Mikel Asurmendi
Bere liburuak J .M. Olaizola izenez agertu ohi dira. J. M. delakoen baitan, Joxe Mari edo Joxe Martin izan zitekeen. Jexux Mari da ordea. Jexux Mari Olaizola inork gutxi ezagutzen du ordea. Txilikuz galdetuta, aldiz, mundu batek ezagutu lezake edo Zarauzko mundu batek bederen. «Txiliku Zarauzko auzo bat izan zen; hartaz ez da ezer gelditzen, iturri bat izan ezik. Lau bat baserri ziren. Auzo oso entzutetsua zen, bertan ontziolak zirelako. Duela 400 urteko kontuez ari naiz...». Izena auzoari zor dio. Norengandik jasoa alabaina?: «Txiliku izena gure aitonak jaso zuen. Aia herriko auzo batekoa zen eta Txilikuko kale-baserri batera etorri zen. Ezkondu zenerako emana zioten izenorde hori eta berak oinordekoei pasa digu». Txilikuk seme-alaba koxkortuak edo heldu samarrak ditu dagoneko, hauek Txiliku baino Txili izenez deituak omen direla esan digu solaskideak.
Txiliku hamabi urtez aritu zen irakasle. Orduan beste garaia eta erreferentziak bizi omen zituen. Seme-alabak aitarengandik ipuinaren xarma jaso zuten. Eskolan nahiz etxean kontu kontari aritzeak adorea eman zion ipuinen munduan murgiltzeko. Ipuinlari izateko, ahalik eta kontu, istorio eta mundu gehien ezagututa hainbat hobeto. Hitzez gainera edo hitzen azpian, munduek eta paisaiek osatzen dute ipuina. Txiliku euskal literaturaren paisaiaren partea da honezkero: «Paisaia mota askotarikoa da gure literaturarena, beste literaturen mailakoa, zorionez. Ni neroni, berriz, paisaia horretara kontatzeko samurtasuna eta gogoa ekartzen saiatzen naiz». Etengabe idazten duen jitea hartu diogu Txilikuri: «Ez pentsa. Egunero idazteko ohitura daukat, baina boladak izaten ditut. Azkenaldion gutxi idazten ari naiz. Tira, zerbait beti izaten dut buruan, prestaketanà». Idaztea zer den galdetu diogu irrikaz: «Batez ere ekimen atsegingarria da. Niretzat idaztea asmatzea da, besteentzat emaitza atsegina izatea nahi dut». Kontatzeak merezi duelakoan ari da Txiliku. Eta zeregin horretan ûez da lehen sariaû 2004ko Gazte eta Haur Literatura saria irabazi zuen Osaba Bin Floren liburuaren eskutik: «Ustekabea izan zen, sorpresa atsegina. Hainbeste urtetan ari naiz idazle lanetan, bada, lana beste norbaitek gustuko duela ikusteak poza ematen du». Ez da kaleratu duen azken liburua, harrezkero, Jokin Galtxagagorri ipuinak argia ikusi baitu. Bi liburu hauetan barneratu gara egilearekin batera.
Osaba Bin Floren
«Bi liburu hauek enbor komun bat dute, biak foiletoi gisa astekarietarako eginak dira, astero-astero idatzitakoak. Lehena Euskaldunon Egunkarian eta Berrian argitaratu zen eta Berrian bigarrena. Beraietan kazetari baten konpromisoa dago nolabait. Astetik astera etengabe idatzi gabe ere, egunkarian astero agertu behar zuen ipuinen segidak. Inspirazioa zetorrenean ûatal bat edo pare bat asteanû idatziz gauzatu nituen ipuinok». Liburuak beranduago argitaratuak eman ziren, orrazketa bat edo beste hartu ondoren. Egunkarian atera zenean Osaba Florentinoren ipuinak izenburua eraman zuen Osaba Bin Floren ipuinak. Gero, orduan eta orain ospetsua den Osama Bin Laden figuraren ukitua hartu zuen, izenburuaren soinu-kidetasuna. Beraz, honek badu kutsu hori: «Liburuek bere garaia edo unea dute, garaian garaiko seme edo alabak dira», adierazi digu zarauztarrak. Elena Odriozolak egunkarirako nahiz libururako egokitutako marrazkiak goraipatu ditu ipuinlariak.
Ipuina non girotua dagoen aipatu dugu: «Bi munduetan egokitua edo kokatua dago. Zati bat, orain dela 50 urte inguruko auzo batean, Euskal Herrian». Txiliku auzoa ote den itaundu dugu, berriz ere irrikaz: «Ez da Txiliku auzoa, ordurako erre eta desagertua zen. Auzoak Behorlegi du izena, mendiko herri koskorra da, Donostiako Igeldo auzoa izan liteke, agianà Behorlegiko telefono bakarra Garmendia Txiki baserrian dago. Euskaldun-amerikar baten ondarea da».
Ipuinean agertzen den beste zatia ûzatiak hobekiago esanda, ipuinak ipuin handi batean tartekatzen baitiraû arabiar mundua da. Iragan hurbileko Euskal Herrian eta arabiar munduan barrena murgildu gaitu Txilikuk: «Europak iraganean nolabaiteko erromantizismoa bilatu zuen eta arabiar herrialdeetan aurkitu zuen nolabaiteko altxorra. Egia da, arabiar ipuingintzan badago altxor hori, denetarik dago. Funtsean arabiar ipuinak ûkontatzekoak diren ipuinakû kontakizunetan sustraituta daude. Forma berezia dute, memoriari laguntzen dioten istorioak dira. Hango kontatzeko moldeak berezko trikimailuak ditu: ipuin baten barruan beste bat tartekatzeko modua agertu ohi dute. Horretan ere ageri da beren ipuinen magia».
Osaba Bin Floren ipuinaren pertsonaia nagusia Florentino da: osaba. Bere ondoan berriz, Inazio, Maite eta Tomaxito ilobak dabiltza ipuinen gose: «Irudimenezko ipuinetan edo ipuin fantastikoetan badago halako objektu magikoa. Honetan osaba Florentinori sendagileak jarri dion benda da. Bendak bere mundua aldatu egingo du. Alegia, osabak bizi duen mundua aldatu egiten da, bere buruan ez du Behorlegi ikusten, mundua beste nonbait ikusten du. Hartara, bere imajinazioak ipuin klasikoen tokira egiten du bide, Arabiara».
Ipuinek bere magia izaten dute. Txilikurentzat honetan datza ipuinen magia: «Rafik Schami idazleak badu liburu bat, Gaueko kontalariak, eta bertan badira hainbat ipuin kontalari. Nahiz eta ipuinak oso-oso fantastikoak izan, jendea prest izaten da kontatzen dena sinesteko. Ordea, kontalari batek une batez esaten badu Ameriketan bizi den iloba bat duela eta ûkontatzen baduû telebista bezalako tresna bat eta teknika eta teknologia baliatzen dituela, jendeak esaten dio æez etorri guri horrelako kontuekinÆ. Beraz, ipuina sinestarazteko, kontakizunak berezko gramatika behar du. Rodarik horri fantasiaren gramatika deitzen zion; ipuinak forma bat eduki behar du, badakigu ez dela egia, baina sinetsi nahi dugu eta egia balitz bezala bizi dugu».
Jokin Galtxagorri
Ipuinek magia behar badute, zer egokiago magia egiten duten pertsonaien bidez ipuina osatzea baino, ezta? Galtxagorriak euskal mitologiako pertsonaiak dira. Ez dira urruti bizi izan, bestela entzun adi-adi Txilikuk zer dioen: «Galtxagorriak magia egiten duten pertsonaiak dira. Zarautzen pertsonaia ezagunak ziren, gaur ez hainbeste jakina». Txilikuk gure mitologiaren pertsonaia hauek erakutsi dizkigu Jokin Galtxagorrin: «Galtxagorriak jeinuak ziren, langileak, agindutako guztia egiten zutenak, eta gurean, Baionan erosten omen ziren. Hara joan eta bi dukat ordainduta ekartzen ziren. Aspaldiko kontuak dira. Euskal mitologian kontatzen denez, haiek lana ematea nahi zuten. Nik, berriz, langilea izan beharrean alferra zena bilatu dut. Berezi samarra da, nahiago du beste edozer egin lana baino. Esate baterako, ipuina kontatzea nahiago du beste ezer egin baino».
Mattin marrazkilariak ûTxilikuren hitzetanû ederki apaindutako ipuinean, Aitona Martin eta Maiderren arteko harremana kontatzen da. Tartean Jokin jeinua dago. Maider alfer samarra da ordea, eta Jokin baliatu nahi du eskolako lanetan. Hau alferra izaki, horiek komeriak! Aitonak lagunduko du Maider, ez eskolako lanetan, Jokin alferraren dohainak ikusten baizik: «Jokinek edonor aspertzeko modukoa izaera dauka, baina ipuin kontalari trebea da...», diosku Txilikuk.
Galtxagorriaren pertsonaiaz gainera, Basajauna edota Lamia agertzen dira ipuinean. Beren alde ona eta gaiztoa hizpide izan ditugu segidan: «Gaur egun, euskal mitologiako mundua gero eta urrutiago daukagu. Nik, hala ere, manikeismoa kenduko nuke, ona edota gaiztoa izate hori, alegia. Basajauna, adibidez, ez da ona edo gaiztoa, beste kultura batekoa da, bizitzeko beste kultura du, baita lamiek ere. Beren izateko eta bizitzeko ohiturak bestelakoak dira».
Egileak ez dio ikuspegi klasikoa eman ipuinari. Umorez deskribatu ditu pertsonaiak. Baita egungo pertsonaiak aipatu ere, hala Son Goku nola Pokemonà «Lehenengo horiek badoaz eta hauek badatoz berriz. Nahitaezkoa da hori. Guk Superman edo Marvelen heroiak bizi izan genituen, mitologiaren kutsua zutenak. Gaur egungo pertsonaia berri hauek ez ditut hainbeste ezagutzen, baina gaurko umeek badute horien berri. Eta nik 'gure gaurko mitologiako' pertsonaia horiek aipatu egin ditut. Horientzat ere toki bat behar baita». Edonola ere, Txilikuren gusturako, mitologiak gure irudimenean lekua du oraindik ere, mitologiak badu oraindik zer esana. Gure irudimena pizteko balio du. Ipuinak irudimena pizteko balio ote duen itaundu dugu azkenik: «Gaur egun irudimena piztea gero eta konplikatuagoa da, hori egia da. Hasteko eta behin, lehen baino askoz irudi gehiago dagoelako. Ez dugu liburua behar, zinea eta telebista hor daude. Dena dela, liburuak badu abantaila bat, irudi bidez ikusten duguna egina dago eta liburuak aldiz irudia -eta ipuina bera- are gehiago garatzeko aukera ematen digu».
Pilar Iparragirre
Zein izan dira bidaiaren emaitza nagusiak?
Idazteko modu berri bat deskubritu nuen, eta bidaiatzeko modu desberdin bat baita ere. Bakarrik joan nintzen, eta bidaiatzen ari nintzela idatzi behar nituen erreportajeak besterik ez nituen buruan. Orduan, egun guztiak begiak erne eta belarriak zabal jardun nuen. Denbora guztia, batetik bestera ibiltzeko garaian eta baita garagardo bat hartzeko garaian ere, jada beste modu batera egiten duzu, betiere pentsatzen ari zara zer idatzi beharko duzun eta nola enfokatu beharko dituzun gauzak. Gauzei arreta askoz gehiago jartzen diezu, beste begirada bat eskaintzen diezu kontuei.
Erreportajeen tonua nola hautatu zenuen?
Tonua eraikitzeko garaian, azkenean nire arazoak literarioak ziren. Bakarrik nago, eta nolabait kontrapuntu batzuk behar ditut, nioen Izan ere, bat bakarrik doanean, oso jende gutxirekin hitz egiten du: hotelekoekin eta taxistekin. Eta, beno, erreportaje hauetan pertsonaiak taxistak dira, Italiaren ikuspegi bat ematen didate eta nire ustez hari sinpatiko bat ematen diote kontakizunari ere.
Eta bidaia bera nolakoa izan zen?
Bidaia egitekorakoan, sistema zen apunteak hartzea eta ahal zen material gehiena biltzea. Eta jakina, nire ezagupenen arabera, literatura nuen nik marka eta norabide ere. Maite nituen idazleek, haien lanek-eta, markatzen zidaten ibilbidea baita ere. Erreportaje hauetan agertzen da hori, baita tituluan bertan ere. «Italia, bizitza hizpide» izenburuan, Cesare Paveseren «Bizitza lanbide» obrari egiten baitzaio omenaldi.
Pilar Iparragirre
Kultura eta identitate erbesteratuak
Imanol Galfarsoro
Pamiela
125 orrialde
12,50 euro
Nomadologia subalternoak
Pentsaera berri bat ekartzera datorren ezohiko lana, irakurlea ezlekutzen duena da Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologia subalternoak) izenburuarekin Imanol Galfarsorok eskaini digun hauxe, Joxe Azurmendi pentsalariaren hitzetan esateko. Anti-neoliberala dugu bokazioz egilea, eta ironia probokatzailea arma harturik ekartzen ditu liburura egungo munduak dauzkan arazoen gainean urte askotan egin dituen gogoetak. Nazioa, humanismoa, filosofo berriak, kolonialismoa zein post-kolonialismoa eta beste hainbat gai ditu hizpide apunte moduko hauetan, baina ez da ondoriotara iristen, ez duelako adostasuna bilatzen bidaiariaren, kosmopolitaren edota abertzalearen kontura ironizatzen duenean.
Bidaia munduaren amaierara
Henning Mankell
Erein
254 orrialde
Mankellek gazteentzat idatzitako tetralogiaren azkena
Henning Mankell idazle suediarrak gazteentzat idatzitako tetralogiaren laugarren eta azken liburua plazaratu du Erein argitaletxeak euskaraz, Bidaia munduaren amaierara izenburuarekin. Haur zelarik ezagutu genuen Joel mutiko protagonistak dagoeneko hamabost urte bete ditu. Oso txikia zenean gelditu zen ama gabe, aitarekin utzi umea eta etxetik alde egin baitzuen amak. Hura ezagutzeko irrika izan du Joelek beti barruan, eta nobela honetan lortuko du bere nahia. Haatik, aita hilko zaio. Baina hori jazo aurretik, iraganean zer gertatu zen benetan jakin nahiko du mutikoak, iruditzen zaiolako ama batek ez duela besterik gabe alde egiten, aitak izaten direla desagertzen direnak.
Urtegi
misteriotsua
Aitor Arana
Ibaizabal
87 orrialde 9 euro
Txakurra mintzo zitzaion mutikoa
Anaia bikia urtegian ito zitzaion hamabi urteko mutikoa da Aitor Aranak idatzitako kontakizun honen protagonista. Anaia galdu zuenetik, etxeko txakurrak haren izenean hitz egiten diolakoan dago, eta gurasoak oso kezkatuak dauzka bere jarrera horrekin, zeren kontatzen diena sinesten ez diotenez, beti haserre dago, inorekin hitz egin nahi gabe. Psikologoarengana eraman dute, baina alferrik izan da hori ere. Orduan, familia batekin bizitzeko gogoz dagoen Zaharren Egoitzeko gizon bat etxera ekartzea erabakiko dute gurasoek. Hasieran mutikoari ez zaio haien asmoa piperrik ere gustatzen, baina behin aitona ezagutu eta gero, gauzak aldatzen joango dira, batik bat jakiten duenetik altxorrak bilatzea izan duela hark lanbide. Urtegiko misterioa argitzen lagun diezaioke!
Tantak
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzua
132 orrialde
7,81 euro
Tantak aldizkariaren 32. alea
Euskal Herriko Unibertsitateko Tantak hezkuntza aldizkariak, ohi bezala, artikulu sakonak plazaratu ditu. Azken zenbakian azaltzen diren gaien artean, honako hauek daude: Axier Huegunen Emozioak eta gorputza hezitzaileen harreman-trebetasunen prestatuntza bidean: esperientzia baten azterketa; Paula Elosuak egun indarrean dauden autokontzeptuaren eredu teorikoen artean hedatuena den Shavelson-ena oinarri duen AFA-A eskala euskaratzeko ematen dituen arrazoiak; Iñaki Pikabearen Haur hezkuntzako eta Lehen hezkuntzako ikasgeletan ahozko euskara hobetzeko esku hartzeko programa; Mikel Haranburuk Piageten ibilbide psikologikoaz eginiko azterketa, eta Juan Carlos Tójarren Ebaluazioan egoten diren zehar-iritziak eta honetarako kalitate irizpideak.
Arzak errezetak
Juan Mari Arzak
Bainet Media
246 orrialde
35,95 euro
Arzaken gaur-gaurko sukaldaritza
Mikel Alonsoren 573 argazki koloredunen laguntzaz osatu du Juan Mari Arzakek ehun errezeta biltzen dituen liburu hau. Sukaldaritza-ildo soil ûbaina ez txepelû bat erakusteko asmoarekin berariaz moldaturiko formulak dira, erraz egin daitezkeenak, baina ukitu bitxiez apainduak, arrautza frijituak baino errezeta landuagoak egin nahi dituen edonorentzat aproposak. Gaur gaurko sukaldaritza agertzen du Juan Mari Arzakek lan honetan, bertako eta kanpoko osagaiekin egindakoa. Eta irakurleari erosketak egitean gauzak erraztearren, errezeta bakoitzak bereak dituen osagaiez gainera, dendan aiseago aurkituko ditugun ordezko elikagaiekin aritzeko aukera ere eskaintzen du.
Mintzairaren miraria
Xabier Monasterio
Gaiak
184 orrialde
Hizkuntzak gure izatean eta bizitzan duen garrantziaz
Kontuan harturik munduan ez dela giza talderik hizkuntzarik ez duenik, hizkuntzak gure izatean eta gure bizitzan duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin osatu du Xabier Monasteriok Mintzairaren miraria, hamar ataletan banatutako liburua: mintzamenaren sorreraz historian zehar esan direnak; mintzairaren ezaugarri, funtzio eta osagaiak; mintzairaren eta kulturaren arteko elkarregina; hizkuntza aniztasunak dauzkan arriskuak, eta hiztun ororen eskubideak azaldu ditu besteak beste.
Italia, bizitza hizpide
Anjel Lertxundi
Alberdania / Berria
86 orrialde 10,50 euro
Anjel Lertxundiren bidaldiaren kronikak
Aostatik Torinora, Triestetik Kroaziako Rijekara, Padua eta Venezian zehar ibili zen Anjel Lertxundi 2004ko udan, Berria egunkarian azalduko ziren idazlan batzuk osatzen. Eta hain zuzen ere, hamar erreportaje haiek dira, orraztu eta gero, Alberdania argitaletxeak eta Berriak elkarlanean liburu formatuan eskaintzen dituztenak. Begiak erne, belarriak zabal eta literatur zein historia oroimenak etengabe astinduz aritu zen Anjel Lertxundi bere bidaldi hartan. Hegazkinez iritsi zen Torinoko Caselle aireportura. Eta hegazkinez joan zen baita ere hainbeste hunkituko zuen Triestera, baina bestela trenez ibili zen gehiena. Jendearekin ûeta bereziki taxistekinû ahal zuen guztietan egungo zein atzoko Italiaz mintzatzen, bere idazlerik maitatuenen lanetan agertutako historiako gertakizunak gogoratzen, DÆAnunzioren faxismoari aurre egin ziotenak oroitzen, zinegile neorrealisten filmak ahaztu gabe, Giotoren erakustaldia bisitatzen, Italian dagoen hizkuntz aniztasunari behin eta berriro erreparatzen, gerrillari suizidak ez direla gaur goizekoak jabetzen, minbiziarekin borrokan Triesten ari zen Soriako idazle batekin kontu-kontari...