Xabier Aierdi
Zikloak amaitu egin omen direla eta, aurrerantzean zerotik hasi ala, gaurdainoko eskarmentua kontuan hartuta, beste zenbaki batetik ekitea da igandeko hauteskundeen ondorengo dilema. Orokorki, laurogei eta laurogeita hamarko hamarkadetara bueltatu gara, bidean Ajuria Eneako eta Lizarra-Garaziko espirituak/itunak behin betirako baztertuak geratu direlarik. Alde bakarretik bideraturiko prozesuak eta gehiengoen logikak baliogabe gertatu ondoren, beste hogeitabost urte antzu ala bizi izan dugunetik ikastea geratzen zaigu.
Igandeko emaitzek aspalditik daukagun panorama berbera begi-bistan jarri digute, ez dago ezer berririk. Agian, EHAK-k uste zena baino diputatu gehiago eduki izana? Baina, funtsean geneukana daukagu, zegoena dago eta, seguruenik, dagoena egongo da.
EAJ-EA koalizioak bide-zidor bat zegoela uste zuen eta horrek Ibarretxe Plana aurrera ateratzeko aukera, horrela bertan erabakitzeko ahalmena ziurtatzen zelarik. Kontua da ia ur zikinarekin umea ere joan zaigun ala ez, zeren Plana pikutara joan da, eta hurrengo hilabeteotako ûedo urteotakoû helburua zein den zehazteke dago: edo nazionalismoen arteko hegemonia borrokari ekiten jarraitu edo erabakigune erreal bat lortu, gerorako utzita Jerusalemeko kontuak. Gainera erabakigunearen defentsak ezin ditu gure indar guztiak agortu eta ezin gaitu inorako bideetara eraman, zeren eta erabakigunearen inguruko hainbat ideia argi badago ere, zailagoa da erabaki gura dena zehaztea: agian ez dago ezer erabakitzerik egungo lerrokatze identitario eta elektoraletan oinarrituta. Erabakigunearen titularitatea argi dago, materialitatea oso ilun, eta lehenak ez dakar ezinbestean ezta zeharka ere bigarrena. Honen haritik, argi dago, bestalde, gaurtik hasita hegemoniaren kontuari ekiten bazaio, berriro "zerora" bueltatzen garela.
Hiru aktore estrategiko daude lau hankako mahai honetan: PSE, EAJ-EA eta Ezker Abertzalea-ETA. Otegik, biltzeko gogoa erakutsiz, hala PSE nola EAJri luzatu zien eskua. Baina, zertarako? Egun, zer dute amankomunean lortzeko moduan? Lehen begiratu batean, ez dut ikusten elkarren artean ezer adosterik dutenik, agian bai, binaka, ez dakit zer hirurak elkartuta. Noski, laugarrenarekin -PPrekin- ez dago ezer egiterik, baina aktore estrategikoa da, egin behar ez denaren eta nahi ez denaren erreferentzia-muturra baita. Hau da, beraren ukapenean errotzen da neurri handi batean alternatiba egingarrien araketa.
Gizarte bakoitzeko historiak hainbat objektu politiko sortzea ahalbidetzen du eta beste hainbat betirako ezindu. Gure artean, horrelako objektua abertzale ez den euskalduntasun politikoa da. Ezintasun honek kontsentsua ukatzen du, eta aipatu hiru aktoreek bilatu behar dutena kontsentsua da, ezin baita ez alde batetik Konstituzioa ez bestetik soberanismoa inposatu. Hau ez da epeltasuna, ezta epelkeria ere, hau errealitatea da. Kontsentsuaren lorpena dute beharrezko hiru aktoreek. Hamar urte pasatu behar izan ziren -Ajuaria Eneako Ituna- ezker abertzalea baztertu ezin zela kontu hartzeko; zazpi urte pasa behar izan dira -Lizarra-Garazi-, ez abertzaleak txokoratzea posible ez dela kontu hartzeko. Nola konpondu gaitezkeen erabakitzeko bada, ez legoke txarto urte batzuk galtzea.
Mugak argi daude: ezin dugu aurkaria konbentzitu, ez dugu aurkaria etsai bilakatu behar, elkarrekin bizitzera kondenatuta gaudeà eta abar. Abiapuntu honekin, ez dugu zertan zerotik hasi behar, baina zero azpirako bidea egon badagoenaren kontzientziarekin. Aspalditik uste dut gure sistema politiko guztiak hanka-sartze berbera egin duela: gizartearen kontra aritu. Batzuek gizarteari herria kontrajarri diote; besteek Estatu/Konstituzioa. Zerotik hasi ez gaitezen egokiena ez ote da gizartearen seinale eta konstante bitaletatik hasita politika egiten hasi? Hori agindu dute apirilaren 17ko emaitzek. Lau urte barru -edo lau hilabete barru- ikusiko dugu, egoerak txarrera beti joan daitezke-eta.
Xipri Arbelbide
Hil zaigu beraz Joani Paulo II. Elizako buru lehena. Aitortuko dut puntu askotan ez nuela harekin bat egiten. Nik nuenez arrazoi ala hark, geroak erranen. Baina gogoan daukat Afrikan ikasi atsotitza: «Zuhaitza gorago, itzala handiago». Eta bazuen goratasunik Jean Paul II. zuhaitzak! Askok itzala baizik ez baitute aipu, eguzkitarako aldeaz ariko naiz.
1978an hartu zuelarik bere kargua, 750.000 katoliko ginen. 25 urte berantago, 1.100 milioi. Hots! %47ko ûberrogei eta zazpiû gorakada. A! Gorakada bera izan balu euskarak 25 urtez! Elizaren historian behin ere ikusi ez dena. Zuhaitza bere fruituetarik jujatu behar bada... Norbaitek erran dit "Hirugarren munduan da goratu". Eta zer? Hirugarren mundukoak ments batzuk ote litezke?
Bakearen alde, beharrean direnen alde, ttipien alde, zuzentasunaren alde zer ez du erran! Garaitu du komunismoa. Liberalismoarekin, biak zaku berean sartuak ditu. Elkar ezin jasana nagusi den mundu honetan, haren irekidura preziatu dute: sinagoga batean sartu den lehena, Jondoni Petri hilez geroz. Mezkita batean izan den bakarra. Juduei barkamendu eskatu die, giristinoek historian zehar egin kalteetaz. Noiz ikusiko ditugu Euskal Herriko komunistak barkamendu eskatzen, dozena milioika komunistek erail dituztenentzat?
Baina badu, ezin barkatuzko huts bat: ez die "begiragailua" gomendatu heren munduko gazteei. Haren faltaz da IHESa hedatzen hor gaindi. Moda berriko shoah baten hobenduna da. Galde bat. Europan ere, milaka baitira begiragailua erabiltzen ez dutenak, Joani Paulorengatik?
Badute beste arrazoirik begiragailurik ez erosteko. Mila milioi jendek ez baitute egunean euro bat bizitzeko, ez ote duzue uste begiragailuaz premiagorik badutela? Arrazoirik nagusiena hala ere, haien kulturan ezin asmatua dela begiragailuaren erabiltzea.
Joani Pauloren funtsezko arazoa ez zen begiragailua. Gorago zen. Gizona deitzen zuen zoriona beste nonbait bilatzera. Telebista, irrati, kazetetan ari zaizkigun moda berriko sermoilaritxoek zoriona hitz ematen digute hiperkontsumismoan. Kontsumitu gero eta gehiago petrolio, gero eta gehiago ur, gero eta gehiago janari, gero eta gehiago jantzi, gero eta gehiago DVD, gero eta gehiago SMS, gero eta gehiago pixel, gero eta gehiago sexu, gero eta gehiago opor, gero eta urrunago. Horra zorionerako autobidea. Gure ekonomia gero eta gehiago garatuko da. Gero eta gehiago diru irabaziko dugu, gero eta gehiago petrolio erosteko, gero eta gehiago janari, gero eta gehiago à gero eta gehiago zorion gozatzeko.
Horra egun oroz, irrati, telebista, egunkarietan predikatzen diguten dogma modernoa. Zergatik ez? Baina zer fruitu ematen du erlijio berriak? Heriotza.
Horren fruituak: gero eta gehiago hondakin, gero eta gehiago kutsadura, gero eta gehiago preso, gero eta gehiago drogatu, beren buruaz beste egiten duten gero eta gehiago jende, gero eta gazteagoak ûauto istripuz baino gehiago!û. Bizkitartean, gero eta goseago gelditzen gara, janago eta goseago. Hirugarren Munduko zozoak baino gehiago garela uste eta ez gara ohartzen lur honetako ontasunak ez direla ezin agortuak. Hain gara arrautza gose non oiloak berak jaten ari baikara. NBErentzat 1360 adituk egin ikerketak (Millenium Ecosystem Assessment) jakinarazi du, gure lurrak mende erdi baten bizia daukala, oraingo hiperkontsumismoaren garapena ez badugu hausten.
Erlijio berriaren fruitua, lurra hiltzen ari garela. Europa hiltzen ari dela, Euskal Herria bera hiltzen ari dela: hilen ordaintzeko behar litekeen haurren erdirik ez da sortzen. Langileak inportatzen ditugu burdina bezala. Ez ote luke zuzentasunak eskatzen langilerik ez daukaten herrialdeek, lantegiak deslokaliza ditzaten, langileak badiren herrietara? Haiek ere baitute beren herrian bizitzeko eskubidea. Haien herriek ere baitute garatzeko eskubidea. Garatzeko? Ez! Egunean apairu bakar baten izatekoa, ur sanoarekin: 3 milioi jende hiltzen da urte oroz urarengatik (Berria 3/22).
Ez ote liteke hori Joani Pauloren mezu garrantzitsuena? Hirugarren Mundukoek ongi ulertu dutena. Guretzat aldiz, ezin irentsia.
Begiragailuaz egiten diren tertuliek gogorarazten dizkidate Erdi Aroko teologo zenbaiten eztabaidakà aingeruen sexuaz!
Gari Berasaluze
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak eta astebetera, beste hitzordu garrantzitsua izan dugu euskal herritarrek. Izan ere, igande honetan, 27. aldiz, nafarren eta, beraz, euskal herritar guztion topagune bihurtu da berriro ere Baigorri. Ohi bezala, apirileko azken eguna baliatu du Basaizea elkarteak Nafarroaren Eguna ospatzeko, eta muga guztien gainetik, beste behin, nafar eta euskaltzaleen bilgune bihurtu da herria.
Garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea, aurten, hitzordu hau EAEko hauteskundeak eta hurrengo igandean egokitu dela. Izan ere, batzuei, akaso, oraindik ere gogoratu egin beharko zaie zuhaitzaren adar bat ez dela zuhaitz osoa, batzuetan hostotsuena iruditu arren. Zuhaitza bere osotasunean ikusi ezean, herriaren gorputza itzalpean uzteko arriskua izaten baita.
Egunotan, asko ari da hitz egiten hauteskundeetako emaitzei eta hurrengo mugimenduei buruz. Inoiz baino gehiago, gobernua osatzea, bakegintza eta normalizazio politikoa elkarren ondoan ageri dira, lotuta ez badaude ere, alor batean urratsak alde batera edo bestera emateak beste alorretan ere eragingo duela nahikoa nabarmena baita. Egoera horretan, herri hau administratiboki erabat zatituta dugula eta puska bakarrerako irtenbideak ez duela ezer konponduko gogoratu behar da. Nafarroaren Egunak berak agerian uzten du mugen gainetik bihotz eta hizkuntza bera duen herri bat badela. Eta herria eta hizkuntza, gorputza eta bihotza, bereizi ezin diren bezala, ez du zentzurik zatikatuta dagoen gorputzaren atal bat soilik sendatzeak. Zuhaitza bakarra da. Primaderari abestu behar badiogu, adar guztiak hostotsuak izan daitezela. Zaindu ditzagun guztiak, beste behin akats zaharrak berritu gabe.
Hala ere, zaintzaile askorik gabe, naturarekin bat egin eta enbor beretik zuhaitz adaxka gazteak sortzen eta kolorez beteta agertzen ederki dakitela erakutsi dute nafarrek urte askoan. Eta Baigorri da horren ispilu. Gurasokeriarik ere ez baitu behar herri honek. Orain hostotsu dauden adarrak ez baitira besteak baino gehiago, ongarri gehiago izan duten arren.
Hori guztia gogoratzeaz gain, aurten, gainera, ohikoez gain, beste bi arrazoi sendo izan ditugu euskal herritarrok apirileko azken igandean Baigorrira joateko. Larunbatarekin, Baigorriko artzain laborari eta abeslaria omendu zuen Basaizeak. Erramun Martikorenak agur esan baitie oholtzei, hainbat eta hainbat urtez herriari, primaderari, lurrari eta laborariei kantari aritu ondoren. Baigorriko elizan merezitako omenaldia jaso zuen Erramunek, eta haren omenez abestu zuten Niko Etxart, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Joseba Tapia edota Mikel Markezek, beste hainbaten artean.
Halaber, Erramunek kantuen bidez ezagutarazi dituen Baigorriko bazterrekiko kezka ere agerian utzi du Basaizeak egunotan. Lurraren eta etxebizitzaren arazoa azken urteotan ate joka heldu da Baigorriko kantonamendura ere, eta espekulazioaren hatsa ere hurbiletik sentitzen dute dagoeneko. "Etxebizitzak gero eta urriagoak dira, eta kanpoko erosleek prezioen emendatzea eragiten dute" diote, eta hori gogorarazteaz gain prezio apaleko etxe duinen aldarria igandean Baigorriko karriketara ekarri zuten.
Asko izan ziren, bada, pasa den asteburuan Nafarroaren Egunean izateko arrazoiak. Baigorriko begi bakarreko zubiak bi aldeak batzen dituen bezala, itsasaldeko eta barrualdeko nafarrak elkartu ginen. Lagun giroan. Bezperan, Gracieren haurrak bihurtuko ginen berriro ere, adiskidetasuna ostatutzat hartuta. Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak, eta jendarme autoak bidean, bildots artean pasatzen ikusi genituen. Eta Martin Larralde ere falta dela oroituko genuen.
Postal batzuk baino askoz gehiago baita Baigorri.