Jakoba Errekondo
Erotuta nabil, lagun batek esaten didan eran: zoraute!, landaretzaren aro berriarekin. Sagarrondoak loratu eta fagoak hostoz janzten ari direnean orain dela hilabete edo aipatzen nuen leherketa bere gorenean da. Loratze eta janzteak onenean eta zertaz idatziko dizudan erabaki ezinik, hautatu ezinik...
Gorosti arren loratze harroa, sagarrondoen lore arrosen paisaia, intxaurrondoen lore ar zintzilikarioak, sasi-arkaziak zuri direnekoaren usain eztiegia, zartagineko osin-kimuen doinua, irasagartzarrak emango dituen lore xaloa, atzaparra adinako peoniaren loreak, palmondo eta zitrikoetako neguaren orbainak, pinuen puja malgua, orburu buru finak eta zainzurien zain delikatuak, patata berrien larruazalaren zaporea, ganaduaren pasmobelar tapizak... Zerrendaren betelanarekin aspertu gabe hona ba:
Aziendaren pasmobelarra, Ajuga reptans, bere onenean da. Belardi argietan bizi da eta belarra hazi eta lurra itzalpean hartu aurretik loratu eta hazten da. Hamar-hamabost bat zentimetroko lore multzo ubelak ederki bereizten dira, zut. Herrestaria da pasmobelar hau eta lorea eman ordurako herrestadarrak hedatzen ditu gero eta sail handiagoak hartuz. Bera bizi den belardietan erraza da urtetik urtera landarearen hedatzeaz eta lore koadrilaren zabaltzeaz jabetzea. Sendabelar gisa, geuk pasmobelar arrunta ûAnagallis arvensisû hartzen dugun bezalaxe ganaduari eta abereei ematen zaie infekzioei aurre egin eta haiek eragindako zorne eta pasmoak botatzeko. Aziendarik baldin baduzu loretan dagoela bildu behar da eta toki lehor batean jaso, premia sortzen denean adar batzuk uretan egosi eta infusioa erabiltzeko.
Indarra sobera eta juizioa eskas izaten duen lagun batek baino gehiagok bortitzagoa eta beraz arriskutsuagoa den ganaduaren hau harro hartzen du... bakoitzak berea.
Jabier Agirre
Hori dio behintzat The Lancet medikuntza aldizkariko britainiar ospetsuak otsaileko ale batean, bai alkoholak eta baita tabakoak ere heriotza eta gaixotasun-kopuru bertsuak eragiten baitituzte. Nazioarteko ikertzaileek mugatu dutenez, mundu osoko gaitzen %4 alkoholak eragiten omen ditu, eta tabakoak hamarren batean besterik ez du gainditzen zifra hori (%4,1 alegia).
Zehazkiago esateko, zientzialariek 60 gaitz baino gehiago identifikatu dituzte eta horien garapenean alkoholak funtsezko zeregina duela frogatu dute. Gaitz horien artean daude ahoko, gibeleko eta bularreko minbiziak, garuneko odoljarioak, bihotzekoak eta zirrosiak. Alkohola hor dago, zoritxarrez, errepideko istripu askotan, eta baita erorketa, itotzeak eragindako heriotza eta homizidioetan ere ûbortxa edo indarrarekin zerikusia duten heriotzen %26 alkohol-kontsumoarekin zuzenean lotzen dituzte ikertzaileekû. Konklusio horietara iritsi dira hainbat unibertsitatetan aldi berean egindako nazioarteko ikerketan parte hartu duten adituak.
Horregatik, Suediako Stockholm-eko unibertsitatean irakasle den Robin Room doktoreak kritika gogorrak bota zizkien gobernuei, ez dituztelako kontuan hartzen alkoholaren efektu potentzialak tabernak irekitzeko orduak ezartzeko unean, edota produktu horri jartzen zaizkion zergak erabakitzeko tenorean.
Ikertzailearen kritikarik latzenak Britainia Handiko gobernuaren kontrakoak izan ziren, herrialde horietako agintariak bertako pub eta tabernak eguneko 24 orduetan irekitzeko baimena eztabaidatzen ari omen baitira, eta "industriaren interesak, hezkuntza eta osasun-sentsibilizazio kanpainen gainetik nagusitzea" deitoratu zuen.
Hala ere, ikerketa horretan ez da dena kritika negatiboa. Beste muturreraino etorriz ia, neurriz edateak, eta batez ere graduazio ez oso altuko edariak (ardoa, esaterako) onurak ekartzen omen ditu gantz edo koipeetan, eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitu egiten omen du.
Baina neurriz edatea esan dut, irakurle maitea, neurriz edatea.
Joxerra Aizpurua
Hatzen luzera erasokortasunaren ispilu
Gizonengan eraztun-hatzaren eta erakuslearen arteko erlazioak gizonaren erasokortasun-maila neurtu dezake. Efektu hau ez omen da emakumeengan gertatzen.
Albertako Unibertsitateko Peter Husd psikologoak zuzendutako ekipoak garatu du hatzen luzeran oinarritutako ikerketa.
Orain mende bat ezagutzen da gizon eta emakumeengan desberdintasunak daudela lehen aipatutako bi hatzen arteko erlazioan. Azken urteotan ere, ikertzaileek umekiengan hatzen luzera eta jasandako testosteronaren eragina erlazionatu dute. Horrela, zenbat eta testosteronaren eragin handiagoa izan, gero eta desberdintasun handiagoa izaten da bi hatzen artean. Beraz, mutikoaren erakusle hatza zenbat eta motzagoa izan eraztun-hatzarekiko, ziurren erasokortasunerako joera nabarmena izango du bizitzan.
Ikerketa hau 300 ikasleren eskuak aztertuz egin da eta agerian geratu da erasokortasun fisikoa dela nabaritzen dena eta ez hitzezko erasokortasuna.
Une honetan hockey jokalarien hatzak aztertzen ari dira izan dituzten penalizazio-denborarekin alderatuz.
Hala ere, lortutako emaitzak ezin dira absolututzat hartu, zeren eta hatzen tamainak nortasunean gertatzen diren aldaketen ehuneko bosta baino ez baitu azaltzen eta beraz, astakeria galanta litzateke hatzen tamainagatik pertsonak diskriminatzen hastea.
Hortaz, joera partzial baten aurrean baino ez gaudela azpimarratu nahi dute ikerlariek.
Titanen hidrokarburoak ere badaude
Cassini zundak informazio-iturri izaten segitzen du. Joan den apirilaren 16an Cassini Saturnoko ilargi nagusia den Titanetik mila kilometro ingurura kokatu zen eta egindako neurketen artean masa espektrometro batek hainbat hidrokarburo detektatu zituen Titanen atmosferan.
Topatutako hidrokarburoen egitura oso konplexua da, adibidez, batzuk zazpi karbonoko atomoz osaturik daude. Hidrokarburo hauek Titanen kanpoko atmosferan detektatu dira eta esan beharra dago atmosfera horren ehuneko 98 nitrogenoa dela. Bestalde, aurretik ezaguna bazen ere, metanoaren presentzia (% 1,8 inguru) baieztatu da Cassiniren azken hegaldietan.
Hidrokarburoak detektatu ondoren ikerlariek jakin nahi dutena zera da: nondik datoz aipatu hidrokarburoak? zein gorabehera dituzte? Titaneko lurrazalean kantitate handitan al daude?
Ikusten denez, nahikotxo galdera dago oraindik erantzuteko; beraz, Cassiniren zeregina oraindik luzarokoa izango da.