Mikel Asurmendi
Hauteskundeetako datu bat izan dugu hizpide abiapuntuan, duela lau urteko parte-hartzea %10 jaitsi izana, hau da, 100.000 boz gutxiago bildu izana oraingoan: "Ez da datu azpimarragarria. Hauteskunde hauek ęohikoakĘ izan dira, ęezohikoakĘ aurrekoak izan ziren. Beraz, portzentajea eta parte-hartzea normala izan da. Duela lau urteko polarizazioak herri honen biziraute beharra islatu zuen. Oraingoan, neurri batean, normalizazioa islatu da". Emaitzak emaitza, sektore batzuek Ibarretxe Plana lurperatu ikusten dutela aipatu diogu: "Nik ez dut horrela ikusten. Aitzitik, hauteskundeen emaitzek apur bat gora igo dute subiranotasunaren maila. EAJ-EAk galdu duen bozen zati bat subiranotasun erradikalagoen aldera joan da. Beraz, subiranotasuna ez da ahuldu. Marko politikoaren aldaketa erradikalagoa eskatzen duen sektoreak puntu erdi bat irabazi du".
Bigarren trantsizioan bete-betean al gaude hauteskundeen ostean?
Bigarren trantsizioa aspaldi hasi zen, gutxiengoek aurreko markoa zalantzan jarri zutenean hasi ere, gerora, astiro-astiro, gehiengoak egoera eztabaidan ipini ostean, trantsizioan sartu gara guztiz. Gakoa trantsizioa amaitzea da, eta hori prozesu geldoa da. Artean, trantsizioak bi ildo urratu behar ditu, batetik, bake bidea ireki behar du, eta bestetik, alderdi politikoen arteko harremanen oinarri sendoa finkatu.
Hauteskundeek nola eragin dute prozesuan, ordea?
Pizgarri izan dira. Lehenik EAJ-EA bikotea mugitu zen eta ondoren ezker abertzalea, Batasunaren Anoetako Proposamena lekuko. Artean, Aralar jokaleku politikoan sartu da. Ezker abertzalearen proiektuak eraiki fasean daude, oraindik ez dituzte berauek ondo definitu, oraingoz Ibarretxe Planaren inguruan ari dira. Artean, PSOE mugitu da. Duela bi urte Estatutua ez zela erreformatu behar zioen, eta orain ez du baztertzen bere erreforma.
Gauzagarria ikusten al duzu alderdien arteko gatazka ebazteko negoziazio mahaia eta gobernu egonkorra adostea.
Ez dut uste alderdien arteko mahaia osatuko denik. Ez dut jokaleku hori ūoraingozū eraikigarria ikusten. Hasteko, aldebiko harremanak izango dira alderdien artean, baita taldeen arteko bilerak ere. Nik hiru prozesu desberdinduko nituzke: bake, normalizazio eta gobernagarritasun prozesuak. Prozesuak nahastu gabe garatu beharko dira, bereiz, elkarrekiko errespetu osoz, ezin bestera gauzatu, bestela nekez iritsiko dira akordio batera. Gero, uztartzen joango diren ahala, prozesuek elkarri eragin diezaiokete. Alderdien arteko mahaia Eusko Legebiltzarrean ikusten dut, bortizkeriaren arazoari irtenbidea emateko tokia izango da, abertzaleen eta Madrilgo Gobernuaren arteko bilgunea. PSE bozetan igo izanak erraztu egingo du bakerako bidea. Normalizazio politikoa eta gobernurako aurreakordioak ere Legebiltzarrean ebatziko dira.
EAJ nola ikusten duzu egoera horretan?
EAJk bi arima ditu uneon. Batek PSErekin akordio batera iritsi nahi luke, gai guztietan eta ikuspegi orokor batez. Josu Jon Imazen apustua hori izan liteke. Joseba Egibarrek, berriz, une historiko honetan marko juridiko politikoan gehiago sakondu nahi luke, epe luzera euskal arazoaren ebazpena lortzeko. EAJren bi arima horiek izanda ere, prozesuaren erritmoak markatuko dituena Ibarretxe da. Ibarretxe da EAJn epaile eta liderra. Besterik da, bere soluziobideek epe ertainean emaitzarik eskainiko ote duten. Horrela izan ezean, bi arima horiek berriz ere kontrajarriko lirateke.
Ibarretxe Lehendakari ikusten al duzu berriz ere?
Dudarik gabe. Ez dago ordezkatu duenik. Gainera, epaile izateaz batera, joko politikoa ere ematen ikasi du.
EB nola ikusten duzu?
Familia politikoen arteko zubia da, eta aldi berean, ezkerraren aldarrikapenak aurrera ateratzeko beharrezkoa. Nazio arazoa tarteko izaki, baztertzen diren aldarrikapenen sustatzailea da. Eguneroko arazo sozialez gogoratzen den alderdia.
PSE eta Patxi Lopez, berriz, Zapatero Madrilen delarik?
Zapaterok alderdi sozialistak emandako jira-bira erraztu du. PSOE bloke konstituzionalista izatetik proiektu propioa izatera pasa da, iazko hauteskundeen garaipenari esker, noski. Edonola ere, Zapaterok Patxi Lopezen PSEren lerroa babestu du. PSC eta PSE ez dira gauza bera, ordea.
Kataluniako prozesua hemen ez dela bideragarria esan nahi duzu.
Ez dakit bideragarria den. Izan liteke. Baina, nik ez nuke bide horren alde egingo, tira, ez dut bideragarria ikusten. Hemen berezko bide bat urratu behar da. Euskadin bertan garatu beharrekoa, adostasunez gehiengoak bilduko dituena, ondoren Estatuarekin akordio batera iristeko. Guk, Konstituzioaren mugei dagokienean, ez dugu kataluniarren irakurketa mimetikoa egin behar. Alegia, Konstituzioaren erabilgarritasuna aztertu behar da herri honi irtenbide bat emateko eta ez Konstituzioari berari.
Normalizaziorako bidean Alderdien Legea dago alabaina.
PSOEk aurrera egin nahi badu bertan behera utzi beharko luke, baina ez dut uste ūEstatuari begiraū hori egiteko indar korrelazioan dagoenik. Ordea, Legearen edukiari jurisprudentzia moduko bat ezar liezaioke. Eta ez dut horregatik Legea erreformatuko denik uste. Jurisprudentzia politiko horrek baina, epailei adieraz liezaieke Gobernuaren asmoa dela Legea aplikatzea bortizkeria kasutan inplikatuta dauden alderdiei soilik. Lege injustu honen bidegabekeriak saihesteko modua litzateke.
Ezker abertzalea nola dakusazu, EHAK agertu ostean?
Ezker abertzalea oso ahul dago. Bere arazoa ez dago konponduta. Larrialditik atera da, baina bortizkeriaren arazoa konpondu bitartean behin-behineko urratsa baino ez du eman. EHAKren aldeko boza elkartasunarena da, sektore sentiberek emana, izateko eskubidea daukan sektore baten aldekoa eta ETAren ekintzarik gabe emanda. Finkatzeko eta sendotzeko, sakoneko arazoak konpondu behar ditu.
Aralar Legebiltzarrean sartu da.
Oso berri ona da. Irizpide propioa daukan sektore hau ūezker abertzalearen baitan bortizkeriarekiko distantzia markatu duenaū erakundeetatik kanpo geratzea txarra litzateke herri honentzat, ezker abertzalea biolentziaren epikari lotuta interpretatuko bailitzateke. Baina, Aralarrek ez du Batasuna ordezkatuko, ez du asmorik ere. Ezker abertzaleko ildo honek finean ezker abertzalea berrosatzea du xede, proiektu propio berri batekin eta biolentziarik gabe.
Azkenik, PP eta San Gilen egoera politikoa nola ikusten duzu?
PP jokoz kanpo geratu da bolada batez. Maria San Gili jokoa zabaltzea kostatuko zaio, hemen jokoa gauzatzen den bitartean Estatuari begira egongo da. PPk bere jokoa Zapatero eta Raxoiren artean garatu nahiko du. San Gilen jokoa edo rola erabat baztertua geratuko da. Raxoik, halaber, nahiko lan dauka bere alderdiaren eskuin muturreko adarrarekin.
Daniel Udalaitz
Zer ezaugarri berezi ditu Ipar Euskal Herriko langilegoaren egoerak?
Ipar Euskal Herriko langileriaren egoera bertako egoera ekonomiko bereziari lotua da. Ipar Euskal Herriko ekonomiaren egiturak, herri industrializatu guztietan bezalako ezaugarriak eta joerak izan arren, berezitasunak baditu, historia eta bilakaera propioari lotuak: laborantza eta arrantzaren tokia bai eta zerbitzuen garrantzia (landunen %72) eta industriaren ahulezia (%14,8).
Bestalde, mundializazio liberalak eta estatuaren politika anti-sozialak langileen lan eta bizi baldintzak goitik behera eragiten dituzte. Hor ditugu azken asteotan izandako hainbat gertakari, egoera islatzeko: SAFAM enpresa ixtekotan dena, ekoizpena Txinara deslokalizatu ondoren, 200 langileren lan postuak zalantzan utziz. Edo duela bi urte ateak itxi zituen Ruwell-eko 400 langileek beraien kanporaketaren aurka irabazi zuten auzia -eta ondorioz kobratu behar zituzten kalte ordainak- Paueko beste auzitegiak zalantzan eman du, langileen kanporaketa bidezkotzat joz. Beste hamaika adibide aurki daitezke eta, horrela, ehunka, milaka enplegu galdu da azken hamarkadetan, industrian bereziki.
Aldi berean, prekaritatea izugarri zabaldu da lan munduan. Egun, langileen %16 prekarioak dira eta sortzen diren enpleguen hiru laurdena prekarioa da -denbora partzialean, kontratu mugatuak, bitarteko kontratuak-. Horrez gain, turismoak eta merkataritzak duten tokiak fenomeno hau azkartzen dute, enplegu gehienak sasoikoak edota prekarioak baitira. Prekaritateari langabezia gehitu behar zaio: %10ekoa zenbaki ofizialen arabera. Horrela txirotasuna zabalduz doa eta azpi enplegutza norma bilakatzen da.
Hori dena, gobernamenduaren eta Europako Batasuneko erakundeen onespen eta babesarekin... Azken urteetan eraso izugarriak jasan ditugu langileen eskubideen aurka: erretreta eta seguritate sozialeko sistemak, lanbide formakuntza jarraitua, "35 orduak", hitzarmen kolektiboak, lan kontratua... denak zalantzan emanak dira.
Nola sortu zen LAB Iparraldean eta zer bilakaera egin du?
LAB Iparraldean sortu da duela 5 urte eta gure lehen agerraldia 2000ko maiatzaren 1ean izan zen. Alta prozesu luze baten ondorioa zen. Sindikatu baten egitasmoa aspaldikoa zen ezker abertzalean eta hainbat entsegu izan ziren. Horien segidan etorri zen LABen sorrera Iparraldean. Orduan, Iparraldeko hainbat enpresetan ari zen langile talde batek sindikatua sortzeko erabakia hartu zuen eta, iritziak ezagutzeko, urtebeteko harreman lana burutu eta hamaika biltzar publiko antolatu ondoren, LABekin sartu ginen harremanetan eta egitasmoa gauzatzen hasi ginen.
Bost urteko bide neketsua izan da baina emankorra: egituratze lana enpresetan, sektoreetan -irakaskuntza, altzarigintza, osasungintza...-; lan juridikoa -langileen asistentzia juridikoa-; borrokaldiak gure lan ardatzei lotutakoak edota gobernamenduaren erreforma anti sozialen aurka...
Sortu eta zuen lekua egin duzue Iparraldeko sindikatugintzan. Zenbateko ordezkagarritasuna duzue?
Sindikatuen lana aipatu dugun markoan eta egoeran zaila dela argi da. Ipar Euskal Herrian are zailagoa: enpresa handi gutxi dira eta, aldiz, enpresa ertain eta txiki asko, usu 10 langile baino gutxiagokoak. Horrez gain, enpresa handiek egoitza Euskal Herritik kanpo dute eta deslokalizazioen mehatxuak jasaten ditugu. Lan zaila beraz baina ezinbestekoa! Alta sindikalizazio tasa biziki apala da: %8 inguru.
Bost konfedarazio frantses handiek (CFDT, CGT, FO, CFTC eta CGC exekutiboak) ordezkaritza dute Ipar Euskal Herrian bai eta azken urteetan sortu diren sindikatek ere: Unsa (irakaskuntzan gehien bat), Solidaires (SUD PTT, SUD Education eta SUD Santé-Sociaux) eta CNT. Azken hauek -ezberdintasun eta desadostasun guztiez gain- eta guk dugun arazoa "ordezkagarritasuna"rena da. Izan ere, frantses zuzenbidearen arabera, bost "handiak" berez ordezkatzaileak badira, azken sortuek etengabe frogatu behar dute eta gehienetan auzitegietan trenkatzen da. Ondorioz, ekintza sindikalerako etengabeko trabak dira -enpresetan, hauteskunde sindikaletan aurkezteko...-.
Bestalde, errepresio sindikala geroz eta handiagoa da eta sindikalisten aurkako auziak ugaritu dira.
Sindikatu bakoitzaren eragina neurtzeko, 2002ko azken "Prud'hommes" kontseiluen hauteskunde emaitzak adierazgarriak dira: CFDT sindikatuak bozkazaleen %33,3 bildu zuen, CGTk %26,3, FOk %16,8 eta LABek %9, CFTC (%6) eta UNSAren (%4,5) aurrean. 2.000 langilek (22.500 bozka emailetatik) onespena ematen zioten LABi.
Nolako harremanak dituzue Iparraldeko beste sindikatuekin?
Beste sindikatuekilako harremanetan zailtasunak ditugu. Aipatu sindikatu "nagusi"ekin ez dugu batere harremanik, CFDTrekin salbu. Beste lauek hasieratik baztertu gaituzte; CFDTrekin aldiz, harreman normalizatuagoak ditugu. Lan harreman sano eta jarraituak ditugu SUD, CNT eta CGT-éducationekin. Ekintza sindikalean eta jendartearen aurkako erreformen kontrako borroketan ikuspegi berdintsuak izateaz gain, arlo batzutan elkarrekin ari gara lanean, irakaskuntzan, adibidez.
Hala eta guztiz ere, LAB sortzeak Iparraldean esparru sindikala mugiarazi du eta sindikatu frantses batzuk urratsak ematera bultzatu ditu, euskararekiko, adibidez.
Orain arte zer arlotan lan egin duzue, eta zein dira zuen etorkizuneko ildoak?
LABeko ekarpen nagusia izaeran datza, hots Euskal Herri osoa laneko esparrua duena. Horrek gure lan guztia eragiten du, adibidez irakaskuntzan, osasungintzan, garraioan, merkataritzan... mugaz bi aldeetako egoera dugu lan eremu eta geroa eraikitzen ari gara. Gaurko tresnak eta biharko Euskal Herria eraikitzen ari gara, egoera ezberdinak kontuan hartuz. Esaterako, apirilaren 23an iraganen diren ihardunaldi sozio ekonomikoetan, hainbat arlotan -osasungintzan, lanbide formakuntzan, enplegu bilatze arloan...- mugaz gaindiko egoera aztertuko dugu eta egitasmo bateratuak gauzatzen hasiko gara. Prekaritatearen aurkako borroka, lanaldiaren murrizketa eta aberastasunen banaketa ditugu lan ardatz nagusiak. Halaber lanean ari gara AC! izeneko langabetuen elkartearekin eta urtero, sasoilariak informatzeko eta haien eskubideen defentsan laguntzeko kanpainak burutzen ditugu. Eta noski, egituratzen segitu behar dugu bai eta langileen eskubideen aurkako erasoen aurka ere.
Iparraldeko LABek zer aldarrikatuko du maiatzaren 1 honetan?
Aurtengo maiatzaren 1a testuinguru guztiz berezian kokatzen da: alde batetik aipatu ditugun etengabeko erreforma anti sozialak eta Europako itun konstituzionalari buruzko herri galdaketa. Bestetik LAB Iparraldeko 5. urtemuga. Azken honi garrantzia eman nahi izan diogu eta honen kari gure lan ardatz nagusien inguruko ekitaldiak, biltzar publikoak antolatu ditugu bai eta ekintza batzuk ere. Bestalde, Europako konstituzioaren aurkako borroka garrantzi handikoa da eta lanean ari gara ezkertiar orok, abertzale orok ezetz erran dezan langileen, herrien, emazteen eskubideak ukatzen dituen itun honi.