Gure bizikleta zaharrari hautsak kentzeko garaia iritsi dela uste dugu. Negu partean lotan, lasai utzi badugu ere, badu garaia trikitrakateko batzuk ateratzekoa. Irati basoaren inguruan, Europako pagadirik zabalenean, egin ditugu gure eginahalak.
Ibilbidea Donibane Garazitik pare bat kilometrora hasi dugu, Zaro herrian. Bertako iturrian motordun lau gurpilak utzi eta bi gurpilak hartu ditugu, kateari olio pixka bat jarri ostean. Bertan, lau dorre zilindriko dituen Ohontze gaztelua ikus daiteke, kapritxo izanez gero.
Etxepareren herrixkati Ezterenzubiko mezetara
Ezterenzubira iritsi garenean, artean goiz, gogoratu gara orain bost urteko otsailaren 13 batean gertatuarekin: haizeak zabaldutako sutearen ondotik bost mendizale gazte bertan geratu ziren.
Jendea meza entzutera inguratzen ari da bertako elizara:
"Esterenzubi herria, ene sor-leku maitea! / Jainko Jauna, zuk, iguzu gure artean bakea. / Zuhurki bizi dadien beti Eskualdun jendea, / Eta begira fermuki betiko gure fedea" abestu edo pentsatuko dute, ziurrenik ere.
Ezterenzubi bere mendietan bertan sortzen den Errobi ibaiaren alde bietan dago banatuta, bai hirigunea eta baita inguruko mendietako baserriak ere. Herriko bestak irailaren bigarren igandean ospatzen ditu eta korpus egunean San Salvadorren erromeria ospatu ohi da.
%14ko maldetan gora
Okabe magaleko mairu-baratzea
Bidea lur-jauzi batek oztopatu badigu ere, txirrinduak bizkarrera bota eta erraz pasa ahal izan dugu traba. Autoz egiteko, ordea, konpondu artean ezinezkoa da.
Organbidexka, hegaztien behategi
Larraine eta Iratiko etxolen artean dago Organbidexka. 1.283 metroko lepo hau hegaztiak behatzeko Europako hiru leku nagusietako bat da. Hegaztien migrazio bidea da: harrapariak, zikoinak, usoak eta kurriloak ikusi daitezke, gehienbat. Uztailetik iraila erdialdera prismatikoen lepo bihurtu ohi da. Bada izen bera duen elkartea ere, gaua igarotzeko aterpetxea duena.
Oihana
Eski nordikoa egiteko aproposak dira paraje eder hauek. Sei pista daude zailtasun eta luzeraren arabera sailkatuak. Guztira 45 kilometro daude prestatuta.
Leizarraga agurtuta etxera
Bazkazane eta Altzietatik barrena Zaro herrira iritsi gara.
Basajaun, basoetako energia misteriotsuaren pertsonifikazioa da. Naturaren arima, berpizten den bizitzaren sinboloa. Bere pausoen burrunba harrigarria da goizetako pagadi isiletan. Zuhaitzak erauzten dituen haizea omen da, enbor zaharren karraska.
Euskal Herriko basoetan bizi da, eta beraz, Iratiko basoetan ere bai. Neurrigabeko indarra du ezaugarri nagusietakoa. Behin artzain baten etxola paretik pasatzerakoan, esku bakarrarekin harritzar bat jaurtiki zuen pendizean behera, zazpi gizonezkok ere mugitu ezingo zuten harria. Basajaun zelaietatik pasatzen zen gauetan, ardiak ez omen ziren mugitu ere egiten eguzkia atera artean. Horrela, artzainak lasai hartuko zuen atseden, otsoen beldurrik gabe.
Behin, Nafarroa Beherean kontatzen denez, Basajaunen andreak elizari jauntxo batek oparitu zion urrezko zutargi bat eskatu omen zion. Basajaunek, esan eta egin, urrezko zutargia ostu zuen andrea gustura utziz. Artzain gazte bat, Basajaun ikusten zuen bakoitzean kasu egin eta berarekin hizketan geratzen omen zen. Noizbehinka, gainera, gazta bat oparitzen omen zion. Basajaunek opariak hartzeaz gain, bere konfiantza erakutsi eta artzainaren ardiekin jolasten omen zen. Beltzak gustatzen omen zitzaizkion. Horrela, artzainak ardi beltz bat ere opari eman zion. Basanderek atondu omen zuen hiruek jan zuten afaria goxoa, zutargiaren argitan. Horrenbesteko jan edanak Basajaun eta Basandere mantsotu arazi zituen. Artzain gazteak, orduan, zutargia hartu eta alde egiteko aprobetxatu omen zuen. Ez omen zuten denbora askorik egin hutsuneaz ohartu gabe. Korrika batean atera omen zen Basajaun gaztearen atzetik. Gazteak, ordea, oihu eta garrasika, elizako kanpaiak joaraztea lortu eta izutu omen zuen Basajaun indartsua.
![]() |
|
||||
1993 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa