Korrupzioaren kontrako Fiskaltza PP alderdia gobernuan zela (2001. urtean) abiatu zen. Babcock-Borsig España enpresaren -behialako Babcock Wilcoxen- pribatizazioa ikertzen ari da, enpresako batzordeak aurkeztutako salaketaren ondorioz. Dirudienez, delitu sozietarioei, dokumentuen faltsutasunari eta ondasun bidegabe eralgiei dagozkien egintzak daude tartean. Baina hauek ustelkeria politiko eta sindikalaren historiaren erpina baino ez dira. Izan ere, BWen historiaren parte izan bide da korrupzioa joan deneko bi hamarkada eta gehiagoan, eta UCDren, PSOEren eta PPren gobernuak ageri dira aferan nahastuta.
Azken aste hauetan, Babcock Wilcox (BW) historiko eta zaharraren gaia, hots, gaur egun Babcock Borsig denarena -zeinen jabea Austriako ATB multinazionala baita-, albiste nabarmena da prentsan, irratian eta telebistan: hala suertatu zen duela bi hamarkada eta gehiago, enpresa pribatuak ordainketen etenaldi sonatua egin eta gero, jabetza publikora pasatu zenean. Enpresako langileak, egun hauetan, zein hirurogeiko hamarkadan 2.000 inguru izatetik 500 bat izatera heldu direnez, beren lanpostuen alde mobilizatzen ari dira, ATBren politikak etorkizuna kolokan jartzen diela uste baitute. Langileen iritziz, litekeena da ATBren politika espekulazio operazio batera bideratua izatea, helburu lukeena enpresa bertan behera utzi eta lur-sailak operazio immobiliario baterako jartzea. Kalkuluen arabera, operazioa ehun milioi eurotik gorakoa izan daiteke. Salmentako azken prozesuan egindako kalkuluen arabera, enpresa horren ondarearen zenbatekoa 150 eta 200 milioi euro bitartekoa da. Berriro iritzietara etorrita, ATBko arduradunek, nahiz eta langileen grebari lock-outarekin erantzun dioten, ozenki diote prest daudela beste plan industrial bat abian jartzeko, ezkerraldeko enpresa hori salbatzeko.
Ustelkeria aspaldikoa da
Hona hemen galdera gisa jasotako datu batzuk, norabide onean ibiltzeko balio dezaketenak. UCDren garaian, enpresa pribatu izatetik publiko izatera igaro zen BW: nolatan eta zergatik? Zer funtzio bete zuten orduan UCDren gobernuak eta banku pribatuak? PSOEko gobernuen garaietan zenbat diru publiko ezarri zen BWn eta nola kontrolatu zen inbertsioa? Nola bideratu ziren enplegua erregulatzeko espedienteak? Zenbati aitortu zitzaien baliaezintasun absolutua, nahiz eta ez zegokien? Zergatik bereizi zen arlo siderurgikoa (Produktu tubularrak) eta zergatik pribatizatu zen arlo hori? Izan ere, saldu egin zen BWek une hartan Tubos Reunidos enpresan zeukan %45eko partizipazioa, eta bereizi eta BWen kontura saneatu ondoren, prezio sinbolikoan saldu zitzaion Amurrioko enpresa horri. Bestalde, PSOEren gobernuak Manuel Fernandez izendatu zuen BWeko presidente, hots, enpresa-batzordeko kidea eta UGTko kide agerikoa, «La rubia» goitizenez ezagutzen zena: nolatan hori? Zer funtzio bete zuen Manuel Fernandezen taldeak enpresa horren gestioan eta beste enpresa osagarri batzuen sorreran? Denak UGTren eta PSOEren barruko lagunak ziren, hala nola Mansilla, Berezibar, Sota eta abar. Egia al da zuzendaritzako talde horrek bere burua aberastu zuela gestioan zegoenean eta hainbat pribilejio eman zizkiela orduko UGTko, CCOOko, ELA (A)-ko sindikalistei eta abarrei? Egia al da zuzendaritzako talde horrek enpresako plantillan txertatu zituela, nahiz eta enpresan ez lan egin, UGTko sindikalista kargudun batzuk, besteak beste Euskadiko UGTko idazkari nagusia? PPren gobernua kargura iritsita, zer dela eta BW pribatizatzeko horrelako amorrua? Zer interes zegoen prozesuan? Zein pertsona, alderdi eta sindikatu mesedetu zituen operazioak?
Hori guztia kontuan hartuta, on litzateke Korrupzioaren kontrako Fiskaltzak BWen historia hirurogeiko hamarkadatik aurrera ikertzea, zeinetan UCDren, PSOEren eta PPren gobernuak izan baitira arduradun politikoak. Era berean, komeniko litzateke BWen historiako aldi bakoitzean zer ustelkeria politiko eta sindikal gertatu den argitzea.
Jaurlaritza eta EAJ «sudurrak itxita»
Babcock enpresak badu aterabidea, eta hain zuzen ere, titularitate publikoa berreskuratzean eta Eusko Jaurlaritzak ezkerraldeko enpresa historiko horren jarduera industrialari jarraipena emateko hartu beharreko konpromisoan datza. Printzipio horretan, dirudienez, bat datoz hiru sindikatu abertzaleok: ELA, LAB eta ESK. Gainerako sindikatuak ere titularitate publikoaren alde ageri dira, nahiz eta hainbat ñabardura erantsi. Elorrietaren sindikatuak aipatu beste sindikatu abertzale horiek ontzat emandako zenbait puntu jarri ditu mahai gainean. Lehenik eta behin, SEPIren eta ATBren arteko akordioa etetea eskatzen dute eta sozietate estatalak jabetza berreskuratzea, argudiatzen dutelarik ATBk konpromiso formalak behin eta berriro ez bete izana, kontratuen eta eskarien forman lan-kargarik ez izatea eta teknologiaren transferentziarik eta ekarpen finantzariorik eza. Bigarrenik, beste sozietate bat eratzearen alde ageri dira: osamoduari dagokionez, akzioen %51 Espainiako eta Euskadiko gobernuen kontrol publikokoa izango litzateke eta gainerako %49a inbertitzaile industrial kaudimendunen esku geratuko litzateke. Ildo horretan, sindikatu horiek jarduera industrialaren jarraipenaren aldeko benetako apustua eskatzen diote Lakuako gobernuari: adierazpen publikoez gaindiko urratsa egin behar du, kontaktu eta negoziazio zehatzak ezarriz eta finkatuz.
![]() |
|
||||
1994 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa