Allande Boutin
Astelehena" dute segur aski politikari gehienek ez baitituzte lortu amesten zituzten emaitzak. Hala da politika, gogor samarra, akaso injustua eta eskergaitza. Zerbait berri eskaini nahi zutenek botoak erakartzea ez dute horrenbeste erdietsi, Aralarren aldapa gogorra da. Aldaketa ez da ere sobera izan. Erdi-bidea, hirugarren xendrara alegia, nahi adina ibiltarik hartu ez baitu. Aukera gorriak, guztiak ez izan arren, indargabetu omen ziren korronteek ordezkatuko dituzte. Bi blokeen arteko indar erlazioa ez da asko mugitzen ere. Lapiko zaharretan egiten diren aspaldiko errezetek garaitzen dute oraindik ere. Ea eskainiko den salda, ona izanen den!
Boto-emaileak, askotan, friboloak eta arinak direla esaten da; begira bestela Frantziara: urte batez eskuinari ematen diote jira frantziarrek, sozialistei bizkar emanda. Ondokoan, ezkerrari itzultzen zaizkio, liberalak utzirik. Zeri buruz doazen eta zer nahi duten inor gutik du benetan ulertzen. Baina, Euskal Autonomia Erkidegoan bederen, ez da horrelakorik gertatzen. Batzuek, hau dela-eta, Erkidegoko kideen zuhurtasuna, heldutasuna eta zentzutasuna ikusiko dituzte. Beste batzuek aldiz, askok aipatzen duen "prepolitikaren" adierazle gisa hartuko du. Mende laurden batez aginduan dagoenak segitzen du beraz, burua izaten. Politika esparru-hegian gauzaren bat bai kanbiatzen da; baina orokorrean bizi politikoaren bizkarrezurra beti bera da. Anitzi ez zaio gustatuko, baina hala da. Ezen bitxia bada bitxia, alderdi jeltzale zaharra ûbere kide sozial demokrata gazteagoa ahantzi gabe, anaia bihurria zenbait aldiz...û ez du urratzen boterean izateak. Irautearen sekretua jakin gura luke hainbat indarrek. Berdin horrela esplika daiteke: asteburuetan oposizioko jarrerak hartzea eta sentidu horretan, diskurtsoak egitea ûmilesker Madril!- eta, Lehendakariak dioenez, astelehenean lanera itzultzea ûherria kudeatzera-. Abentura eta pragmatismoa! Eta gehiengo erlatibo bati laketgarria zaio igandetan itsas handira egin daitezken birak bururatzea, iluntzean kaira itzultzen bada noski -ikus sondeoen arabera, benetan zeintzuek burujabetza nahi duten, baita boto-ontzietan ere...-. Beste gutiengo inportante bati aldiz, Espainiako portuan arrimaturik egotea gustatzen zaio.
Kapitain pilotuak bidaiarien eskakizun kontrajarriak kontutan hartu beharko ditu eta bere tripulazioa ongi aukeratu beharko hondoa jo nahi ez badu eta gurutzaldia edo itsas bidaia gaizki buka ez dadin. Ezen urteak joan eta urteak jin, gauzak benetan aldatzen ez badira, desblokeatzen ez badira, konfrontazioak bidertzen eta areagotzen badira, Titanic bezala hondora daiteke Gasteizko ontzia. Eta hala balitz, bai Nafarroako nolaz Iparraldeko ontziak ere galduko ziren. Iparraldeko kasuan, barkua hain tikia izanik departamendua lortzeko putzu ûez sakon eta ez ilunû batean itzulikatzen ari gara, alferrik dirudienez. Nafarroaren txalupak, aldiz, euskal kaietatik gero eta gehiago aldentzen dela ematen du; hau askoz kezkagarriagoa da.
Astelehen honetan emaitzak izan diren bezala onartu, inori errua bota gabe ûbestela nola demokratatzat jo bere burua?û eta lanari lotu! Denak! Ezen guziak ontzi berean baigaude! Eta Bounty-n ez bezala, jazarpen izan ez dadin, ez alde batetik ez bestetik, lema finki har, egiazko elkarrizketa -eta ez orain arteko negargarri den elkorrena- izan dadin. Baina, marinel trebea izan arren, ekaitz guztiak ez dira saihesten ahal. Enbata ufatzen duten indarrek jakin behar dute ere, benetan, itsas barea nahi duten ala ez, ontzia laguntzeko.
PS: Artikulutxo gazi-gozo hau emaitzak jakin aitzin idatzia da. Estonagarria? Ah eta kanbiorik izan bada, beharrezkoak diren zuzenketak egin, -hau kazetaritza interaktiboa!-. Baina, azken hitza nik uste, bera izan daiteke...
Ixabel Etxeberria
Azken hilabete horietan, Lapurdiko kostaldearen hegoaldea adibidetzat hartuz, herrietan lurraren antolaketarako planak aztertzen aritu dira eta orain bozkatzeko garaia heldu da Herriko Kontseilu anitzetan kezkak agertuz, zalantzak erakutsiz eta egoeraren kontrolatzeko ezintasuna azaleratuz.
Goi-mailako arduradunek erabaki batzuk hartu dituzte, horiek ezin dira baztertu eta herri antolaketa baldintzatzen dute. Lehena Baionatik Iruñera doan autopista zabalduko dutelakoan, etxeak bota, laborantzako lurrak hartu, eta, noski, horren truke diru kopuru bat eman, baina sekulan printzipiozko zabaltzea zalantzan jarri gabe, interes publikoa omen baita. Noski, biltzar publikoak antolatuak dira harrabotsaren aurka zer egiten den, zer-nolako horma ederrak eraikiko dituzten kontatzeko, horma horien eragina oso ttipia dela eta inguruan bizi diren biztanleen bizi-kalitatea okertuz joanen dela aitortu gabe. Jakinez zabaltzearen erabakiak kamioi kopuruaren emendatzea baizik ez duela sortuko, harrabots eta airearen kutsaduraren emendatzearekin batera, debatean ez da beste alternatibarik aipatzen. Bestalde, hautetsiei hunkituak diren familien egoerari erantzuna ematea eskatzen zaie, etxeak botako dituztelako. Antolatuak diren biltzar publikoetan ez da inongo egokitze proposamenik onartzen. Denbora berean, ez dago inongo planik pentsatzen bideari alternatibarik bilatzeko, inongo buxetarik prestatzen horretarako, ondorioz pentsa daiteke hamabost urteren buruan beste zabaltze bat beharrezkoa izanen dela
Honek autopistarentzat balio du, baina, kasu bera da barnealdeko egin nahi duten bidearentzat. Biztanleriak ez badu irmoki erreakzionatzen ez dago inongo tresnarik proiektu horien gelditzeko. Aipatutako administrazio antolaketak ez du deus antolatzen, betiko lobbingei arazoa konpontzen utzi baizik.
Alta, etxeen botatzeak gure eremu kulturalean, gure kontzientzia kolektiboan duen ondorioa badakigu, ez da kitorik utzia den ontasuna, horrek sentimendu sakon bat zapuzten du eta prezio bat izanen du gure sentimendu kolektiboan!
Debate horrekin batera, eta bereziki hunkitutako laborariei lurraren truke proposatzen diren diru kopuruak jakin eta, kostaldean bizi dugun lur espekulazioaren inguruko solasak piztu dira. Lurraren antolaketara itzultzen gara, bozkatu behar diren herrietako planoetan hirigintza indartzen ikusten dugularik, biztanleria handitzen, promotoreen nahikeriari erantzunen duena bakarrik eta bertako sare soziala zalantzan ematen duena. Herri gisa lanjeran jartzen gaitu, hizkuntz komunitate ahul honetan itotze arrisku bat ekartzen digu...
Gaur egun pentsatuak diren herrien antolaketek biztanleriaren emendatzea ekarriko dute. Noski, bigarren egoitzak emendatuko dira, kanpotik erretretarako datozen beste multzoaren errezibitzeko eginak. Bertako jendearentzako bi aukera daude berriz: etxebizitza sozialak eraiki, kasu horretan eraikin bakoitzeko %30 alokatzeko etxebizitzak izanen dira. Etxebizitzen prezioaren goratzeari esker promotoreek onartzen duten baldintza da, ez du kentzen %70ak aski dirudun izan behar duela kostalde honetan bizitzeko. Bigarren posibilitatea da barnealdean erostea, horrek dituen ondorioekin. Erran nahi baita, bertako jendearentzat prezioak igoko direla, egoera politiko lasai honetan turismoko egiturek interes gehiago ikusten dutelarik han ere turismoko etxeak eraikitzeko, turismo industrialaren lehen urratsak eginez eta barnealdeko geroa kostaldean dugun usaia bereko etorkizuna bihurtuz. Ipar Euskal Herriko egoera sozial eta ekonomiko osoa dugu aldatzen ikusten, defentsarako edo aurka joateko tresnarik ez dugularik, biluzik gaudelarik. Herri antolaketarako PLU delako horiek bozkatuz ez dugu herrien garapena kontrolatzen, merkatua nagusitu da.
Gai hauen aitzinean talde abertzaleek erronka handia dute biztanleria zuzen-zuzenean hunkitzen baitute. Bozak hurbiltzen ari direla eta abertzaleen jokaera epaituko da. Zurrunbiloa.
Jexux Mari Irazu
Emakume eta gizonen berdintasunerako legeak generoaren araberako parte-hartze kuotak finkatu ditu aginte organoetan, besteak beste. Hala, Jaurlaritza berrian gutxienez %40 emakumeak dira izatekoak. Aspaldian, ordea, berdintasun gutxiko hauteskunde gehiegi izaten ari dira eta horrek zenbait mugimendu ere ekarri ditu. Beharbada, gai horrek duen pisu politikoa eta eskubide zibilak ukatzeak suposatzen duena kontuan izanda, analisi-eremu horrez kanpoko detaileak axaleko kontsidera litezke. Baina, atentzioa deitzen du ilegalizazioen ondorengo urteotan sektore sozial horietan emakumeak hartu duen -edo eman zaion- protagonismo publikoak. Aukera Guztiak plataformarena izan gailurra. Hiru zerrenda buru eta hirurak emakumeak. Garbitasuna ez da nonbait gizonezkoona? Justizia emea izaki, elkar hobeto ulertuko zutelakoan? Ez, itxura. Hori bai, plataformari hasierako bedeinkazio publikoa, batez ere, gizonezkoek eman zioten eta gizoneko baten ahotik. Orain komunistek ere emakumea jarri dute buru. Dolores ez, Nekane. Oraingoan ere gizonezko baten ahotik etorri da bedeinkazioa. Lerrook idatzi ditudanetik irakurtzen ari zarenera aldaketarik egon ez bada behintzat, laster ikusiko dugu igitaia eta mailuari nork heltzen dien kirtenetik.
Maialen Lujanbio
«Egidazu irribarre" esan zidan argazkilariak eta ni, gogogabe, ezpain ertzak aldamenetara tiratzen saiatu nintzen. "Ez, ez; egidazu irribarre, baina begiekin".
Halako keinu subliminalak egiten saiatzen dira kanpainako politikariak ere euren publizitatean, segurtasun, sinpatia, sinesgarritasun ez-esplizitu bat transmititzeko. Hitzen hauteskunde-lehia ia hutsa da. Irudiaren mundua nagusitzen ari: halako argiztapena, erretratua halako angelutatik, halako esku keinuak komeni, halako arropa halako publikoarentzako...
Eta ez, ez dut hauteskundeez aritzeko asmorik. Bertsolaritzaz ari nintzen pentsatzen... Eta gure hitzezko performancean, dela lehia dela jolas, mami-azalen orekan nola dagoen; nola, itxurak, formak, hitz biluziarekin duten maitasun-gorroto harremana. Bertsoa korronte kontran: belarriek ahotsa maite, begientzakoa den mundu-nini honetan.
Baina badabiltza hotsak. Gero eta kontu gehiago dabil, gero eta kontu gehiagoz ibiltzeko eskatuz. Zaintzeko estetika, azala, edukiontzia.
Eszenatokiena... Nola litekeen! Otorduetan, kentzeko kamera paretik Insalus botilak eta Cardu kopak, husteko hautsontziak, ezkutatzeko manteleko ardo orbana... Eta jaialdietako frankismoko dekorazio hori... Ikurrina, irudi-sinbolo erabatekoegia, egungo bertso-mezuen edukiarekin, ñabardurekin guztiz deskonpentsatua. Eta lore sorta horiek -aldarekoak? funeralekoak?-. Borondate ikaragarriz eta irizpide eskasez egindako edertze ahaleginak.
Eszenatokiaren itxura zaintzeak -telebistak ekarri duen premia izatez gain-, beldurtu ere egin izan gaitu: ez ote dion hornidura estetikoak hitzari garrantzia kenduko?
Neurrikoa bada, ez. Elegantzia sinpletasunean, testuinguru minimal bat, egokia, ederra, atsegina.
Eta bertsolariak...?! Nola ordea, kale-kaleko arropekin jendaurrera irten! Bakoitza bere maneran, ez hondoaren kolorerik kontutan hartu, ez...
Baina, zer da arropa arrunten hori: zabarkeria? ala beste inon ematen ez den ezaugarri berezi bat, adibidez, jendearekiko gertutasuna sortzen duena?
Kritikatzen gaituztenek ez dute arrazoirik falta. Ni lehena testuingurua zaintzearen aldekoa. Baina bereiz dezagun: helburua ez da noski zaharraren zaharrak xarmatu gaitzan; baina ezta, berritu nahi-eta, ikuskizunaren korronte moderno estandarrari jarraitzea ere.
Neurria berriz ere. Gure modu bat sortzea, estilo bat. Kultur planteamenduan bezala, estetikan ere, forman. Ez folkloriko abertzale frankismo ostekoa. Ez moderno estandar iparramerikarra.
Forma esan dut...? Performancearen forma?
Lehengoan ikastola batean, bi neskato -zortzina urte- euren kopla prestatuak ikaskideei kantatu aurretik, urduri: "non jarriko ditugu eskuak, atzean ala patriketan?".
Plaza-gizonaren postura. Baserritik ferira tratura jaisten ziren gizonena; korru-erdi bat eginez ganaduari begira egotekoa, bi eskuak pintzadun praken patriketan, eta koadrozko alkandoran, bihotzaren ondoan, doblatutako billete mordo bat.
Gaur egun bertsolariak hala kantatzen du. Lehengo emakume bertsolariek ez zuten horrela kantatuko akaso. Lehengo gizonek ere behar bada ez. Lehen, ez dakigu, akaso elementu teatralagoak egongo ziren. Mikrorik ere ez zen, eta kantatu ere posible da elkarri kantatzea bertsolariek, aurrez-aurre; eta ez elkarri, baina publikoaren bitartez.
Detailetxo horiek, mikroak adibidez, kanta-era eta forma aldatu ditu. Egun, mikro ia ikusezinak egonik ere, guk zaharkitzen ari diren betikoekin jarraitzen dugu, ahoa, gure mezuaren gunea estaltzen badute ere. Behar bilakatu zaigu hankadun mikrofonoa. Jendea eta gure arteko muga, babesa.
Baina zortzi urteko neskato horiei adibidez, balioko die plaza-gizonaren poseak? Balioko die bertsolarien gelditasun erabatekoak? Edo beste hautu batzuk egingo dituzte... nork daki... rap-aren ildokoagoak adibidez...?
Gaur egungo bertsolaria ere sentitzen hasia baita halako mugitzeko behar bat. Hitza interpretazio amiñi batez laguntzeko premia. Gero eta sarriagoak aurpegi keinuak, esku imintzioak, lepo jirak... Ahotsaren modulazioa eta tonuera landuagoak. Bertso-era teatralago bat -teatrala izan gabe-, gero eta interpretazio gehiagoduna. Espresibitate bila; espresibitaterako modu lagungarrien beharra. Bertsoak begientzako -ere-.
Baina itsutu gabe: Entzumena eta Hitza, Begiradarekin negoziazioetan. Mundu-ninian ahotsa izan nahi dute.