zigun; baina, Nafarroako konkista delakoaz arrastorik ez. Garbi zegoen, ikertzeari osabaren laguntzarik gabe ekin behar genion.

Lizarrako liburutegia eta Schurhammerren agertzea

Osteguna, egun legez, azoka eguna zen Lizarran. Goizean goiz, Urederra autobusa hartu eta karlisten hiriburuko liburutegira hurbildu ginen. Liburuzainak atsegin handiz hartu gintuen. Ez zen gutxiagorako, 80ko hamarkadaren hasieran, bi mutil gazte argibide eske Nafarroako patroiaren gainean, hamaika urtez, 1541-1552 bitartean, India, Indonesia eta Japonia ebanjelizatzen aritu zena. Pausaleku honen ikurra, orduko eta gaurko soziologo gehienentzat, nafar guztiak batzen duen ikur bakarrenetakoa, bakarra ez bada, gure gauza on guztien ispilu den Frantses, Jatsu, Frantzisko Xabierko edo deitu nahi den gisan. Esan bezala, liburuzainak arras ongi hartu gintuen, iturri onetik ari omen ginen edaten.

Hasmentan, liburuzainak zenbait liburuxka eskaini zigun. Horiek behatu, eta jainkojaleendako bazka iritzi genien, misiolariak, santutasuna, xabierraldia eta beste. Horretan ari ginela, agerraldia jazo zen liburutegian: liburutzar bat, Francisco Javier: su vida y su tiempo izenburukoa. Egilearen abizena arraroa zen guretzat, Georg Schurhammer edo, itzulpen bat zen, alemanieratik aita Areitiok egina. Testua irakurtzen hasi eta, lehendabiziko kapituluan, lehengusuak josulagun errenari aditutako Albret, 1512, Noain, Asparros, agertzen ziren. Alemaniarraren obran irakurri genuenaren arabera, santua, Frantzisko delakoa, familia agramondar baten semea zen -agramondarra eta beaumondarra hitzen esanahia ondoren ikasiko genuen-, Konkistaren garaian berebiziko protagonismoa izan zuen sendi bateko kidea. Gurasoak Jatsuko Juan eta Azpilkuetako Maria zituen, baina gehienbat, Migel eta Joan anaiek jokatu rolak bereganatu zuen gure arreta: anaiak 1521ean Amaiurko gaztelua defendatzen egon baitziren.

Garai hartan, liburutegietan ez zen mailegu zerbitzurik, beraz, hurrengo egunean itzuli ginen. Gurasoek ez zuten ulertzen Lizarrara joan nahi hura, baina halaxe eman genituen hamar egun. Liburutzarra, ez zen izan Schurhamerri irakurri genion obra bakarra. Alemaniarraren kemenak liluratu gintuen: erraz irudika genezakeen alemaniarra, XX. mendearen hasierako Nafarroa zeharkatzen, zoko-moko guztiak arakatzen, aurrean genuen obra egin ahal izateko.

Jose Mari ez zen urruti

Schurhamerrena ez zen aurkikuntza bakarra izan. Amaiurko gazteluarena argitu nahian ari ginela, Jimeno Jurio abizeneko baten lanak aurkitu genituen, eta Maya Amaiur bilakatu zen, eta horrekin batera, mundu historiografiko oso bat zabaldu zen gurera. Era berean, gaia, hau da, konkistaren gaia, interes handikoa izan zela ikusi genuen, izan ere, konkistaren inguruko lehendabiziko kronikak XVI. mendekoak dira, eta XIX. eta XX. mendeetan argitara emandako liburuak zenbaezinak.

Armada beltzaren partaidea

Schurhammerren kontakizuna jarraikiz, Parisera heldu ginen lehengusua eta biok, eta bertan, aspaldiko enigma argitu genuen. 80ko hamarkadaren hasieran, egun bezalaxe, foru komunitate honetan, vascoen inbasioa genuen arazorik larriena, horrexegatik ulertezina zitzaigun, Iruñeko elizan Xabierrekin batera Loiolako Iñigo egotea. Bestalde, liburutegian lardaxkan ari ginela ikasi genuen, delako Iñigo hura Gaztelako tropekin Iruñean egon zela 1521ean, zertan, eta agramondarrei aurre egiten. Alta, ordurako bibliatzat genuen Schurhammerrek, Xabierko Frantzisko eta Loiolako Iñigo elkarrekin, 1529an, Parisen kokatzen zituen. Nonbait, Loiolakoak Parisen Frantses konbentzitu zuen josulagundiaren sorreran parte har zezan -ondoren ikusi ahal izan genuenez, hau ez zen izan Loiola eta Jatsu familien arteko harreman bakarra-. Frantsesek, Portugalgo koroaren nazioarteko zirkuituetatik barna, fedegabeak bihurtzeari ekin zion. Armada beltzak -izen hori ere eman zaio Jesusen Lagundiari- izan duen partaide behienena bilakatu zen Xabier.

India, Indonesia, Japonia... herrialde horietan Xabierrek egin lana Schurhammerri esker ikasi genuen, baina subjektibitatearen paradigma garenontzat, interesgarriena liburuaren hasiera eta bukaeran zegoen. Hain juxtu ere, horixe izan da, azken urteotan, eta Juan Cruz Allik agintea utzi zuenez geroztik, Nafarroako Gobernutik zalantzan jartzen edota gezurtatzen saiatu direna.

Biografiaren hasieran, Schurhammer Frantzisko Xabierkoaren jatorriaz mintzo da: zer nolako testuinguruan jaio zen, azken batean, herritartasunaz mintzo da, eta horretaz aritzean Nafarroako konkistaz hitz egin behar. Eta alemaniarrarena, ziur aski, garai horretaz eta agiri eta testigantzetan oinarriturik, egin den lanik hoberenetakoa duzue. Akaberan, besteak beste, Xabier euskalduna zela ondorioztatzen du. Ez dirudi, azken urteotan ezer berririk aurkitu denik garai haien inguruan, ez dugu ahaztu behar, Schurhammerren iturriak, gehienak, Frantzisko ezagutu zutenek idatziak direla, hau da, XVI. mendekoak direla.

Schurhammer gezurtatzeko manera

Nago berriz ere eztabaida antzu batean sartuaraziko gaituztela. Erran gabe doa, Nafarroako Gobernutik dirua espuertaka xahutu dute, eta xahutzen ari dira Schurhammerren gisako ikerketa lanak ezeztatu, ezabatu nahian. Hori guztia bururatzeko, datorren urtean, bosgarren mendeurrena ospatuko den horretan, mihian bilorik ez duen Victor Manuel Arbeloa komisarioa lagun, haien Xabier hispanoa gaztelaratuko dute.

Urrun dira liburutegiaren pasadizoak. Goierriko lehengusua gutxitan ikusten dut, eta gehienetan herrian, funtzioren bat tarteko. Ezin elizatik aldendu. Pasa den hilabetean elkartu ginen, eta hurrengo urtean gainera datorkigunaz galdetuta, aholkua eman zidan: "Zezen hori ez da gurea, gainera ez gara toreatzaile izanen, guri trapua jarri eta zezenarena egin behar".

Lehengusuak aholkatutakoa erraza da esaten. Baina kaskoan bilorik ez dutenen lotsagabetasuna ikusita, zaila zaigu isilik egotea. Arrazoi du lehengusuak, zepoan sartuko gaituzte, eta erran gabe doa, Xabierren euskalduntasunaren inguruko eztabaida gazteleraz gertatuko da. Lehengusuak sesioaren kontrako antidotoa eskaini zidan, urtemugaren bat ospatu nahi izanez gero, hona aukera, hamar urte joan baitira Jon Alonsoren Katebegi galdua argitara eman zutenetik. Eleberriak gure imaginarioa zabaldu zuen eta, egun, horren modan dagoen euskal curriculumerako guztiz testu egokia da. Tiro batez bi txori: gure historiaren berrirakurtzea literatura lan on batean; are gehiago, trufa eta irria horren beharrezko dugun honetan, hurrengo urtean hamaikagarrenez sufritu beharko dugun eztabaidarena, modu ezin ironikoagoan aztertu zuen Alonsok.

Gazte ginenekoa gogora ekarri dugu testu honen hasieran, gazte ginen ere, Xabiertxo liburua ezagutu genuenean. Ixaka Lopez Mendizabal lodosar jatorriko tolosarrak 1923an argitara eman zuen gerra aurreko testu liburua.

Frantzisko Xabierko ez zen Txinan sartu, eta lau mende geroago, Ixakak ez zuen Txina zapaldu behar izan, txinatarren artea ezagutu eta barneratzeko. Izenburuan genion, Xabier ez baita Xabiertxo, Xabiertxok bere txikitasunean, eta txinatar moldeak barneratuz, menturazale hark baino anitzez ere gehiago du zabaldu gure imaginarioa.

Santiago Leone

Schurhammerrek, bildu gaituen liburutzarra idatzi baino lehen, badauka Frantsesen bizitzaz beste libururik, 1920an Aachen-en agertua, Akisgranen alegia, izenburua honela duena: Der heilige Franziskus Xaverius, der Apostel des Ostens. Blicke in seine Seele, eta honela euskaratu genezakeena: San Frantses Xabierkoa, Ekialdeko Apostolua. Begiradak bere ariman. Kapitulu batean, Schurhammerrek Frantsesen aitaren heriotzaren deskribapena egiten digu: kanpoko giroa -udazkena da, hostoak erortzen ari dira-, gazteluaren egoera -harro zaintzen du Aragoirekiko muga-, eta barneko giroa -isiltasuna, tristura, familia guztia aitaren ohearen inguruan-: "Denn Doktor Juan de Jassu, der Schlossherr, ihr Vater, liegt im Sterben -und Navarra auch", dio liburuak. Hots: "Zeren Juan de Jatsu Doktorea, gazteluko jabea, haien aita, hiltzear baitago-eta Nafarroa ere bai". Schurhammerren testuan, beraz, Juan de Jatsuren heriotza Nafarroaren metafora bilakatzen da.

Liburu hau 1922an itzuli zen gaztelaniara, Burgosen, El Siglo de las Misiones argitaletxean. Aipatu kapituluan berriz ere udazkena dugu eta hostoak erortzen, Xabierko gazteluak berriz ere muga zaintzen du, berriz ere andrea eta seme-alabak aitaren inguruan daude: "Su padre, el Señor del Castillo, el Doctor D. Juan de Jaso, estaba para morir", -"haien aita, gazteluko jabea, Juan de Jatsu Doktorea, hiltzear baitago"-. Oraingo honetan, "Nafarroa ere bai" hori ezabatu egin dute.

Traduttore tradittore leloarena ez da norabide bakarrekoa: hona hemen beste adibide bat. 1922an Schurhammerrek liburu ttiki bat publikatu zuen, irudiz hornitua: Ein Xaveriusleben in Bildern, alegia Xabierren bizitza irudietan. Alemaniar ikerlariaren arabera, Jaungoikoak Inazio Loiolakoa igorri zuen Xabier bekatutik salbatzera. Salbazioa zein hizkuntzatan gauzatu zen Schurhammerrek aipatu ez arren, 1925eko euskarazko itzulpenean (Xabier'tar Prantzisko Deunaren bizitz laburra, Bilbo, El Mensajero del Corazón de Jesús), honako hau gaineratu zuten itzultzaileek: "Bi euskaldunak berialaxe alkarren adiskide egin ziran. Euskeraz ere askotan jardungo zuten, noski".

Frantses, portugaldar hori

Xabierren herritartasunaren auzia aspaldikoa da; ez uste bezain aspaldikoa, baina aspaldikoa hala ere. Eta, nondik begiratzen zaion, agian ez zen espero izatekoa. Azken batean, bizitzaren lehen hemezortzi urteak baino ez zituen Nafarroan pasatu; egia da urte haietan gauza anitz gertatu zitzaizkiela berari eta bere familiari, baina berak ez zuen ezer gogoangarririk egin. 1525ean, Parisera abiatu baino lehen hil izan balitz ez genituzkeen lerro hauek idatziko, agramondar familia garrantzitsu baten kide erdi ezezagun bat bertzerik ez bailitzateke gure Xabier. Ospea emanen zizkioten ekintzak geroago etorriko ziren, Nafarroatik urrun zegoelarik. Frantzian ikasle eta Italian erromes izan ondoren, Portugaleko erregearen banderapean ibili zen munduan zehar, Indiatik Japoniara eta handik Txinara. Toki batzuetan gaur egun, portugaldarra zela uste dute. Eta erran liteke, diplomatikoki, hala izan zela. Zer da, bada, nazionalitatea ematen diguna? Sorterria soilik? Patua, halabeharra, historia, politika, hizkuntza? Errege frantsestzat jo ohi dugun Karlomagnok Akisgranen, gaurko Alemanian, zeukan egoitza. Trajano edo Seneka espainiarrak ote ziren, edo Erromako probintzialak? Hurbilagokoari erreparatuz, hemengo zenbaitek nafartasuna errazago aitortu diote Juan Huarte de San Juani, Bernart Etxepareri baino, nahiz eta biak behenafarrak izan. Genealogia nazionalak egiteko tenorean irizpideak ez dira bateratuak, ez hurrik eman ere, eta bakoitzak bereak aukeratu ditu, aukeratzen ditu gaur egun ere: Severo Sarduy idazle erbesteratua kubatar jatorri urruneko idazle frantsesa omen zen -Kubako gobernuaren arabera-, ETAkideak ez dira euskaldunak -dio Ibarretxek-, Nafarroako euskal abertzaleak bere nortasunari uko egin dioten sasi-nafarrak dira -azaldu digu Jaime Ignacio del Burgok- eta abar. Nolanahi ere, aberria hautatzen dela egia bada, Xabierrek ez zigun bere balizko hautuaz deus erran. Bertzeak, hala ere, arduratu dira kontu horretaz.

Historia honela has liteke, modu ezin apalagoan, eztabaida 1880an Revue des Questions Historiques aldizkari katolikoan piztu zenean. Bertan Pierre Soubiellek argi dauka: Xabierren deiturak, Jatsuk, Nafarroa Beherera garamatza, Nafarroa Behereak Baionako eliz barrutira, eta honek Frantziara. Frantzisko Xabier, ondorioz, frantsesa da. Arrapostua Pierre Haristoyren eskutik etorriko zen hurrengo urtean. Saindua, dio Haristoyk, ez zen Jatsun jaio, Xabier gazteluan baizik, baina hori berdin da, guretzako "euskal herri bat baino ez baitago, Nafarroako erresuma bat bertzerik ez", eta erresuma hori independentea izanik Xabier jaio zenean, nafarra dugu gure saindua. Polemika urrun gertatu arren eta ttiki-ttikia izanagatik honaino iritsi zen. José Oliver y Hurtado Iruñeko apezpikuak bederen bazuen Soubielleren jarreraren berri eta bere iritzia ere eman zuen, Ciencia cristiana izeneko aldizkarian, 1881ean: espainiarra zen Xabier bai aitaren aldetik bai amaren aldetik edo, nahi bada, nafarra bi aldeetatik; baina galdera hori bada, gehiago zen espainiarra, frantziarra baino. Urte berean Frantziskoren espainiartasuna azpimarratu zuen, Soubiellez trufatuz, Vicente de la Fuente apaizak. Honela has liteke historia, XIX. mende bukaera aldera, aldizkari zaharretako artikulu ttipietan.

Honek ez du erran nahi aurrekaririk ez dagoenik. Izan ere, lehen ere izana zen eztabaidagai Xabierren herritartasuna. Arturo Campionek ekartzen ditu gogora sainduaren nazionalitateari buruzko istilu horiek. Beato izendatu zutenean, izenaren ondoren hispanus edo navarrus paratu behar zen ibili ziren Erroman. 1663an Aragoiko idazle anonimo batek zenbait aukera proposatu zituen: de natione hispanus, hispanicae nationis, nobili stirpe in Hispaniaà Hondarrean, Erroman ez zuten hispanus hitza onartu: Breviario delakoan honela idatzi zuten (latinez): "Frantses, Xabier gazteluan, Iruñeko elizbarrutian, guraso nobleengandik jaioa". Campionek nabaritu zuenez, Erromako diplomazia trebeak, elizbarrutia aipatuz, alde batera utzi zuen herritartasun auzia.

Hala eta guztiz ere, XIX. mendera arte bi dira Xabierren ezaugarri aipatuenak: noblezia eta, batez ere, santutasuna. Antzinako familia noble batetik zetorrela eta mirari anitz egin zituela dira biografietan behin eta berriz errepikatzen diren puntuak. Nafarroan egin zuenak, ordea, ez du axola handirik. 1662ko biografia batean, kasik 500 orrikoa, Xabierren haurtzaroa 6 orritan kontatzen da; XVIII. mendean Joakin Lizarraga Elkanoko apaizak euskaraz idatzi zuen bizitzatxoan liburuaren erdian hiltzen da gure protagonista, mirarien narrazioari tokia uzteko. Mende luzetan, San Frantzisko Xabier jenero literario zehatz batean kokatu da irmoki, hagiografian hain zuzen ere. Biografia nazionala geroxeago ailegatuko zen.
Orduan, hagiografiatik biografia nazionalera pasatzean, liburuetan Xabierren haurtzaroko urteek hartzen zuten tokia zabaltzen, handitzen hasi zen. Léonard Joseph-Marie Cros josulaguna da, beharbada, ikuspuntu horretatik, Soubiellen eta Haristoyren arteko polemikan sumatzen ahal zen ikuspuntu berri horretatik, Xabierren bizitza ikertu zuen lehen historialari sendoa. Saint François de Xavier de la Compagnie de Jésus. Son pays, sa famille, sa vie, dio 1894an argitaratu zuen liburuaren izenburuak. Xabierren herria ere, son pays, bihurtu zaigu, beraz, ikergai. Xabierren herritartasunaren inguruko polemika berritik hartuz, honako ondorio hauetara iritsi zen Cros: "Hemen, eztabaida honetan, euskaldunek ere parte hartzen dute erranez: Frantzisko ez da ez frantziarra, ez espainiarra, ez nafarra: euskalduna da"; "ondorioz, Frantzisko, Indiatako apostolua, Pirinioen alde frantsesaren eta Pirinioen alde nafarraren euskaldunen semea da".

Gaztelua

Sainduaren nazioaren gaineko interesa piztu zen garai berean, bizi zen tokiaren gainekoa ere mugitzen hasi zen. Juan Iturralde y Suit idazle nafarrak gazteluaren egoera txarra deitoratu zuen 1883an; dorreak erdi erorita zeudelarik, inguruko etxe eta bordek, inolako planik gabe eraikita, erabat desitxuratzen zituzten gazteluko harresiak, baserri xume baten antza emateraino. Azkenik, gazteluaren jabe zen Villahermosaren dukesak Angel Goikoetxea arkitektoari Xabierren egoitza izan zena errestauratzeko enkargua eman zion. 1892-1895 urte tartean burutu ziren berregite lanak, eta 1896an hasi zen eraikitzen gazteluari itsatsita dagoen eliza, 1900. urteko abenduan bukatuko zena. Dena, gaztelu zaharraren errestaurazioa eta basilika berriaren eraikuntza, 1901eko ekainean inauguratu zen. Ez zen nolanahiko ospakizuna izan: jende garrantzitsu ugari bildu zen Xabierren egun hartan, tartean Guaquiko kondea (dukesaren senarra), Lunako dukea, Alfontso XIII. erregearen izenean etorri zena, eta Tarazona, Jaka, eta Iruñeko apezpikuak.

1883ko artikulu hartan, gazteluaren iragan harroa eta orainaldi mixerablea alderatuz Nafarroako patua irudikatu nahi izan zuen Iturralde y Suitek; orain, ordea, 1901eko inaugurazioan, gazteluarenarekin batera errestaurazio nazionalista, katoliko eta monarkikoa da antzezten dena. Goian aipaturiko pertsonalitate guztiek diskurtso bana eman zuten, aita santuaren eta erregearen alde topa eginez; Iruñeko apezpikuak XVI. mendeko Espainiako bertute kristau eta ohoretsuak aurkitzen zituen Xabierrengan; Jakakoak, bere aldetik, aberri espainiarraren errestaurazioa ikusteko desira adierazi zuen. Hona Eliza eta monarkia elkartuta Espainiako esentziak berreskuratzeko.

Hogeita bat urte geroxeago, Frantzisko 1622an kanonizatu zuteneko hirurehun urte bete zirelarik, berriz ere haren figuraren inguruko interesaren hamaika erakusgarri aurkitu ditzakegu. Bilbon biografia txiki bat ematen da argitara eta Euskal Herritik kanpo, Burgosen, Schurhammer ikerlari alemaniarraren lantxo bat itzultzen da gaztelaniara; Nafarroan Alberto Pelairea poetak, Diputazioak eskatuta, himno bat prestatu zuen sainduaren ohoretan: "Entzun! zer da itsasoak / Dakargun aiots ori? / Xabier il-zorian / Mintzo zayo Kristori, / Euskeraz, gure Euskeraz ari zayo izketan", dio Iraizozko Polikarpok prestatu zuen euskarazko bertsioaren ahapaldi batek; eta Iruñean mintzaldi sorta bat antolatu zen Gayarre antzokian. Mintzaldi horietako bat (1922ko apirilaren 30ekoa) Arturo Campionek eginen du, Xabierren euskalduntasuna ozenki aldarrikatuz: Pariseko unibertsitateko erregistroetan cantaber gisa agertzen da, euskalduna, alegia, orduko terminologia jasoan.

Bitartean, gauza bitxiak gertatzen ari ziren gazteluan. Jesuitak harat itzulirik, Francisco Escalada izenekoak hartu zuen Xabierren bizitza ezagutarazteko ardura. Bizitza eta, batez ere, mirariak, antzinakoak bai eta oraingoak ere bai. Zeren, 1917tik aitzinera Escaladak kaleratu zituen hamaika liburuxkatan, behin eta berriz errepikatu baitzuen gauza miresgarriak gertatzen ari zirela gazteluan, bertako gurutzefikak, San Frantzisko Xabierri esker, eritasunak sendatzen zituela. Ez da hain arraroa. Pentsa dezagun: zaila zen, Munduko Gerraren urte haietan, Lourdesera joatea, edo, gutxienez, ez lehen bezain erosoa. Zergatik ez zuen Xabier gazteluak Frantziako santutegia ordezkatuko? Baina Fatiman frogatuko zenez, sendatzeaz gain, mezuren bat ekarri behar zuten mirarizko irudiek, arrakastatsu suertatu nahi izatera. Escaladaren proiektuak, hortaz, porrot egin zuen.

Gure Frantzisko Xabier

Kasik inor ohartu gabe aldizkari ezezagunetako artikulu xumeetan hasi zen eztabaidari kanoien zaratak eman zion bukaera. Gerra Zibila hasita, Xabierren espainiartasuna aldarrikatu zuten hainbat idazlek. Guretzako esanguratsuena Eladio Esparza eleberrigile eta Diario de Navarrako kazetariarena. San Frantziskorengan, zioen Esparzak, nafarron espiritu militarra eta espiritu erlijiosoa gorpuzten dira, sainduarengan ikur distiratsuena dute nafar guztiengan biltzen eta nahasten diren bi joera horiek. Modu honetan, nafar anitz Aberria eta Erlijioaren alde borrokatzera atera ziren garaian, Esparzak Xabier erreketearen sinbolo bihurtu zuen. Gerra amaituta, karlista batzuk hasi ziren urtero gaztelura joaten, garaipena eskertzera. Erromesaldi horren izena bera, Javierada alegia, bertze hitz baten ereduaren gainean asmatuta dago: Cruzada. Gorri, separatista eta abarren aurkako Cruzada burutu dutenek eskerrak emateko egin behar zuten Javierada.

1880 inguruan Xabierri buruz hasitako eztabaida luzea amaitzen da, nolabait, 1941ean. Javieradak orduan hasten dira. Orduan ematen du argitara Eladio Esparzak Xabierren biografia bat: Nuestro Francisco Javier. Ordurako argi omen zegoen "gure" horrek zer erran nahi zuen.

Katekesi galdua (Euskal Herriko balizko historia arrosaz)

Heldu den urtean 500 urte beteko dira San Frantzisko Xabier jaio zenetik. Uste izatekoa da ospakizunez beteriko urtea dugula aitzinean, gure esperoan, eta pentsatzekoa da, baita ere, Xabierri buruzko eztabaidak berriz piztuko direla (inoiz itzali badira). Susmoa dut, dena den, eztabaida horiek betiko gaiak jorratuko dituztela, alegia betiko gaia, singularrean, jorratuko dutela: Xabier baskoa edo espainiarra izan ote zen? Edo agian nafarra -eta auskalo zer erran nahi duen hirugarren aukera honek-? Euskaraz bazekien? Izan ere, badira ehun urte baino gehiago debatea ez dela nortasun nazionalaren alor mugatu honetatik ateratzen, eta asmo zirikatzaileenak ere -Jon Alonsorena Katebegi galdua liburuan, adibidez- alor horretan koka daitezke. Eztabaida honetarako, aitortu behar da Xabierren figurak baduela abantaila ukaezin bat: berak ezer gutxi erran zuela nortasun kontu hauetaz eta, hortaz, edozer gauza asmatzen ahal dugula -izan ere, zerbait argi eta garbi adierazi zuenean ere -euskaraz zekiela, adibidez- zenbaitek euren moduan interpretatu eta kontrakoa ondorioztatu dute-. Baina, ba al dago zerbait berria erraterik?

Indiara abiatu baino lehen, Italian zehar bertze jesuitekin batera zebilelarik, Erromatik Veneziarako bidean, arrunt nekaturik esnatzen omen zen Xabier egunero, erabat akituta. Diego Lainez bideko kideak zer gertatzen zitzaion galdetuta, gaueroko ametsetan gizon beltz erraldoi bat bizkarrean zeramala kontatu zion Xabierrek. Lagunak erran zion amets horren bitartez Jaungoikoak Indiara joatea nahi zuela aditzera ematen ziola, eta gizon beltza hain handia zela Indian lan itzela zegoelako misiolarien zain. Irakurri nuen lehenbiziko alditik ametsak arreta piztu dit eta Lainezen interpretazioak harritu nau. Egia da bertsio batzuetan Xabierr ek aipatzen duela bizkarrean indiar bat edo Indiako beltz bat zeramala, baina horrela izanik ere Lainezen arrazoibideak ez nau gehiegi konbentzitzen. Eta, bueltaka ibili eta gero, bertze hau bururatu zait: zergatik ez pentsatu beltz erraldoi hori sinbolo erotiko bat zela, kastitate egun sukartsu horietan Xabierren fedea tentatzera zetorrena? Zergatik ez ondorioztatu Xabier bere burua gorrotatzen zuen homosexuala zela? Gaiak axola omen zion. Japonian sodomia salatu zuen bertako biztanleen bekatu nagusitzat, eta sekulako diskurtsoa bota zuen sexu joera horren kontra Japoniako enperadorearekin eduki zuen lehen elkarrizketan -bidenabar itzultzailea lotsaraziz-. Beharbada, hemen dugu Euskal Herriko historia arrosa idazteko abiapuntu bat, ukatutako historia baten hasiera.

Hau guztia erdi txantxetan diot, hau da, erdi serio ere bai. Erran nahi baita Xabierri buruzko orain arteko interpretazio gehienek gauza gehiago adierazten dituztela gutaz, Xabierrez baino, alegia gure interesen eta kezken arabera egindako interpretazioak direla. Nazioa izan da debate nagusia gure artean, eta hori islatu eta islatzen da saindu nafarraren inguruko ikerketetan. Gure arazo eta pentsagai nagusia gutxiengo sexualak izan balira, norbaitek artikulu honetakoaren antzeko interpretazioren bat proposatuko zukeen aspaldi. Dokumenturik ez da falta: hor dugu ametsa. Falta dena ikuspuntua da, eta jakinduria mota hau sor lezakeen erakundea, adibidez Queer Studies Department bat gure unibertsitate batean.

Heldu den urteko eztabaidak, zalantzarik gabe, sutsuak izanen dira, eta zenbait agian interesgarriak. Hala ere, gauzak erlatibizatu ahal izateko, komeni da jakitun izatea: diskurtsoa da eztabaida honetatik sortuko dena, eta diskurtso horrek bere gauzakia, Xabier alegia, eraikiko du baldintza zehatz batzuen arabera. Baldintza horiek aldatuz gero, bestelako irudia aterako litzaiguke. Heldu den urtean Xabierrez ez, gutaz arituko gara.

Joxemiel Bidador

Horixe da gerra ostean irabazleek altxatzen dituzten konkista harrapakinek urtetara begien aitzinean pasiatzen zaizkienean aurreko jabeei sentiarazten dieten samina. Eta konparazioak konparazio, gure kasu honetarako ere ez gindoazke urrutiegi, Xabierko seme nagusiei Nafarroaren izaera defendatzeko zegokien ardura kontuan harturik.

Badira gazteleran hitz itsusi zenbait euskaraz ere beharko genituzkeenak, hain baitute zehatz funtzionatzen. Ningunear eta escamotear horietako bi dira. Eta horixe da Nafarroako agintariek, eta luzapenez, agintari hauxek berak agintzen egon daitezen botoa eman zieten hiritar horiek, egiten gaituen eta digutena: euskaldunok ezereztatu eta gurea ere dena lapurtu.

Katolikoen trustetik at egin nuenetik, gutxi da Xabierko santuaren inguruan elizak egin litzakeenen artean benetan erakar nazaketenak. Ekuador, Filipinas edo Varsoviako katolikoek bereago lukete, segurki ere izan, San Frantzisko josulagunaren ekarpena, atlasetako kartetan Xabier erakusten duen herri honetako euskaldun sinesgabeok baino. Eta heldu den urtean gurean nazkatuko gaituzten ospakizunak XVI. mendeko Trento ondoko integrista zuri horren ekarpen erlijiosora mugatuko balira, ez nuke ezertxo ere esanen ez idatziko, niri ez legokidakeelako. Baina gauzak ez dira horren lau, eta Nafarroako Gobernua ekimen guztien bultzatzaile den neurrian, iraindu bezain erasotua sentitzen hasia naiz, etorriko zaigunaren aurreneko lagin: euskalduna naizen aldetik, eta gorago esanari jarraikiz, ezereztatua, ninguneada, eta nafarra naizen aldetik, lapurtua, escamoteada.

Euskara komunitateko altxor kulturala ez dela esaten duenik ez da Nafarroan, ez talde politikorik, ez agintaririk. Aldi berean, euskaltzaleok euskara politizatzen ez dugula esaten duenik ez da Nafarroako mundu erdaldun eta erdaltzalean. XVI. mendeko nafar famatua mundura atera behar duten honetan, aukera ezin hobea badute euskara ere plazara jalgitzeko, baina etxean utzi ezeze, salako leihoaz barrurago ezkutuan ere mutu utzi nahi digute, ukazioaren politika eginez, izan ere, gurean neutraltasun objektibo horretan baidatza, aipamen eza, izan ere, denik ere esatea aktibismo separatista baitzaie, otu ere. Gurean, nor da gero politika egiten duena?

Xabierko Frantzisko Jatsuren euskalduntasunaren inguruko auzia ez zaigu horren urruti, eta bide egin badu ere hastandu ezineko afera astingaitza dukegu. Principe de Vianako aldizkariaren lehenbiziko zenbakietako batean, aurretik boteretik urran zegoen Pregónen ere eutsitako tesi bera plazaratzen zigun Iruñeko bigarren eta azken euskaltzaina izan zen Joxe Agerrek La lengua materna de San Francisco de Xabier batean. Erdaraz, zer gerta ere, guziek ongixko goza eta uler zezaten, baita garaiak oraino egokienak ez zirelako euskara hutsez egiteko, ausaz. Inor ez zen altaratu ordea, inork ez zion erantzun, inor ez zuen mindu, inorengandik ez zuen erantzun saminik jaso, inorengan geratu eta inorengana iritsi zen bezalaxe. Beste garai batzuk ziren, ez askoz hobeak, doike, baina gauza batzuetarako eta harrigarriki bada ere, hobeak ziratekeen.

Nafarroako erdal intelligentsian jada ez dugu diktaduraren akaberako Caro Baroja edo Eladio espartzarik, eta geroagoko Jimeno Jurio edo Carlos Clavería joan edo bidean zaizkigu. Gauza jakinak edo begibistakoak, euskara aldezteko direnean bereziki, ahazten ari dira aguro errekara, eta ergelkeriaren aginpideetara garamatzate euskara suntsitzeko helburu dutenek. Errebisionismo linguistiko eta kultural bortitz honen beste adibide bat baizik ez da Xabierko Frantziskoren ama hizkuntzarenaz piztu digutena. Muru Artederreta toponimoarekin agitu antzera, Muruarte de Reta irakurketa okerrean erro ideologikoko tematze txolina, Xabier toponimoaren beraren berrinterpretazioa egitera etorriko zaizkiguke berandu baino lehen, Uxuerekin Masu Nitta japondarrak egin bezala.

Eta japoniar bat aipatzen dudala, gogora etorri zait Xabierko santuak bere izena japonieraz lezakeen misiolari bakanetakoa izanen zela, izan ere, Xabier, aitzineko Etxeberria alegia, Ekialdeko hizkuntzan Shinchiku dela. Eta hori euskarari esker, izan ere, ea nork itzulikatzen dizkidan Santa Teresa de Jesus, San Isidoro de Sevilla edota Santo Domingo de Guzman izenak japonierara? Hortaz, Xabierkoak bere izena kanjiz idatzi ahal izanen zuen urrutiko uharteetan, zinez txorikaka ez dena. Ez ote da hori japondar askok egun dioten miresmenaren arrazoia? Zeinek daki? Alabaina, hobe dateke azken aurkikuntza hau isilpean gordetzea erdaldunengandik salbu, Xabier toponimoa japonieratik zuzenean eratorria dela esaten hastea nahi ez badugu bederen.

MINGAIN SANTUAK GORDETZEN DU SEKRETUA

Turingo izara sonatuarekin, sindonearekin alegia, hamaika ikerketa egin dira egiantzik duen ziurtatze aldera. Karbono 14rekin eginiko frogen bitartez 1.000 urte baino askoz gehiago ez dituela ikusi egin da, baina elizaren aldetik saiakerak egin dira ikerketa hauen balio zientifikoa ezereztatzeko, eta bide batez, bere benetakotasuna behin betikoz ezartzeko.

Ikerlariek nahi duten guztia esan dezakete, baina esperimentazio zientifikoaren parean fedea ezartzen denean, argi dago zeinek galduko duen. Alabaina, eta fededunek balioztatzen dituzten erlikiak zientziaren baliabideekin uztartuz, gure gaiaz denez bezanbatean, intereseko emaitzak lor daitezke, Xabierko Frantziskoren ezaugarri fisiko zenbait hobe ezagutzeko.

Ezagun da Xabierko santua hil ostean kareaz estali zutela, gorpuaren harat-hunatak hala edo nola errazteko. Santutasunak eraginik edo, kareak ezin izan zuen gorpua jan, eta azkenik Goako eliz batean ezarri zuten, zilarrezko kutxa batean, sinesdunen begiradapean. 1614an, orduan josulagunen nagusia zen Claudio Acquavivak gorpuaren eskuineko besoa moztuarazi zuen, ukondotik garbi, Erromara eramateko, ordenaren eliz batean gurtu zedin.

Erlikiena afera korapilotsua da. Izara sainduarena aipatu dugu honezkero, eta elizak gaia argitzeko ahaleginik egiten ez badu ere, argi dago zenbaitetan ziri sartze ederrak egin direla fedearen kontura. Gogora datorkit Robin Hooden Tuck frailea, bakarra ez zatekeena. Anberes, Hildesheim eta Santiago hirietako elizetan Kristoren hiru prepuzio daudela soilik pentsatzeak lanak ematen dizkit. Nafarroako Zangotzan, hurbilekorik aipatzearren, Mariaren ile bat, bere mantelina, horren ezaguna ez den beste izara saindu bat, eta aingeru baten luma, besteak beste, gordetzen omen dituzte.

Xabierkoaren kasuan, zorionez, ongi kontrolaturiko erlikia dugu, eta ez dago, agidanean, Xabierko santuaren beste gorpurik inon. Horixe aprobetxatuz, euskaldunok bultzatu beharko genuke Xabierko Frantziskoren gorpuaren ikerketa serioa, izan ere, dokumentazio sendoago agertu ezean, egun dugunarekin ez dugu Xabierko Frantziskoren hizkuntzaren afera zehatuko.

Kontua erraza da. AEBetako eta Israelgo zientifiko talde batek, objektibo, neutral eta aurreratuenak direlako, santuaren mingaina aztertu beharko luke, Xabierkoak estrainekoz erabili zuen hizkuntza zein izan zen behingoan argitzeko. Emaitza zein izanen den badakigu jakin euskaldunok, baina okertu ere oker gaitezke, eta zein aurpegi geratuko litzaiguke zientifiko amerikar eta judutarrez osaturiko talde horrek Xabierko Frantziskoren ama hizkuntza erromintxela zela esango digutenean. Eta ez al genekien akaso Etxeberria guztiak ijito kastakoak direla, Xabier desitxuratu baten azpian ezkutatu arren?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan