artikulu nagusira itzuli
Daniel Mundet (Plataforma per la Llengua-ko bozeramalea): «Inmigrazioa aukera bat da katalanak sekula izan ez duen dimentsioa har dezan»
Duela 11 urte sortu zen Plataforma per la Llengua elkartea eta ordudanik katalanaren normalizazioan lanean ari da. Katalunian plataforma nazionala eta tokian tokiko taldeak dauzkate. Ez dira Kataluniara mugatzen ordea, Valentzian ere bada lanean ari den taldea. Balear Uharteetan berriz, bertako elkarteekin daude harremanetan, Jóvenes de Mallorca por la Lengua elkartearekin adibidez. Ipar Katalunia korapilotsuagoa da, baina, hala ere, Perpinyako elkarteekin hartu-emanak dituzte.
Filosofia sinplea dute: helburu zehatzak emaitza zehatzak lortzeko. Kanpaina abstraktuetan ez dute sinesten.
Hizkuntza normaliza dadin jorratzen dituzuen gaien artean entzutetsuenetakoa da produktuen etiketak katalanez aldarrikatzearena.
Etiketatzearen gaiaren bidetik sortu zen plataforma, orain dela 11 urte. Egin genuen lehenengoetariko kanpaina Coca Colarena izan zen. Etiketatzea katalanez egiteko eskatu genion. Guiness errekorra jarri genuen jaso genuen Coca Cola poto kopuruagatik. Kanpaina honek sortu zuen mugimendua uste baino handiagoa izan zen eta mugimendu horri eskerrak egituratu zen plataforma. Ondoren, ur botilen eta jatorrizko izendapena duten ardo eta caven etiketak aztertu genituen eta katalanez egiteko jendea kontzientziatzen hasi ginen. Egia esan, emaitza oso ona izan da, batik bat hemen ekoizten diren ardo eta cavetan. Urte gutxitan aldaketa handia egin da.
Enpresek ondo erreakzionatu dute beraz.
Egia esan, enpresa gehienei ez zitzaien burutik pasa ere egin produktuei etiketak katalanez jartzea. Eskaera egindakoan harritu egiten ziren lehenbizi, eta gero, ez zekiten zer egin. Konturatu ziren ordea, ez zeukatela inolako arrazoirik katalanez ez etiketatzeko. Enpresa handiek konpromisoa hartu zuten eta jarraipena izan du.
Alde batetik enpresekin aritzen gara, baina bestetik unibertsitate, eskola, administrazio publiko eta udalei eskatzen diegu katalanez etiketatutako produktuak erosteko. Beraz, batetik enpresei eskatzen diegu katalana erabiltzeko, baina bestetik, eskaria egon dadin sustatzen saiatzen gara, horrela zirkulua ixten dugu. Estrategia hau eraginkorra izan da eta nahiko genuke gai honek balio izatea enpresetako beste alorretan ere eragiteko, hala nola, katalogoetan eta publizitatean.
Zein produktu motekin ari zarete orain buru-belarri?
Ardo eta caven kanpaina bukatzen ari gara. Hurrengo, multinazional handiei heldu nahi genieke. Erakusketa bat egin berri dugu eta bertan eguneroko erabilerakoak diren hainbat produktu hartu eta hizkuntzen erabilera nolakoa den aztertu dugu. Esate baterako, Heineken garagardoa eta Kellog's zerealak hartu ditugu. Multinazioalek produktu horiek gure hiztun kopuru bera edo txikiagoa duten herrialdeetan nola etiketatzen dituzten ikusi dugu. Emaitzak harrigarriak dira. Danimarkan adibidez, (daniera konparagarria da gure hizkuntzarekin), multinazionalek lasai asko etiketatzen dituzte produktu horiek danieraz. Beraz, badago tartea, eta handia gainera, egoera alda dadin.
Katalanek badute hizkuntzaren kontzientzia? Nola erreakzionatzen dute kanpainen aurrean?
Esate baterako, cavaren kasuan, batak bestea ekarri zuen. Jende askok inoiz ez zuen arretarik jarri botiletan, uste zuelako katalanez zeudela. Bertan egindako produktuak dira eta jendeari esan genion enpresa batzuek ez zutela katalanez etiketatzen eta ondo legokeela hala egitea. Jendearen erreakzioa zen: "Ez dago katalanez?". Orduan esnatu zen jendea.
Filmeen bikoizketan ere jendeak badu interesa. Polemika zehatzak daudenean jendeak badu mugitzeko gaitasuna. Gure asmoa da batetik, norbanakoaren jarrera sustatzea, hau da, film bera gaztelaniaz eta katalanez bikoiztuta baldin badago bigarrena aukera dezala edo cava erosi behar duenean katalanez etiketatutakoa aukera dezala. Aukera egiterakoan hizkuntza irizpidea ere erabil dezala lortu nahi dugu. Bestetik, konpromisorako ekintza kolektiboak daude. Biak konbinatzen saiatzen gara.
Erasoei erantzun publikoa emateko ere lan egiten duzue.
Duela hilabete batzuk alarma publikoa eta indignazioa eragin zuen gertaera bat izan genuen. 15 urteko mutil batek posta elektroniko bana bidali zien Día eta Agua Brava enpresei katalanez etiketatzeko eskatzeko. Harry Potter-en liburuetatik ateratako zita bat erabili zuen. Guardia Zibilak etxean atxilotu zuen ustezko terrorista moduan. Ordenadoreak ikertu zizkioten eta Madrila eraman zuten. Harrigarria izan zen. Gure ustea da eskaera guztiz zibikoa eta linguistikoa kriminalizatu zutela. Babesa eman genion mutilari eta gertatutakoa publiko egin genuen jendeari azaltzeko zer edo zer gaizki zihoala. Hau adibide bat baino ez da. Beste gaia betiko eztabaidarena da, hizkuntza banaketarena, katalana valentzieratik banatzearena. Norbaitek proposatu du adibidez, liburutegietan liburuen katalogazioa banatuta egitea... banaketa linguistikoa instituzionalizatu nahi dute horrela. Gizarteak garbi jokatu behar du egoera hauetan esanez gauza asko ari direla egiten, baina hizkuntzari, behinik behin, inolako mesederik ez diotela egiten. Hizkuntza bera da, jarri iezaiozu nahi diozun izena, baina ez saiatu banatzen. Politikoren batek karrera egin nahi badu edo argazkian atera, bila ditzala beste estrategia batzuk. Jendeak gai hau asko bizi du eta edozein gertaerak pasioa sortzen du.
Filmak katalanera bikoiztearen gaia aipatu duzu lehen. Zer eskatzen duzue?
Guk nahi duguna da katalanerako bikoizketak gaztelaniakoaren baldintza berberak izatea: areto kopuru bera izatea, aretoak herri eta hiri guneetan egotea eta emanaldien ordutegiak egokiak izatea. Dena den, egoera oso konplexua da. Banatzaileekin hasi ginen hitz egiten eta hauek aretoetara bidali gintuzten. Gero berriz, banatzaileengana itzuli ginen. Gero Amerikako Estatu Batuetako zinema industria nagusiekin jarri ginen harremanetan, hauek areto guztiak oso ondo kontrolatzen dituzte. Egia esan, egoera konplexua da. Alabaina, ez dugu gaia alboratuko. Batetik, multiaretoen fenomenoa daukagu, baina bestetik, gero eta indar gehiago hartzen ari den DVDen merkatua dago. Jendeak nahiz eta filmak zinean gaztelaniaz ikusi dituen, ikus ditzala orain katalanez DVDen eta ondorioz, errazago eskatuko du zinera doanean katalanez ikustea filma.
Jendeak ba al du ohitura filmak katalanez ikusteko?
Bai, telebistaz. Ez da ohartzen zinean ere aukera bera izan dezakeela. Erosotasunagatik alboko zinera doa nahiz eta jakin filma gaztelaniaz emango dutela eta hiriko beste toki batean katalanez emango duten film bera ikustera ez da joango. Katalanera bikoiztutako filmeek denbora gutxi eta leku gutxitan irauten dute eta zaila da jakitea ikusle potentziala zenbatekoa den. Ohitura badago, baina baldintza egokiagoak eskaini behar zaizkio ikusleari. Batzuetan, filma katalanez ikus dezan ahalegina egiteko eskatzen diogu ikusleari eta jatorrizko bertsioan ikusteko ere ez du egin behar ahalegin berbera. Egoera paradoxikoak dira. Adibidez, badakigu zenbait herritan areto guztietako film guztiak gaztelaniaz eman beharrean katalanez emango balituzte ere, ikusle bat bera ere ez luketela galduko. Beraz, tekla asko ukitu behar dira batera gai honi heltzeko. Zaila da, baina lehentasunetako bat da guretzat.
Etorkin gero eta gehiago duzue Katalunian. Inmigrazioa arazoa da katalanarentzat ala aukera?
Guretzat aukera da. Katalana azken urteotan etorri diren eta hemen geratu nahi duten hainbat kulturentzat harrera hizkuntza moduan eta integratzaile moduan ikus dadin nahi dugu. Inmigrazioaren fenomenoa ez da berria, Katalunian beti izan dugu inmigrazio handia.
Oraingoa beste molde batekoa da ordea.
Bai, oraingoa adinako anitza ez da izan inoiz. Jaiotze tasa beti izan da baxua eta industriarako, lanerako jendea behar izan denean inmigrazioa gertatzen zen. Orain gertatzen dena da kultura, hizkuntza eta erlijio aniztasuna aurreko inmigrazioetan baino askoz ere nabarmenagoa dela. Guk uste dugu kolektibo berri hauek Kataluniako gizartean integratzeko aukera dugula. Elkartekook adibide bat jarri ohi dugu: Madrilen edo Valladoliden hamar urtez bizi izan den Ekuadorkoak segituko du ekuadortarra izaten. Aldiz, Katalunian beste hainbeste urte bizi eta katalana ikasi eta hitz egiten badu askoz ere azkarrago egingo da katalan. Katalana erabiliko ez balu, agian, ez litzateke hori gertatuko. Beraz, hemen hizkuntzak potentziala du eta ustiatu eta ondo landu behar da. Etorkinek ikus dezatela katalana berea izan daitekeela, ez dela gauza arrotza. Beraz, batetik, katalana zer den azaldu behar diegu eta bestetik, lortu hizkuntza bereganatzea. Gaia zaila da, hala ere. Kanpotik datozenak lanera datoz, bizi maila hobea nahi dute, baliabide ekonomikoen bila datoz, dirua behar dute senideei bidaltzeko... Horrek ez du esan nahi ordea, diskriminatu behar direnik eta onartu behar denik beraiek katalana ikasi beharrik ez dutela. Katalan hiztunei mezu hori bidali nahi diegu, zeren ohikoena da etorkinari zuzenean gaztelaniaz egitea. Egin lehenengo hitza katalanez.
Katalanaren normalizazioak zein esparrutan egin du aurrera eta zeinetan egin du atzera edo mantendu da berdin?
Aurrera egin du unibertsitatearen alorrean, eskolan eta administrazio publikoko hainbat esparrutan. Justiziaren alorra dago hankamotz eta alor hau oso garrantzitsua da, baina zailena. Telebista kate eta irrati kate propioak izatea ere aurrerapauso handia izan da. Gainera, horrek eraginda beste hainbat telebista eta irrati ere katalana erabiltzen hasi dira. Esparru hauetan egindako aurrerapausoa duela urte batzuk inork ez zuen espero. Katalanaren normalizazioaren bidean egiteke dagoenaren artean, prentsa idatzian bada egunkari solteren bat oraindik katalanez egiten ez duena eta ez egiteko inolako arrazoirik ez duena. Erabilera sozialaren esparruan ere badago zeregina, batik bat, aisialdian. Lehen aipatu dugu filmeen bikoizketarena. Etiketatzean ere oraindik egiteko dezente dago. Bada esparru berri bat ere, teknologia berriena. Hor dira sakelako telefonoen industria eta Internet. Esate baterako, sakelakoen telefoniako operadore eta fabrikatzaileekin ari gara lanean eta batzuk hasi dira katalana erabiltzen, baina beste asko ez. Esparru hau duela urte batzuk ez zen existitzen eta eragin duen inpaktua izugarria izan da. Lan egin behar da gaztelaniak edo ingelesak aurrea har ez dezaten.
Katalunian mugimendu zibikoa handia dela uste duzue?
Mobilizazioa badago gai zehatzak ukitzen direnean. Modu abstraktuan iritzi asko daude. Mahai gainean jartzen direnean gai zehatzak, hala nola, etiketatzearena edo bikoizketarena, jendeari esaten diozunean posta elektroniko bat edo eskutitz bat bidali behar duela... orduan jendeak erantzuten du. Eztabaida dago gai honetan. Jendeari esaten diogu hainbat eskaera egiteko, baina eskaera horiek gobernuak berak ez ditu egin. Jendeak dio: "Zergatik ez dago lege bat filmeen bikoizketa bermatzeko? Eta etiketatzea derrigortzeko? Edo Kataluniako funtzionario guztiak katalana ikastera derrigortzeko?". Gizarteari eskatzen zaio ekiteko, baina horrek botere publiko eta politikoen laguntza behar du beti. Guk jorratzen ditugun bideak horiek dira, batetik jendeak eguneroko eskaera txikiak egin ditzala (jatetxean katalanez ez dagoen menua hala jartzeko eskatzea, adibidez) eta bestetik, administrazioak egoera horiek babes ditzala ausardia gehiagorekin.
Estatutu berriarengandik zer espero duzue?
Talde parlamentario guztiei bidali genien hainbat proposamen. Orain ea zein gogoeta edo aurre-akordio ateratzen diren estatututik. Orduan ikusiko dugu noraino iristeko prest dauden. Aurrera egingo duten itxaropena badugu, baina noraino iristeko prest egongo diren ez dakigu. Dena den, espero dugu gai batzuetan jarrera garbia izango dutela, adibidez, izendapen linguistikoaren gaian. Guretzako gai hau oso garrantzitsua da. Bestetik, espero dugu Katalunian katalanaren koofizialtasuna indartuko dutela. Hizkuntza ofizialaren kategoria eman diezaiotela eta esparru sozial eta komertzial guztietan izan dezala eragina. Uste dugu gai hauetan egongo dela aldaketaren bat eta gu hor eragiten saiatuko gara.
Gobernu berria, Hizkuntza Politikako Idazkaritza berria. Ez daramate denbora asko lanean, baina zein iritzi duzue egindako lanaz eta egitekoaz?
Denbora gutxi da lanean ari direla, baina harremana joan-etorri nahiko errazekoa da eta hori ona da. Gobernu berriak hizkuntza lehentasunen artean kokatu du eta guk hori oso ontzat hartu dugu. Guk zentzu horretan emango dituzten pausoak babestuko ditugu, hau da, dauden legeak betearazi eta hizkuntza gehiago erabiltzeko erraztasunak jarri. Orain arte hartutako neurriak begi onez ikusi ditugu, guk aspalditik eskatutakoak baitira. Legeak ez daude beraiei begira egoteko, betetzeko baizik. Legea betetzen den edo ez ikusteko ikerketak egiten hasi dira eta zigorrak ere jarri dituzte, hori da guretzat egoera normala. Oraingoz ireki duten bidea interesgarria da eta espero dugu bide horretan jarraituko dutela. Guk beti nahi dugu urrutirago joatea, baina bidea egokia da.
Hizkuntzaren batasuna dela eta ez dela polemika bizi-bizi dago.
Erabilera instrumentala egiten da, gaia oso-oso politizatuta dago. Alabaina, gauza horietako asko desaktiba daitezke, beren pisuz erortzen baitira. Hizkuntza normalizatzeko dago, beste izen bat jar diezaiotela, baina hizkuntza bera da. Gauza praktikoak eginez saiatzen gara zentzurik ez duten egoerak indargabetzen. Kezkatzen gaitu gaiak, hedabideetan ere pisu handia hartu dutelako gai batzuek, baina ekintza praktikoekin gaizkiulertu asko indargabetu daitezkeela uste dugu.
XXI. mende honetarako zein panorama du katalanak? Zein da erakargarritasuna?
Egoera ona da. Katalana legalizatuta dago orain. Gutxitan izan du oraingo aukera: tresneria badugu, mekanismoak... esperientzia. Baditu zailtasunak ere, teknologia berrien esparrua hor dago, baita inmigrazio berria ere. Azken hau aukera bat da katalanak sekula izan ez duen dimentsioa har dezan. Potentzial hau ondo kudeatzen badugu egoera oso onean kokatuko gara.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.