Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-05-22 -- 1993.zenb

Maiztasun hiztegia: XX. mendean gehien idatzitako hitzak

Onintza Irureta

Maiztasun hiztegia iaz moldatu zuen UZEIk, baina noski, urtebetean ez dago neurri horretako hiztegia egiterik. Abiapuntua 1987. urtean du. UZEI orduan hasi zen XX. mendeko euskararen corpusa osatzen eta oinarri hori guztia erabili du hiztegirako. Aurreko lan horri esker, gero hiztegian sartuko zituzten lemak -hiztegi-sarrerak edo forma estandarrak, arautuak edo hobetsiak- prest zituzten eta iazko urtea aldaerak prestatzeko erabili dute. Lemak eta aldaerak kontuan hartuta, 3.704.135 sarrera ditu hiztegiak. XX. mendeko euskararen corpusak bost milioi hitz ditu; aditz laguntzaileak, izen propioak, atzizkiak eta bestelakoak kenduta ia milioi eta erdi sarrera gutxiago ditu hiztegiak. Lexiko arrunta jaso du, beraz, lan horrek.

Zertarako 3.704.135 sarrera?

Nork erabiliko du hiztegia? Horixe galdetu diogu hiztegiaren egileetako bati, Mirian Urkiari. Hizkuntzaren alorrean lanean ari direnak dituzte gogoan. Jolasa dirudien CD-ROMak bilaketa mota asko ditu. Lemak eta aldaerak bila daitezke, hau da, hitzaren forma estandarra eta hitz horren aldaerak. Lema eta aldaera horiek modu askotara bila daitezke, hitzaren hasiera moduan, hitzaren bukaera moduan, hitzaren zati bat dela edo berak hitz osoa osatzen duela. Alegia, «zakur» hitza bilatzeko eska dezakegu ala zakur hitzarekin hasitako lema guztiak edo zakur hitzarekin amaitzen diren guztiak. Bertsolariak adibidez, «zale» edo «-tasun» eska ditzake hitz bukaera gisa eta bertsotarako zerrenda oparoa aterako zaio. Bilaketa zehazteko XX. mendea lau garaitan banatuta dago: 1900-1939 -36ko Gerra ere hartzen duena-, 1940-1968 -euskara batua sortu zen artekoa-, 1969-1990 -Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak atera bitartekoa- eta 1991-1999 -araugintza berriaren garaia-. Euskalkiak ere aukera daitezke, bizkaieraz, gipuzkeraz, lapurtera-nafarreraz, zubereraz, euskara batuan eta sailkatu gabe daudenetan bilatzeko. Bilaketa mugatuagoetarako generoen sailkapenak ere laguntzen du; hamabost generotan daude banatuta lemak eta aldaerak.

Maiztasun hiztegiak, lema eta aldaeren erabilera maiztasun kopuru soilak emateaz gain, erabilienen sailkapenak ere egiten ditu. Urkiak esan digu nola 250 lema erabilienak corpusaren erdiak diren. Horren arabera euskaraz hiztegi pobrea erabiltzen ote dugun galdetu diogu: «Ez, horrek esan nahi du hitz batzuk oso maiz erabiltzen ditugula eta beste batzuk askoz ere gutxiago». Lema erabilien horietatik, euskara ikasi nahi duetenentzako hasierako hiztegia atera daitekeen galdetu diogu: «250 lema erabilienak corpusaren erdia izateak esan nahi du lema horiek oinarri-oinarrizko elementuak direla, baina kontuz, hiztegi horrekin komunikatzeko gai izango ginatekeela asko esatea da. Gure datu-basea idatzitako dokumentuetatik osatu dugu. 250 lema erabilien horietan ćogiaĆ eta ćmahaiaĆ hitzak beharbada ez dira azalduko eta hitz horiek eguneroko bizitzan funtsezkoak dira».

Beraz, 250 lema erabilienak ikasita euskaraz berriketan ez gara moldatuko baina CD honetako hitzekin, atzizkiekin jolasean hasten bagara mila bitxikeria topatuko ditugu.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan