Postalak versus segapotoak Berriro Europa eztabaidagai, oraingoan Frantzian. Europa gosaritan; Europa afaltzerakoan; Europa otordu orotan. Erromako tratatutik hona Europak izan duen bilakabidean Frantziako erreferendumak hainbesterainoko interes informatiboa du? Nondik begiratzen zaion. Eta begiratzen bazaio integrazioaren aldeko agintariek egunotan bizi duten urduritasunari, esango nuke baietz, esango nuke hil ala biziko lehia baten aurrean dagoela Europa: Frantziako emaitzek berebiziko garrantzia izango dute bai berez bai erreferendum frantsesaren atzetik etorriko direnetan. Ikatza bota behar da Europaren labeetara altzairua ziurtatzeko, Europako lehen elkarteak -1951ko Ikatzaren eta Altzairuaren Komunitateak- metaforikoki ondo seinalatzen duen legez. Hegoaldeko euskaldunok ondo ezagutzen genituen Europak Europari emandako baiezkoak ekarriko omen dituen onurei eta ahuleziei buruzko argumentuak. Orain iparraldekoen begi-belarrietatik sartu dira argumentu berak. Erraza da integrazioaren aurkakoek diotena ulertzea, begi-bistan baitaukagu: ezezkoa bozkatuta, gauden bezala geldituko gara. Zaila, benetan zaila, baiezkoak agintzen duena irudikatzea da, Europa berri batean sinestea. Integrazioan. Honainokoak, kontu ezagunak dira. Baina alde guztietatik begiraturik guztiz albokoa dirudien kontu batek piztu dit arreta Frantziako kanpainan: Italiako Democratici di Sinistra L'Ulivo taldeko gazteak konbentzituta daude Frantziaren ezetzak Europako beste hainbat tokitako ezetza ekarriko duela, eta horrek ez diola eskuinari baizik mesede egingo. Horregatik, postalak idatzi eta postalak idatzi aritu dira Frantziako gazteei, hauek Europako Konstituzioari baiezkoa eman diezaioten. Hiru omen dira gazte italiarrek postalotan erabili dituzten argumentuak gazte frantsesak animatzeko: orain arteko lorpen sozialak, solidaritatea eta arrazismoaren kontrako lehia. Postalak. Idatzi. Argumentu politikoak erabili. Konbentzitzen ahalegindu. Gazteek gazteei dei egin. Segapoto italiarrak -telefoninoak- garestiegiak dira pasa-hitz edo esamesak bidaltzeko -gogoratu segapotoek zer nolako garrantzia izan zuten Espainian martxoaren hamalauko emaitzetan- ala diskurtso politiko egituratu xamar batek oraindik ere bitarteko pausatuagoak behar ditu, nahiz eta bitarteko pausatuago horietako bat postala bezain euskarri apal xumea izan? Zuhurtziaren gorazarre
Horrelako prozesuei ondo etortzen zaie apaltasun pixka bat, negoziaketa batek beti ipurdi bistan uzten baitu bizitza bide normaletatik aurrera eraman ezinaren onarpena. Etxe barrura soilik begiratuta -Keats poetak native land deitzen duen horretara-, beren garaian garrantzi betea izan zuten bi egitasmo oihartzuntsu datozkit gogora: ahanzturaren salara bidean da Ibarretxeren plana, oroitzapen politiko hautsen kutxaren batean behar du egon KAS alternatibak. Bitartean, guztiz hiltzat jotzen genuen Ajuria Eneako Ituna omen du Espainiako Parlamentuaren dokumentuak inspirazio nagusi. Erronka zaleenek dituzte, enegarren aldiz, motibo gutxien beren paparrak dominekin edertzeko.
Ambrose Biercek honela definitzen zuen hiztegia hitza 'Deabruaren hiztegia'n: "Hizkuntza baten hazkundea galarazi eta gogor eta zurrun bihurtzeko letra arloko tresna gaiztoa". Sarasolak-eta bukatu berri duten hiztegiak euskal jardunaren hazkundea jaso du hamasei tomotan, eta, hainbat urtetako lan eskergaitzaren ondoren horrelakorik entzutea bitxia bada ere, hiztegia berritu eta osatzeari ekin nahi omen diote hemendik aurrera. Hizkuntza ez dela gogor eta zurruna dakitelako izango da.
"Bidaia hau Santiagoko Tobalaba aerodromoan hasten da, hala da, uda bukaerako goiz batez, baina, egia osoa esate aldera, bidaia askoz ere lehenago hasi zen. Han urrutian hasi zen eta orain dela denbora asko. Bidaiari geldiaren ametsen eta fantasien denboran. Nire lilura zaharretako bat da Juan Fernández irlarena, hara baitzihoazen eta handik etorri nire pertsonaiak, eta ni neu ere bai, noski, jakin gabe nora gindoazen eta nondik gentozen. Alegiazko ihes-ate bat zen".
Robinson nafarrak bere obsesioak kitatzeko idatzi duen liburuan pasarte eder asko dago irlaz eta alegiazko eta errealitateko eremuek gure bizitzetan eragiten duten islaz. Eta baita ironiarik eta umorerik ere. Ez dira erudizioa eta pasarte bitxiak falta. Ezta bertan bizi diren hainbat pertsonaia auto-baztertu eta robinsonen erretratu zorrotzak ere. Eta, aldian-aldian, bidaiari begi fin batek aurkitutako perlatxoak. Segidakoa bertan dagoen museo txikian ikusitako bitxikeria da:
"Bitrinak Robinson Krusoeren edizioekin eta liburu horrekin zerikusi handia edo ez hainbesterainokoa duten liburuekin. Horien artean nabarmen (ŕ) portadan honela dioen bat: Adaptació de Josep Vallverdú. Il.lustracions de Carme Peris. Edicions Proa, eta liburuaren ondoan karteltxo bat zera dioena modu labur zalantzarik gabean: «Versión en vasco».
Zergatik joan zen Miguel Sánchez-Ostiz mundua bera baino ia haratago? Mallarmék zioenagatik: "Guzti-guztia honetarako dago munduan: liburu eder bat bilakatzeko".
Baratxe, baratxe
Bidaia literarioa
Zinearen bazka
Zineak zeri heltzen dion, zineak fikzioarekin eta errealitatearekin duen harremana, historiaren edo erlijioaren edo literaturaren zer nolako asketan bazkatzen den zinea...
Bitxikeria deitu diot zerrendari. Bitxikeria da soilik?
![]() |
|
||||
1995 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa