Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-04-24 -- 1989.zenb

Gidoi historiko ankerretatik ihes egiteko aukera

Iñaki Martinez De Luna

Eliza Katolikoak eretikoak aurkitu eta zigortzeko Inkisizioa sortu zuen XIII. mendean, eta beranduago, XX. mendearen erdi aldean, AEBetako Joseph McCarthy senatari errepublikarrak komunisten kontrako maccarthysmo izeneko kanpaina gogorrari ekin zion. Alabaina, halako bidegabekeria historikoak ez dira eten; oraindik diraute Aitaren izenean filmak Guildford-eko lau gazte irlandarrei gertatukoaren bitartez erakusten digun bezala.

Eta halakoak ez dira soilik Irlandan edo urrutiko herrialdeetan gertatzen. Izan ere, gertaera horiek gauza askotan bat datoz Euskal Herriko hainbat gizataldek pairatzen duten egoerarekin: botere guneetatik giza eskubideen kontra buruturiko jazarpenak izatea, ekimen horiek zuritzeko legeria muturreraino behartuz ûbortxatuz?û. Bertako adibide batzuk aipatzearren: 18/98 sumarioa, Jarrai/Segi/Haika auzia, Euskaldunon Egunkariarena...

Filmografiak halako astakeri historikoak sarri hartu ditu langai ûmaccarthysmoaz, adibidez, Frank Darabont-en The Majestic filma duguû. Gure demokrazia ahul honek ere, giza eskubideen urraketaren bidetik jarraituz gero, zeluloideko izenburuen zerrendari aukera franko eskainiko dio «genero» horren segida ederki luzatzeko. Nola amaitu dinamika beldurgarri horrekin?

«Irtenbide bakarra guztiok guztion eskubideak eta askatasunak defendatzea da», zioen Mariano Ferrerek elkarrizketa batean, eta erabat ados nago baieztapen horrekin. Adostasun horrek etikaren, justiziaren eta demokraziaren balioetan du oinarri. Izan ere, politikagintzak etika, justizia eta balio demokratikoak aintzat hartuko balitu, zuzentasunaz eta eskuzabaltasunaz jokatzea ekarriko luke; inola ere ez Talion lege mendekatiari itsuki lotzea.

Ikuspuntu etikoaren garrantzi hori nolabait janzteko, nazioarteko aditu batengana jo dugu; famili judutar batean Iraken jaio eta Oxford-en irakaslea den Avi Shlaim-engana, hain zuzen, eta intelektual horrek Israel eta palestinarren arteko gatazkaz horrela diosku: «Aztertzaile eta politikari gehienek nazio interesak eta seguritatea hizpide izaten dituzte, moralitatea bazter utzirik; nik, aldiz, historiagilea naizen aldetik, moralitatea eta etika errealitate politikoaren osagai garrantzitsuak direla pentsatzen dut...». Gurean jasaten dugun atzeraldia iraultzeko ere ezinbestekoa zaigu etika eta moralitatea kontuan hartzea; bide horretatik abiatuta «guztiok guztion eskubideak eta askatasunak defendatzea» dator, ezinbestez.

Baina lelo horren alde egiteak badu pragmatikoa den beste arrazoi bat. Izan ere, egun, batzuen bihurrikeriari besteen zatarkeria gainjarri ohi zaio, gurpil zoro batean, eta dinamika horren ondorioz giza eta gizarte eskubideak zein demokrazia are kaltetuago gertatzen dira. Alegia, mutur politiko batekoek astakeri bat gauzatu ondoren, lehenago edo beranduago beti dator «beste aldekoen» erantzun zentzugabea; amaierarik gabe.

Horrela, etenik gabeko espiral gaizto horrekin gure sistema soziopolitikoaren gabeziak eta arrakalak areagotzen dira. Batzuetan, bortizkeriaren errudunak zigortzearen aitzakiaz beren giza eskubideak urratzen dira, Inkisizioan edo maccarthysmoan gertatzen zen bezalaxe. Eta, argi dago, mugimendu errepresibo historiko horiek ez zutela batere lagundu gizarte zuzenagoa eta askeagoa sortzen; kontrakoa baizik. Era berean, ez dezagun ahantz beste mutur politikotik gure artean burutzen diren eskubideen urraketek ere ûadibidez, arerio politikoak mehatxatzeak edo beren egoitzak erasotzeakû ondorio berdintsuak dakartzatela; bitartekoek ondorioak baldintzatzen dituzte eta.

Egoera honetan, kontua ez da sufrimendua balantzaren bi platertxoetan jartzea, gatazkaren alde ezberdinetako biktimen arteko oreka edo orekarik eza ematen den neurtzeko. Erabili beharreko eskema ez da bidegabekeriekiko «ekidistantziarena», injustizia eta bortizkeria ororen «pilaketarena» edo «metatzearena» baizik. Alegia, alde baten eta bestearen eskubideen urraketak beti balantza horren platertxo berdinean gainjartzen dira: zentzugabekeria eta sufrimendua biltzen dituen platertxoan. Horrekin denok irtengo gara galtzaile, guztion bizikidetzarako baldintzak gero eta okerragoak gertatzen direlako. Bi aldeetako bidegabekeria horien jarraipena izango litzateke gure hondamendia. Horregatik, balantzaren beste platertxoan balio etikoen eta bizi-baldintza demokratikoen pilaketa areagotzean datza irtenbide etikoa zein pragmatikoa.

Balia ditzagun, berriz ere, Avi Shlaim-ek Israel eta palestinarren arteko gatazkaz esandako hitzak: «...gatazka horren historiari erreparatzen diodanean, israeldarren seguritatean interesatuta nagoen neurri berean interesatuta nago ere palestinarrei zor diegun justizian». Horixe bera da «euskal arazoaren» irtenbideak behar duena: «guztiok guztion eskubideak eta askatasunak defendatzea». Soilik horrela aldaraziko dugu gure norabide iluna; soilik horrela kenduko diogu zinemaren industriari halako gidoi bihozgabe gehiago burutzeko aukera.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan