![]() | Estitxu Eizagirre2005-04-24 |
Bertsorik gabe nolako Euskal Herria genuke? galdera izan du abiapuntu Koldo Izagirre idazleak erakusketa harilkatzeko. Horregatik, bertsolaritzak beste alorretan egindako ekarpenak daude bertan ikusgai. Eskulturan, teknologia berrietan, publizitatean, argazkigintzan... Bertsoen balioari beste arteena gehitzen zaio. Hitzen artea begiekin ulertzeko modua da erakusketa. Irudiak erakarri, eta bertsoetara garamatza, gai bakoitzari buruz esanak irensteko gose.
Iragana eta oraina bat dira erakusketan, bertsoak natural elkartzen ditu, horren adierazgarri, orain 25 urte Xalbadorrek petrolioari botatakoak duen gaurkotasuna (ikus hurrengo orrian).
Erakusketa hainbat esku eta ikuspegiren emaitza da. Gidoia Koldo Izagirrek egin du, Amets Arzallus izan du lagun bertsoak aukeratzerakoan eta jolas didaktikoak prestatzen, Gurutze Susperregik eraman ditu ordenagailura jolasak eta Kepa Gonzalezena da film laburra.
Bertsoa gizarteratzeko, eskolentzat unitate didaktikoarekin osatua dago erakusketa. Horrela, erakusketara etortzerako, klasean lantzen dituzte ikasleek edukiak.
Bertsoa zuzeneko jarduna izanik, aurrera begira erakusketa bat-batekotasunarekin lotzeko aukera egongo da, aretoan bertan bertsolariak kantuan jarriz.
Hona erakusketaren atalak banaka:
Zahar eta gazteen lokarri
Txalapartatik Internetera
Herriko gaien ahotsak
Publizitatea bertsoz
Bertsoaren kaleak
Ikuslea bertsolari
Ispilua
Norbanakoek neri begira
zer nolako apurua!
Nor bere barrua sentitzea
ez al da hori helburua?
Neri begira dagon pertsonak
gauza bat du segurua
bere azala ikusiko du
baina ez bere burua
Maialen Lujanbio, 2003
Burua
Batzutan da argia
bestetan iluna
batzutan pilakoa
bestetan astuna
kanpotik ilea du
barruan garuna
lepo gainean denok
daukagun laguna
gehiegik gutxiegi
erabiltzen duna
Andoni Egańa, 1997
Amodioa
Maitasunak be badau
mila esamesa,
hori egia ote dan
ez dogu erreza.
Pentsatuta bakarrik
sortzen jat estresa,
maitasunak ekarri
leike bai sorpresa:
batzutan dena da ta
gero ezebeza
Igor Elortza, 2003
Langileria
Gazteak ondo hartu
zaharrari entzuna,
nere bizitza dena
da lanean juna.
Jakina da zuentzatĘe
etorri behar zuna
ez det esango lana
danik osasuna
baina hori da pobrean
aberastasuna
Joxe Agirre, 1998
Garapena
Gasolinarik ez da izango
esaten ari dirade,
baina ni ez naiz hortaz kejatzen
nahiz-ta hunkitu ni ere.
Lehen herri hauxe sano bizi zen
gasolinarikan gabe
petrola faltak egin gaitzala
galdu dugunaren jabe
Xalbador, 1973
Transmisioa
Nere arteko pasadizoa
esaten biet abitu,
zuri ez dizu kalte egingo
eta mesedez aditu
reuma gaiztoak harrapatuta
elbarri nintzan gelditu
neri gaitz hori eman zidanak
zuretzat ere baditu
Txirrita, 1936
Publizitatea
Janari bidez izaten dira
ganadu on, indartsuak,
eta nora jo jakin bear du
baserritar burutsuak
Berebiziko aragi pillak;
gadera esne putzuak,
oiek guziak berekin ditu
Fanderia'ko pentsuak