artikulu nagusira itzuli
Vicent Pitarch (Institut d'Estudis Catalans-eko kidea): «Valentziako mugen barruan mantentzen bada katalanak ez du etorkizunik»
Pitarch valentziarra da eta 1985. urteaz geroztik Institut dĆEstudis Catalans-eko kidea da, katalanaren akademiakoa, alegia. Hilero biltzen dira Bartzelonan Herrialde Katalanetatik joandako akademiko guztiak. Valentziatik «igo» zen egun hartan harrapatu genuen Pitarch. Valentzian valentzierak edo katalanak edo dena delakoak PPren esku duen panoramaz aritu zaigu. Hizkuntzaren batasuna behin eta berriz ukatuko dutela dio, batasunak «indarra ematen baitu».
Katalunian ikasi duen euskaldun batek esandakoa da hau: "Valentzian ikasi duten ezagunetatik inork ez du katalana ikasi".
Bizi-bizi dugun arazoetako bat inmigrazio berria da. Ni nabilen unibertsitatean eta institutuetan harrera programak egiten ditugu. Erantzuna beti bera da: "Zergatik hitz egin behar dugu katalanez, gaztelaniarekin abiatuko bagara lan bila?". Katalana eta Valentziako lan merkatua ez datoz bat. Zergatik? Saltsa kontrolatzen dutenek, ez politikoek bakarrik, baita indar ekonomikoek ere, ez dutelako inolako interesik gai honekiko, egoera kronikoa da. Katalunian ez da hori gertatzen. Hemen (Katalunian) lan merkatuan sartzeko katalanaren beharra dago eta han ez.
1992an Toni Mollák eta zuk Valentziako Hizkuntza Politikarako oinarri batzuk zehaztu zenituzten. Hizkuntzaren egoeraren diagnosia egin zenuten eta guk hainbat sintoma azpimarratu ditugu. Bata familiako transmisioan etena egotea da.
Eten hori mantendu egin da eta badirudi handitu dela gainera. 1992an sozialistak goitik behera zetozen eta PP gora. Nahi ala ez nahi horrek beherako joera dakar. Alacanteko Unibertsitatean, kongresu batean, hezkuntza zentroetan katalanaren egoera aztertu zuten. Hor baieztatu zen transmisioa behera egiten ari dela eta ondorioz, bizindar gutxiago dagoela. Eta era berean, gaitasun teknikoa igo da, nahiz eta ez den erabiltzen. PPko jendearentzat katalana traba da. Alabaina, hezkuntzaren alorrean badago fenomeno oso garrantzitsua. Hainbeste egin zen katalanaren balore sinbolikoa indartzeko ezen orain menderaezina dela baita PPrentzat ere. Inolako alorretan ez dute ezer ukitu, baina hezkuntza pribatuan, adibidez mojetan, urtero daude katalanezko gero eta ikasgai gehiago. Egia da baita ere, inkestetan agertzen denez, ikasleek badakite irakurtzen, idazten... baina ez dute hitz egiten.
Hezkuntzaz gain beste alorretan ere hori gertatzen da?
Bai, orokorra da.
Katalana landa lurretan erabiltzen zela baieztatu zenuten 1992an.
Bai, bai. Horrela mantentzen da, nabarmen. Gizartea zenbat eta landatarragoa orduan eta bizitasun handiagoa du katalanak. Espainola hizkuntza neutroa da. Ezagutzen ez duzunari espainolez egingo diozu. Arrazoia sinplea da, ez zaude prest "Zer esan duzu?" galdera entzuteko. Hori ez da gertatzen inondik inora ere landa guneetan. Ez da batere ohikoa kanpokoren bat topatzea, ez bada zona turistikoetan. Beraz, bizitasun, leialtasun eta hizkuntza gordetzeko joera landa gunetan dago. 15.000-20.000 biztanletik gorako herriek erdalduntzen segitzen dute.
Valentziarrek nolako jarrera dute hizkuntzarekiko?
Gauza bat nabarmen aldatu da. Orain ez da uste katalana gaizki esaka aritzeko hizkuntza denik, nekazarien eta klase sozial baxuenen hizkuntza denik. Horrela hezi gaituzte, katalana baldarra, analfabetoentzakoa dela esanez. Zorionez zeharo desagertu da aurreiritzi hori. Zalantzarik gabe, unibertsitateak eragin du hori eta hezkuntzaren alorrak. PP eta PSOEren borroka eremua hori da, hezkuntza. Hor ari dira ea zuloren bat irekitzen duten, zeren zorionez alor horrek salbatzen gaitu. PPk, PSOEk ez, sistematikoki baztertzen ditu unibertsitateak. Alabaina, maila guztietako teknikariak atera dira unibertsitateetatik. Teknologia berrietan aritzen direnek, informatikariek... katalanaren aldeko jarrera dute. Hori gero gizartean nabari da eta aurreiritzi primitiboa (zein baldarra den katalanez hitz egitea) apurtzen du.
Aurreiritzi garrantzitsuagoa: hizkuntzaren batasuna, bai ala ez. Hemen bai sartu direla buruz behera, baita PSOE ere. Azken hauek ez dute sekula ezer arriskuan jarri, inoiz ez zuten planteatu borroka irekirik. PPk berriz, orain bai. PPk agintzen du blaveroak fagozitatu dituztelako.
Azal iezaguzu mesedez zer den blaverismoa.
Katalanezko blau (urdina) izenetik sortutako mugimendua da blaverismoa, zalantzarik gabe, erreakzionarioa da. Badira adar batzuk faxistak, orain arte biolentoak ere bai. Hasierako urteetan, 80-81-82 urteetan, trantsizioa deitzen zioten garai hartan, atentatuak egiten zituzten bonba txikiekin, eta noski, katalanezko liburuak-eta saltzen zituzten liburu dendak erretzen eta puskatzen zituzten. Osagai faxista izan dute beraz, diluitzen joan direna. Hauen ideologia irrazionalitatean oinarritzen da. Saiatzen bazara edozer gauza tekniko eztabaidatzen edo hitz egiten, erantzuna da ezetz. Beraien borroka eremua da hizkuntzaren identifikazioarena, aitzakia da valentziera ez dela katalana. Dena dela, bitxia da ikustea ia inoiz ez dutela erabiltzen valentziera. Bandera horren, aitzakia horren azpian, sakon-sakonean, bi zutabe nagusi dituzte. Bata: «Espainolak gara». Sare soziala ikusita arrazoia dute horretan. Gure lotsarako, Espainian inkestetan, gizarte espainiarrenetakoa garela adierazten dugunotakoak valentziarrak gara. Batetik espainoltasuna eta bestetik, ultraeskuinaren aldeko jarrera nabarmena. Hori dena janzten dute esanez valentziera hitz egiten dutela eta katalanak inperialistak direla.
Burgesia katalanak katalanaren alde egin izan du eta zuek beti esan izan duzue Valentziako burgesiak katalana gutxietsi eta manipulatu izan duela.
Gutxietsi... uko egin diote, ihes egin diote katalanari. XIX. mende bukaeran hasi eta 30-40 bat urtez Valentziako burgesiak gaztelaniara jo zuen. Haien bidea zen: "Gu espainolak gara, gaztelania erabiliko dugu, besteak ez digu ezertarako balio". Unibertsitatean sortutako mugimenduan ordea, autokritika egin zuten burgesiak zabaldutako ideien gainean. Orduan ikusi zuen burgesiak berarentzat arriskutsua zela mugimendu hori. Valentziako presidente, Francisco Camps eta konpainia, Madrilen hauteskundeak galduta, ezkerrekoek, goikoek, kanpokoek «gure hizkuntza kentzen digute, gure identitate ezaugarria» esanez ari dira. Bitxia da, sekula katalanez ez dute hitz bakar bat egiten. Esaldi hori espainolez esaten dute! Nola kenduko dizute ba hizkuntza?
Batasun linguistikoaren gaian PSOE ere zerbait mugitzen ari dela dirudi. Baina gaiak mahai gainean segitzen du. Bi hizkuntz akademien artean nolako harremana duzue?
Ez daukagu harremanik, batere ez.
Esan berri dut zein joera duten. Alabaina, ikusi dute orain dena birplanteatzen ari garela eta beste baliabide batzuen artean nabarmenena dutena da hizkuntzaren batasuna ukatzea. Hizkuntzaren batasuna mantentzeak esan nahi du hizkuntza serioa dela, sendoa... Badakite gainera, Ebrotik pixka bat gorago ere indarra dagoela... Hizkuntza Valentziako mugen barruan mantentzen bada hizkuntza horrek ez du etorkizunik. Gauza bera gertatuko zaie galiziarrei. Estrategia hori mantendu behar dute beti, alegia, hizkuntza desberdina dela. Akademia desberdina ere egin dute. Legitimitatearen ikuspegitik akademia sortzea balekoa litzateke, Hego Amerikan badira. Ongi. Baina, une zehatz bat aukeratu zuten horretarako. Herrian identitatearen gaia manipulatzeko modu bat gehiago da akademia. Horrek mina egin behar du eta egiten ari da dagoeneko. Akademikoa izateak esan nahi du hilean 300.000-400.000 pezeta jasotzen dituzula, eskandalua benetan!
Akademiakoei esan diete ezin dutela izan ez dakit nolako harremanik Kataluniakoekin... Baina negozio guztiak Kataluniaren eta Valentziaren artean egiten ditugu eta! RENFEren lineak Valentzia-Bartzelona artean du indarra! Zentzuak esaten digu hori! Gobernuak harremanak zeharo eten behar direla zabaldu du eta horrekin ulertu da inolako harremanik ez dugula izango Kataluniarekin, ez hizkuntzarekikoak ez bestelakoak. Mahai azpitik egindako harremanak nahikoa izan ez direnez, enpresariak adibidez, publikoki kexatu dira.
Ataka honetatik nola atera zaitezkete?
Hegemonia eta boterea behar ditugu.
Nazionalismoak Valentzian ez du lortzen indartzerik.
Ez. Probisionalki zegoen aukera zen arrazionalitatearen, kulturaren, alfabetizazioaren... bidea, baina aurrera egiten duzun metro bakoitzeko beraiek ahaleginik egin gabe ehun metro aurreratzen dute. Hala ere, ez dut giro beltza erakutsi nahi. Itxaropena izateko elementu asko daude, asko. Ez daukagu beste erremediorik, Bartzelonara begiratzen dugu eta batez ere Euskadira.
Herrialde Katalanen artean nolako harremanak daude mugimendu sozialei edota unibertsitateei dagokienez?
Herrialde Katalanak hartzen dituen erakunde ofizial bakarra Institut dĆEstudis Catalans da. Ez dago besterik, ezta bat bera ere. Telebista programazioaren ordu kopurua berdinduko duen proiektua ere ez da gauzatu.
Zein iritzi duzu Valentziako Hizkuntza Politikaz?
Hizkuntza Politikak inertziari segi dio, hau da, PSOEk agindu zuen garaian sartutako berrikuntzak bere horretan mantendu ditu. Esate baterako, administrazioan lan egiteko hainbat mailatako agiriak zeuden valentzieraren ezagutza neurtzeko eta PSOEk horiek eskatzen zituen. Gauza txikia zen, baina lan munduan zuzen-zuzen eragiten zuen. Noski, administrazioan eragiten zuen, baina beti izan du eragina lan mundu pribatuan ere. Bestalde, hedabideetan kontuan hartzeko urratsak eman zituen PSOEk, Canal 9 telebista katea sortu zuen eta baita irratia ere. Noski, PPk ez du hori zapaldu. Zeren zorionez, mundu txiki hau ez dago beraien esku. Dena dela, beraiek interesaren arrastorik ere ez dute. Beste alorra eskolarena da, edo baita unibertsitatearena ere. Katalana badago eskoletan eta unibertsitatean, nahiz eta ez izan beste mundukoa, baina horrek jendearengan badu nolabaiteko eragina. Unibertsitatean hainbat irakasgai katalanez aurkituko ditu ikasleak. Lehen berriz, esaera zen: "Zergatik ikasi duzu valentziera ezertarako balio ez badu?". Lehen esan dut, kontua da eskoletan katalanak ez duela behera egin, nahiz eta sustatu ere ez den egin. Ezinbestekoa da katalana beste alor batzuetan ere sartzea, adibidez, merkataritzan eta presentzia publikoan.
Hizkuntzak gobernuaren babesa behar duela diozu.
Gobernuak ez badio hizkuntza bat duela, edo beste hizkuntza hori beste bat bada, kasu honetan espainola, gizarte hori manipulazio politikoaren aurrean oso-oso hauskorra da. Era berean, gizarte horretan gaztelaniara jo duten goi mailako indarrek darabilten diskurtsoa da neoliberalismo krudelarena: hizkuntzek beren kabuz funtziona dezatela. Horrekin badakigu zer dagoen. Beraz, ez gizarte hauskorretan soilik, baita gizarte egonkor eta indartsuetan ere, hizkuntzaren kontrolik, erregulaziorik ez badago, nukleo batzuen borondatea eta leialtasuna besterik ez dago, hor hizkuntzak ezin du aurrera egin. Horrelako gizarte batean liberalismoaren irizpideak ezartzeak esan nahi du hizkuntzari zeukan azkeneko muga kendu diozula eta desagertuko dela. Beraz, kontrola diodanean ez naiz ari politikoaz soilik, baizik eta kontrol teknikoaz edo faktikoaz. Ez dago beste alternatibarik. Gainera, gaur egun gizarte guztiek funtzionatzen dute kontrol linguistikoaren bidez, nahiz eta esan hizkuntzek bere kasa funtzionatu behar dutela. Nola uler daiteke bestela Espainiako Estatuak akademia espainolari, Cervantes Institutuari... ematen dizkien milaka milioiak? Espainolak estatuaren aparatu guztia dauka atzean.
Elebitasuna harakiria dela esan izan duzu.
Egunen batean, agian, elebitasuna defendatzen hasi beharko dugu. Katalana hitz egiten dutenak hain gutxi badira egunen batean, beharbada, gaztelania ikastea komenigarria izango da. Elebidunak garela onartzeak esan nahi du espainola ere gure hizkuntza dugula eta hori gezurra da saltsa honetan gabiltzanontzat behintzat. Nik gaztelania oso-oso berandu ikasi nuen, eskolan noski. Beraz, zehaztu behar da zer den elebitasuna. Funtzionaltasunari, operatibotasunari, pragmatismoari begira, bai, beste hizkuntza bat jakin behar da, baina espainola? Espainola eta ingelesa? Espainola, ingelesa eta frantsesa?
Baieztapen hori testuinguru jakin batean egin zenuen. Orain ere gauza bera esango zenuke?
70eko hamarkadan "katalana hizkuntza bakarra" moduko leloak erabiltzen genituen. Zer nahi duzu esatea, orain ezinezkoa da hori. Castell-n Errumaniatik kanpo bizi den errumaniar kopururik handiena daukagu. Benicassinen, gune turistikoenetakoan, bada eskola bat non 25 herrialdetako haurrak dauden.
Turismoak ere eragin du hizkuntzaren esparruan.
Duela gutxi prentsak ekarri du (lehendik ere bagenekien zekarrena, baina idatzita ikusita pisu gehiago du) balorazio bat zeinaren arabera, azken hamar urte hauetan Valentziako itsasertzak jasan dituen aldaketak historia guztian izan dituenak baino handiagoak izan diren. Hamar urtean lurra historian zehar baino gehiago hondatu dugu. Dinamika horretan sartu berri gara. Horrek esan nahi du gizartea beste modukoa dela. Eta ezin gara ahaztu inmigrazioarekin. Herri txikietan Guardia Zibilak berak ere katalanez egin beharra zuen eta orain gaztelania erabiltzen hasi dira herri batzuetan inmigrazioa dela medio. Egoera berri honetan ezin da esan katalana hizkuntza bakarra denik, baina identifikaziorako balio digun hizkuntza katalana dela bai.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.