Arantxa Urbe
Krisian dago mundua. Aldaketa handiak gertatzen ari dira, zalantzarik gabe. Aro Garaikidea agortzen eta mundu berri bat sortzen ari da; beraz, ez gara aldaketa garaian bizi, baizik eta garai aldaketa bizi dugu. Trantsizio horretan, ordea, interes eta eredu desberdinak daude, zenbaitetan kontrajarriak. Esaterako, hainbatentzat globalizazioa kultura, hizkuntza, ideia eta sinesmen bakarra da, uniformetasuna. Aitzitik, beste zenbaitentzat, globalizazioa guztientzako kultura aniztasunaren, errespetuaren, bizikidetzaren, eta jendearen eta herrien eskubideen bermea da.
Aditu batzuen ustez, mundu berri hori ez da hegemonien mundua izango, ezta kontsentsuena ere, dibertsitateen mundua izango da, pluralitateena, desberdintasunena. Horrek guztiak aberastasuna ekarriko du, jende duintasunean, justizian eta maitasunean jatorria duen oinarria eraikitzea lortzen badugu.
Eta testuinguru nahasi horretan hezkuntzan pentsatu behar dugu: zertarako da hezkuntza? Agortzen ari den jendarte eredu bat iraunarazten jarraitu behar dugu edo eredu berri bat zabaltzeko tresna izan behar al du?
Bada plazaratu nahi dugun beste pentsamendu bat. Hezkuntzak ez luke inola ere Eskola Erkidegoa osatzen duten partaideen gauza izan behar soilik. Gure ustean, denbora luzeegian doaz eskola eta jendartea nork bere bidea eginez, maiz topo egiten ez duten bideak, gainera.
Eta horra hor emaitzak: haurrek balio batzuk jasotzen dituzte etxean, eta eskola saiatzen da balio horiek lantzen eta zabaltzen. Baina telebistak hezten ditu, baita teknologia berriek, filmek, eta abestiek jaurtitzen dituzten mezuek ere. Gainera, sarritan heziketa horiek ez doaz ildo berean. Eskolak eta jendarteak adostasunera heldu behar dute kontraesan horiek gainditzeko, eta, batez ere, batek egiten duen lana besteak hain bortizki ez dezan desegin.
Euskal Herrian lehen urratsak ematen ari dira norabide horretan. Hala, Euskal Curriculumean murgilduz, Derrigorrezko Hezkuntza amaitzen duenean 16 urteko euskal gazte batek zein ezagutzen, balioen eta trebetasunen jabe izan behar duen definitzen ahalegindu dira 50 aditu Udalbiltzaren, Sortzen-Ikasbatuaz-en eta Ikastolen Konfederazioaren enkarguz.
Orain hainbat arlotan lanean diharduten eragileen txanda da. Bakoitzak bere esparruan jorratu dituen gaiak eta eskuratu dituen ondorioak partekatzeko garaia da, eztabaida jendarteratze aldera. Horretarako, Udalbiltzak udazkena arteko prozesua zabaldu du, aukera paregabea jendartean ditugun aldarriek eskolan isla izan dezaten, eta behingoz eskolan landuko diren edukiak egunerokotasunez eta errealitatez tindatzeko.
Nazio Garapen Biltzarrak bere ekarpena ere egin nahi du. Seguruenik Euskal Herriko historia luze-laburrean egin den egitasmo antolatu garrantzitsuenak eta sakonenak nazio eraikuntza du bere lan ildoetako bat. Horren barruan Hezkuntza taldea ari da, aspaldiko partez, egiteke dugun Hezkuntza Sistema horren definizioa eta izaera harilkatzen.
Hala ere, ez dugu ahaztu behar zein den horren guztiaren subjektua: euskal haurra.
Gure haurra haur txiki bat da mundu handi honetan: herri txiki batekoa, herri gisa dagozkion eskubideak urratuta dituena; Europako hizkuntza zaharrenetakoa izan arren euskal lurralde gehienean ofizialtasuna ere ez duen hizkuntza da berea; jendarte anitzean eta zatituan bizi dena; informazioaren eta teknologiaren garaira egokitu behar duen Europako azken herri indigenaren partaide. Munduari begira eta zabalik hezi behar dugu gure haurra, dudarik ez. Baina ezaugarri horiek guztiek munduaren ikuskera desberdina emango diote, anitza eta aberatsa.
Errealitatea ikuspuntu kritikotik begiratzen irakatsi behar diogu, batez ere. Errealitate berrietara ikuspuntu kritikoz molda dadin, eta eraldatzeko ahalmena izan dezan.
Aldaketa garaia da, txanpa harrapatzen asmatu behar dugu. Gure esku dago, zor diogu munduari, geure buruari eta euskal haurrari!
Urtzi Urrutikoetxea
Kostata, baina badirudi itzulpenen gurpila abiada apur bat hartzen ari dela. Ipuin antologia bat hemen ingelesez, Finlandiako argitaletxe bat hor, Italian interes apur bat... bada zerbait, oso abiapuntu apala izan arren. Garrantzitsua da, zenbaiten ustez berezko merkatua dugun espainierazkotik -eta honek batzen gaituen galiziera eta katalanezkotik- beste batzuetara jotzea, interes urrunagoa baina aurreiritzi gutxiago eta begirune handiagoa dauden lekuetara.
Zer liburu itzuli beharko genuke? Ika-mikarik sor daiteke, idaztea ez baina argitaratzea ego handiko kontua baita. Eta sortu ere sortuko da, haserre eta eztabaidara hain emana daukagun herrian -barka, herria desagertu da, orain dena da gizartea edo are jendartea-. Batzuek igarri dute birkokatzea, nora zer itzuli erabaki edo gutxienean eragina izan dezaketenenganako hurbiltzea.
Esportagarria deitu zion Aingeru Epaltzak lehengo batean Berrian Rock & Roll eleberriari, finlandieraz argitaratzekoa omen dena. Horraino, erabat ados. Eleberria ona baita, euskaraz legez erdaraz ere irakurtzea merezi duena. Zorionez kalitatezko libururik ere badaukagunez, beste edozein irizpideren aurretik jarri beharko dugu: itzultzeko liburua ONA izan dadila. Bestelako argudioak ere bazerabiltzan Epaltzak horratik: "Uste dut, nolanahi ere, nire liburuen artean ezaugarri etniko gutxien duen liburua dela hau. Europako hiri ertain batean gertatzen da dena, eta nire libururik esportagarriena dela iruditzen zait".
Zer da esportagarria? Barkatuko didazue, baina jatorriz gaelikoz, wolofez edo letonieraz idazten duen liburu bat hartzen badut, istorio irlandar, afrikar edo baltikoa espero izan ohi dut. Nire errua izango da liburuari aurreposizio batetik heltzen diodalako, baina zer nahi duzue esatea, ez da hizkuntza kontu hutsa. Antilletako edo Latin Amerikako idazleei ere giro bat eskatu ohi diegu, espainieraz, frantsesez edo portugesez idatzi. Eta euskal idazle bat irakurtzen duen erdaldunak antzeko jarrera daukan susmoa daukat.
Idazle euskalduna zerbaitera behartzen du errealitate horrek? Ez noski, bakoitzak nahi duena idazteko askatasun osoa dauka. Baina irizpide esportagarriez ari bagara, kanpoan, ezagutzen ez gaituzten lekuan zer eraman dezakegun eztabaidatzen ari gara. Eta daukaguna eta espero dutena uztartu behar ditugu hor. Euskarazko liburura hurbiltzen den finlandiarrak edo alemanak "euskal" istorio bat nahi duelakoan nago. Ez dakit zehatz-mehatz zerk egiten duen liburua "euskal". Euskal literatura euskaraz egindakoa izango da, baina hori itzultzen delarik zein berezitasun dauka, demagun alemanez, itzulitako beste edozein libururekiko? Ez da geografia kontua. Zer den argi ez daukadan "euskal" hori beharrezko du esportagarritzat jotzen dugun euskarazko liburuak. Batez ere, hala esportatuko dugulako, "euskal" etiketarekin.
Ismail Kadareren liburu bat heltzen diodalarik, badakit Albaniako istorioren bat ekarriko didala, hango antigoaleko sistema komunista edo gerra garaiko partisanoak, Erdi Aroko borrokak edo klanen arteko "kanun"a. Hain justu ere Piramidea eleberria izan zen heltzen gehien kostatu zitzaidana, behin autorea ezagutu arte irakurri ez nuena. Stalinismoaren alegoria izango da Egiptoko enperadorearen istorioa, baina egilea ahaztuz albaniar idazle baten eleberrira hurbilduz gero ez dut faraoien istoriorik espero.
Ez dago formula magikorik liburuak arrakasta izan dezan. Inoiz pentsatu izan dut kontraesanean ere egon daitekeela euskarazko publikoarentzat ala euskara ez dakienarentzat idatzitako testua. Euskal Herriko erdaldunentzat izan arren. Gure buruarekiko hiperkritikoak garelako agian -eta gauza positiboa dela uste dut-, zaila zaigu geure burua aurkeztea. Auzokide edo senide ditugun erdaldunek egiten dutenean ere deseroso sentitzen gara.
Lehengoan aipatzen genuen kanpotarrei bitxia egiten zaiela inor etxean sartzeari diogun beldurra, lotsa edo dena delakoa. Bisitariak hemendik hara abegikor daramatzagu, beti gonbidatuz ezer ordaintzen utzi gabe, baina etxera eramatea beste kontu bat da. Ez nion ordura arte erreparatu baina hala dela uste dut, gurea den zerbait bortxatzen ariko balira bezala ikusten dugula. Eta konturatu gara bortxatu beharra dagoela, etxea erakutsi behar dugula, baina zer erakutsi? Dagoen bezala, altzari garesti eta merkeekin? Bere horretan, ezer txukundu barik? Ala etxeko luxuzko piezak bakarrik?
Itxaro Borda
Datorren maiatzaren 29an Europako Itun konstituzionalaren alde edo aurka bozkaturen da. Jadanik etxeetako sukaldeak urratzear daude baiaren kontrakoek ezaren aldekoak konbentzitu beharrean higatzen direlarik. Bazkari zein afariak ahalik baketsuen iragatearren hobe da naski Niko Etxarten edo Bruce Springsteenen KD berriak aipatzea -udaberri zailak gure moltsentzat!
Ikusi dugu ez hain aspaldi, Chirac Frantziako presidente parpaila telebistan ardi beltzen aurka dena larderia eta mehatxu: ez al daki hark artalde guztien orekaren onerako ardi beltzaren presentzia premiazkoa dela? Funtsean ez daki gauza askorik, salbu aitzinean dituenak ez dituela ulertzen errepikatzen. Baina egia da beste aldetik, lehendakaria ez dela hor jende xeheen izuen entelegatzeko baizik eta aberatsenen interesak fermuki zaintzeko.
Frantzian Raffar-indarren barne-politikaren egoera larriak manatzen omen du bozemaileen iritziaren nabardura, eta ez da santa sekula santan horrela egin behar, batez ere jende gehienak oinarrian Europa zaleak direnean. Menturaz hirugarrenekoz, gobernua gaztigatuko da maiatzaren 29an, eta gure zaharrek lerraketen bezala: untsa mehexi!
Bixente Serrano Izko
Hain argazki finkoa atera da EAEko hauteskundeetatik, non lurrikara bat egon delako sentsazioa jaso baitute analista batzuek. Gauzak norabide jakin batean mugitzen zirela -geldo baina mugitu beti ere- uste zuten/genuen guztiek, baina bat batean lurrikarak geldiarazi duela mobiola eta atzera egin, 1998an muntaturiko eszenatokira. Nahiz eta inork ez dion uko egin nahi norbera aurrera mugitu delako usteari: zenbaitek, bistan dena, lau urte dela galduriko postu batzuk berreskuratu dituztelako; bertze zenbait joan ez direlakoan uste bezain atzera; bertze batzuk, azkenik, espainiar aginte makiavelikoek prestatu zizkietelakoan martxa oztopa ziezaieketen lehiakide bakarrak.
Sorpresaz sorpresa eta zezenak pasatuta -zintzo aitortu behar dut ez nuela espero EHAK-k bederatzi akta horiek ateratzea-, esplikagarriak dira PSEren nola EHAKren lorpenak, EBren mantentzea eta Aralarren estreinaldia oztopatu ez badituzte ere. Eta esplikagarria da PPren atzerakada, uste bezain handia ez izan arren. Benetako sorpresa EAJ-EArena dut, gogoan hartzen badugu Ibarretxe izan dela azkeneko urteetan bizitza politikoa dinamizatu egin duena bere plana besapean.
Auskalo zergatik ez dion horri etekin handiagorik atera. Agian gehienek, serio hitz egin dutenean, aipatu duten arrazoi horrengatik, hau da, 2001eko hil ala biziko kanpaina hartaz ahaztu nahi izan duelako PSE/PSOEk. Eraginik izanen du horrek ere, dudarik ez. Baina badaude bertze eragile batzuk. Kanpaina laua, apala, egin omen dute guztiek, EAJ-EA barne. Ulergarria da PSEren kasuan, PPtik aldendu behar zuenez. Baina zergatik EAJ-EA? Ez ote zuten besapean izar distiranta hori, EAEri -eta, zeharka, Hego Euskal Herriari- bide berriak irekiko zizkiona, "Madrilek" nahi ala ez? Halere, ez ziren apenas amu horretaz baliatu kanpainan, bereziki bigarren txanpan. Ematen du propio alboratu zutela gaia. EAJren barneko kontuengatik? Bego horretan.
Badago bertze kontu bat, kanpainan bertan bereziki desegokia iruditu zitzaidana eta agian kostu bat ekarri ziona Ibarretxeren koalizioari, bai eta horren antzera ibili ziren aukera ezkertiarrei ere: EHAKren "legalizazioaren" aurrean ehundu zituzten argumentuez ari naiz. Askoz pisu handiagoa eman zieten PSOEren kalkulu politikoei kritika zuzenei baino, Aukera Guztiak edo Batasuna legez kanporatzeagatik. Itsu batek ere ikus zitzakeen PSOEren kalkulu politikoak EHAKren inguruan. Baina kalkulu erratuak egin behar dira, ikuspegi demokratiko batetik, areago kanpaina batean, Alderdi Legearen bidegabekeriari baino PSOEren aritmetikari ozenago kritikatzeko. Euren indarrarengatik edo euren sen demokratiko sakonarengatik, eta hain zuzen ere beraiek legez kanporaketen biktima zuzenak ez direlako, eskubide demokratikoen aldeko lider garbienak agertu behar luketen horiek argumentu errarietan ibili ziren ordea, inpresio iluna emanez: gusturago ibiliko ziratekeela, EHAK ere legez kanpo gelditu izan balitz. Boto-galerarik ekarri al zien horrek? Ez dago jakiterik. Baina bai ekarri diela kalterik haien irudi demokratikoari. Aukera izanen dute, atera den eszenatokian, irudi garbiago bat berrerosteko.
Lurrikararen ondoren, Euskal Herria jardun-eremutzat jotzen dutenak pentsatzen hasi ei dira ekialdeko foru-ortuaren irudia berriz mugitzen jartzeaz. Bai Nafarroa Bai, bai ezker abertzale ortodoxoa. Batzuk koalizioari eutsi eta zabaltzeko asmoz, bertzea Nafarroa euskal gatazkaren gakoa delakoan. Ez dakit gakoa hori den, baina bai izan beharko lukeela, behintzat, alderdi horien norgehiagokaz ahazteko eszenatokia, nafar euskaltzale eta aurrerakoi gehienak erakarriko badituzte: akordioak lortu izanagatik baldin bada, ba, horrexegatik; hori ezean, batzuek eta bertzeek ikasi dutelako beraiek izaten Nafarroak behar dituen balio demokratikoen aldekorik sakon, sutsu eta argitsuenak.