Lapurdiko uharka, Senperen -Uztaritzeko kantonamenduan-, aisialdirako gune aproposa da. Bertan egiten da urtero, 1984. urteaz geroztik, ikastolen eta euskararen aldeko Herri Urrats festa. Urte horretan hain zuzen ere, Hegoaldeko ikastolek antolatzen zituzten festen ereduari jarraika, Seaskako guraso batzuek Iparraldean antzeko ekimen bat abiatzea erabaki zuten. Helburua zen Seaskaren diru beharrei erantzutea, gero eta handiagoak zirelako, batez ere bigarren mailaren ondotik. Hasieratik gaur arte, ikaragarri garatu da Iparraldeko ikastolen egoera. 1969an ikastola bat eta 8 ikasle zeuden Iparraldean, urteek aurrera egin ahala baina, egoerak hobera egin du, eta aurten, 24 ikastola eta 2.129 ikasle dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. 2 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak hezten dituzte.
Seaska, proiektu ondua
Seaskak, Iparraldeko ikastolen federazioak, irakaskuntza laiko adar bat abiatu zuen orain 30 urte. Hezkuntza Nazionalarekin 1982an izenpetu zuen lehen hitzarmena eta 1994an estatuarekin elkarte-kontratu bat egin zuen. Estatuarekin sinaturiko hitzarmen hark hainbat berrikuntza ekarri zuen eskolara. Batetik, hezkuntza zentroak aitorpen ofiziala jaso zuen eta hari horretatik, estatuaren antolamenduaren araberako funtzionamendua finkatu zen Seaskan. Estatuak hartu zuen irakasleak ordaintzeko ardura eta hezitzaileak hautatzeko irakasleek hainbat azterketa pasatu behar izan zuten. Ikasleentzat ere izan zen berrikuntzarik, izan ere, hitzarmena egin aurretik, ikasleek hautagai libre moduan aurkeztu behar zutenez, batxilergoa amaitzean eskolan urteetan landutako gaien azterketa egin behar izaten zuten agiriak ofizial egiteko. Hitzarmenak zentroa ofizial egin zuen eta azterketa horiek guztiak atzean geratu ziren. Horrezaz gain, hainbat hezkuntza-programa ezarri zen, ordutegiak eta bestelakoak ere bai. Geroztik, Seaskako ikastolek Azterketa Akademikoaren ikuskaritzapean funtzionatzen dute, alegia, estatuaren hezkuntza-sistemaren arabera.
Euskara, Seaskaren espiritua
Frantzian euskara ez da ofiziala baina Seaskan D ereduaren, Murgiltze sistemaren, aldeko apustu sendoa egin dute. Ikastolako eta ikastolaren inguruko jardueretan euskaraz bizitzea da murgiltze sistemaren ezaugarri nagusia. Seaskako zentroetan euskara batua irakasten da baina horrez gain, eskola bakoitzak tokiko euskalkia eta hizkera lantzen ditu. Euskal eskola publikoa egitea dute helburu nagusi baina egungo sistema publikoak hainbat gabezia ditu Seaskakoen iritziz eta diru pribatuak finantzaturiko zentroa da. Hala ere, oztopo guztien gainetik, gogoak indar handia du Iparraldean eta ohiko hezkuntza programa eskaintzeaz gain, integrazioari ere garrantzia handia ematen diote Seaskan. Hari horretatik, ahalmen urriko ikasleak hezten dituzte. Mixel Etxeberrik berak esan digunez, Frantziako Estatuan bereiz tratatzen dituzte ezinduak, aparteko eskola eta zentroetan. Seaskan, ordea, bestelako bidea hasi dute. Ezintasun fisiko eta psikikoak dituzten pertsonak gainerakoekin harremanetan, testuinguru eta gizarte egoera normaletan hezten saiatzen dira. Laguntza berezia ematen diete, ikasketa ordu gehiago, laguntzaile bereziak, eta abar. Baina baldintza eta egoera normalak eraiki nahi dituzte ahalmen urrikoei garatzen laguntzeko.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.