Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-04-24 -- 1989.zenb


Zer gertatuko da Frantziak ezetz badio?

Inkestetan ezezkoak hamar puntuko tartearekin irabazten dio baiezkoari, maiatzaren 29ko Europako Konstituzio itunaren erreferendumean. Estatuak jadanik jarri du abian indar osoz beldurra barreiatzeko estrategia. Espainian ere, 80ko hamarkadan NATOko erreferenduma egin zenean, inkestek ezezkoa ematen zuten hilabete batzuk lehenago eta azkenean baiezkoa gailendu zen. Danimarkak ere 1992an lehenengo saioan ezezkoa esan zion Maastrichteko Itunari, eta bigarrengoan baiezkoa. Baina zer gertatuko litzateke Frantzian ezezkoa gailenduko balitz? EBko edozein estaturen ezetzak geldiaraziko luke ituna, baina askoz larriagoa litzateke estatu fundatzaile eta Alemaniarekin batera EBren motore denaren ezetza. Frantziako ezkerrak dio beste itun bat egingo dela ikuspegi sozial egokiagoarekin; PSko baietzaren aldekoen ustez ûezetza ezkerraldetik datorû alderantzizkoa gertatuko litzateke, itun liberalagoa aterako litzateke, eskuina nagusi delako EBn. Pozarren legokeena Erresuma Batua da, botoa ematen azkena izango dena, 2006an.


Bi urte eta hiru hilabete Aita Santua hautatzeko

Aita Santu berria hautatzeko konklabeak berriz erakarri du munduaren arreta. Denetik entzun eta irakurri da pertsona bati buruz, inoiz ez bezala, eta berdin Elizari katolikoari buruz. Konklabearen ezaugarriei dagokienez, oso esanguratsua da berau, funtsean, azken zazpi mendeetan oso oinarri berdintsuen gainean egin dela. 1274an Gregorio X.ak Lyongo II. Kontzilioan aurkeztu zuen Ubi Periculum konstituzioa, konklabearen oinarri guztiak finkatzeko egin zena eta batez ere epeei dagokiena. Hautatze denborak direla eta, hona bi bitxikeria: Gregorio X.aren ondorengoa, Inozentzio V.a, hautatzeko egun bakarra nahikoa izan zen; hau izan da dimititu duen Aita Santu bakarra. Celestino V.a hautatzeko, aldiz, bi urte eta hiru hilabete behar izan zuten XIII. mendearen bukaeran. Adituen esanetan, oraingoa hiru bat egunetan hautatuko dute.


Ikurriña bigarren bandera

Nafarroako udaletxeetan ikurriña jarri ahal izateko proposamena luzatu du Aralarrek: herrietako udalbatzak osoko bilkuran onartu beharko luke ikurriña herri horretako bigarren bandera gisa, eta horrela bi bandera jarri ahal izango lirateke udaletxean. Aralarren aburuz, ikurriñaren irudi eskubideak Eusko Jaurlaritzarenak dira eta honek irudiaren erabilera utziz gero, ezingo litzateke debekatu ikurriña jarri ahal izatea. Dagoeneko, udal askok kendu behar izan dute ikurriña, Ikurren Legean oinarrituta, epaitegiek hala erabakita.


Krisia sandinismoan

1990ean hauteskundeak galdu zituenetik, Nikaraguako FSLNk krisi bat baino gehiago izan du bere baitan. Txinpartak atera dituen gaia 2006ko Nikaraguako lehendakaritzarako hautagaiaren hautaketa da. FSLNko sektore batek dio barne hauteskundeak egin behar direla, beren ustez 2002an galtzaile atera zen Ortegak berriz galduko duelako lehendakaritza 2006an. Azkenean, FSLNk Daniel Ortegaren aldeko hautua egin du martxoaren 5ean egindako ezohiko kongresuan; bertan, halaber, Herty Lewites ûManaguako alkate ohiaû eta Victor Hugo Tinoco oposizioko gidarietakoak kanporatu zituzten. FSLNren egoera korapilotsuaz gehiago jakin nahi duenak, hango egoera ondo ezagutzen duen Iosu Peralesi apirileko Hika aldizkarian egindako elkarrizketa interesgarria irakur dezake. Perales ulerkor ageri da kanporatutakoekin eta kritiko Daniel Ortega, Bayardo Arce eta Tomas Borge moduko buruzagi sandinista historikoekin.


Nafarroako Hizkuntza Politikarako batzordeak ez du akordiorik lortu

Carlos Cristobal sozialistak euskararen garapenerako prestatutako proposamenen txostena aurkeztu zuen hilaren 13an, baina Parlamentuko Hizkuntza Politikako ponentziak, urtebetez lanean aritu den batzordeak, atzera bota zuen. Aralarrek ponentzia desegitea nahi izan zuen, baina ez zuen lortu eta ponentzia bozkatu ere ez zuen egin. UPN, EA eta EAJ alderdiek aurkako botoa eman zuten, PSN eta CDN alderdiek baiezkoa eta EBN abstenitu egin zen. Urtebeteko lana ezerezean geratu da.


«Euskarari zor zaiona» kanpainari esker 12.000 euro jaso ditu Oinarriak-ek

2000. urteaz geroztik urtero egin du Oinarriak plataformak Euskarari zor zaiona izeneko kanpaina. Errenta aitorpenaren bidez Nafarroako herritarrek euskararentzako dirua jar dezateke. 2004ko ekitaldiaren emaitzak orain jakin dira: 300 laguni esker 12.000 euro jaso ditu Oinarriak-ek. 3.000 euro Noaingo eta Elortzibarko haurrentzat eraiki nahi duten ikastolarentzako izango dira. 7.000 euro euskara ikasle helduen beka sistemarako izango dira eta gainerako 2.000 euroak Oinarriak-ek berak hartuko ditu hurrengo kanpaina antolatzeko. 2003ko ekitaldian 292 nafarrek hartu zuten parte kanpainan eta 7.500 euro jaso ziren.


Euskara ikasi duten irakasleei zorionak

Eskola euskaldundu ekimenak (AEK, EHE, Sortzen-Ikasbatuaz, Kontseilua, LAB, Ikasle Abertzaleak, Euskal Konfederazioa eta Euskal Herriak Bere Eskola) euskara ikasi duten irakasleak omendu berri ditu. Irakasle horien guztien ordezkari gisa hamaika elkartu zituzten Bilbon eta giltza bana eman zien. Giltza eman zitzaien «eskoletan euskarari eta Euskal Herriari etorkizunerako atea irekitzeko». Bien bitartean, hizkuntz eskakizunak bete ez dituztelako egonkortasuna galdu duten irakasleek protesta ekitaldia egin zuten hilaren 11n eta Ibarretxeri eskatu zioten «konponbidea» aurkitzeko.


«Hizkuntza politika eraginkorrik gabeko» hauteskunde programak

Joan den igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako alderdiek aurkeztu dituzten egitarauak aztertu ditu Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluak. Kontseiluaren iritziz, alderdien egitarauetan ez da «hizkuntza politika eraginkorrik» agertzen. PSE-EE, UA eta PPri dagokionez, atzerapausoak nabaritu ditu Kontseiluak. Azterketa hori egiteko 2004an hainbat alderdi politiko eta sindikaturekin sinatutako Akordio Soziopolitikoa hartu du oinarri Kontseiluak.

Daniel Udalaitz

Euskal Herriko arrantzako portu gehientsuenetan dago arrantzaleen kofradiaren bat. Zaharrenak Erdi Aroan sortu ziren, XII. eta XIV. mendeen artean, baina modu antolatua XVII.ean zabaldu zen portu orotara. Hasiera batean krisi ekonomikoen astinduei aurre egiteko tresna moduan erabali ziren kofradiok. Gaur egun, EAEko 16/1998 Legeak, ekainaren 25ekoak, arautzen ditu kofradiak, eta zuzenbide publikoko korporazio bezala ezaugarritzen ditu. Egiteko profesionala betetzen dute eta arrantzaleen segurtasun laboralaz eta arrainaren salmentaz arduratzen dira. Hastapenean, hierarkikoa zen kofradien barruko antolamendua: lehenbizi patroiak edo ontzien jabeak, bigarren arrantzale arruntak eta azkenik aprendizak. Gerora, orekatuz joan da kofradietako botere-banatzea. Arrantzaleek gero eta leku gehiago hartu dute kofradien egitura organikoetan eta orain, ia-ia posizio bera mantentzen dute armadoreek eta arrantzaleek. Gaur egun, esate baterako, armadoreek nahiz arrantzaleek beregana ditzakete lehendakaritzako eta lehendakariordetzako karguak, nahiz eta, lehendakaria arrantzalea den kasuetan, armadore batek bete behar duen lehendakariordetza, eta alderantziz.


Iñaki Egaña historialariak Izaronewsen idatzitako artikulua. «Egungo Espainiako eskuinaren estrategia estatu kolpe zalea dela irakurri nuen, duela aste batzuk, Haro Tecglen-en artikulu batean, Belaunaldi aparta desagerrarazi zuen 1936ko estatu kolpea eragin zuten sektoreek bultzatutako estrategia berdina daramala egun Espainiako eskuinak. Sarri jardun dut hausnarrean gaiaz (Haro Tecglen ez da berau egin duen lehena) eta beti kontsolatzen naiz pentsatuz beste garai batzuetan bizi garela eta badirela halako abenturak galaraziko lituzketen balizko eragozpenak. Gainerakoan bat nator analisian: desberdintasunak betaurrekoen ereduetan dira edo bigoteen mozketa moldean; ideologia eta estiloak izugarri berdintsuak dira».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan