Katixa Garate
Jaialdirik ez Nafarroan
Nafarroako Jaialdiak bertan behera utziko dituela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Duela 25 urte sortu ziren Oliten eta 1984an Nafarroako hainbat herritan barreiatu ziren. 2000 urtetik hona Iruñea izan dute jokaleku. Gotorlekua nagusiki. Eta jende dezente bildu izan dute. 2002ko udan, Japoniari eskainitako Jaialdietan, 50.000 pertsona bildu ziren ekitaldietan; paguzkoetan 5.000tik gora eta doakotan 40.000 pasatxo. Gobernuak esan duenez, Jaialdietarako aurreikusia zuen aurrekontua Baluartera bideratu du. Gauzak horrela, ez da ohi bezainbat ekitaldi izango udan Iruñean. Kaleak hutsago egongo dira, agian. Eta jairako aukera gutxiago egongo da.
Balenciaga museoa 2007rako
Gipuzkoako Foru aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Getariako Udalak Berroeta Aldamar elkarte mugatua sortu dute, Balenciaga museoaren eraikuntza lanak kudeatzeko. Aurrekontua 9 milioi eurokoa da eta elkarte sortu berriak 6 milioi jarriko ditu. Beste 3 milioi euroak Espainiako Gobernuak jartzea espero dute. Julian Argilago arkitekto kubatarrak diseinatutako museoaren eraikuntza lanak 2007ko otsailerako bukatzea aurreikusi dute. Getariako Aldamar Jauregira itsatsita eraikiko duten museoak 3.800 metro koadroko azalera izango du. Erakusketa aretoak, modistaren lanak gordetzeko gelak, liburutegia, lorategiak eta kafetegia izango ditu eta Balenciaga fundazioa arduratuko da haien kudeaketaz.
Europako zuzendarientzako jaialdia
Gasteizen zinema ekimen sendoa erdietsi aldera, jaio da Europako Zuzendari Berrientzako Jaialdia (NEFF). Gasteizko Nazioarteko Zinema Jaialdiak, Cortada film laburren lehiaketak eta Ikus-Entzunezkoen Jaialdiak bat egin dute, ekitaldi eskaintza oparoa eskaintzeko. Hala, maiatzaren 3tik 14ra bitartean, Europako zuzendari berrien film luzeak lehiatuko dira; aurtengoan, Suitzatik, Austriatik, Finlandiatik, Belgikatik, Islandiatik, Alemaniatik, Italiatik, Errusiatik eta Suediatik jaso dituzte filmak. Horrez gain, film laburren eta esperimentaziokoen lehiaketa antolatu dute, eta hauetan Hego Euskal Herriko eta Espainiako lanek bakarrik parte hartu ahal izango dute.
Argazkiek Biarritz hartuko dute
Irudiaren lurra jaialdiko zuzendari Claude Noritek dimisioa aurkeztu zuen iaz eta horrek aldaketak ekarri ditu jaialdian. Jaialdiak izenez aldatu du eta aurten Transizioa(k), Argazkilaritza eta Irudia lelopean egingo da. Biarrizko herriko etxeak Hervè Digneren eta Louis Mesplèren egitasmoa hautatu du eta haiek arduratu dira jaialdia antolatzeaz. Bidaia ez da gai nagusia izango eta askotariko lanak ekarriko dituzte, argazki digitalari leku nabarmena eskainiz. Hogeita hamar artisten erakusketak, bertako artisten txokoa, film proiekzioak, eztabaidak eta animazioak eskainiko ditu transizioan den jaialdiak.
Zer ote da artea?
Rekalde galerian paratu duten Milioi bat gogoren matxinada ikusezina erakusketa artisten ustetan, arte garaikideak bizi garen gizartea hobeto ezagutzen lagundu behar digu, edertasun hutsetik haratago. Guztira, hogei artistaren lanak ikus daitezke. Luca Frei, Xabier Salaberria eta Nils Normanek, adibidez, erakusketarako propio egindako lanak osatu dituzte. Anita Fricek, Tere Recarensek eta El Lissitzkyk, esaterako, aurretik egindako lanak ekarri dituzte. Marrazkiak, instalazioak, bideoak eta eskulturak ekainaren 5a arte ikus iahal izango dira Bilboko Rekalde galerian.
* * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Haur antzerkiari eskaini dio azken zenbakia Urtxintxak argitaratzen duen Aisia Biziz aldizkariak. Dibertimendurako bide izateaz gain, heziketan izan dezakeen balioaz jardun dute argitalpenean. Josu Camara aktore eta zuzendariari egin diote elkarrizketa. Zuzendari, programatzaile eta antzerki talde andanarekin hitz egin dute, euren lana gertutik ezagutzeko asmoz, eta jaialdien eta euskarazko haur antzerki taldeen gida osatu dute. Malabarrak egiteko eta mozorroak sortzeko aholkuak ere ematen dituzte.
Herriko kultur dinamika pizteko asmoz antolatu zuten Talaste euskal kultur astea Bermeon, pasa den astean. Heritarrek herriko kultur mugimenduaz hitz egiteko. Bertako Zantzue kultur elkarteak herriari bizitasuna emateko nahia zuen eta herriko kultur taldeen sakabanaketa dela-eta kezkatuta zegoen. Herriko talde ugarik erakutsi zuen urtean zehar egiten duen lana: bertsolariek, zineklubak, abesbatzek, artistek... Horrez gain, euskal kulturan gehiago sakontze aldera, Alfonso Martinez Lizarduikoa, Gotzon Hermosilla, Xabier Isasi eta Pantxoa Etxegoin gonbidatu zituzten. Asteburuan herritarren arteko eztabaida egin zuten, herriko kultur dinamika aztertzeko. Ondorioak liburuxka batean biltzeko asmoa dute eta agian topaketei segida ematekoa. Dinamika sortzeko.
Katixa Garate
Lutxo Egia eta Edorta Jimenez nobelan, Jon Arano eta Luis Garde poesian, Martin eta Xabier Etxeberria eta Joxan Oiz gazte literaturan eta Fito Rodriguez eta Pablo Sastre saiakeran. Horiexek eskuratu dituzte Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak banatzen dituen Joseba Jaka bekak.
Eladio Jimenok margolan erakusketa paratu du Irungo Amaia kultur zentroan. Maiatzaren 15a arte bisita daiteke paisaia ugari biltzen dituen erakusketa.
Vulpes taldea maiatzean zen kaleratzekoa Me gusta ser... diskoa (Oihuka). Mamen kantari eta konposatzailearen gaixotasuna dela-eta, iraila-urrira aldera arte atzeratuko dute argitalpena eta orduan ekingo diete kontzertuei.
Antton Lukuk idatzitako Beltzeria kabareta estreinatuko du Hiru Punttuk, Muskildin, maiatzaren 4ean. Lurra antzezlanak abiatutako trilogiaren bigarren zatian leku egin diote kantua eta musikari.
Felipe Juaristik honakoak esan zizkion El Paísi. «Badakigu euskal irakurleen gehiengoa ezker abertzale horretan koka dezakegula eta horien gustukoa ez bada liburua, desagertu egiten da eta horretarako daude kritikoak».
The Dirties taldeko kideek El Diario Vascori: «Punkrocka indartzen ari dela ematen du, eta kalean ilusioa ikusten da behintzat. Baina diskoetxeak ez dira animatzen lan rockeroak ateratzera».
Mari Jose Olaziregiren hitzok jaso zituen Aldaketa Hamaseik: «Egun, 80ko hamarkadan baino ipuin lehiaketa gutxiago daude eta ez dakit zinez hainbeste laguntzen ote dioten egile bati bultzada ematen (...) Gertatzen baita lehiaketarik irabazi gabeko pertsona batek, liburu arrakastatsu bat idaztea. Halere, lehiaketek idazle berriak ezagutarazteko laguntzen dute».
Imanol Lazkano Berrian: «Kritikarekin bertsolariak egoskor xamarrak gara; ez dugu kritikarik onartzen. Gu onak gara besteak salatzen baina entzutea tokatzen zaigunean... Zoritxarrez bertsolaritzaren ikerketa lanerako oso jende gutxi dugu, hori da problema».