Urola Garaia bailarako herririk garaiena da Legazpi. Bertan sortzen da bailarari izena ematen dion ibaia. Sorburu horretara iristeko, ordea, kilometro batzuk egin behar dira herriaren erdigunetik abiatuta. Bidean jabetuko gara, uraren garrantziarekin batera, burdinak zein lotura sendoa duen herriarekin. Horrek industria ugari sortu du, baina halere eremu naturalak, nekazal girokoak batez ere, mantentzen dira. Zailtasunik gabe, aldaparik igo beharrik gabe eta zer ikusi asko dagoela egingo dugu, goiz batean lasai egin daitekeen bidea.
Herriaren bihotzean jarriko dugu ibilaldirako abiapuntua. Toki aproposa da berau, legazpiar askok, egunero, goizean edo bazkalostean egiten duten ibilaldiari ekiteko. Haiek ohi dutena baino arretatsuago egingo dugu, ordea, eurek hain ikusiak dituzten etxe, baseliza edota bazterrei begia kendu gabe.
Andre Mari Zerutatzearen parrokia eta udaletxea batzen dituen plazaren atzealdetik, Oņati alderako norabidean hasiko gara oinez. Herrian egin diren kalerik berrienetan eman ditugu lehenengo urratsak. Berehala, intereseko lehen eraikinarekin topo egin dugu: eskuinetara dugu Bikuņa jauregia. Karratua, handia eta dotorea. XVII. mende bukaeran eraikia eta orain hamabi bat urte berritua. Harlandua, adreilua eta egurra ageri zaizkigu bistan. Gaur egun, herriko ondarea zaindu eta hedatzera bideratuta dagoen Lenbur fundazioaren egoitza da.
Berriz ere lehengo bideari heldu, eta laster jabetuko gara, herrigunetik aldentzen hasiak garela. Gero eta gehiago ikusiko dugu berdea. Oņati aldera doan errepidearekiko paralelo dago guk jarraitu beharrekoa. Bi bideen arteko muga Urola ibaiak jarriko du.
Lehen kilometroan, azkeneko hamarkadan herrian egin diren industria pabiloi berriak ikusiko ditugu. Bidea laua izanik, era guztietako ibiltariekin egingo dugu topo: bastoi beharrean diren jubilatuetatik hasi eta kirol arropak jantzi eta ibilbide luzeagoa arinago egiten duten herritarrak ere bai.
Telleriarte aldera
Baselizaren ataritik, Mirandaola inguruaren ikuspegi ederra ageriko zaigu, Telleriarte auzoko baserririk garaienak... Lainorik gabeko eguna tokatuz gero, Aloņa mendiak erakutsiko digu aurpegia.
Atari horretan gaudela, zalantzarik ez dugu izango Mirandaolako parkera nola joan. Burdinola aitzakia hartuta eraikitako parkea da.
Mirandaola parkea
Parkeari itsatsita, Mirandaolako burdinola eta eliza ditugu. Burdinolan gertatu omen zen miraria eta gertakariari ohore eginez eraiki zen alboko elizatxoa 1952an. Apirila eta urria bitartean, igandero izaten da lanean burdinola, garai hartako erara. Neguan, hileko lehen igandetan.
Arri Zabalak
Auzuneko etxeetatik aurrera eginda aurkituko dugu eraikinik erakargarriena: San Joan baselizaren alboan, Elorregi jauregia.
Aurrera jarraitu aurretik merezi du jauregi honen inguruan, baselizako plazan edo, inguruari apur bat erreparatzeak. Baserriak ageri zaizkigu inguru guztietara begiratuta. Gero eta gutxiago diren arren, oraindik ere badaude lantzen diren soroak. Bakan dira, ordea, zelai bihurtu baitira eta horregatik da nagusi berde kolorea. Mendiz inguratuta gaudela jabetzeko ere ez da toki txarra. Puntu honetatik ikusiko dugu Legazpiko mendirik nagusiena den Korosti (947m). Amutxanda eta Armuino (796m) ere ikusten dira.
Brinkolara bidean
Brinkolarako bide guztian baxu gaudela sentituko dugu, lurrak inguratuta. Izan ere, inguruko lursail denak errepidea baino altuago daude, haranaren sakonean gaude eta gora begira egingo dugu bidea. Bai alde batera zein bestera, mendia, zelaiak eta baserriak ikusiko ditugu. Brinkolan konturatzerako sartuko gara. Zubi erraldoiak egingo digu ate lana. Hori zeharkatuta, auzoaren erdigunean gaude. San Agustinen baselizak eta bospasei eraikinek osatzen dute erdigunea. Horietako bat da Igaralde Errota, urte luzetan auzoko uztak xehatu izan zituena, gaur egun ogi museo bilakatua. Bertan ikas daiteke eskuz nola egiten den, era tradizionalean, ogia.
Auzoaren erdigune honetan aukera dugu aldapan dagoen zubi bat igo eta bueltako bidea hartzeko -zubi luze horren amaieran dago tren geltokia, nekatuta egonez gero-. Aurrerago jo nahi dugu, ordea, metro batzuk soilik, Urola ibaia non sortzen den ikusteko. Olazahar baserriaren begi-bistan, Barrendiola errekak eta Brinkola errekak bat egiten dute eta puntu horretan hartzen du Urolak bere izena. Hor ekiten dio Zumaiarainoko bide aldrebesari.
Sasoiko sentitzen denak eta aurrera jarraitu nahi duenak, aukera dauka Guriditegi auzunera (ezkerrera) edo Barrendiolako urtegira (eskuinera) jarraitzeko.
Goitik begira
Honek ahalbidetuko digu behetik ikusi duguna, orain bestelako ikuspegitik ikusten. Brinkola etxeen artetik ikusi dugu lehen, eta orain, lurrazalaren gorabeherak goitik ikusten utziko digu. Beste hainbeste pasako zaigu hurrengo kilometro parean. Lehen haranaren sakonean sentitzen baginen, orain goialdean sentituko gara eta begi-bistan dugu gainera, ze behean ibili garen lehen.
Ikuspegia asko aldatuko da, nahiz eta begien aurrean dagoena bera izan. Brinkola begi-bistatik galdu, hari bizkarra eman eta berriz ere Telleriarte aldera goazela, iritsi aurretik, ezkerrean gora, Erreizabal baserria ikusiko dugu. Bertarako bidean dauden kartelek adieraziko diguten bezala, Artzaintzaren Ekomuseoa dute jarria baserri dotore honetan. Idiazabal jatorri izendapeneko gazta nola egiten den ikusteko aukera dago eta nahi izanez gero baita erostekoa ere.
Telleriarte begi-bistan dugula, berriz ere lehen aipatutako irudipena etorriko zaigu: Lehen etxe artean, behean ikusitakoa, orain goitik ikusi eta preziatzekoa. Lehengoak baino gehiago beteko gaitu ziurrenik ikuspegi honek. Dena den, bidean auto gehiegirekin ez topo egiteko, komeni da berriz ere behera jaistea eta horretarako, San Joan estrata erabiliko dugu. Porlanezko bidea da, Telleriarteko San Joan baselizara eta Elorregi jauregiaren aurrealdera doan bide estu eta aldapatsua.
Handik, bueltako bideari ekingo diogu, Legazpiraino. Orohar, etorritako bide beretik, lehen begiratu gabe edo pasadan erreparatuta utzitakoari arreta gehiagorekin so eginez.
Luzera: 12 kilometro.
Desnibela: ibilbidea laua da.
Ibilbidea: Legazpi - Mirandaola - Telleriarte - Brinkola - Telleriarte - Mirandaola- Legazpi.
1580ko maiatzaren 3an olagizonak lanean ari omen ziren Mirandaolako burdinolan. Halako batean, txinparten artetik, gurutze formako burdin zati bat irten omen zitzaien. Egun guztiko lanarekin lortu zuten burdin zatitxo bakarra, gurutze hori izan zen. 21 zentimetroko luzera du eta 5'5 kilogramoko pisua. Harrituta eta izututa geratu omen ziren olagizonak gertakariarekin. Segituan etorri zitzaien gogora, ordea, Gurutz Donearen aurkikundea ospatzen dela egun horretan. Miraritzat hartu zuten gertaturikoa. Hasieran, Elorregi jauregiko armairuren batean gorde zuten gurutzea, baina gertakaria ahoz aho zabaltzen joan omen zen, eta San Migelgo baselizara eraman zuten handik. Herrian albistea zabaldu zenean, herriko parrokian jarri behar izan zuten gurutze formako burdin zatia, herri guztiak ohore egin ziezaion.
Gertakari haiek jazo eta mende erdira, Iruņeko gotzainaren aurrean kontatu zuten gertaturikoa hainbat lekukok eta hark ere miraritzat hartu zuen gertaturikoa. Gurutze hura ohoratzeko agindua eman zien legazpiarrei eta Santa Kutz egunean prozesioan ateratzeko esan zien. Legazpiarrek, hori ezezik, parrokian kapila bat ere egin zioten gurutzeari eta iragan mendean baseliza ere egin zen gurutzea agertu zen burdinolaren alboan.
![]() |
|
||||
1995 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa