Jakoba Errekondo
Museo bateko biltegiko hauts artean edo bitrina distiratsuenean, bost axola, laurogeita hamar milioi urteko fosil bat. Jurasikoko Araukarizeoen familiako senide batena. Gezurra dirudien izen biblikoa duen basozain batek, David Noblek, Australiako Sydney hiriburuaren aldamenean den Wollemi National Parkeko zoko batean begietara deigarri gertatzen zaizkion zuhaitz batzuk ikusten ditu 1994ko abuztuan; adar batzuk hartu eta botanikariei luzatzen dizkie. Laster dira munduko botanikari gehienak baba dariola, inbidia gorrian: milioika urte lehenago desagertu zela uste zen zuhaitz bat topatu da. Aurkitutako tokia eta aurkitzailearen omenez Wollemia nobilis deituko dena.
Wollemia espezie bakarreko generoa Araukarizeoen familiakoa da. Familia jurasiko honetan Araucaria dotoreak eta Agathis bitxia besterik ez dira. Azken honetako zuhaitzenak dira Araban topatu ziren anbar zahar sonatuak.
Ehun zuhaitz erliki eskas bizi omen dira aurkikuntzaren txokoan. Botanikaren mundutxoan ondoen gordetako sekretuetakoa da haien bizilekua. Handienak, 40 metro garai eta kana eta erdiko enborra, mila urte inguru izango omen ditu. Glaziazio, sute aro, kontinenteen mugimendu eta abar ez dira gai izan wollemiaren iraupen estrategiak deuseztatzeko. Orain hain ale gutxiren urritasun genetikoarekin aurrera nola egin litekeenaren kakoa jakin nahi da, antzeko egoeran diren milaka espezieren salbatze aldera.
Wollemia zuhaitzak mundu guztira hedatu nahi dira, bere iraupenaren ikur eta berme. Australiako gobernuak, lorategi botanikoak eta muintegiak lanean ari dira eta datorren urtetik aurrera edozeinek eskuratu ahal izango du zuhaitz hauetako bat. Aleren bat nahi baduzu sartu www.wollemipine.com atarian eta kuxkuxeatu. Zeure bihotzekoen kuadrilan fosil bat sartzeko aukera duzu... etxean bezala sentituko da zeure museoan...
Jabier Agirre
Eustatek (Euskal Herriko Estatistika Erakundeak) duela gutxi kaleratutako datuen arabera, ehun euskal hiritarretatik hamahiru ospitale batean ingresatuak izan ziren, 2003. urtean, tratamendua jasotzeko. Datu horiek erakusten dutenez, zirkulazio-sistemako gaixotasunek eragin zituzten ospitaleratze gehienak, ingresu guztien % 12,8. Antzeko zerbait gertatzen da Espainiako estatuan ere, gaixotasun horiek hartu baitzuten ospitaleratzeen %12,9 2002an.
Zirkulazio-sistemaren atzetik aparatu digestiboko gaitzak datoz, %11,4 izan ziren, eta hauen artean iztaiko hernia da gehien agertzen den arrazoia. Hirugarren lekua nerbio-sistemako eta sentimen-organoetako gaixotasunek hartu zuten, eta %9,9 horretatik erdia baino gehiago û%5,97, zehazkiago esatekoû kataratak kentzeko ebakuntzarenak izan ziren.
Gainerako gaitzek portzentaje nahiko antzekoak izan zituzten. Horrela, jarraian, arnas gaixotasunak agertzen dira (% 9), neoplasiak edo tumore gaiztoak (%8,9) eta haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiberriaroaren konplikazioak (%8,8).
Adin-taldeei begira, ospitalean egon behar izan zuten pertsonen portzentajerik handiena 65 urte edo gehiagokoena izan zen (%40,5). Segidan, 15-44 urtekoak agertzen dira (%20) eta 45-64 urtekoak (%25arekin). Atzera samarrago geratzen dira 0-14 urtekoak (hauen ingresuak %5,5 besterik ez baitziren izan).
Adin-taldeak eta diagnostikoak elkarrekin lotuz gero, amigdalitis kronikoak eragindakoak, adenoideak erauzi ala ez, horixe izan zen ospitaleko ingresurik gehien eragin zuen diagnostikoa 0-14 urte bitarteko adin-taldean. Hurrengo taldean, berriz, 15-44 urte bitartekoetan, haurdunaldia eta erditzea izan ziren ospitaleratze gehien eragin zuten arrazoiak. Belauneko arazoek hartzen dute leku nagusia 45-64 urtekoen taldean, eta azkenik, 65 urtetik gorakoetan, kataratak izan ziren ingresatzeko arrazoi nagusia.
2003an artatuak izan ziren pertsonen %76,6 ospitale publikoetan ingresatu ziren eta gainerako %23,4a ospitale pribatuetan. Batez besteko egonaldia 5,4 egunekoa izan zen.
Joxerra Aizpurua
Azalaren azpikoa ikusteko teknologia
John Hopkins Unibertsitateko Fisika Aplikatuko Laborategiko eta Estandarren zein Teknologiaren (NIST) Institutu Nazionaleko zientzialari talde batek garatutako teknologia baten bidez, larruazalaren azpiko geruzak detaile handiz beha daitezke.
Metodoaren oinarrian material desberdinek argia islatzeko duten era dago. Lehenengo froga arrakastatsuak zerri-larruazalarekin eta hainbat material inorganikorekin egin badira ere, gizakiarengan aplikagarri izatea espero da, batez ere larruazaleko hainbat minbizi-motaren hedapena zehazteko.
Garatutako teknologiak ondoko osagaiak ditu: batetik aztertu nahi den eremua argiztatu egiten da eremu elektriko jakin bat duen argi polarizatuaren bidez eta bestetik iragazki berezi batekin dispertsatutako argia hartzeko gai den kamara digitala erabili behar da. Ikertzaileek argia posizio desberdinetan kokatzen dute eta argazki kamerak posizio horietan dispertsatzen den argia jasotzen du.
Teknologia honen bariante xeheagoak jada erabiltzen ari dira lesioak gertatu diren eremuen ertzak aztertzeko, beraz, orain eman nahi den urratsa lesioan bertan sartzea da, lesioa bera ukitu gabe.
Kiotoko protokoloaren inguruko gerra
Kiotoko protokoloa sinatu zenetik hainbat batzar egin dira eta estatuen arteko gorabeherek bere horretan diraute. Joan den astean Bonnen (Alemania) egindako bileran agerian geratu ziren estatuen arteko desberdintasunak. Europar Batasunak antolatutako jardunaldi horietan eztabaida bultzatu nahi izan da, batez ere 2012tik aurrera egin behar denari begira.
Hazten ari diren estatuak, Txina edo Brasil kasu, ados daude karbono dioxidoaren isurketa txikitzeko asmoekin, baina horretarako estatu aberatsek transferentzia teknologikoa baldintza egokietan egitea ezinbestekoa da. Indiak protokoloaren aurka garbi hitz egin du, baina estatu aberatsek ere Kiotoko helburuak errespetatzen ez dituztela azpimarratuz.
Australiak ere ez du sinatu protokoloa, baina epe luzera prest azaldu da bere oinarriak aztertu eta adosteko. AEBek, aldiz, segitzen dute protokoloa sinatu gabe, baina gainera oso ezkor azaldu da soluzio posibleen aurrean, baita 2012tik aurrerakoekiko ere.
Kiotoko protokoloaren aldekoek ez dute etsitzen eta datorren abenduan Montrealen beste jardunaldi batzuk antolatu nahi dituzte helburu bakarrarekin, hots, karbono dioxidoaren isurketak txikitzeko "bide-orri" bat ezartzea ahalik eta estatu gehienen adostasunarekin.
Ikusten da bakoitzak bere horretan segitzen duela, baina pixkanaka gero eta estatu gehiagok azaltzen dute zerbait egiteko borondatea, nahiz eta oraingoz Kiotoko protokoloaren aurka egon.