Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-04-24 -- 1989.zenb

Egoera egonkorra, baina bozak dantzan

Mikel Asurmendi


Eusko Legebiltzarrerako alderdien botoen bilakaera azalduko dugu jarraian. EAJ-EA koalizioak, 1988an, 458.957 boz lortu zuen, 2001ean 604.222 eta 463.873 2005ean. Bilakabide honetan boz kopuruari eutsi dio, baina, aurreko bozetako emaitzekin alderatuz 140.000 boz galdu ditu. PSE-EEk 220.052 boz lortu zuen 1998an. Orain lau urte 253.195 eta oraingo honetan 272.429. 50.000 boz irabazi du bilakabide horretan. PPren bilakaera hauxe da: 251.743, 326.933 eta 208.795 boz. Bilakabidean 50.000 boz inguru galdu du. Ezker abertzalearen bilakabidean berriz -aukerak aldatu direla kontuan hartuta-, honelakoa: EHk 224.001 boz bildu zuen 1998an, 143.139 2001ean eta EHAK-k 150.188 boz oraingoan. Aralar alderdiak -lehen aldikoz aurkeztu dena- 28.001 boz lortu ditu. Bi aukeren bozak batuta, EHAK eta Aralarrenak, 45.000 boz gutxiago bildu du oraingoan. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta ordea, 40. 000 boz berreskuratu du. EBk 71.064, 78.862 eta 64.931 boz bildu ditu, hurrenez hurren. Bilakaera gorabeheratsua, aurrekoetan irabazi zuen halako bi galdu du oraingo hauetan. UA alderdiak 4.132 boz lortu du, eta besterik gabe, bilakabidean Legebiltzarretik desagertu da.

Ondorioz, Lizarra-Garaziko Akordioa indarrean izan zen hauteskundeetatik azken hauetara EAJ-EAk boz kopuruari eutsi badio ere ûsendo egotetik indartsu egotera pasa zen lehen lau urtetanû Ibarretxe Plana tarteko izaki, ahulago agertu da 2005eko hauetan. PSE-EE da bilakabide honetan goranzko joera aurkitu duen bakarra, bozak irabazi dituen alderdi bakarra da, PPren bizkar irabaziak hain zuzen ere, beste alderdi konstituzionalistaren bizkar. PSE-EEk PPk galdu dituenak irabazi ditu; bilakaera horretan duela lau urteko inflexio puntua kontuan hartu behar da: PPk ordutik gaurrera Madrilgo Gobernua galduz batera, 120.000 boz galdu ditu EAEn. Ezker abertzalearen bi aukerak kontuan hartuta, duela lau urteko bozen beherakadari eutsi eta buelta eman dio nabarmen. EB da alderdi egonkorrena boz kontuetan.

Boz kopurua begiratzeaz batera, herritarren parte-hartzearen bilakaera esanguratsua da. Duela zortzi urteko hauteskundeetan EAEko %69,89k bozkatu zuen. Duela lau urte %78,97ak; oraingoetan, berriz, %69,0k. Azken zortzi urte hauetan, hamar puntuko bilakabide eta joera gorabeheratsu horrek ederki ondo erakusten du herritarren jarrera. Bozen bilakabideak eta alderdien indar korrelazioaren joera gorabeheratsuak bat egiten dute. Etorkizunean, abstentzioa hautatu duten herritarren bozak erabakiorrak izan litezke EAEko mapa politikoaren berrosatzeko.

Segidan, lurraldez lurraldeko emaitzei erreparatuko diegu, behako hurbilago batez, boz kopuru emaitza zaharrek eta berriek xehetasun gehiago eskainiko dutelakoan. Begirada hau azken bi hauteskundeetan baino ez dugu finkatuko ordea.



Araba

EAJ-EA koalizioak 51.601 boz lortu du oraingoan: %30,6 eta 9 eserleku. Hiru puntu jaitsi da portzentaian eta duela lau urte baino 13.000 boz gutxiago lortu du. Eserleku bat galdu duen arren, bera izan da alderdi irabazlea. PSE-EE 39.469tik 42.994ra igo da. Hiru mila boz irabazi ditu. Bost puntu irabazi ditu, eta bi eserleku. PPri hartu dizkio bi eserleku horiek. Aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, bera da boz irabazle bakarra. PPk, bien bitartean, ia 20.000 boz galdu du, zazpi puntu. Beraz, konstituzionalistek 15.000 boz baino gehiago galdu dute. Koalizioak baino gehiago. Lurralde honetan, EHAK -ezker abertzalearen aukera- izan da beste irabazle nabarmena. Lurralde honetako laugarren indarra da, 14.810 boz irabazi ditu, bozen %8,4 lortu du eta bi eserleku. EHk, duela lau urte eserleku bakarra lortu zuen. EBk 3.000 boz galdu du, baina eserlekuari eutsi dio. Aralar alderdia urrun geratu da eserleku bat erdiestetik. 2.541 baino ez du lortu, bozen %1,5a; Legebiltzarrerako aukera politikoa izatetik urrun orainokoan. UA, 3.740 boz erdietsita ere, eserleku bat lortzeko behar diren 6.000 bozetatik urrun geratu da.


Bizkaia

EAJ-EAk irabazi du lurralde honetan ere. Alabaina, hemen ere, eserleku bat galdu du. 12 eserleku zituen eta 11 ditu orain, % 3 puntu eta 30.000 boz galdu ditu. PSE-EE da gehien irabazi duena: 2 eserleku; 4 zituen eta 6 ditu; 11.000 boz baino gehiago eta %5 puntu. Araban ez bezala ordea, eserleku horietako bat EAJ-EAri kendu dio eta bestea, berriz, PPri. PPk galdu du boz gehien: 32.000; bozen %6 puntu. Eserleku bat baino ez ordea. EHAKk 65.431 boz lortu du, bozen %10,1 eta bi eserleku. EHk lortu zituen bi eserlekuak atxiki ditu. Halaber, EHk baino 4.000 boz gehiago lortu du. Lurralde honetan ere, ezker abertzalearen aukera honek hobetu ditu aurrekoak. EBk eserleku bera beteko du. Nahiz eta 7.000 boz gutxiago eskuratu, ehunekoetan sostengu bera eskuratu du. Aralarrek 10.000 boz lortu ditu. Eserleku bat lortzeko behar diren 24.000tik urrun hemen ere.


Gipuzkoa

EAJ-EA irabazlea izanagatik, 12 eserleku izatetik 10 izatera pasa da. Galera handiena lurralde honetan jasan du, baita bozetan ere: 55.000 boz inguru galdu baitu, %6 puntu baino gehiago. %44,7tik %38,2ra jaitsi da portzentaian. Honetan eragin zuzena izan dute ezker abertzalearen aukerek lortutako emaitzek: EHAKk 5 eserleku lortu ditu eta Aralarrek 1. Lehenak 70.577 boz eta 15.173 bigarrenak. Bi aukera hauen artean, bozen %22,2 lortu dute: 6 eserleku. EHAK indar handiz agertu da lurralde honetan, zalantzarik gabe. PSE-EEk 4 eserleku zituen eta 5 ditu. Alabaina, 4.000 boz besterik ez ditu irabazi, %4 puntu. PPk galdu du eserleku hori, baina 30.000 boz baino gehiago galdu duela kontuan hartu behar da. Bozen galerak eta irabaziak ez dira proportzionalak, alegia. Kasuon, PSE-EEk etekin oparoa lortu du PPren bizkar. EBk 3.000 boz galdu du lurralde honetan, ehunekoetan eusten dio ordea.


Espainiako Kongresuarekikoak

Datu saltsa hau loditu edota argitu aldera, 2004ko Espainiako Kongresurako hauteskundeen emaitzetan azken begirada botako dugu. EAJk 420.980 eta EAk 80.905 boz lortu zituzten, orain biek elkarrekin: 463.873. PSE-EEk 339.751, orain 272.429. PPk 235.785, orain 208.709. Ezker abertzalearen HZk -boz baliogabetua- 91.978, EHAKk orain 150.188. Aralarrek 38.500 boto lortu zituen, orain 28.001. EBk 102.342 eskuratu zuen orduan eta orain 64.931. Datuen saltsa-maltsan aritzeak herritarren bozen joerak eta nahiak hautes-lapikoetako usainak hobekiago ezagutzen lagun gaitzake. Usainak usain eta usteak uste.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan