Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-05-01 -- 1990.zenb

Jakoba Errekondo

Barazki jendearen aukera gero eta zabalagoa dugu. Azoka eta kutixi dendetan zeinek urrutiagokoa, ezezagunena edo arraroena den barazki edo fruta eskaini, ikaragarrizko dema dago. Erosleen atentzioa bildu eta ondo saltzen dena laster probatuko dute etxeko sailetan baserritar barazkigileek, nobedadea izaki euro-putzua baitira puska baterako. Hauetakoa da brokolia, Brassica oleracea botrytis. Aza eta konifloraren familiakoa, ahosabai gehienen arabera hauek baino finagoa da eta haien usain-kiratsik ez du.
Garai batean baratzazain bereziren baten ortuan tarteka eta sukaldari xelebreren baten mahaian aldian behin ikus zitekeen brokoliaren berdea. Azken aldi honetan, ordea, urte osoan eta ia nonahi topa dezakezu.
Osasun iturri ederra da lore hau: bitaminetan C, B1, B2, B6, A eta azido folikoa, eta kaltzioa, burdina, potasioa, poxpoloa, iodoa, zinka, kuprea eta manganesoa ditu. Gorputzarentzako osagai garrantzitsu hauek emateaz gain zenbait gaitzei aurre egiteko ere eraginkorra da oso brokolia. Minbiziari aurre egiten dio hura sustatu dezaketen gai kimikoen erasoetatik babestuz; ikerketen arabera, astean 350 gramo brokoli janez gero heste lodiko minbizia izateko arriskua nabarmen jaisten omen da. Urdaileko ultzera eragiten dutenetako bakterio bat atzeratu eta deusezta dezake antibiotiko gisa. Burdin premia handia duten anemikoentzako aproposa da bere burdin, klorofila eta azido folikoa direla eta. Menopausia eramangarriagoa egiten duten sojaren antzeko fitoestrogenoak ditu. Gorputzaren iragazki garrantzitsuena den gibelaren lana sustatzen du garbiketa sakonago bat burutzen lagunduz.
Nahikoa arrazoi bada bai brokolia zopa, entsalada, menestra, purea, krema, arroza edo nahi duzun saltsa berdetzeko... eta bide batez zerorri.

Jabier Agirre


Euskal Herriko ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBHn) aritzen diren irakasleen %20-25ek "burn-out" edo erretzearen sindromea bezala ezagutzen dena jasaten du. Estresa denboran zehar luzatzearen ondorioz agertzen da, egoera hori konpontzeko biderik apenas ikusten denean. Eta ikerketa medikoek diotenez sindrome hori gaixotasun kardiobaskularrak, migraina edo buruko minak, edo gaixotasun mentalak izateko arrisku-faktorea izan daiteke.
Burn-out sindromea laguntzako lanbideetan agertzen da gehienbat ûirakasle, hezitzaile sozial, profesional sanitario eta antzekoetanû, lana beste pertsona batzuekiko elkarrekintza-giroan egiten baita, eta besteekiko tratu horren eraginez tentsio emozionala pilatu eta esfortzua gehiegizkoa gertatzen denean. Aurreneko sintomak neke emozionala, despertsonalizazioa ûeta honek ikasle edo pazienteekiko jarrera hotza eta inpertsonala dakarû eta norberaren errealizazio-falta izaten dira, arrakasta-sentimendurik ez delako izaten, eta profesionalak motibazioa galtzen duelako bere lanean.
Irakasleen mundura etorriz, Deustuko Unibertsitatean irakasle diren Esther Calvete eta Aurelio Villak ikerketa bat egin dute Euskal Herrian DBHko irakasleen erretze-sindromeari buruz. Eta ikerketa horrek emandako datuei begira esan daiteke irakasleen %20-25 inguruk burn-out sindromea duela. Eta bestetik, irakasleen baja-portzentaje handiaren azpian ûbaja horien batez bestekoa 48 egunekoa daû erretze-sindromea legoke ikertzaileen ustez. Horrexegatik, Calvete eta Villa irakasleek estresari aurrea hartzeko programa bat landu dute DBHko irakasleentzat.
Programa horren helburua burn-out sindromearen garapenari bidea mozteko erresistentziak eta trebetasunak sortzea da. Bertan hainbat modulu sartzen dira: erlaxazioko entrenamendua, estres-inokulazioa deitua, autokontzeptuaren hobekuntza, eta komunikazioko eta gatazkak konpontzeko trebetasunetan entrenamendua. Lehendabiziko taldeekin izandako esperientziek arrakasta izan dute. Ikerketaren ondorio nagusietakoa zera da: beren balio profesionalez, ikasleekiko harremanez eta hezkuntza-prozesuaz ideia eta jarrera positiboak dituzten irakasleak pozikago daudela beren lanarekin eta ez dutela burn-outik izaten.

Joxerra Aizpurua



Marshall irletan minbizia

marshal irletako biztanleak hainbat minbizi mota garatzen ari dira, Bikini atoloian orain berrogeita hamar urte egindako saio atomikoetan lehertutako H BRAVO deitu bonbaren eraginez. AEBko Minbiziaren Nazio Institutuak (NCI) Senatura igorritako txostenaren arabera, biztanleen artean minbizi maila normala baino %9 handiagoa da eta oraindik goranzko bidea omen du, izan ere, erradiazioari lotutako minbizi kopuru erdia azalduko omen da.
1946 eta 1958 urteen artean AEBk 66 saio nuklear egin zituzten zazpi txandatan Marshall irletan. BRAVO deitu lehergailua izan zen arriskutsuena bertako bizidunentzat eta 1954. urtean lehertu zuten. Estatuak 270 milioi dolar banatu zituen, konpentsazio gisa, Marshall irletako biztanleen artean, baina aipatu biztanleek gertatutako kalteen berrazterketa eskatu zutenez, NCIk txosten berri bat igorri du Senatura.
Txostena joan den urteko irailean igorri zuten, baina orain jakin da bertan idatzitakoa.


Lurrikarak espaziotik aurreikusi nahian

Posible izango al da egun batean Lurra inguratzen duten partikulen fluxuen aldaketari behatuz, lurrikarak aurreikustea? Zientzia fikzioa dirudien ideia errealitate bihurtu nahi dute ikerlariek. Horretarako une honetan Roberto Vittori astronauta italiarra espazioan dago LAZIO-SIRAD deituriko programaren barnean.
Orain 20 urte aztertu zen hipotesiaren arabera, Lurrak askatzen dituen uhin elektromagnetikoek aldaketak sortzen dituzte Lurra inguratzen duten hainbat partikula-geruzetan. Lurrikara gertatu baino lehenago harkaitzek jasandako presioagatik uhin elektromagnetikoak askatzen omen dira eta hauek Lurreko gainazaleraino hedatzen dira eta batzuk atmosferan zehar ere hedatzen omen dira. Beraz, atmosferan dauden partikulen geruzetan gertatutako aldaketak aztertuz, posible izan daiteke uhin elektromagnetikoen oinarria detektatzea; hauxe da hain zuzen ere frogatu nahi den hipotesia.
Orain arte hipotesi hau teoria hutsa izan da eta saiakera honen bidez eremu magnetikoek partikuletan eragindako aldaketak neurtu nahi dira.
Dena den, LAZIO-SIRAD proiektuak badu beste helburu bat ere, izpi kosmikoek gizakiarengan eduki dezaketen eragina ere neurtzea. Honela, Roberto Vittoriren ikerketen bidez, astronautei ikusmenean sortzen zaizkien arazoak, "Light Flash" deiturikoak aztertu nahi dira.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan