Katixa Garate
SGAEren datuak eta pirateria
SGAEk 2004an %9,4 gehiago bildu du egile eskubideetan EAEn. Guztira, 19 milioi euro, 2003an baino 1,6 milioi euro gehiago. Elkarteko arduradunek diotenez, euskarri digitalen kopia pribatuen egile-eskubideei űkanonariű zor zaie igoera, nagusiki. Egile eskubideak sektoreka honela bilakatu ziren iaz: musika klasikoko kontzertuak direla-eta %10,7 hazi ziren, musika modernokoak %0,2, eta antzerkiko egile eskubideak %4,3 murriztu ziren. Jaitsierarik handiena jatorrizko diskoen salmentak izan du (%7,3 ) pirateriak eta Internetek eraginda, SGAEko arduradunen aburuz. Halaber, gehitu dute EAE dela Internetetik legez kanpo kantu gehien jaisten dituen erkidegoa eta ordenagailu erabiltzaile kopuru handiena duena. Erakundeak jakinarazi duenez, EAEn egindako polizia operazioetan, legez kanpoko 64.515 disko eta DVD konfiskatu ziren 2004an, 2003ko kopuruaren bikoitza.
Udaberriko bertso saioak
Maiatzeko larunbat guztietan bertso saioak izango dira Bilboko Santutxu auzoko Karmelo plazan, XXI. Udaberriko Bertso Saioak ekimenaren baitan. Aurreko urteetan aretoetan egin izan dira saioak, baina iaz Santutxun egin ziren eta arrakastatsuak izan zirenez, bertan egingo dira aurten ere. Maiatzaren 7an Andoni Egańak, Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok eta Sebastian Lizasok kantatuko dute. 14an Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Unai Iturriagaren txanda izango da. 21ean Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Oihana Bartra izango dira taula gainean. Amaitzeko, dantza, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen Xukan taldeak Iturrian zer dago? ikuskizuna eskainiko du. Eguerdiko 13:00etan hasiko dira saio guztiak.
Pailazo eta clown jaialdia
Arrigorriaga herria pailazo, clown eta zirkuko artisten bilgune bilakatuko da datorren asteburuan. Izan ere, Nazioarteko X. Clown eta Pailazoen Jaialdia ospatuko da, maiatzaren 6tik 8ra. Ikuskizun gehienak kalean eskainiko dituzte, baina bakan batzuk areto barruan izango dira. Besteak beste, Pirritx eta Porrotx, Xabi Larrea & Kapikua zirkua, Malaje Sólo (Andaluzia) eta Johnny Melville (Eskozia) talde nahiz bakarlariek aurkeztuko dute euren lana. Halaber, clown ikastaroak izango dira haur (maiatzak 4-6) eta helduentzako (maiatzak 6-8). Horrez gain, erakusketa paratuko dute Bilbon pailazoak eta zirkua goiburu hartuta.
Komikia ere bai Artiumen
Kultura garaikidean komikiak izandako garrantzia nabarmendu nahi izan du Gasteizko Artium museoak. Horrexegatik, komikia museoaren egitarauan barneratuko du hemendik aurrera. Hasteko, komikiaren gaineko berrogeita hamar teoria liburu eta istorio liburu erosi dituzte museoko liburutegirako. Eta aurrerantzean, komikia ardatz duten tailerrak, mintegiak, erakusketak eta konferentziak antolatuko dituzte.
* * * * * * * * * * * * * * *
EKEren webgunea berritu dute, erabilgarriagoa izan dadin. www.eke.org gunean lau hizkuntzatan irakur daiteke. Ataria euskal kultura bizi baten erakusleiho izatea dute jomuga eta, hartara, parte-hartzea sustatuko dute. Albiste eta agenda ataletan informazio eguneratua topatuko du bisitariak, eta nahi izanez gero, ekitaldiak iragarri ahal izango ditu agendan. Zazpi atal finko ditu guneak: Euskal Herria, Euskara, Kultura, Ondarea, Kultura eragileak eta Euskal Kultur Erakundea. Euskal Kultur Erakundeak adierazi duenez, Ipar Euskal Herriko kulturak lehentasuna izango du orrialdean, baina Hegoaldekoari ere leku egingo diote.
Donostia Dantzan. Erromeriak gainbeheran dauden honetan, festa hori berreskuratzeko saiakera andana abiatu da azken urteetan. Donostian ere erromeria egingo dute maiatzaren 15ean, Donostiako Konstituzio enparantzan, Bagera elkartea eta Udal Txistularien Bandaren ekimenez. Haur, gazte nahiz helduei egin diete bertaratzeko deia. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera hasiko da eromeria. Dantzan ez dakienak bost dantza taldetako kideak izango ditu laguntzeko prest.
Katixa Garate
Helena Taberna zinemagile nafarrak hirugarren pelikula luzea filmatuko du udazkenean: El Árbol. Txilen eta Moskun errodatuko du fikzioa eta dokumentala uztartzen dituen lana. Pinocheten diktaduran tortura eta errepresio politikoak jasandako familia baten istorioa kontatuko du filmak.
Joxan Goikoetxea soinujoleak urte mordoa darama musikaren munduan. Azken 25 urteetako lana bildu du orain 25 DVD-ROMean. 300dik gora abesti bildu ditu mp3 formatuan. Besteak beste, Alboka taldekoak nahiz Zarama eta Suso Saizekin egindako kolaborazioak.
Zenbat Garak Amama Pantxikaren altxor ezkutua haur ikuskizun musikala estreinatu du. Hamahiru haur ageri dira eszenatokian, txotxongiloak lagun dituztela. Artista andanak parte hartu du proiektuan, besteak beste, Rafa Ruedak eta eta Marko Armspachek.
Asier Zabaleta dantzari eta koreografoak Kanariar Uharteetako Nazioareko Dantza Garaikideko lehen saria eskuratu du Ego piezarekin, bakarkako lanen atalean.
Juncal Ballestínek (Gasteiz, 1953) erakusketa jarri du Gasteizko Trayecto galerian. 1993tik bakarkako erakusketarik egin gabea zen Ballestín. Maiatzaren 27a arte, bere margolan, bideo eta objektuak ikusi ahal izango dira.
Jon Kortazar idazle, irakasle eta kritikariak Baskische Literatur (Tranvia) liburua plazaratu du, euskal literatura aleman hiztunei ezagutarazi aldera. Kortazarren hamabi artikulu biltzen ditu argitalpenak.
Honela erantzun zion Zaloa Urainek Entzunen «Rock mundua matxista da?» galderari: «Tristea bada ere, halaxe da. Oraindik ere nik neuk behintzat erantzun behar izan ditut kazetari batzuen galdera inozoak neska abeslaria izateari buruz. Edota irakurri ere irakurri behar izan dut neure fisikoari buruzko detailerik (idazlearen ikuspuntutik noski) kritika musikal batean».
Oier Araolazak hitzok idatzi zituen Dantzing blogean: «Nire ustez emakumeak euskal dantzetan berdintasunean parte hartzeko jarri zaion traba handienetako bat hilandera jantzia asmatzea izan da. Izan ere, ordurarte dantzariak bakarrik zeuden. Noski, gizonezkoak ziren dantzari horiek. Emakumeei dantzan hasteko jantzi eta errepertorio propioa sortu-egokitu zitzaien. Ondorioz, ordurarte ez zegoen bereizketa sortu zen: gizonezkoen jantziak, emakumeen jantzia; gizonezkoen dantzak, emakumeen dantzak. Eta horrekin batera dantza egiteko modu maskulino bat eta modu femenino bat garatu da».
Mirari Garcia de Cortazar Garan: «Tristea da, gero, euskaldun peto-petoek euskaraz ezin irakurria. Baina are korapilatsuagoa da gaia, non eta hainbat hiztegik literatura hartu izan duten oinarri. Hortaz, zer zen lehenago: hiztegia ala testua? Idazleak derrigor behar du hiztegia eta hiztegigileek, berriz, oso aintzat hartu izan dute literatura».