2005-04-24 -- 1989.zenb
Partidu Popularrak uste zuen alderdi bat legez kanpo utzi ondoren ezker abertzalea desagertuko zela. Bai, erakunde politikoetatik desagertu da, baina gizartean hor dirau. Horrela, PSOEk ireki duen zirrikitu interesatua zuhurki erabili ostean, Guadiana bezala agertu da eta ordezkaritza sendoa lortu du. Hala ere, ETAren itzala urrun zegoenean, ordezkaritza hori oparoagoa izan zen. Beraz, ezker abertzale ofizialak jakin badaki ETArengandik urrundu ahala, espazioa irabazten duela eta irabazten jarraituko duela erakunde armatua desagertzen denean eta borroka zibilari betirako bidea uzten dionean. Une ezin hobea dela deritzot ETArentzat irteera duin bat aurkitzeko, diren gehienen argazkia hor baitago.
Itxarotako sorpresa izan da Aralarrek bere ordezkaritza lortzea, oztopo guztiak gainditu ostean. Zalantzarik gabe, ezkerretik Gipuzkoako Biltzar Nagusietan Ezenarro andereak egin duen lan bikainaren saria dela esan dezakegu. Orain, Legebiltzarrean erakutsi beharko du berak dakien hori guztia, beste ezker abertzalearen ordezkari garrantzitsua bilakatu baita.
Zalantzarik gabe, galtzailea EAJ-EA koalizioa izan da. Ibarretxe jaunak ez du jakin transmititzen bere planaren onurak, ez bere alderdiaren barruan, ezta ere kanpoan. Bestalde, gizarteari zaila egiten zaio ulertzea behin eta berriro aitortzea herriak izango duela azken hitza eta bien bitartean bere gobernukideek, kontseilariek, Abiadura Handiko Trena, Pasaiako Superportua, Saihesbide erraldoiak, Zornotzako zentrala, Ertzaintzaren jokaera eta abar gauza guztien gainetik egin behar direla azpimarratzea, iritzi ugariei jaramonik egin gabe. Beraz, proiektuak, edozein izanda ere, negoziatu beharko dituzte, sentsibilitate guztiak kontutan hartuz.
Ezker Batuak bere espazioa mantendu du, bere lan txukunaren sari gisa. Pentsatzen dut aukerak irekita geratzen direla ezkerreko politikak sendotzeko, Legebiltzar honen joerak ezkerrera egin baitu hauteskunde hauetan. Ea egiaztatzen den!
Alderdi Konstituzionalistek gora egin dute, garaile garbia PSE izan baita EHAKrekin batera. Horretan ez dago dudarik, nahiz gorakada hori ez den hain espektakularra izan. Espainiar eta euskaldun izan nahi dutenak hor daude, baina gutxiengoa izanik ezin dute jarraitu, estatuaren babesarekin, euskal gizartearen gehiengoaren borondateari irteerak ukatzen.
Beraz, euskal gizartearen argazki nahikoa erreala islatuko du Legebiltzarrak. Ikasi behar dugu denok elkarrekin bizi behar dugula, inoren bermerik gabe, ez estatuarena, ezta ETArena ere. Horretarako mahai batean eseri behar da marko juridiko-politiko eroso batera heltzeko eta sufrimendu orori ateak aurkitzeko.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa