Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-06-05 -- 1995.zenb

Jakoba Errekondo


Baratza txokoan landatuta ditudan patata urdinen tiradizoari lelotuta begira azken egun hauetan zabaldu den berri sorta datorkit burura.
Hasteko, krimen bat burutu da. Boliviako Belemgo nekazaritza ikerketarako estazioan gertatu da. Hemen jagoten zen Andeetako patata basati edo makatzen betarren bilduma bakarra. Lur haietan nekazarien aldetik sustatzen ari den "iraultzaren" beldur, bilduma Agronomia fakultatera eraman zuten eta hango dekanoak, ezjakintasunez agi denez, berau jasoa zen tokia hustu arazi du. Urtetan eta urtetan bildutako papa espezie bitxien betarrak eta informazio andana galdu da.
Bestetik, AEBetako nekazaritza ikerketarako zerbitzuko aditu talde batek egun Europa aldean lantzen diren pataten ADNa arakatu ondoren zera adierazi du: patata europarrak Txile hego-mendebaldeko lurretatik ekarritakoetatik datoz eta ez, orain arte uste izan den bezala, Andeetatik. Hostoen forma eta betarrak osatzeko argi askoko egunak behar izatea omen dira antzekotasunik nabarmenenak. Antzeko antzak medio Indian lantzen direnak ere Europatik eramanak direla diote orain. Teoria zaharraren zaleek XVI. mendean Andeetatik eta txiletarrak XIX. mendean ekarriak direla diote.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Agrobioteknologia Institutuko ikerlari Javier Pozueta Romero, Edurne Baroja Fernandez eta Francisco Jose Muņozek, AEBetako Floridako Unibertsitateko Ed Etxeberriarekin batera, Japoniako Plant Cell Physiology aldizkariko portada bereganatu dute eta bertako Niigata hirian bere lana aurkeztera gonbidatu dituzte. Hauen aurkikuntza orain arte sumatu ere egiten ez zen landareek jakiak bereganatzeko duten bide berri bat da. Orain arte uste zenez, landareek elikagai bakoitza bereganatzeko "garraiatzaile" bereziak erabiltzen zituzten. Itxura denez, jakien artean sakarosa badago "endozitosia" deitu duten elikatze bidea abiatzen da eta landarearen zelulek jakiak zuzenean metatzera jotzen dute. Pilaketa hauek erreserba guneetan ematen dira: sustraiak, betarrak, haziak eta fruituak. Elikatze bide berri hau ezagututa patata handiagoak, fruta garratzagoak eta abar ekoizteko barietate berriak sortzea errazagoa izango da.
Urrutikoak gora-behera, baratzako patata urdinen berritako gozoa antzematen dut, baba dariola...

Jabier Agirre


Sarritan sabela puztu egiten da, eta arrazoia zein den jakitera iristen ez garen arren, egoera mingarria eta oso deserosoa izatera irits daiteke. Kasurik gehienetan, digestioaren ondorioz sortutako gasak pilatzen direlako puzten da sabela, eta dieta edo jan-neurriaren konposizioa funtsezkoa da arazo hori kontrolatu ahal izateko. Izan ere, janarien fermentazio edo hartzidurak, gas-kopuru handiak sortzen baititu hesteetan. Eta beste arrazoi batzuek direla medio zuntz eta almidoietan oso aberatsak diren jan-neurriek gasen produkzioa gehitu dezakete.
Sabelaldeko hantura horri aurrea hartu eta saihesteko, beharrezkoa da pauso erraz eta sinple batzuk jarraitzea:
- Jateko orduan, mastekatu itzazu ondo jakiak, eta patxadaz. Saia zaitez jaten ari zarela ez hitz egiten, airerik ez irensteko, eta mokadu batetik bestera ez hartu likidorik.
- Kontrola itzazu zure dietan lekaleak, azalorea, aza, azelga edo zerbak, tipula eta lekak, haizeak sortzen dituzte eta.
- Botikara joan beharrean bazaude, dimetikona izeneko substantzia da benetan eraginkorra; hesteetako gas-burbuilak hautsi eta berriak ez sortzen laguntzen du, eta bere eragina berehala nabarituko duzu.
- Egizu ariketa fisikoa: hesteetako iragapena errazten du, eta baita gasen eliminazioa ere.
- Baztertu itzazu edari karbonikoak (gasdunak), sabela puzten laguntzen dute eta. Ahal dela, erabili beti aho zabaleko edontziak, eta sekula ez edan zuzenean botilatik, eta ez erabili lastotxorik edariak hurrupatzeko.
- Saihestu estres edo herstura-egoerak, aerofagia eragiten dutelako.
- Eta ez ahaztu arropa estuek gasen erretentzioan eragina dutela.

Joxerra Aizpurua

Lurrikaren inguruko datu kezkagarriak
Japoniako hiriburua den Tokio lurrikaren eremuan kokatuta dagoela gauza jakina da, baina azken ikerketen arabera uste baino eremu konplexuagoan egon daiteke. Hauxe da Shinji Toda ikerlari japoniarrak esan berri duena. Bere ustez, Tokio Filipinetako plakaren gainean dago eta hau hainbat plaken eragina jasaten ari den plaka bakar bat da. Shinjik dioenez, bonba tektoniko baten gainean dago Tokio, zeren eta bere plakan beste lau plaka eragiten ari baitira.
Japonia eta Kuriles fosako plakaren ondoan, Pazifikoko plaka Eurasiako plaka bultza eta bultza ari da urteko 8 zentimetroko desplazamendua eraginez eta Filipinetako plaka beste plaken mugimenduen arabera murgiltzen da.
Hau dela eta, orain Tokion Richter eskalan 7,3 indarreko lurrikara gertatuko balitz 10.000tik gora izango lirateke hildakoak.
Shinji Todak 1979tik 2004 bitartera gertatutako 100.000 lurrikara aztertu ditu eta horiek gertatutako eremua ere bai, hots, 25 kilometroko hondoa eta 1.000 kilometro koadro dituen eremua. Bere ikerketak Kyodo deituriko prentsa-agentzian argitara eman ditu eta joan den astean Chiban ospatutako bileran aurkeztu ditu.

Alpeetan elur gutxi

Gai honi buruz dezente idazten ari gara, baina Alpeetan gertatzen ari dena beste eskala batean gure inguruko Pirinioetan gertatzea harrigarria izango ez denez, informazio eguneratua eta jarraitua izatea egokia dela uste dugu.
XX. mende hasieratik udako tenperaturen hazkundea eta glaziarrak urtzea batera doaz. Dena den, historiako beste garaietan aurkako fenomenoak ere gertatu dira, hots, udako tenperaturak beroak izanik glaziarrek bolumen handiagoa hartu izan dute.
Hauxe dio Christian Vincent eta CNRSko glaziologia institutuko ikerlari talde batek. Hauen arabera, glaziarrek bolumen handiena izan duten aroa 1760 eta 1830 urte bitartean izan zen.
XVI. mendean hasi eta XIX. mendera arte luzatu zen azken glaziazio txikian glaziarrek udan tenperatura handiagoa jasan behar izan zuten XX. mendean baino. Baina jausitako elur-maila %25 handiagoa izan zen. Hauxe izan daiteke glaziarren hazkundearen gakoa, Geophysical Research Letters aldizkarian argitara emandakoaren arabera.
Ikertzaileek hainbat datu erabili dituzte ikerketan, hala nola, arteko mapak eta lurraren orografia azaltzen dituzten airetiko argazkiak. Honela hainbat eboluzio iragarri dute hipotesi desberdinen arabera.
Oraingoz, hipotesi nagusia elur kantitateak udako tenperaturak baino eragin handiagoa duela, badirudi indartu egin dela, baina ikerketek aurrera egin behar dute hori baieztatu ahal izateko.
Hori horrela bada, prezipitazio-kantitatean zer eragiten duen da aztertu beharreko hurrengo galdera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan