Aste erabakigarria Eusko Legebiltzarrean
Aste erabakigarria izango da aste honetakoa. Erabakigarritasuna Eusko Legebiltzarraren Mahaiaren osaketari lotua badago ere, azken bi asteetan eta aste honetan bertan izaten ari diren era guztietako bilera politikoen emaitzen lehen zantzu bat ikusiko da. Juan Mari Atutxaren hautagaitzaren aldeko hautu argia egiten ari da EAJ, baina dagoeneko Izaronews-ek oihartzun handia izan duen filtrazioa jaurti du: Idoia Zerrarruzabeitia lehendakariordea da ezkutuko hautagai errealista. Laster ikusiko da Izaronews-en iturrien fidagarritasuna. Bitartean, Espainia aldean ere gero eta gehiago ari dira irensten Zapaterok zerbait serioa duela eskuartean. Elkarrizketa prozesu sakonaren ideia sustraitua da jada aste gutxitan, baita berau geldoa eta luzea izango dela. Baina, aldi berean, sendo sustraitzen ari da alde desberdinek keinu zehatzekin agertu behar dituztela beren jarrerak. Herritarrak, bitartean, zain dira. Arauak finkatzeko garaia omen da, baina eduki kontuak ere ari dira iradokitzen apurka, hori bai, oraingoz beste garai batzuetan baino indar askoz gutxiagorekin.
Frantzian baiezkoak aurrera egin du, baina Chirac larri dago
Europako Konstituzio-Itunaren aldekoen kopuruak goraka jarraitzen du Estatuaren baietzaren aldeko eraso mediatikoaren ondoren eta oraindik ere ezezkoa nagusi bada, inkesta batzuen arabera dagoeneko lau puntuko tartea besterik ez du. Herritar oso multzo handi batek, dena den, oraindik ez du bere botoa erabaki. Lehia estua aurreikusten da, beraz, maiatzaren 29rako. Frantziako lehendakaritzan hamar urte bete berri duen honetan, Jacques Chirac arnas apur bat hartzen ari da egunotan. Erreferendum honek Chirac-ekiko plebizito kutsua ere badu eta ikusi beharko da emaitzak zein neurritan eragiten dion 2007ko lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkez dadin. Ikusteke dago oraindik eskuinaren hautagaia Chirac bera izango den edo UPMko lehendakari Nicolas Sarkozy bera. François Hollande PSko idazkari nagusiak aitortu izan duenez, Sarkozy-ri irabaztea errazagoa litzateke honek Chiracek berak baino «askoz irudi eskuindarragoa duelako, liberalagoa eta amerikarragoa». Edozein eratan, eta beste goi mailako agintari askorekin gertatzen den bezala, Chiracek Frantziako justiziarekin dituen hainbat gai ere erabakigarriak izan daitezke lehendakaritzara berriz aurkezteko ala ez. Bere alderdia zen RPRren legez kanpoko finantzazio kontuak eta Parisko alkate izan zen garaiko gai ilunak daude epaitegietan eta Frantziako lehendakaritzak ematen dion inmunitatea galtzen duenean arazo handi samarrak izan ditzake epaileen aurrean.
Rajoy eta Espainiaren batasuna ez dira nahiko Zapateroren aurka
Alderdi Popularra ontzat jotzen ari omen da Mariano Rajoy buruzagiak Zapatero presidentea astintzeko erabiltzen ari den estrategia eta gunea: Legebiltzarreko eztabaidak erabiltzen ditu eta egurra astintzeko Kataluniako finantzazioa eta Euskal Herriko elkarrizketa prozesua: Espainiaren lurraldetasun sakratua funtsean. Popular askorentzat, aldiz, hori bakarrik ez bide da nahikoa izango eta egurra banatzeko beste gai batzuk beharko baditu ere, garrantzitsutzat jotzen ei dute Gobernuaren balio eskasa eta ahalmen urria azpimarratzea. COPEko tertulietan Espainiako Gobernuko ministroei buruz nola hitz egiten duten entzunda ûleloak, kokoloak, ezjakinak, lotsagabeak...û bide hori gero eta indartsuago erabiliko direla aurreikusten da.
Orotariko Euskal Hiztegia amaitu dute
16 liburuki ditu Orotariko Euskal Hiztegiak eta azkenekoa oraintsu bukatu dute. 125.987 sarrera ditu hiztegi osoak eta bakoitzak eduki hauek jaso ditu: esanahia frantsesez, gaztelaniaz edo bietara, aurreko hiztegigileek horri buruz bildutakoak eta literatur tradizioko adibideak. Bide luzea, oso luzea egin du hiztegiak. Koldo Mitxelena Resurreccion Maria Azkueren edizio agortuari jarraipena ematekotan hasi zen, baina beste molde bateko lana atera zitzaion. Mitxelenak ez zuen bukatu lana, ezta gutxiagorik ere. 1987az geroztik Ibon Sarasolak hartu zuen ardura eta lehen liburukia argitaratu zenetik ia 18 urte igarota bukatu dute Orotariko Euskal Hiztegia.
Gaelikoz idatzitako bide seinaleak eta turista galduak
Irlandako gobernuak legea aldatzea erabaki du eta hemendik aurrera bide seinaleak bertako hizkuntzan baino ez dira egongo. Gaelikoa hitz egiten duten Irlandako zonetan jada jarri dituzte seinale berriak eta www.telegraph.co.uk/news-ek (Daily Telegraph-en web gunea) dioenez, turismo sektorean hautsak harrotu ditu legeak: turistek gaelikoz idatzitako seinaleak ez omen dituzte ulertzen eta galdu egiten omen dira. Jasotako iritzien arabera, bertakoa den Seamus Sullivanen ustez, ingelesez eta gaelikoz beharko lukete seinaleek, lehen bezala; bertakoek bideak ezagutzen omen dituzte. Edinburgoko Rachel Hendry turista gazteari berriz, ez dio axola gaelikoz baino ez egotea seinaleak; galduz gero bidaia interesgarriagoa delako.
Euskararen Eguna Bidankozen
Maiatzaren 28an Euskararen Eguna ospatuko dute bidankoztarrek. Nafarroako Erronkaribarreko herri txiki honetan, goizeko 11:00etan hasiko dira ekitaldiak eta hurrengo goizaldera arte ez dira amaituko Kebenko euskara elkarteak antolatutako ekitaldiak.
EBPN garatzeko diru-laguntzak onartu dira
Eusko Jaurlaritzak tokian tokiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeentzako diru-laguntzen agindua onartu du. 2005eko planetarako 1,6 milioi euro izango dira.
Juan Lekuona jesuita hil da
60ko eta 70eko hamarkadetan euskal irratigintzaren sustatzaile garrantzitsuenetakoa izandako Juan Lekuona Urrutia tolosarra apirilaren 29an hil zen. Lekuona Loiolako Herri Irratiko zuzendaria izan zen zortzi urtez 1962 eta 1970. urte bitartean.
Daniel Udalaitz
Munduko zazpi estatu aberatsenek edo influentzia handiena dutenek osatzen dute Zazpiko Taldea edo G7; zehazkiago esanda, beren ekonomiako eta ogasuneko ministroek edo antzekoek (Erresuma Batuko Exchequer Kantzilerrak eta Amerikako Estatu Batuetako Altxorreko Idazkariak). Berauek nazioarteko ekonomiaren emergentziazko egoeretan biltzen dira. Hastapenean, G5 taldea zen, ezen bost estatu soilik ziren kide: Amerikako Estatu Batuak, Japonia, Alemaniako Errepublika Federala, Frantzia eta Erresuma Batua. 1987. urtean, Italia eta Kanada sartu ziren, eta orduan eratu zen G7 taldea. Hartu izan dituzten erabakietako batzuen adibide gisa, hauexek zerrendatuko ditugu:
- 1985ean, Plazaren Akordioa izenpetu zuten, eta haren bitartez bizkortu zuten dolarraren jaitsiera, marko alemanaren eta yenaren aurrean, Amerikako Estatu Batuetako balantzako defizita galgatzeko.
- 1987an, Louvreko Akordioa etorri zen: orduko hartan, dolarra aski beheratua zela iritzi zioten, eta haren kotizazioari eusteko konpromisoa hartu zuten.
Zazpi handiek konferentziak edo bilerak egiten dituzte urtero, eta haietara Zazpiko Taldea (G7), Europako Batzordea eta Europako Batasuneko Ministroen Kontseiluan lehendakaritza daukan estatua bertaratzen dira.
Lozenzo Contreras Espainiako kazetari eskuindarrak iturri onak ditu segurtasun indarren artean eta berak argi dauka Espainiako Gobernua nolabaiteko prozesuren bat bideratzen ari dela. La Estrella digital-en idatzitako artikuluaren azken paragrafoa da honakoa: «ETAk dagoeneko bi urte darama hil gabe eta horrek duen esanahia azpimarratu behar da. Ezin duelako ez duela hiltzen esateak ez du balio. Hiltzeko adina indar du, soberan gainera. Frantzian ûeta aipatu ez diren beste leku batzuetanû lapurtutako leherkariez hornitzen ari da. Edozein unetan itzuli daiteke bere jarduerara. Ahuldade gorrian egon arren, oraindik ere ETAk badaki hiltzea erraza dela. Bahiketetarako azpiegitura falta zaio agian, baina pistolak, pistoleroak, informatzaileak eta leherkariak ez (...) Orain arte Zapaterok bere alde izan du hileta mota batzuk zuzentzen aritu behar ez izatea».