Zer aurpegi du bertsoak?
Estitxu Eizagirre
Bertsorik gabe nolako Euskal Herria genuke? galdera izan du abiapuntu Koldo Izagirre idazleak erakusketa harilkatzeko. Horregatik, bertsolaritzak beste alorretan egindako ekarpenak daude bertan ikusgai. Eskulturan, teknologia berrietan, publizitatean, argazkigintzan... Bertsoen balioari beste arteena gehitzen zaio. Hitzen artea begiekin ulertzeko modua da erakusketa. Irudiak erakarri, eta bertsoetara garamatza, gai bakoitzari buruz esanak irensteko gose.
Iragana eta oraina bat dira erakusketan, bertsoak natural elkartzen ditu, horren adierazgarri, orain 25 urte Xalbadorrek petrolioari botatakoak duen gaurkotasuna (ikus hurrengo orrian).
Erakusketa hainbat esku eta ikuspegiren emaitza da. Gidoia Koldo Izagirrek egin du, Amets Arzallus izan du lagun bertsoak aukeratzerakoan eta jolas didaktikoak prestatzen, Gurutze Susperregik eraman ditu ordenagailura jolasak eta Kepa Gonzalezena da film laburra.
Bertsoa gizarteratzeko, eskolentzat unitate didaktikoarekin osatua dago erakusketa. Horrela, erakusketara etortzerako, klasean lantzen dituzte ikasleek edukiak.
Bertsoa zuzeneko jarduna izanik, aurrera begira erakusketa bat-batekotasunarekin lotzeko aukera egongo da, aretoan bertan bertsolariak kantuan jarriz.
Hona erakusketaren atalak banaka:
Zahar eta gazteen lokarri
Katea ez eteteak arduratu izan ditu beti bertsolariak. Txirritak kantatua da: «Gu hasi gera hostoa joaten/arbola zaharrak bezela/poz bat daduka nere bihotzak/gazteak badatozela». Bertsozaleak ohituta daude Alaia Martin gaztea Manuel Lasarteren ondoan ikusten (beheko irudian). Edo Xanpun zena eta Xabier Silveira elkarri zirika entzuten. Erakusketan horren lekuko dira argazkiak, eta bertsoek azaltzen dute belaunaldiak nola kateatu diren, euren arteko kontrastea, miresmena eta talka.
Txalapartatik Internetera
Topikoak Harri Aroari lotzen badu ere, bertsoak beti erreparatu izan die bere garaiko asmakizun teknologiko puntakoenei. Txirritak bertsoz esplikatu zuen Ernest Werner berak baino ulergarriago, tren elektrikoaren funtzionamendua. Irratia, ordenagailua, autoa... Azalpen zientifikoak eta punta ateratako interpretazioak jaso ditugu bertsotan. Erakusketak interpretazioa indartuz, marrazkitara eraman du bertsoek iradokitakoa.
Herriko gaien ahotsak
Bertsolariak bizitzari kantatzen dio. Eguneroko bizitzako gai sakon eta xelebreak, etxekoak eta mundukoak ematen ditu, askotan elkarri josita. Bertsolariak ez dira orojakileak, eta entzuleak ez du eurengandik aparteko informazio edo jakintzarik espero, baina bai gaiekiko etengabeko gogoeta eta zeharkako begirada ez galtzea. Denek ikusten dugunari buelta ematea, edo ohi baino argiago agertzea. Horretarako, kantatu adina entzun behar dute bertsolariek, eta besteren esanak eta esperientziak bertsotara eramaten asmatu. Horregatik, bertsoa sentimendu kolektiboen interpretazioa da eta bertsotan jasotzen dugu garaiko jendeak zuen mundu ikuskera. Erakusketan, mundu ikuskeraren ardatz diren gai orokorrak lantzen dira bertso eta argazkitan. Arrazakeria, inmigrazioa, droga, amodioa, lana, injustizia, sexua... Ikusi ahala hormak kantatuko dizkigu.
Publizitatea bertsoz
Errimak eta neurriak oso baliabide eraginkorra egiten du bertsoa publizitaterako. Ohiko publizitatean ere, euskaraz zein erdaraz lelo errimadunak egiten dira sarri. Betidanik erabili izan da bertsoa salmentarako. Pentsuak eta traktoreak direla, tabernak eta ile apaindegiak, kultur produktuak edo kirol enpresak eta baita banku eta erakunde ofizialek ere, denek erabili izan dute bertsoa euren publizitate mezua zabaltzeko. Ea erakusketako zein iragarkik konbentzitzen duen ikuslea.
Bertsoaren kaleak
6 minutuko film laburra ari du hiru telebistetan. Bertan, bertsolariei jarritako gaiak nahasten dira hauen eskultura eta plazekin. Bertsolariak pertsonaia historiko direnaren seinale.
Ikuslea bertsolari
Bertso makinaren laguntzaz, bertsolari bihurtuko da ikuslea. Horrela, puntuari erantzungo dio, edo bertsoaren oinak bere lekuan jarriko. Hanka luzea mozten ere ikasiko du eta memoria landu, behin entzundako bertsoa errepikatuz. Egunkariko denbora-pasak bezain erraz eta dibertigarri.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.