Katixa Garate
ARGIAk 2.000 zenbakia kaleratuko du uztailaren 10ean. Ez da kopuru makala eta horrexegatik ospatu egin nahi du ARGIA argitaratzen duen Komunikazio Biziagoak. Hasteko, kazetari gazteentzako 2000 ARGIA erreportaje sariketa antolatu du. Parte hartzaileek 30 urtetik beherakoak izan beharko dute eta edozein gairi buruz idatzi ahal izango dute. Hiru sail izango dira: erreportaje laburra (4.000-6.000 karaktere), erreportaje luzea (10.000-15.000 karaktere) eta Interneterako erreportajea (3.000-5.000 karaktere). Lanok urriaren 28a baino lehen bidali behar dira ARGIAren Lasarte-Oriako egoitzara, posta elektronikz edota posta arruntaren bidez. Horrez gain, urrian Euskal Herria 2005-2025, nora eta nola? topaketak antolatuko ditu. Eta jakina, ARGIAren 2.000 zenbakia berezia izango da.
* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Unibertsitateetako uda ikastaroak prest
Dagoeneko ireki dituzte udako ikastaroetarako matrikulazio epeak. Kultur gaiekin zerikusia duten ikastaro ugari dago. Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoetan, clown eta ipuin kontaketa eskolak eskainiko dituzte eta artearen eta literaturaren txokoak antolatu dituzte, Jose Luis Zumetaren, Bitoriano Gandiagaren, Juan Luis Zabalaren, Eider Rodriguezen eta Karmele Jaioren obra hobeto ezagutze aldera. Udako Euskal Unibertsitateak espresio dantzari, ipuin kontalaritzari eta euskal gatazkak euskal literaturan duen islari buruzko ikastaroak apailatu ditu, besteak beste. EHUren VI. Arte eta Kultura Topaketetan, dantza garaikidean, arte garaikidean nahiz kantagintzan sakondu ahal izango da. Ikasten jarraitzeko aukera ugari, beraz.
Eskola antzerkia eta antzerki eskolena
Jakina da eskola antzerkiak duen garrantzia biharko zaletuak sortzeko. Horrez gain, hezkuntza tresna gisa oso baliagarria den artea dugu. Beran, Donostian, Debabarrenan eta Gernika-Lumon, urte osoan ikasleek taxututako lanak ikusteko parada dugu egunotan. Eskola antzerkiaz ezezik antzerki eskoletako ikasleen lanaz gozatu ahal izango dugu datozen asteotan. Izan ere, Hemen gaude! zikloa abiatu dute Sareak, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko bost antzerki eskolek. Hamalau antzokitan erakutsiko dituzte euren lanak antzerki eskoletako ikasleek, ekainaren amaiera bitartean. Maiatzaren 30etik ekainaren 4a bitarte, halaber, Antzerki eta Dantza Eskolen Nazioarteko Jaialdia, Act, egingo dute Barakaldo eta Bilbon.
Arte gaztea Getxoarten
Maiatzaren 20tik 22ra, berrogeita hamaika artista gazteren lanak erakutsiko ditu Getxoartek, Areetako Geltoki plazan jarritako karpapean. Bostgarren urtea du gazte artisten lanak erakusteko plataforma izateko jaio zen arte ekimenak. Epaimahaiak hautatutako artistetatik gehienak Arte Ederretako ikasleak dira eta 25 urte baino gutxiago dute. Getxoko Kultur Aretoak katalogo bat osatu du artisten lanen lagin batekin eta curriculumekin. Katalogoak galerietan eta museoetan banatuko dituzte, artista gazteak ezagutarazteko.
Musika eskaintza oparoa
Askotariko kontzertuak izango dira hila amaitu bitartean. Dagoeneko abian diren Azkoitiko XIV. Udaberriko Musikaldiak eta Ońatiko XXVII. Musikegunak jardunaldiek ganbera musika, jazz, folk nahiz musika klasikoko proposamenak eskainiko dituzte. Errenteriako Musikastek egile berrien obrak nahiz Euskal Herriko musikaren ondareko piezak jasoko ditu larunbata arte.
Katixa Garate
Begońa Bilbao idazle bermeotarra zendu zen pasa den astean, 72 urte zituela. Berandu hasi zen literatura idazten. Hainbat sari jasotakoa, iaz Palestina, zure mina nobela kaleratu zuen. Julian Alustiza Aztirik ere utzi gintuen pasa den astean. 1937tik 1943 bitarte, poemak argitaratu zituen hainbat aldizkaritan. Etnografia liburuak idatzi zituen eta poemak, istorioak eta oroitzapenak bilzen dituen Bizinahiaren arnasa plazaratu zuen iaz.
Elirale dantza konpainiak haurrei zuzendutako dantza garaikideko lana estreinatuko du maiatzaren 27an, Izpurako Faustin bentaberry aretoan: Kadira.
Eneko Aritzaren Lagunak filmagintza eta kultur taldea sortu berri dute Eneko Aritza (Orreagako guda) film laburraren egileek. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta kultur, kirol eta aisialdi ekimenei helduko die aurrerantzean. Labourd 1609 (Inkisizio plana) film luzea errodatuko dutela adierazi dute.
Martin Etxeberria zarauztarrak Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin (Elkar) poesia liburua argitaratu berri du. Bere bigarren poemategia da.
Brigada Criminal Lazkaoko taldeak Gure mandamentuak diskoa plazaratu du Gor diskoetxearekin. Stupenda Jonesekin partekatutako Osti bi CDaren eta Lazkaoko Torrano tabernaren itxiera zela-eta osatutako EParen ostean, hauxe da euren bakarkako lehen diskoa.
Joan Mari Torrealdaik Idazluma jaso du Euskal PEN Klubaren eskutik, adierazpen askatasunaren defentsan egindako lanagatik.
Agin Rezolak zera zioen Berrian Plazatik gaztetxera ekimenaz: «Kulturako gauza asko bezala, bertsolaritza ere komertzializatu egin da, eta telebistaren eraginez, betiko lau-bost bertsolariak izaten dira plaza askotan. Beste bide batzuk bilatu behar ditugu, eta hau oso polita da».
Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendariaren berbok argitaratu zituen Garak: «Gizarteak iraganeko ondare hori (industria-ondarea) bere egiten duen neurrian balioko digu ondareak. Euskal Herrian zoritxarrez, ikuspegi administratiboa nagusitu zaigu. Legeak ondarea salbatuko duela sinestarazi digute. Gizarteak legea betetzearekin aski duela uste dugu, eta alderantziz behar luke, gizarteak izan behar luke bidea egiten duena».
Angel Sagues Ten-Pinpilinpauxa- ko zuzendariak adierazpenok egin zizkion Berriari: «Guneak, jada ez dira arazoa. Orain, programazioa da arazoa (...) Baluarte erakusleiho handia da, bai, baina ikuskizun handietarako erakusleihoa besterik ez. Nafarroako aktoreek, zuzendariek, dantzariek, ezin dute sartu, eta ikusleek ere larri dute. Eliteentzako da, ez da bertako kulturarentzat tokia».
Fermin Etxegoienek Nabarrari: «Azken urteotako gazte musika supra-ideologizatuta egon da, eta musikari dagokion lanketa estetikoa ordezkatu egin izan da politikoki zuzentzat jotzen ziren estilo, azpi-estilo zein propaganda-lelo hiper-basikoen bitartez».