Asier AgirresarobeMuskilda Tellabide2005-05-01 |
Gure helbururako Adunako plaza abiagune egokia izan arren, Andoaingo kaleetatik abiatu gara Belkoainen atzealdean galdurik dauden Atxulondoko hondakinen bila (50 m). Txistokiko pasealekutik aurrera izen bereko zubitik zeharkatu dugu Oria ibaia, jarraian N-1 errepide azpitik igaro eta Bazkardo baserria igarota ezkerrera jotzeko. Hormigoizko bidean gora ezkerrean utzi dugu Sorabilla auzoa eta bertara daraman bidea. San Migel eta Goiko Etxeberri baserrietara iritsi baino metro batzuk lehenago, berriz, ezkerrera abiatzen den lasterbidetik jo dugu, pinudi eta zelai bana igarota, atzera hormigoizko bidera itzultzeko. Ezkerrera karobia dagoela dio zutoin adierazleak. Metro batzuk aurrerago, hormigoizko bidean gora bihurgunean topatutako zutoinak, Belkoainera igotzeko ezkerrera agindu digu eta hala egin guk, Erramueta baserrira lehenik eta Garateraino igotzen den hormigoizko bidea utziz.
Mareako lepotik Belkoainera
Bizkarrean gora berehala heldu gara tontorreko gurutze erraldoiaren albora (484 m). Hori bai, azken malda gogorxeagoa gainditu behar izan dugu. Bai gurutzea, ikurrina eta guzti, bai buzoia bertan egon arren, gandorra jarraituz ekialderago dago Belkoaineko gunerik garaiena (489 m), eta han paratuta dago hain zuzen erpin geodesikoa. Alabaina, zuhaiztia dela eta ikuspegia lehenengoan baino murritzagoa da. Izan ere, Oria ibaiaren erdi arroa, hau da, Buruntzatik Loatzo eta Uzturrerainokoa, primeran ikus daiteke talaia honetatik.
Zizurkilgo lurretan
Atxulondo
Olagizonen etxea zena topatu dugu lehenik eta atzealdean, metro batzuk harantzago 18x12 metroko oinarria duen burdinola. Ingurua tentuz aztertu ondoren, Asta nahiz Atxulondo erreketan zeuden presa eta zenbait ubideren aztarnak antzeman ahal izan ditugu. Bi errekek bat egin ondorengo Abaloz errekan behera jarraitzen ere ahalegindu gara, baina gune batetik aurrera igaro ezina da bidea. Errekan behera Lasarteko Mitxelin lantegiak duen presa eta ur hartzera irits gaitezke eta aurrera jarraituz gero, N-1 errepide eta Oria ibaira, Abalozko zentral elektrikoaren parera.
Tarzanduta Garate baserrira
Telegrafo dorrea
Itzulera
Atxulondoko burdinola, burdin minerala urtu eta lantzeko ola edo lantokia, Abalozko sakanaren goi partean kokatuta zegoen, Asta eta Atxulondoko errekek bat egiten zuten gunean. Gipuzkoan sortu zen lehenengotako industria izateaz gain, burdinola honen garrantzia handia izan zen, "Real Ferreria" deitua izan baitzen eta garai oparoenean 25 bat olagizonek egin omen baitzuten bertan lan.
XV. mendea zen Gaztelako Enrique erregeak Zizurkilgo lurretan lehen burdinola eraikitzeko agindua eman zuenean. Dakigunez burdinolaren eskubideak bere lagun Garcia de Arevalo jaunari eman zizkion. Gerora, 1497ko dokumentu batean ageri denez, Juan de Abendaño deituriko batek hartu zituen burdinola honen eta inguruko beste batenaren eskubideak. 1573an Zizurkilgo alkateak Martin Perez de Luzuriagari eman zion Atxulondo errekan ubide eta presa berri bat eraikitzeko ardura. Ez dago idatzizko erreferentzia gehiagorik 1735. urtera arte, zenbait lan egiten da orduan antepara edo botana deitutako zatian Francisco de Izagirre jaunaren ardurapean. 1756an Zizurkilgo herriak errentan emango dio burdinola Gabriel de Ameztoiri, zeinak 1758an Zizurkilgo herria auzitan jarriko duen, presa egoera txarrean baitzegoen eta ur asko galtzen omen zuelako. Orduan agindu zuten zulatua zegoen presa berreraikitzea eta oinarrietaraino desegin eta karez estalitako horma berregitea.
1625ean Lope de Isastik jasotzen duenez, garai hartan Gipuzkoan gutxi gora behera 80 ziren burdinola nagusiak eta 38 txikiak, urteko 120.000 kintaleko produkzioarekin. Juan Garmendia Larrañagak De etnografía Vasca liburuan dioenez, 1752an 73 ziren Gipuzkoan zeuden burdinolak. Bi Zizurkilen zeuden eta hauetako bat Atxulondo dugu. Honela agertzen da agirian: "Zizurquil: Ay una llamada Asulondo labra seincientos quintales, su ferrón Agustin de Goicoechea".
Burdinola hauen ondoren etorriko zen industria txikiagoa, errementeriak, burdinazko tresnak landuko zituztenak: laborantzarako tresnak, laiak, puntak, ferrak, eta abar. XIX. mendean industria garapena medio, Bilboko Boluetan Euskal Herriko lehen labe garaia eraiki zenean, burdinolaren akabera iritsi zen.