Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-05-29 -- 1994.zenb

Koldo Izagirre


Galarretan ezin dizkiozu hilerriari hiru itzuli egin, atzera eraginen dizun argi berde bat azalduko zaizu. Ataunen hildakoren bat.

Ataun? Galarreta?

Non daude leku horiek ordea?

Euskaldunok "ziutatean" bizi gara aspaldion, egia enpirikoak ustekeria lurperatu duen karrikartean, bazter "urrunetara" jaurtiak ditugu behialako legendak, esaundak, autuak.

Arima erratuak?

Ongi daude Barandiaranen paperetan.

Ez dira dozenerdi bat urte Pontevedran kontatu zidatela auto-stopa egiten zuen neskaren ipuina: hartzen duzu neska, hizketan egiten duzue tarte bat, noiz ere halako bihurgunean "Erne, ni hementxe hil nintzen istripuz" esaten dizun. Eta argitasunen bat eman beharrez, "Badakik, hain gaudek atzeratuak Galizian!" gaineratu zuen lagunak. Karitatezko gezurretan ari nintzela pentsatuko zuen hain segur berak niri esana neure herrian hitzez hitz ikasia nuela esan nionean.

Neure herrian, "Galizian ez dagoen karrikartean" alegia, bolada batez "mundu guztiak" ezagutzen zuen auto-stopa egiten zizun arima erratua hartutako norbait, eta neskaren izen-abizenak ematen zizkizuten froga, bihurgune hartan bertan hila zen familia dirudun bateko alaba.

Sinets egidazue leherrenak jo nituela fantasma hartua lukeen bat edo baten bila.

Ez gara etnografiaren zuloan bizi, baina baditugula geure autuak, legendak, esaundak makadamaren gaineko hiritarrok ere, hogeita batgarren mendean.

Izaki mitologiko berrietan, mairua dugu ikaragarriena.

Mairuak leizeetan bizi ziren, behin jalgi zen bat eta hodeia ikusi. Beren arteko zaharrenari galdetu zioten zer esan nahi ote zuen fenomeno hark, eta mairuen azkena heldua zela, Kristo jaioa zelako mundura.

Orduantxe akabatu omen ziren mairuak.

Harik eta gorrien aurkako gurutzadan Kristoren aldeko azaldu ziren arte.

Bagenuen gure herrian gudarietako kapitain ohi bat, bizkaitarra, txopera pare bat aski izaten zuena gazteongana hurbilduta hasteko: "Mairu talde bat harrapatu genuen Asturiasen. Tunel batera eraman genituen eta banan bana barrabilak ebakita ahoan jarri genizkien. Gero su eman genien".

Ez genion sinesten, eta sinesteko gogorik ere ez genuen.

"Aizue, haiek berdin egiten zuten gurekin".

Bai, badaukagu arazotxoren bat gure zakil, gure barrabilekin.

"Francok Euzkadira bidalitako mairu hauek lizunkeria islatzen dute begietan..." dio Gudari aldizkariak lau marokoar gizajoren argazkipean, 1937ko maiatzean.

Mairuak dira lehenik, mertzenarioak ondoren.

Eta "arrazoi nabariengatik" propagandak ez zituen aipatzen Barazar aldean mairuek bortxatu omen zituzten ez bost nesken ez herriaren izenak. Bost bakarrik? Ez da posible, bost neska bakarrik harrapatu bazituzten bostak hogei aldiz bortxatu behar zituzketen...

Konplexuz beteak gaude noski.

Konplexuz... gutixko esatea ez ote den.

"Izugarria ari da gertatzen hemen mairu horiekin" esan zidan neska ile-moztaileak, "Lehengoan taberna osoa txikitu zuten Parte Zaharrean, txupa bat lapurtzen utzi ez zietelako". Ez nion tabernaren izena kendu ahal izan. "Eta aurreko astean bi mairuk gizonezko bat bortxatu nahi izan zuten hondartzan". Algara egin nuen, ahantzia neukan popazaleak ere badirelakoa. "Goizeko ordu bietan". Nik ere zerbait esan behar eta egia bat kontatu nion, "Atzo arrandegian bi mairu gazte zeuden nire aurrean txitxarro handi bat pagatzen, ba al dakizu zer esan zuen saltzaileak alde egin zutenean?". Ez zuen asmatzeko ahaleginik ere egin. "Horiek, bi horiek, igogailua daukan etxe batean bizi dira!".

Begietara begiratu nion ispiluan.

"Nondik atera ote zuten txitxarroa erosteko dirua?".

Lehorgailua piztu zuen, eta hala hobe.

Berriro azaldu dira mairuak gure legendetan. Ez Ataungo edo Galarretako leizeetan, hemen baizik, karrikartean, ustekeria guztiak lurperatzen omen ditugun gezurtegian.

Eta hodei beltza ikusarazi nahi diete askok.

Iņaki Barcena

Maiatza honetantxe, hamar urte bete dira Leitzarango autobide iskanbilatsua inauguratu zela. Ordea, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko arerio politiko ideologikoak diren Gonzalez de Txabarri eta Sanz oso ados egon dira balantzean. Irabazleen irmotasunaz, ez ote digute aurpegiratu bada, nola egon gaitezkeen aurrerapenaren eta azkartasunaren adibide sendo honen aurka?

Debaldeko autobide hau -eskotean ordainduko duguna urte mordoan- garraioaren hazkunderako azpiegitura ezin egokiagotzat jo dute, eta, bide batez, esku artean dituzten "patata beroak" modu berean ulertu behar direla erakutsi nahi izan digute. Leitzarango istoriotik ikasiz, Itoiz, Pirinioetako autobidea, AHT eta Pasaiako superportua, besteren artean, gure garapenaren funtsa direla errepikatu digute, esperientziatik ikasita, ea behingoz "orori ez" leloari uzten diogun.

Alta, historiak ere irakasten du, istorioak aparte. Agian, Gipuzkoako diputatua, duela 30 urte ezkertiar abertzalea zenean "indar produktiboen garapen mugagabean" ere sinestuko zuen eta horregatik txaketa politikoa aldatuz gero ez zaio hainbeste kostatu Gipuzkoako lurrak txikle moduan handitu nahi dutenen lerroan jartzea. Horrela errazago uler daiteke azpiegituren proiektuen zerrenda amaigabearekin, norabide guztietara, itsaso aldera barne, herrialdearen porlanezko komunikazioak zabaltze nahi hori. Gakoa da, zer egingo duten AHT, Maltzaga-Urbina, Durango-Beasain, Donostialdeko saihesbideak eta beste proiektuak, auto eta kamioien trafikoaren gorakadaz kolapsatuko zaizkienean. Edo ez al dute horretan erreparatzen?

Itoitzeko historia ere oso esanguratsua dugu. 20 urte joan dira Longida araneko biztanleek urtegiaren proiektuari aurre egin ziotenetik. Ahobero ugarik beste galera ekologista bat iragarri arren, ez du ematen afera honek Sanzi lo lasaiak ekarri dizkionik. Duela gutxi, urtegiaren hondamendi geologikoa izanez gero berak ez zuela erantzukizun politikorik onartuko, zioen; alor horretan teknikariek emandako txostenen araberako erabakiak izan direla. Eta galdera da, nork aukeratu ditu teknikariak? Nork agintzen die euren azterketan agertu behar diren ondorioak?

Leitzarango autobidearen 10. urtemugan ikusi dugun legez, Nafarroan, Gipuzkoan eta Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan hazkunde ekonomikoa dugu lege nagusia eta garapen sostengarria azalezko eta komenientziazko erakusleiho berde hutsala bihurtu zaigu. Gobernariek pertsona eta merkantzien garraioaren gorakadarekin pozik daude, mugikortasunak sortutako hazkunde komertziala baino ez baitute ikusten. Eta sorrarazitako kalteak? Noizko esango digute isuritako CO2 tonak eta eragindako istripuak zein beste galera sozio-ekologikoek -zaratak, kutsadura, biodibertsitate galerakā- zenbat suposatzen duten?

Bizitza maila eta bizitza kalitatea ez dira gauza bera eta existentziaren balio guztiak ez dira ekonomikoak, ezin baitira BPGaren parametroetan neurtu. Garapen ekonomikoaren txanponaren aurpegiak ezin du bestaldean dagoen krisi sozio-ekologikoarena ahaztu, biak ala biak doaz batera.

Are gehiago, nahiz eta herri txikia izan, gure dependentzia gero eta handiagoa da lehengai, material eta zerbitzuei dagokienean. Zor ekologiko galanta hartu dugu baliabide horiek eskuratu ditugun herrialdeekiko, ala pentsatzen dugu petrolioa, gas eta bestelako lehengaiak Asia, Afrika eta Latinoamerikatik ekartzea, modu duin, justu eta libre batean egiten dela?

Gonzalez de Txabarrik eta Sanzek kontuak atera nahi badituzte atera ditzagun, hori bai, iruzur eta egi erdiak erabili gabe. Garraio eta azpiegituren politikak euren ardura dira, ados, baina herritarrei partaidetza demokratikoan oinarritutako azalpenak zor dizkiete. Eta guk, gure bizimoduarengatik gure hartzekodun ekologikoei ere bai.

Patxi Azparren

Erakunde publiko batek egiten dituen aurrekontuetan atal nagusi batzuk bereiz daitezke: industria, arlo soziala, turismoa, azpiegiturak, osasuna, kultura... Diru mugimendu honen zati bat behar gehiago duten sektoreetan berbanatzen da. Aldiz, hain ezaguna ez den multzo puska bat ere beste arlotan erabiltzen da. Ekonomikoki ondo kokatuak dauden sektoreetara bideratua dagoen diru publikoa AEBetan Wealthfare izenpean ezagutzen da. Ikerketen arabera gehiago daukatenek gehiago jasotzen dute AEBetan eta bestelako Estatutan. Euskal Herrian ezaugarriak, portzentajeak eta ahalmenak ezberdinak izan arren, euskal-Wealthfare ere badugu.

Hori dela eta, alderdi batzuetako eta enpresa-buru batzuetako eliteen arteko harremana oso estua da. Lobby kontserbadoreak eta eskuindarrak botere politikotik gertu bizi dira, epeltasunean. Oso ohitura arrunta eta arriskutsua da esparru politikotik pribatura pasatzea. Hala egiten dute Munduko Komertzio Elkargoan (OMC), Mundu-Bankuan (BM), Nazioarteko Moneta Fondoan (FMI) eta horrela suertatzen da gure inguruan, gure "apaltasunean".

Euskal Herriko Hegoaldeko gobernuetan ibili diren alderdiek, enpresa-buru horiekin hartu-eman iraunkorrak dituzte. Urtetan, gainontzeko arazoen gainetik, hainbat lagunek uzta ederra jaso dute.

Lizarra-Garaziko Akordioarekin indar-korrelazioak aldatu ziren eta PSOE zenbait gunetik at geratu zen. Segituan mugituko zelakoan, EAJk aurrera egin zuen.

Ez zen estrategia txarra izan, PSOEko buruak beharragatik baino ez baitira mugitzen. Botere-gunetik kanpo, diru iturrietatik urrun mugitu behar zela uste izan genuen. Zoritxarrez, ordea, ez zen horrela gertatu eta PSOEk, PPrekin ezkontza sakratua egin zuen. Gogor jokatuz, ondo atera zitzaien, EAJ kokildu egin zen eta ETAk ez zuen herriaren nahia ulertu -nahi izan?-.

Urte batzuk pasatu dira eta dirudienez batzuek lehengo egoerara itzuli nahi dute erosoago baitzeuden. Datozen urteetan azpiegitura erraldoi berriak egin nahi dituzte. Europa neoliberalaren eredua behin-betikoz indarrean jarri nahi dute bazka handia egongo baita banatzeko.

Mendebaldeko hiru herrialdetako hauteskundeen emaitzek ez naute lasaitu. Zenbakiek erabaki ausartak hartzeko parada ematen badute ere, beldur naiz ez ote duten berriro iruzurra egingo.

Bake prozesu baten atarian egon gaitezke, berrerakundetze prozesu baten atarian egon gaitezke, baina dena bertan behera gera daiteke gobernuetan egon dauden indar horien esku erabakiak geratzen badira. Gatazka politikoaren behin-betiko konponketa parte-hartzailea izan behar duen prozesu baten eskutik gauzatuko da. Bertan, herri-kontsulten bitartez aurre-pausoak ematea funtsezkoa da.

Euskal Herri askeak eredu berria izan behar du. Herriak benetan hitza eta erabakia izan behar ditu. Hitza eta erabakia ukan, hartzear dauden erabaki garrantzitsuetan jendartearen nahia bete dadin.

Ez naiz fio, oker egotea nahi nuke. Konponbide iraunkorra lortzeko zorian egongo bagina ez genuke "uhin oztopatzailerik" -Elorrietak zioen bezala- jaurtiko. Hala ere, tamalez, mesfidati bilakatu naute eta zenbait lagunen ikasgaia barneratu dugu. Europako Konstituzioari baiezkoa eman zioten indarrekin ez dago fidatzerik, gehienetan, behintzat.

Egoera orekatuko duen eta erabakiak baldintzatuko dituen indar berriak elkartu behar ditugu. Ez da behin-behineko egoera, aldaketa estrategiko sakonen garaia da. Globalizazioaren munduan, kultur ezaren lurrikaran, ziklo baten amaieran murgiltzen ari gara.

Honen aurrean, orain arte sakabanatutako gogoak elkartzeko beharrean gaude. Ezker abertzale soziala ustez baino zabalagoa da, ustez baino indartsuagoa, ustez baino erakargarriagoa. Ezin da erantzukizuna besteei pasa. Esparru soziopolitiko hori osatzen duen multzoa hiru hanka dituen aulkia da. Burdinazko hankarik ez duena, protagonismo antzuen pipiak jango ez duena. Mota ezberdineko egurrez egindako eserleku honen hiru hankak jendarte mugimenduek, sindikatuek eta alderdi politikoek osatzen dute. Eserleku horretan, lana txukun eginez, euskal herritarron gehiengoa eseri ahal izango delakoan nago.

Tere Irastortza

Leizezulo horretatik atzeraka irten behar dela. Horixe esan zidan semeak, Beasaingo festak direla eta Mariren, Murumendiko Damaren zuloaz. Diotenarengatik, bertararazteko zapi eder edo bitxi zoragarriren bat eskainia izango du Txindokiko Damak. Lamiaren oinak, ahatearenak edo ahuntzarenak direla inor ez jabetzeko edo, egun-argiari ihes egin eta kobazuloaren epeltasuna behar du, antza denez. Baina behin begiak ilunpera ohituz gero, uste baino hobeto moldatzen omen da kristaua leizezuloan... ziurrenera bere indar guztiak ilunpean ikusteko baliatuko dituelako. Hori bai, behin ohitu orduko, orduantxe hasten da gogoratzen egun-argiaren pozaz.

Hartaz geroz, sobra ere, leize-zulotik irtengo bada, poliki-poliki berregin behar du irteerara eraman dezakeen bidea.

Niri, hainbeste estimatzen dudan Mari Murumendikoaren pasadizo honen berri ez nuenez, otu zait -adina izango da, zer arraio!- amiltzeko baino zailduago behar duela batek amildegian gora egiteko; eta atzerabidea egin behar duenak edozein atakatan sartzen denak baino indar eta kemen handiagoa behar duela, inolaz. Baita erori izanaren memoria berekin duela ere, sikiera!

Atzera joan beharrak zentzumen guztiak adi eta erne behar ditu: sorgor denak ezin du sekula atzera-bidean irteera aurkitu eta. Atzera joan beharrak, putzuaren sakonerari begirada kendu gabe egin beharraz leziatzen gaitu, ziurrenera. Irteera alkantzatzeko ez dago saihesbiderik. Ihesean abiatzea alferrikakoa ezezik arriskutsua da, osotara.

Baina, niri, hainbeste estimatzen dudan Mari Murumendikoaren begiradak, ur-ertzean gure memoria artatzen dakienaren begiradak, sekula beldurrik sortarazi ez didalako edo, iruditzen zait, hori bai, zapi eder edo bitxi zoragarriren batek liluratuta abiatu duenak, ez duela sekula Mariren peskizan egin inolako biderik, eta kobazuloan, zapi bila dela, dela bitxi bila, bere akatsez galdu duela burua eta ez nolanahiko Mariren sorginkeriagatik.

Eta horregatixe, nahiago dut, inguruko baserritarrek eta elizek ezkutatzera kondenatu duten lamia aurkitzeko itxaropenari eustea, gure orbanen memoria zaintzeko, geure lurraren erraietan eta gure barrenetan kiribildua dugun basa-izaeraz ez beldurtzeko.

Askatasuna, bakea, etorkizuna... leize zulo horren sarreran daude, geure leizeetan barneratzean galduak ez badira. Atzera egin beharrean gaude guztiok -guztiok, ziurrenera, guztionak direlako askatasuna, bakea eta etorkizuna- atzera, oker emandako urratsetan, tentuz eta zentzuz irteera bilatzekotan... Baina ez dezagun errepikatu Mariren bila abiatu ginela, leize-zulorantz zapi, edergailu eta botere gosez gabiltzan bitartean.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan