Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-05-15 -- 1992.zenb

Katixa Garate


Anton Txekhov (Isidoro Fernandez) kaxez eta harizko instrumentuz betetako antzokian dago, bere hurrengo antzezlanerako emakumezko aktore bat behar du eta probak egiten ari da. Halako batean, egunkari batetik mandataria etorriko da Txekhovek arratsalde horretarako entregatu behar dituen ipuinen bila. Ahaztuta zegoen erabat idazlea eta di-da batean ekingo dio ipuinak asmatzeari eta antzokiko atezainaren (Jose Ramon Soroiz), proba egitera etorri diren bi aktoreren (Dorleta Urretabizkaia eta Naiara Arnedo), Txekhoven laguntzailearen (Teresa Calo) eta mandatariaren (Eriz Alberdi) laguntza izango du horretarako.

Audizioa izeneko ipuina du abiapuntu Nasdrovia Txekhov! (Osasuna Txekhov!) antzezlanak eta Txekhov eta bere laguntzaileak ipuinak asmatzen joan ahala, Funtzionario baten heriotza, Eskasa, Ezkontza eskaera, Limurtzailea eta Izaki babesgabea kontakizunak ikusiko ditu ikusleak taula gainean. Izan ere, antzezlanaren egitura panpin errusiarren modukoa da -obraren karteleko irudia horixe da-, ipuin baten barruan ageri dira beste bost ipuinak. Eta ikuslea sortze prozesu jostari horren testigu izango da. Batzuetan narratzaile izango da Txekhov eta besteetan momentuko ipuineko pertsonaia, antzokian bildu diren beste bost pertsonekin gauza bera gertatuko da. Istorio batzuk tragikoak dira, beste batzuk atseginagoak, garratzak ez dira falta eta bada pasarte lirikorik ere. Arin doaz istorioak bata bestearen atzetik, taula gainean ikusiko duguna ez da pieza pilaketa ordea. Horrexegatik da estimatzekoa haien artean egindako joskera lana, dramaturgiaren egile Alberto Iglesiasen eta Fernando Bernues zuzendariaren ahalegina.

Giza miseriak azaleratzen iaio

Anton Pavlovitx Txekhoven (1860-1904) mendeurrena zela medio, erabaki zuten Vaivenekoek haren lana agertokira eramatea. Haren antzezlan ezagunak (Tío Vania, La Gaviota, Tres Hermanas, El jardín de los cerezos) muntatzea baino, nahiago izan dute haren ipuinei arreta eskaintzea. 577 ipuin idatzi zituen autore errusiarrak eta ez da erraza izan Ana Pimenta Vaiveneko kideak, dramaturgiaz arduratutako Alberto Iglesiasek eta obraren zuzendari Fernando Bernuesek egindako hautaketa lana. «Txekhoven beste ikuspegi bat eman nahi genuen. Bere antzezlanak oso ezagunak dira, baina bere ipuinak ez hainbeste eta asko idatzi zituen. Bizirauteko idazten zuen, ipuinak egunkarietara bidaltzen zituen eta hala ateratzen zuen bizimodua. Bere antzezlan handietan agertzen diren pertsonaiak ipuinetan ere agertzen dira. Hain ezaguna ez den ipuin mundu hori ezagutu eta ikusleei hurbildu nahi izan diegu». Autorea gizakiaren miseriak eta ontasunak azaleratzen oso trebea zela nabarmendu du Pimentak: «Ipuinetako pertsonaiak oso gizatiarrak dira, kutunak; zitalak direnean ere nolabait zure burua islatuta ikusten duzu haietan eta barkatu egiten diezu». XIX. mende bukaerako gizarte errusiarrari kritika egiten dio Txekhovek ipuinotan: funtzionarioak, gizarte militarizatua, aberatsak nahiz euren egoera onartzen duten pobreak... Beti ere umore ukituz, ezinbestekoa baita Txekhoven ustetan: «Umorea eta barrea bazter zikin eta lohitsuenetik sor daitezkeela ikasi nuen, bizitzari kolorea ematen, bizitza bera argiz betetzen, bai, argiz betetzen».

Vaivenek ohi duen moduan, taldetik kanpoko zuzendari eta dramaturgoekin egin du lan: Tanttakako Fernando Bernuesekin eta Kantabriako La Machina taldeko Alberto Iglesiasekin. Hori bai, taldeak izandako ideiatik abiatuta. «Zuzendari askorekin lan egitea ohikoa da gure ibilbidean eta kalte egin baino aberastu egiten gaitu, oso konpainia eklektikoa baikara», adierazi du Pimentak. Ritxi Lizartzak euskarazko bertsio freskoa apailatu du.

Aktoreak sendo ageri dira taula gainean. Aktore gazteek eta esperientzia handikoek parte hartu dute ikuskizunean: «Oso interesgarria da denentzat, helduek gazteek duten energia eta freskotasuna gal ez dezaten eta gazteek helduen esperientziaz ikas dezaten», dio Vaiveneko kideak. Naiara Arnedo eta Eriz Alberdirentzat lehen lan profesionala da honakoa eta txukun jardun dira.

Biolin, biolontxeloz eta hauek gordetzeko kaxez osatutako eszenografia Fernando Bernuesek, Gonzalo Buznegok eta Pablo Almeidak diseinatu dute, Bernuesek Ameriketan ikusitako antzoki baten irudiari jarraiki. Xabier Lozanoren argiztapenak indarra ematen dio eszenografiari. Iñaki Salvador arduratu da XIX. mendeko girora hurbiltzen gaituen musikaz; berak sortutakoa eta Txekhoven garaiko konpositoreen lanen bertsioak uztartu ditu. Aipatzekoa da ere Gabriela Salaverrik jantziekin egindako lana. Margolanen serigrafiak dituzte soinekoek.

Dagoeneko hurrengo muntaia prestatzen ari dira Vaivenekoak. August Strindberg idazle suediarraren La señorita Juliaren proiektua lantzen hasiak dira. Baina hura muntatu aurretik, Txekovekin topa egiteko aukera ugari eskainiko digute datozen hilabeteetan.

Pilar Iparragirre

Nor genuen Robert Capa?
Judua sortzez, Lehen Mundu Gerraren giroan jaioa, nazismoa eta sozialismoaren goraldian hezia eta hazia, Espainiako Gerra Zibilean argazkilari ospetsu bihurtua, Bigarren Mundu Gerran kontsakratua, Makartismoaren marea beltzean harrapatua, Indotxinako gerran hila. Zer ez zuen hark erretratatu? Gainera, Magnum agentzia ospetsuaren sortzaileetakoa ere izan zen. Caparen kronika mendearen hiru herenen kronika da.

Noiz izan zenuen haren berri aurrenekoz?
Aspaldi-aspalditik neukan, baina Ernest Hemingwayren bizitzarekin zerikusia izan zuela jakin nuenean deskubritu nuen bigarren aldiz. Orduan jakin nuen Euskal Herrian egona zela, eta hortxe geratu zitzaidan izena. Gero, berriz, Bermeoko Estepan San Pedro adiskidea zirikatzen hasi zitzaidan, Capa Sollubeko batailan egon ote zen, eta noiz. Eta horrez gero buru-belarri ekin genion biok Caparen bila.

Euskal Herrian egin zituen ibilerei dagokienez, benetako ikerketa egin duzula dirudi...
Ikerketa izan da, bai. Parisen dauden artxiboetan ere begiratu nuen, eta hunkigarria izan zen ikustea Bizkaian egindako 700dik gora argazki badirela han, lo, hemengo erakunderen batek kopiak noiz eskuratuko zain. Era berean, hemen erabat ezezaguna izan den Death in the Making liburuaren fotokopia eskuratu nuen, Renoko Center for Basque Studies delakoan ari den Pedro Oiarzabal lagunari esker. Liburu hori 1938koa da, eta balio sinboliko handikoa, niretzat behintzat.

Pilar Iparragirre

Matalaz. Euskal kantua atzo eta egun
Angélique Fulin,Tehenta
Abotia
221 orrialde

Zuberotarrak Matalaz oroituz

Liburu honetan 2001ean Urdiñarben eta Donostiako Kursaalen Matalaz. Euskal kantua atzo eta egun ekitaldia eman ahal izateko hirurogei zuberotarrek, zortzi hilabetez, landu zuten lanaren berri ematen da, zubereraz eta frantsesez. 1661ean Zuberoan izan zen matxinada islatzen du, eta Joseba Sarrionandiak idatzitako Oroitzera eseri ipuinean oinarriturik dago. Zuberoako matxinada hark Mitikileko herritar eta erretorea izan zen Bernard de Goihenetxe izan zuen buruzagi. Apaiz horren agindupean bildu ziren sei mila edo zazpi mila laborari zuberotar armak harturik, eta Zuberoaren jabe egin ziren, uda oso batez boterea bere esku edukiz. Baina azkenean frantziar soldaduek garaitu, eta besteak beste Matalazi aizkora batekin lepoa moztu zioten.

Jack Telmo eta Zirkulu Magikoa
Juan José Fernandez
Erein
102 orrialde
11,10 euro

Jacken ezusteko bidaia ziberrespaziora

Juan José Fernandez, Art&ur, hainbat argitalpenetan ûChicos, Futpasbol, Pasatiempos, Txin-Pum, Ikas Jolas, Mozorro, Iker...û haur eta gazteentzako orriak sortuz ospetsu egindako gizonaren irudimenetik atera da Webook Mundua eta irakurlea ziberrespaziora daraman sailaren lehen liburua: Jack Telmo eta Zirkulo Magikoa. Jack bere amona Petrarekin bizi da Santa Klara uharteko faroan, eta ez zaio burutik pasa ere egiten bere patua amonak kontserbak egiteko erabiltzen duen antibirus informatikoarekin loturik dagoenik. Baina antibirus horrekin deskubritu ahal izango ditu mutil horrek Webookak eta borrokatuko da pirata informatikoen erakunde sekretua den Anemona Korporazio gaiztoaren kontra.

Ortziren hortza
Josetxo Orueta
Pamiela
238 orrialde 12 euro

Orreagako gatazkan gertatutakoak

Josetxo Oruetak frantsesez eta gaztelaniaz idatzi zuen Orreagako gatazkari buruzko liburuetan oinarritu du Joxean Sagastizabalek Pamiela argitaletxeak Gazte Bilduman kaleratu duen euskarazko bertsio hau. Ortziren hortzak VIII. mendera darama irakurlea, Errolanen Kantako bertsoen atzetiko sekretua kontatzeko. Narrazioan zehar azaltzen den egia ezkutu horietan argi geratzen da euskaldunak izan zirela Karlomagnoren zaldunik onena hil zutenak, hala nola haren gizonak erabat garaitu zituztenak ere, eta ez sarrazenoak, frantziarren bertsioak aldarrikatzen duen modura. Nolanahi ere, Josetxo Oruetaren idazlana nobela bat da, fikzioa eta benetako gertakizunak nahasten dituena. Protagonistak ere, batzuk egiazkoak dira eta besteak asmatutakoak.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
130 orrialde
5,15 euro

Gailur gorenetatik itsasertzeraino

Sua argitaletxeak plazaratzen duen Euskal Herria aldizkariaren azken zenbakian proposatzen zaizkigun ibilaldiak irudimenarekin bada ere eginez gero, berdin joan gintezke Hiru Erregeren Mahaia gailurrera, edota Alluit-Anboto, Aizkorri, San Tirso, Peña Leon, Iparla, Ordunte, Arno, Valderejo, Entzia, eta Leirekoetara. Baina ez dira hor bukatzen aldizkarikoek eskaintzen dizkiguten aukerak. Berdin joan gintezke ere Orozko bailarako berdea gozatzera, kostaldeko itsas-txalupetan bidaiatzera, Larrunen aurkitzen diren trikuharriak ikustera, gure inguruan ditugun landare toxikoak zeintzuk diren eta egin dezaketen kaltea ezagutzera, eta duela 15.000 urte gure arbasoak nola bizi ziren jakitera. Edota Vietnam bisitatu dezakegu, Joan Biosca argazkilariarekin.

Pulp fikzioa
Batzuen artean
Saure
32 orrialde
13 euro

Ingurumenari buruzko komikiaren lehen saria

Saure argitalatxeak plazaratu duen Pulp fikzioa izenburuko komiki honetan Ingurugiroari buruzko ipuinak izeneko komiki lehiaketan saritutako lanak agertzen dira. Itsasoak gizakiaren eskutik jasaten duen hondamendia dute gai. Hauexek dira egileak eta bakoitzak aurkezten duen lanaren izena: Maria José Mosquera Beceirok Mundua atzekoz aurrera ulertzen duen olagarroa, Amaia Ballesteros Lópezek Maremagnum, Aurora Solanok eta José Hierro marrazkilariak Nola irten bizirik irribarrea galdu gabe?, Maria Elena del Valle Garcesek Pulpo a la chirel eta Diego Alejandro Garavanok Ander eta Pier. Guztiak euskaraz agertzen dira, Virginia Perez itzultzaileak egindako lanari esker.

Ehiza eta nekea
Igor Estankona Bilbao
Kutxa Fundazioa
63 orrialde
4 euro

Igor Estankonaren Ehiza eta nekea Irun Hiriko olerki saria

Igor Estankona Bilbaok eskuratu zuen iaz Kutxa Fundazioak duela hogeita hamabost urtez geroztik urtero antolatzen duen Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria, olerki alorrean, Ehiza eta nekea izenburua duen poema bildumarekin. Poesia saria jasotako lan hau hiru ataletan banatuta dago, eta Joseba Jaka bekaren laguntzaz Igor Estankonak argitaratu zuen Tundra olerki bildumaren arrastoan idatzia da. Nolanahi ere, Ehiza eta nekean haratago doa poeta, inoiz iristen ez den bidearen amaieraren bila baitabil.

Robert Capa
Edorta Jimenez
Elkar
128 (+ 16) orrialde 8,65 euro

«Milizianoaren heriotza» argazkiaren egilea

Espainiako azken gerran ateratako argazkirik ospetsuenaren egileak izan zuen bizitzaz idatzi du Edorta Jimenezek oraingoan. Robert Capa bezala ezagutu izan zen gizonak jaso zuen Federico Borrell Garcia anarkista Cordobako frontean hil zuteneko argazkia. Baina Euskal Herrian ere izan zen Endre Ernö Friedmann, Robert Capa ezizenaz "munduko argazkilaririk onena" izendatu zutena. Gerra aurretik etorri zen eta Paulino Uzkudun boxeolariari egin zion erretratu. Eta gerra garaian ere bisitatu zuen gure herria, 1937an Bizkaia aldeko fronteen eta Bilbon faxisten erasoa jasotzen zuen erretaguardiaren argazki andana jasoz. Haietatik esanguratsuenak jasorik daude Robert Capa liburuan. Bestalde, borrokaleku asko ezagututako pertsona genuen argazkilari hau, Txinan, Ipar Afrikan, Italian, eta Normandiako lehorreratzean izan baitzen. Eta gerrako argazkilari bezala hil zen, 1954an, Indotxinan mina bat zapaldu zuenean. Heriotzaren hainbeste aurpegi bere kamararekin jaso zituen gizonak, ordea, bizitzaren irrika zuen ezer baino gehiago, eta hark maite izan zituen emakume eta lagunen berri ere ematen du Edorta Jimenezek.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan