Mikel Garcia
Liburua argitaratuko dizunaren bila zabiltzala? Zure artelanak ikusgai ipintzeko gogoa duzula? Herriko festetarako antzerki saioa, kontzertua eta erakusketa antolatzea falta dela? Museoa kudeatzeaz arduratuko den enpresa bilatzen ari zarela? Ez kezkatu, badago nora jo: kultur kudeaketarako enpresek lagun diezazukete. Lanbide nahiko berria eta batzuetan ezezaguna da, ordea. 80ko hamarkada bukaera arte, ez zegoen inolako kultur azpiegiturarik, ez kultur teknikaririk, ez kultur ekintza antolatu indartsurik. Festetako zinegotziak edo herriko talde boluntarioek ekitaldiak prestatu ohi zituzten, udaletako diru laguntzekin eta profesionalizaziorik gabe. Baina horrek gorabehera handiak ekar zitzakeen, ekimen horiek herri guztietan ez zutelako indar bera, edo urteekin indarra galtzen joan zitezkeelako. Pixkanaka, aretoak eraikitzen hasi ziren, azpiegitura eratzen, ekintzei jarraitasuna ematen eta zirkuituak bultzatzen. Horri guztiari erantzuteko, kultur kudeaketarako enpresak sortzen joan ziren.
Enpresa horietako langileek diote zerbitzua beharrezkoa dela, erakusketak eta ekitaldiak antolatzen dituzten erakunde publiko nahiz pribatuek ez baitute horietaz arduratzeko pertsonal nahikoa. Gainera, profesionaltasuna eta baliabideak eskaintzen dituzte eta kultur joeren berri dute. Hau da, nazioarteko berrikuntzak jarraitzen dituzte eta ideia horiek Euskal Herriko proiektuetan barneratzen saiatzen dira. Karmele Barandiaran K6 enpresako museo kudeaketa departamentuko zuzendariaren arabera, «kulturak eta profesionaltasunak bere balioa du eta hori ordaindu egin behar da. Garai batean zailagoa zen kultura ordaintzea, baina erakundeak geroz eta ohituago daude».
Jendea ere berrikuntzetara eta kultur arloko esparru anitzetara ohitzen joan da. Lehen, ez omen zen hain erraza jendea museotan ikustea, baina egun normalagoa da; «Guggenheim efektuak-eta jendea erakarri dute», dio Barandiaranek. Administrazio publikoaren aldetik ere, mota honetako enpresak kontratatzeko joera normalizatu egin da. Azken finean, kultur ekintza eta proiektu gehiago dago eta udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak horien plangintza beste enpresa batzuen esku uzten dute geroz eta sarriago. Bankuak bezalako erakunde pribatuek kontratatzea ere ohikoagoa da, oraindik eskaeren iturri nagusia Administrazio publikoa den arren.
Datuak aztertuz gero, Administrazioak oraindik sekulako pisua dauka kultura alorrean, baina kontzeptua pixkanaka aldatzen joan behar dela uste du Xabide enpresako koordinatzaile Jose Mari Armentiak. Bezeroen zerbitzura dagoen enpresa izaten jarraitu arren, beraien kabuz produktuak ekoizten hasi direla eta joera horrek indarra hartu behar duela esan digu. «Kultura prostituitzea dela esaten duenik egongo bada ere», argi dauka publikoa erakarri behar dela eta horretarako marketinaren, komunikazioaren eta gestioaren ezagutzak kulturan aplikatu behar direla. Izan ere, eta kultura interes publikoa duen arloa dela kontuan hartuz, ezinbestekoa da kultur kudeaketa sektore moduan ikustea, «etorkizunean garapenerako oso garrantzitsua izango den sektore bezala».
Negozio zaila
Sektore moduan, kultur kudeaketak merkatu propioa aurkitu du Euskal Herrian, baina oraindik ere negozio zaila dela azaldu digute. Enrique Forondak, adibidez, Hurbil Kulturgaiak enpresa familiarra darama eta ez du ikusten urte batzuetatik hona egoera gehiegi aldatu denik. Bere esanetan, Euskal Herrian ekintza kultural asko dago, «seguruenik, beste inon ez dago hemen dugun adinako kultur ekintza kontzentraziorik», baina ez dago ekintzen koordinaziorik. Erakunde publikoek kulturan dirua gastatzen dute, baina aurre plangintzarik eta orekarik gabe: urtero gauza berdinetan inbertitzen da eta ez dago berrikuntzarik. Gainera, Forondaren ustez aniztasuna ere ez da handia. «Bezeroek ez dute apustu berririk egiten. Arrakasta lortzen dutenean baino ez dituzte gauza berriak kontratatzen -azkenaldian Cocidito madrileño antzezlanarekin gertatu den bezala, esaterako-. Ez dira ausartzen emanaldi edo erakusketa berritzaile eta konplexuagoekin».
Merkatua oso handia ez dela diote. Udal askotan antolatutako ekintza kulturalak beraien kabuz egiten dituzte, herriko argazkilariaren edo erretiratuen lanez baliatuz, helburu jakinik gabe. Merkatu mota hori nora doan ez dela oso argi ikusten uste du Armentiak. «Ekipamendu txikiak sortzen dituzte, baina zertarako? Barne kontsumorako? Zein xederekin?» Bestetan, erakunde publikoek, nahiz eta garestiago izan, komunikazio enpresengana jotzen dutela dio Forondak. Horiek ekitaldia zatika kontratatzen dute: «Guri zati bat egiteko eskatzen digute eta beste batzuei beste zati bat, azpikontratu bidez. Hori ez da enpresa sortzea eta, beste arrazoien artean, horregatik gaude hain enpresa gutxi».
Gainera, erakusketen kasuan zirkuitu gutxi dago Euskal Herrian eta gehiago egotea interesgarria iruditzen zaie sektoreko langileei, produktua errentagarri egingo bailuke. Sozialki produktu kulturalak azpiegitura gutxiko herrietara ere iritsiko lirateke, erakunde handiago batek babesturik, eta ekonomikoki merkeagoa izango litzateke. Izan ere, ikuspegi ekonomikotik ez da balio erantsi handiko produktua: etekina txikia da, azpiegitura handia behar delako eta produktuak zirkuitu laburra izan ohi duelako.
Kulturaren balio ekonomikoa zehazteko garaian, hartzaileak produktuari ematen dion balioa kontuan hartu behar da eta normalean azken hartzaileak produktua doan jasotzen duenez, ez du behar bezala baloratzen. Horri, herrialde askotan eta gurean ere errepikatzen den arazo larria gehitu behar diogu: kulturaren eguneroko kontsumoa oso txikia da; Forondaren esanetan, biztanleriaren %15ekoa baino ez. Bere esanetan, bezeroek %15 horrentzako produktuak eskatzen dituzte, %85a erakarri beharrean. Azken horiek erakartzeko, baliabide eta azalpen gehiago duten muntaia errazagoak egin behar direla dio, baina inbertsio handiagoa eskatzen du eta ez da errentagarri ateratzen. «Herri batean erakusketa oso garrantzitsua eginez gero, berau azalduko duten gidari prestatuekin, erakusketa normala antolatuta baino 300 bisitari gehiago izan ditzakezu, baina kostu ekonomikoa bost edo sei aldiz handiagoa izango da». Helburuak zeintzuk diren finkatzean datza gakoa.
Forondak ez du argi kulturan gehiago inbertitu behar ote den, baina diru hori modu orekatuagoan inbertitu behar dela uste du. Karmele Barandiaranek, berriz, kulturak geroz eta diru gehiago behar duela adierazi du: «Aurrekontu guztietan murrizten dena izan ohi da eta lan handia dago oraindik egiteko. Erakunde publikoek lan handia dute, kulturaren oinarri eta eredu bezala, eta kanpoan gauden profesionalekin batera etsenplu izan behar dute».
Etorkizuna zehaztuz
Lanbidearen egoera ez da, aipatu dutenez, dirudien bezain ezkorra. Negozio berria da eta muturra sartzen ari da, pixkanaka. Horretarako eman behar diren urratsak geroz eta argiago dituzte sektorekoek. Xabideko Jose Mari Armentiaren ustez, beraien lanbideak birmoldaketa behar eta izango du etorkizunean, eta jauzi horretan gainontzeko industrien prozesua izango da eredua: orain Euskal Herrian ari dira lanean, Espainiako Estatuko merkatuan zabaltzen hasiko dira eta azkenik nazioarteko merkatuan hedatuko dira. Bere hitzetan, ekoizpen propioko produktuak sortzea da bidea, beti bezeroen mende egon gabe. «Industri edo sektore pentsamoldea barneratu behar dugu». Baina negozioa definitzeko oraindik lan egin behar dela badaki Armentiak eta horretarako Europako beste herrialdeetako esperientzia baliagarria izan daiteke.
Erakunde pribatuen kulturarenganako inplikazioa handiagoa izatea ere garrantzitsua ikusten du Xabideko koordinatzaileak: «Enpresak eragile inportanteak dira eta ekitaldietan lantegiaren marka ipintzetik haratago jo behar dute. Enpresak irabazitzat hartzen duenaren gaineko ikuspuntua aldatzea beharrezkoa da». Hala ere, Administrazio publikoak beraien alde egiten duen apustua ere indartsuagoa izan behar dela diote kultur kudeaketan dihardutenek, anbizio handiagoko planteamenduak eta helburuak finkatu behar dituela. Pixkanaka, sektore hau bere bidea garatuz doala dirudi. Dagoeneko, kultura ere merkatuaren arauen menpe dugu eta ez dago atzera bueltarik.
Pilar Iparragirre
Nondik nora sortu duzu Groau!?
Antzerki lan hau idatzi dut gauza askorengatik, baina batez ere kasualitateagatik. Berez Groau! hau orain dela bi urte Zaunka egiten ikasi nahi zuen katua ipuina izan zen. Izan ere, Andersenen jaiotzaren urteurrenean haur eta gazte literaturako liburuaren eguna egiten da, duela bi urte lehiaketa bat antolatu zen Andersenen ipuin baten egokitzapena-edo egiteko. Zozketa hori tokatu egin zitzaidan eta hori izan zen antzerki lan honen hazia.
Eta noiz bilakatu zenuen antzezlan?
Gero, lagun batzuei kasu eginez. Gasteizera joan nintzen proiektuarekin diru-laguntza bat eskatzeko eta Agurtzane Intxaurraga Hikako antzerki zuzendaria topatu nuen. Kasualitatez haiek umeentzako antzezlan bat behar zuten, eta hor hasi ginen harremanetan, ea testu hau izan zitekeen. Eta horrela, apurka-apurka, sortu zen Groau! landarea. Aizkorriren bidez kaleratu dudan hau antzerki-lan horren liburuko bertsioa da.
Eta zein da gaur egun antzerki liburuen garrantzia?
Zertarako behar dugun? Nik uste dut antzerkia ere irakurri egin daitekeela. Zeren antzeztu baino lehen irakurri egin behar da! Irakur dezake bakoitzak bere ohean goxo-goxo, baina baita ere irakur dezakete binaka, hirunaka, launaka... Zatika irakur daiteke, gero irakurritakoa antzeztu daiteke... Hau da, nik uste dut antzerkiak joko handia daukala bai eskolan eta bai nahi den lekuan, ematen zaiona baino gehiago. Eta nik ez dakit liburu hau hutsune hori betetzeko gai den edo ez, baina egina dagoenez uste dut aukera hori ematen duela.
Pilar Iparragirre
Elektrika
Xabier Montoia
Susa
184 orrialde 12,50 euro
Montoiaren trilogiaren azkena
Xabier Montoiak idatzitako Hilen bizimodua izenburuko trilogiaren azkena da Elektrika. Lehenengo liburuan, Hezur gabeko hilak izenekoan, Jean Etxegoien soldaduak Lehen Munduko lubakietan jasandako zoritxarrak agertu zituen. Blackout nobelan, ordea, soldadu izandako Jean Etxegoien hori kazetari bilakatua arkitu genuen Bigarren Mundu Gerra garaiko Parisen, argien hiria okupatu zuten nazien oso lagun, gainera. Azkenik, Elektrika nobelako protagonista haren semea da eta 1954tik 1962a arte iraun zuen Aljeriako Gerran dabil murgildua. Milaka aljeriarrek galdu zuten bizia Gerra hartan, fusilamenduetan eta torturaturik. Jean Etxegoien gaztea armada frantziarrak koloniara terroristak neutralizatzera eraman duenetako bat da.
Matematikari buruzko
gogoetak
Batzuen artean
Gaiak
157 orrialde
Aritmetikaren unibertsoa aztertzen duen liburua
Gaur arte aurkitutako aztarna matematiko zaharrenek 35.000 urte inguru dituzte. Nolanahi ere, matematikaren zantzuak edozein kulturatan eta garaitan daudela dio Gaiak argitaletxeak plazaratu duen azterketa honek. Aritmetikaren unibertsoan murgiltzen du irakurlea, zenbaki irrazionaletan eta haien inguruko enigmetan sakonduz. Adibidez, guk Pitagorasen teorema deitzen duguna, Pitagoras jaio baino 1.000 urte lehenago erabili zela diote. Bestalde, errealitateak matematikarekiko duen harreman estua ere aztertzen dute. Eta beste matematiken berri ere ematen da bertan, hala nola, matematika japoniarrarena edota Srinivasa Ramanujan indiarraren matematika magikoak utzitako arrastoa.
Paradisuaren jabeak
Andreu Martín
Giltza
249 orrialde
Edebé gazte literatura saria
Andreu Martín oso ezaguna da bere polizia nobelei esker, baina gazte literaturaren arloan ere makina bat liburu ditu argitaratuak. Julia Marin Arteagak euskaratu duen honexekin, gainera, Edebé gazte literatura saria irabazi zuen. Bartolomé de las Casasek bere garaian salatu zuen Espaniako kondaira beltzean oinarritutako narrazioa dugu. Espainiarren konkista hura inbasio suntsitzaile bat izan zela salatu zuen hark, indarrezko lapurreta onartezina. Gai hori jorratuko duen nobela bat idaztea erabakiko dute egungo bi gaztek, honako puntuhauek ukituz: egoera geografikoa eta historikoa, Bartolomé de las Casasen bisita Karlos enperadoreari, indiar tainoak eta karibeak, paradisua infernu bihurtua eta Bartolomé de las Casas eta zerura joan nahi ez zuen indiarra.
Boletin
Batzuen artean
Euskalerriaren adiskideen elkartea
318 orrialde
12 euro
Aurreko urteko Memoria
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen Boletin aldizkariaren azkenengo zenbakian, iazko urteko memoria azaltzen dute. Hasteko, erakunde honen batzordeak Araban izandako jarduna aurkezten da, jarraian Bizkaiari, Madrili, Gipuzkoari eta Mexikori dagozkienak eskaintzeko. Bestalde, Mª Rosa Ayerbek Gipuzkoako Foru Aldundiaren baso-zerbitzuak Enirio eta Aralarreko mankomunitatean izandako esku-hartzea aztertzen du. Jesus Moyak, berriz, jatorriz gasteiztarrak izan ziren Isunza eta Hurtado de Mendoza ahizpak XVI.mendean Burgosko Medina de Pomareko klaratarren komentuan izan zuten bizitzaz dihardu. Eta José Luis Barrio Moyak 1730eko ezkonsari gutun madrildar batean agertzen diren euskarazko liburu batzuen berri ematen du.
Iruña Hiria 2001-2004 euskarazko komikien lehiaketa
Batzuen artean
Iruñeko Udala
84 orrialde
Iruña Hiria euskarazko komiki sariak
Gaztelaniazko itzulpen txikiarekin lagunduta aurkeztu ditu Iruñeko Udalak 2001. urtetik 2004.era Iruña Hiria euskarazko komiki lehiaketan irabazle suertatu zirenen lanak. Alegia, 2001ean saritutako Juanjo Osesen Ameslari haurra eta Jose Angel Labari Ilundainen Ion; 2002an nagusitutako Mikel Santos Martínez eta Sergio Rodríguez Alonsoren Antsoren bitxia, Gorka Espinosaren 5:29 a.m. eta Assuer Albeniz Cincaren Katsura; 2003ko Laida Muruzabal Valenciaren Itxaron eta Mikel Santos Martínez eta Marcos Prera Ortizen Eskribariaren legatua, eta 2004an nabarmendutako Mikel Santos Martínezen Mundu guztiari bizi bat salbatzea gustatuko litzaioke eta Assuer Albeniz Cincaren Ametsak.
Bat
Batzuen artean
Soziolinguistika klusterra
176 orrialde
10 euro
Bat aldizkariaren azken zenbakiko lanak
Euskararen erabileraren eta normalizazioaren azterketa udaletan dauka izenburutzat Bat soziolinguistikaren aldizkariak azken zenbakian jorratu duen dosierrak. Jorratutako gaien artean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren hedapena toki mailako erakundeetan (2002-2005), Gipuzkoako eta Bizkaiako Foru Aldundietako teknikarien hausnarketa, hiriburuen eta mankomunitateen lekua Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian, eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta hainbat udaletako ereduak daude.
Groau!
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria
Aizkorri
119 orrialde 6,25 euro
Antzerki liburua, batere arrunta ez den katuaz
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak sortutako Groau! antzezlana irakurri ez ezik ikusi ere egin daiteke, Hika taldearen obraren bidez. Protagonista gisa Mitsi katakume txikia du. Ile beltz-beltza dauka, indar gutxi, gorputz txikia eta ahots bitxi-bitxia: miau egin beharrean karraska egiten du Mitsik. Gainera, «z» erdarazko «z» gisa, «ts», «tx» eta «tz» «t» huts bezala, eta «rr» gogorrak «g» ahoskatzen ditu. Bere ahizpa ederrak katakume beltzari zangotraba egiten dio eror dadin eta amaren titietako esne guztia edaten duenez, egunetik egunera ahulago dago Mitsi. Hain ziztrina ikusita, amak baino ez du maite gaixoa. Eta halako batean izebak etxetik bota egingo du. Geroztik hor ibiliko da katakumea, azeria ote den, erbia agian, katagorria apika, txakurra beharbada jakin nahirik. Baina oso saiatua denez, lagun asko egingo ditu munduan. Yolanda Arrietaren ustez antzerkiak aukera paregabea eskaintzen die haurrei bere baliabideak ezagutu eta, erakutsi ahala, beste hainbat arte eta disziplina ûgutxienez musika, plastika eta dantzaû ezagutzeko, eta, horrez gain, bestearen lekuan jartzen, talde lanean aritzen eta lotsak uxatzen laguntzen diolako umeari.