Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-05-15 -- 1992.zenb

Jon Artano

Zerk bultzatu zaitu historia ikertzera?
Egiazalea naiz, eta gaur egun jende askok ez du egiarik esaten. Nafarroako gezurrezko historia ari zaizkigu kontatzen; artxibategietara etorri eta benetako historia atera beharra daukagu, Artaxoako eta Nafarroako historia ez da-eta 36ko uztailaren hemezortzian hasten. Ahalegin eta dirutza handia kostatzen zait niri hau egitea, baina ahal dudan guztietan etortzen naiz; ia-ia egunero, astelehenetik ostiralera.

Artaxoan euskara aspaldi galdu zela uste izan da. Zuk ustea ustela dela frogatu duzu...
Behin batean Ramon Armendariz «Mandingo»k, herriko batek, esan zidan «bazirela gutxienez 500 urte Artaxoan euskara galdu zela». Herritar gehien-gehienek gauza bera sinesten dute. Nik esan nion «Mandingo»ri, arrazoi zuela, Artaxoan euskaraz mintzo zirela duela 500 urte, duela 1.000 urteà baina baita duela 200 urte ere.

Nola hasi zinen lanean?
Hogei-bat urte izango nituen familiako arbola genealogikoa egiten hasi nintzelarik. Elizako artxibategietan ehunka euskal ezizen topatu nituen, baita denak altxatu ere, eder askoak dira anitz: Ezkonberria, Bizargorri, Mairuburu, Urdina, Gorria, Mutil Ederra, Tripazabal, Eztigrina, Gezurti, Kaskamotz, Buruzuri, Txulufrin, Borrokaria, Ardangrina... Artaxoako zenbait familiak mendeetan mantendu izan dute goitizena, gaur arte. Gero euskararekin zerikusia duten datu ehizan hasi nintzen buru-belarri eta udal artxibategian muturra sartu nuenean euskara solasten zutela frogatzen zuten agiriak topatu nituen. Prozesu juridiko-administratibo guztiak idatziz jaso dira Nafarroan XVI. mendeaz geroztik: senar-emazteen arteko ika-mikak, auzoen artekoak, lapurretak, labankadak, mozkorrek eragindako triskantzak, erailketakà horietan ibili naiz euskararen arrastoen peskizan.

Artaxoarrek izandako tira-biretatik aipa iezaguzu bat.
Euskararen aipamena topatu nuen lehena. Egundoko poza hartu nuen, aulkitik salto eta «ostia!» oihukatu nuen. Hura zoriona! Fotokopiatu eta emazteari erakutsi nion. 1687ko gertaera bat da. Dakigunez Artaxoako ostatu bateko jabea eta bere koinatua borrokan topatu eta banandu egin zituzten ostatuan zeudenek. Ostatuan ziren kanpotarretako batek, Juan Roman aragoarrak alkateari zin egin zion berak ez zekiela zergatik ari ziren borrokan, «àpor que no entiende basquenze y todo lo ablavan en esta lenguaà».

Euskararen albiste berriagoak ere topatu dituzu ezta?
Bai, 1815eko abuztuan, Mendigorriako festetan liskarra izan zuten artaxoarrek bertakoekin. Hainbesteko zalaparta eta iskanbila ibili zuten, ezen batzuek zekorrek ihes egin zutela uste izan baitzuten. Artaxoarrek elkar hartu zuten eta borrokan aritu ziren Mendigorriakoen eta Ziraukiko bateon baten kontra. Hau da Mendigorriako amona baten lekukotza: «àa la salida del pueblo obserbo que un tropel de jentes hiban corriendo hablando en Bazcuen que por no entender el idioma no sabe lo que decianày se dezia que dichos sujetos que corrian eran de Artajona que habian emprendido una camorra con los de Zirauqui». Liskarrean aritu ziren 42 artaxoarretatik gehienak hogei urteren bueltan zebiltzan gazteak ziren. 1815ean herriko gazteria euskalduna zen, eta euskaldun hil zen, gaiztakeriatan ibili zen haietako azkena 1876an.

Garaiko bizimoduaz anitz erakusten al dute prozesuek?
Dudarik-eta ez. Mendigorriako liskarren harira Gil Linares epaileak nafarroi buruz idatzi zituenak egundokoak dira. Baltasar Garzón ekartzen dit gogora. Gaur egun auto horrek barregura ematen du; orduko auzipetuei ez zien grazia zipitzik egingo.
Bestalde, agiriek erakusten dute garaiko artaxoarrek herriari eta hizkuntzari zioten maitasuna ikaragarria zela. 1790ean Artaxoako udalak, txandroek ûjauntxo esaten diezue Gipuzkoanû, elizak eta herriko ilustratuak bat egin eta erdi ezkutuka idatzia bidali zioten Espainiako erregeri orduko eskribaua ordezkatu ziezaieten. Eskribau berria nor nahi zuten ere jarri zuten: "àRafael de Ororbia (à) escribano real que se alla a residencia en los valles de Amescua, es el mas proporcionado para (à) dar ebasion a las escrituras y dilixencias que ocurran a los vecinos y no puede desenpeñarlas dicho Nuin (eskribau zaharra) ya que el enunciado Ororbia como natibo de esta referida villa, posee la lengua bascongada, que es la que comunmente se usa en la mismaà".

Nola liteke XIX. mendeko hondarrera arte euskaldunak izan diren herrian, jendeak euskara duela 500 urteko kontua dela pentsatzea?
Agintariek, berezko Nafarroaren aurka, sustatutako ahanztura eta baztertzeak ekarri du hori. Joan Amezkoara, han uzkurrak dira euskararekiko: eta bertako agureen aiton-amonak euskaldunak ziren.

Ikerketan zein zailtasun izan dituzu?
Milaka agiri aztertu ditut, dozena-erdi artxibategitan. Agiritegietako langile askok lagundu didate baina beste askok ahal izan duten eragozpen guztiak jarri dizkidate, alukeria mordo bat. UPNren esku dagoen Artaxoako udalak, adibidez, artxibategia ikertzeko araudi berria atera zuen. Ordurako, zorionez, han egin beharreko handi-aurkiak eginak nituen. Baina hemendik aurrera inor joan ez dadin atera dute lege berria. Gaur egun ostegunetan baino ez dute zabaltzen udal artxibategia eta gainera kobratu egiten dute.
Laguntza ere izan dut, zorretan nago Rafael Carasatorre Vidaurre etxarriarrarekin. Maisua da niretzat.

Nola izan da argitaratzea?
Iazko udaberrian hasi nintzen liburua kaleratzeko laguntza bila. Artaxoako udalak lagunduko zidala agindu eta gero gutuna bidali zidan esanaz hogeita bost liburu erosiko zizkidatela inprimategiko prezioan. Duintasunagatik, ez nien onartu eskaintza. Artaxoako Nekazal Kooperatibaren aurrezki kutxa izan da diruz pixka bat lagundu nauen erakunde bakarra. Dena dela liburua kalean bada, Nafarroa kanpoko pertsona batzuei esker da. Euren izenak ez esateko eskatu didate, baina beraiei zor diet liburua argitaratzea. Pare bat argitaletxerekin solastu nintzen baina eskatzen zizkidaten baldintzak ikusita neronek argitaratzea erabaki nuen, eta iazko abuztuaren azkenetan izan nuen esku artean.

Jose Maria Jimeno Jurio artaxoarra zen, harremanik ba al zenuten?
Izango ez nuen ba. Hark bazekien zokomiran ibiltzen nintzela baina ez askoz gehiago. Nik oso ingurukoei baino ez nien azaldu zertan ari nintzen, isilpean gorde dut egiten nuena. Izan ere artxibategietara zertara joaten nintzen jakiten bazuten lehendik jartzen zizkidaten trabak handituko zizkidaten beldur nintzen.

Letra larriz idatzitako kultura eta ingurumari akademikotik kanpokoa izan arren, euskararen historiografia goitik behera astindu duzu Artaxoan euskarak XX. mendearen atariraino iraun zuela frogatuz. Zer sentitzen duzu?
Ahal izan dudana baino ez dut egin nik. Artxibategietan paper zahar artean bila jarraituko dut, ea Nafarroako historia hobeto ezagutzeko zerbait topatzen dudan.

Mikel Asurmendi

Haika-Segi erakundearen auzia hasi zenean 23 auzipetu preso zeuden. Epaiketa amaieran 21 kalean daude. Bi geratu dira barruan: Aiora Epelde eta Arkaitz Rodriguez. Gazteen erakunde honetako Ibon Meñika (Zamudio, 1977) eta Jon Markel Ormazabalekin (Donostia, 1982) elkarrizketatu gara. Halaber, zuzenbidean adituak diren bi pertsonen iritziak bildu ditugu erreportajean. Auzipetuen abokatuek ez-ohikotzat jo dute epaiketaren bilakaera. Alabaina, prozesatuak epaiaren aiduru daude, aukerak zabalik baitira: lau, zortzi eta hamar urte arteko espetxeratzeak izan daitezke, baita absoluzioa bera ere.
guztia irakurri

Daniel Udalaitz

Antxoaren arrantza-aldi tradizionala, Euskal Herriko itsasbazterreko arrantza sektoreko garrantzizkoena igaroko ahal da Espainiako eta Frantziako gobernuek inposatutako mugaren alde bateko eta besteko arrantzaleen arteko liskarrik gabe! Ez da erraza izango, zeren arrantzale batzuek zein besteek behin baino gehiagotan adierazi baitute ez daudela ados Madrilgo eta Parisko gobernuek orain hamabost urte izenpetu eta inposatutako Arcachongo Hitzarmenarekin. Hitzarmenarekin gustura ez eta ezin esan aurtengo antxoaren kosterak pozteko arrazoirik eman dienik, orain arte behintzat. Apirileko azken hamabostaldian Bizkaiko Golko osoan bost tona antxoa harrapatu dute.

Antxoaren arrantza-aldi tradizionala hasi denean, arrantzaleen bi kolektiboek berriro adierazi dute Hitzarmenaren aurka daudela eta beldur direla lehengo urteetako arazoak eta liskarrak berriro gertatuko ote diren. Azken urteetan, egoera horri "antxoaren gerra" esan izan zaio.

Zer da Arcachongo Hitzarmena?

Arrantzaleen arteko gerra horren jatorrian dago Arcachongo Hitzarmena. Hitzarmena 1992. urtean sinatu zuten Espainiako eta Frantziako gobernuek, Euskal Herriaren Hegoaldeko eta Bizkaiko Golkoaren ertzeko gainerako lekuetako artisau flotaren eta Euskal Herriaren Iparraldeko eta Frantziako estatuko gainerako lekuetako flota pelagikoaren arteko antxoa-harrapaketak erregulatzeko. Itun hori itsasbazterreko arrantzaren sektoreari bizkar emanez egin zuten, eta arrantza-kuotak trukatzea eskatzen du, baldintza batekin: Frantziako estatuko arraste-ontzi pelagikoek ez dezatela antxoarik harrapa martxoaren 20tik maiatzaren 31ra, bitarte horretan egiten baitu antxoaren arrantza-aldia Hego Euskal Herriko itsasbazterreko flotak eta Bizkaiko Golkoaren ertzeko gainerako lekuetakoak. Aipatutako lekuetako arrantzaleek, Hitzarmenaren arabera, Frantziako estatuko arrantzaleei û3.000 tonako kupoa baino ez duteû 9.000 tona eman behar dizkiete antxoa harrapatzeko duten 30.000 tonako kupotik. Espainiako estatuko itsas zabaleko flotak, ordainetan, 2.500 tona legatz, 2.400 tona oilar, 500 tona zapo eta 500 tona krabarroka jasotzen ditu.

Alderdi bakoitzak hitzarmen horren edukiaz egiten duen interpretazioak piztu izan ditu Espainiako eta Frantziako estatuetako floten arteko liskarrak. Frantziako estatuko arrantzaleek argudiatzen dutenez, hitzarmen horrek inplizituki ezartzen du Bizkaiko Golkoko flotak ezin duela antxoarik harrapatu udazkenean. Jarduera hori, ordea, ez dator espresuki debekatua itun horren testuan.

Euskal Herriaren Hegoaldeko eta Bizkaiko Golkoko gainerako lekuetako arrantzaleek gutxieneko lau baldintza planteatu izan dituzte: udaberriko geldialdia errespetatzea, kostatik gertu beita bizia harrapatu ahal izatea, espezie kuotadunak 46Nk-ko paraleloaz hegoaldera sei miliaraino eta iparraldera 12 miliaraino bitartean arrantzatu ahal izatea eta, laugarrenik, arraste pelagikoa debekatzea paralelo horren hegoaldean.

Hitzarmena hausteko eskatzen dute.

Azken urte hauetan, Euskal Herriaren Hegoaldeko eta Bizkaiko Golkoko gainerako lekuetako arrantzaleen arabera, hitzarmena errespetatu ez dutenak beti izan dira Frantziako estatuko arrantzaleak. Arrazoi horregatik eskatu izan diote Bizkaiko Golkoko flotek Espainiako administrazioari hitzarmen hori hausteko. Oraingoz jaso duten erantzun bakarra izan da errebisatu ahalko litzatekeela baldin eta Bizkaiko Golkoko itsasbazterreko arrantzaren sektore guztiak aho batez horrela eskatuko balio. Bada, arrantza sektoreak horixe egin du publikoki azken aste hauetan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan