Mikel Asurmendi
Eusko Legebiltzarrerako alderdien botoen bilakaera azalduko dugu jarraian. EAJ-EA koalizioak, 1988an, 458.957 boz lortu zuen, 2001ean 604.222 eta 463.873 2005ean. Bilakabide honetan boz kopuruari eutsi dio, baina, aurreko bozetako emaitzekin alderatuz 140.000 boz galdu ditu. PSE-EEk 220.052 boz lortu zuen 1998an. Orain lau urte 253.195 eta oraingo honetan 272.429. 50.000 boz irabazi du bilakabide horretan. PPren bilakaera hauxe da: 251.743, 326.933 eta 208.795 boz. Bilakabidean 50.000 boz inguru galdu du. Ezker abertzalearen bilakabidean berriz -aukerak aldatu direla kontuan hartuta-, honelakoa: EHk 224.001 boz bildu zuen 1998an, 143.139 2001ean eta EHAK-k 150.188 boz oraingoan. Aralar alderdiak -lehen aldikoz aurkeztu dena- 28.001 boz lortu ditu. Bi aukeren bozak batuta, EHAK eta Aralarrenak, 45.000 boz gutxiago bildu du oraingoan. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta ordea, 40. 000 boz berreskuratu du. EBk 71.064, 78.862 eta 64.931 boz bildu ditu, hurrenez hurren. Bilakaera gorabeheratsua, aurrekoetan irabazi zuen halako bi galdu du oraingo hauetan. UA alderdiak 4.132 boz lortu du, eta besterik gabe, bilakabidean Legebiltzarretik desagertu da.
Ondorioz, Lizarra-Garaziko Akordioa indarrean izan zen hauteskundeetatik azken hauetara EAJ-EAk boz kopuruari eutsi badio ere ûsendo egotetik indartsu egotera pasa zen lehen lau urtetanû Ibarretxe Plana tarteko izaki, ahulago agertu da 2005eko hauetan. PSE-EE da bilakabide honetan goranzko joera aurkitu duen bakarra, bozak irabazi dituen alderdi bakarra da, PPren bizkar irabaziak hain zuzen ere, beste alderdi konstituzionalistaren bizkar. PSE-EEk PPk galdu dituenak irabazi ditu; bilakaera horretan duela lau urteko inflexio puntua kontuan hartu behar da: PPk ordutik gaurrera Madrilgo Gobernua galduz batera, 120.000 boz galdu ditu EAEn. Ezker abertzalearen bi aukerak kontuan hartuta, duela lau urteko bozen beherakadari eutsi eta buelta eman dio nabarmen. EB da alderdi egonkorrena boz kontuetan.
Boz kopurua begiratzeaz batera, herritarren parte-hartzearen bilakaera esanguratsua da. Duela zortzi urteko hauteskundeetan EAEko %69,89k bozkatu zuen. Duela lau urte %78,97ak; oraingoetan, berriz, %69,0k. Azken zortzi urte hauetan, hamar puntuko bilakabide eta joera gorabeheratsu horrek ederki ondo erakusten du herritarren jarrera. Bozen bilakabideak eta alderdien indar korrelazioaren joera gorabeheratsuak bat egiten dute. Etorkizunean, abstentzioa hautatu duten herritarren bozak erabakiorrak izan litezke EAEko mapa politikoaren berrosatzeko.
Segidan, lurraldez lurraldeko emaitzei erreparatuko diegu, behako hurbilago batez, boz kopuru emaitza zaharrek eta berriek xehetasun gehiago eskainiko dutelakoan. Begirada hau azken bi hauteskundeetan baino ez dugu finkatuko ordea.
Araba
EAJ-EA koalizioak 51.601 boz lortu du oraingoan: %30,6 eta 9 eserleku. Hiru puntu jaitsi da portzentaian eta duela lau urte baino 13.000 boz gutxiago lortu du. Eserleku bat galdu duen arren, bera izan da alderdi irabazlea. PSE-EE 39.469tik 42.994ra igo da. Hiru mila boz irabazi ditu. Bost puntu irabazi ditu, eta bi eserleku. PPri hartu dizkio bi eserleku horiek. Aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, bera da boz irabazle bakarra. PPk, bien bitartean, ia 20.000 boz galdu du, zazpi puntu. Beraz, konstituzionalistek 15.000 boz baino gehiago galdu dute. Koalizioak baino gehiago. Lurralde honetan, EHAK -ezker abertzalearen aukera- izan da beste irabazle nabarmena. Lurralde honetako laugarren indarra da, 14.810 boz irabazi ditu, bozen %8,4 lortu du eta bi eserleku. EHk, duela lau urte eserleku bakarra lortu zuen. EBk 3.000 boz galdu du, baina eserlekuari eutsi dio. Aralar alderdia urrun geratu da eserleku bat erdiestetik. 2.541 baino ez du lortu, bozen %1,5a; Legebiltzarrerako aukera politikoa izatetik urrun orainokoan. UA, 3.740 boz erdietsita ere, eserleku bat lortzeko behar diren 6.000 bozetatik urrun geratu da.
Bizkaia
EAJ-EAk irabazi du lurralde honetan ere. Alabaina, hemen ere, eserleku bat galdu du. 12 eserleku zituen eta 11 ditu orain, % 3 puntu eta 30.000 boz galdu ditu. PSE-EE da gehien irabazi duena: 2 eserleku; 4 zituen eta 6 ditu; 11.000 boz baino gehiago eta %5 puntu. Araban ez bezala ordea, eserleku horietako bat EAJ-EAri kendu dio eta bestea, berriz, PPri. PPk galdu du boz gehien: 32.000; bozen %6 puntu. Eserleku bat baino ez ordea. EHAKk 65.431 boz lortu du, bozen %10,1 eta bi eserleku. EHk lortu zituen bi eserlekuak atxiki ditu. Halaber, EHk baino 4.000 boz gehiago lortu du. Lurralde honetan ere, ezker abertzalearen aukera honek hobetu ditu aurrekoak. EBk eserleku bera beteko du. Nahiz eta 7.000 boz gutxiago eskuratu, ehunekoetan sostengu bera eskuratu du. Aralarrek 10.000 boz lortu ditu. Eserleku bat lortzeko behar diren 24.000tik urrun hemen ere.
Gipuzkoa
EAJ-EA irabazlea izanagatik, 12 eserleku izatetik 10 izatera pasa da. Galera handiena lurralde honetan jasan du, baita bozetan ere: 55.000 boz inguru galdu baitu, %6 puntu baino gehiago. %44,7tik %38,2ra jaitsi da portzentaian. Honetan eragin zuzena izan dute ezker abertzalearen aukerek lortutako emaitzek: EHAKk 5 eserleku lortu ditu eta Aralarrek 1. Lehenak 70.577 boz eta 15.173 bigarrenak. Bi aukera hauen artean, bozen %22,2 lortu dute: 6 eserleku. EHAK indar handiz agertu da lurralde honetan, zalantzarik gabe. PSE-EEk 4 eserleku zituen eta 5 ditu. Alabaina, 4.000 boz besterik ez ditu irabazi, %4 puntu. PPk galdu du eserleku hori, baina 30.000 boz baino gehiago galdu duela kontuan hartu behar da. Bozen galerak eta irabaziak ez dira proportzionalak, alegia. Kasuon, PSE-EEk etekin oparoa lortu du PPren bizkar. EBk 3.000 boz galdu du lurralde honetan, ehunekoetan eusten dio ordea.
Espainiako Kongresuarekikoak
Datu saltsa hau loditu edota argitu aldera, 2004ko Espainiako Kongresurako hauteskundeen emaitzetan azken begirada botako dugu. EAJk 420.980 eta EAk 80.905 boz lortu zituzten, orain biek elkarrekin: 463.873. PSE-EEk 339.751, orain 272.429. PPk 235.785, orain 208.709. Ezker abertzalearen HZk -boz baliogabetua- 91.978, EHAKk orain 150.188. Aralarrek 38.500 boto lortu zituen, orain 28.001. EBk 102.342 eskuratu zuen orduan eta orain 64.931. Datuen saltsa-maltsan aritzeak herritarren bozen joerak eta nahiak hautes-lapikoetako usainak hobekiago ezagutzen lagun gaitzake. Usainak usain eta usteak uste.
Xabier Letona
Dena dago zabalik eta urak bere errealitate historikora itzuli dira, hori da 2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek aurrera begira utzi duten panorama politikoa. Euskal politikari ikuspegi panoramikotik so eginez gero, erantzun eta egi zehatzen bila dabilenarentzat ezer gutxi eskaini dute hauteskunde hauek. Ez dago zalantzarik, azken hauteskundeetako neurri konparatiboei helduz gero, egi txikiak hor dira: EAJ-EAren beherakada esanguratsua, PPren zartakoa, EHAK eta PSE-EEren garaipena, Ezker Batuak bereari eusten dio, Aralarrek hil ala biziko heldulekua lortzen du...
Hauteskunde ondorengo orduetako balorazioak dira, baina lehen egunak iraganda, jadanik bi erronka nagusi ageri dira mahaiaren gainean: gobernu berriaren osaketa eta, garrantzitsuagoa dena, bakegintza eta normalizazio politikorako oinarriak behin betiko finkatzea. Gobernuarena epe motzean finkatuko da -bizpahiru hilabetetan argituko da-, baina hori egitean, epe ertainari begira bestelako lerro nagusiak ere margotuko dira. Pentsatzen zenaren aurka, ezustekoa izan da berriz ere nagusi, baina ez korronte politiko nagusietan egundoko aldaketak izan direlako, emaitzen aritmetikak negoziazio eta akordio beharren irudikatzea bere muturrera eraman duelako baizik.
Lizarra-Garazi aurreko garaira
Oraingo zenbakien ika-mika alde batera utzi eta lerro politiko nagusietara joz, bistan da egungo datuek, ñabardurak ñabardura, 1998ko aurreko garaira eramaten gaituztela. Harrezkeroztik egoera aldatu da. Ajuria Eneko Itunaren garaian, HBk nahiko alboratua zuen instituzioetako joko politikoa eta gaur egun bete-betean partehartzen du, iragan abenduaren 30ean Gasteizko Legebiltzarrean ikusi zen legez, modu erabakigarrian gainera. Horrez gain, besteak beste, Ajuria Eneko Ituna beraren apurketa, Lizarra-Garaziko Akordioaren garaia, Ibarretxe Plana eta ilegalizazioaren aroaren irekiera gertatu dira. Beraz, datu sozio-politikoak antzerakoak dira, baina gainerakoan ezer ez da berdin.
Iragan abenduaren 30ean Eusko Legebiltzarrak Ibarretxe Plana aurrera atera zuenean, burujabetzen talka izan zen hauteskunde hauetarako irudikatu zen irudia. Kanpaina gerturatu ahala, argi ikusi zen ez zela hori jokoan zegoena, hau ez zela plebiszitu bat. Emaitzek bete-betean baietsi dute susmo hori eta akordio zabal baten beharra aldarrikatu dute... Erantzuna, beraz, argi dago, edo herri honetako korronte politiko nagusiek gatazka bortitza gainditu eta bizikidetzarako akordio zabal bat finkatzeko prozesuari ekiten diote edo orain arteko egoera itogarrian korapilatuta jarraituko dugu.
Euskal Herriko indar politiko nagusienen artean finkatu beharko litzateke akordio hori, baina, PPren jokaera ikusita, argi dago akordioaren osagai nagusiak EAJ-EA, PSE-EE eta ezker abertzalea direla. Ilegalizazioa tartean, gobernu akordioei begira EHAK-k ordezkatuko du Batasuna, baina sakoneko negoziazio politikoan bera izango da giltzarri. Ikusi behar, dena den, elkarrizketa prozesu batean ilegalizazioaren ondorioek zer dakarten, honek ere bere eragina izango du eta.
Zapatero eta PP
Akordio zabal hau bultzatu dezaketen beste eragile batzuk PSOE bera eta Jose Luis Rodriguez Zapatero dira. Orain arte keinu txiki batzuk ikusi dira eta ez da gutxi, baina, orain, errealitatean erakusteko aukera iritsi zaio, eta berak ere mugitu beharko du, hiru urte baitauzka Espainiako hurrengo hauteskunde orokorrak iritsi aurretik. Hauteskunde hauek arnasa eman diote euskal lurretan, baina soka motzean lotuta geratu da Espainian. 17ko gauean hasi eta egun hauetan ere argi ikusi denez, PPk badu helduleku ezin hobea Zapatero astintzeko: «Zapatero izan da ETA-Batasuna indarberrituari Legebiltzarrerako atea zabaldu diona». Aitzaki paregabea du PPk, PSOEk EHAKri ateak zabalik utzi diola esateko, PSOEk terrorismoaren aurkako Akordioa txikitzen duela, EHAKren gainean Guardia Zibilak aurkeztutako txostenei mespretxu egin diela... Asperduraraino entzungo ditugun argudioak izango dira, baina itoginaren pazientzia eta eraginkortasunez zulatuko dute Espainiako iritzi publikoa. Felipe Gonzalezi bere azken legealdian PPk egin zion oposizio basatia bezain eraginkorra buruan izango dute PSOEkoek.
Baina Zapatero presidenteak jakin bazekien gainera zetorkion uholdeaz eta aurrera egitea erabaki zuen, EHAKren aurka egin gabe. Lehenik eta behin, bere helburu garrantzitsuena PSE-EEk emaitza ona izatea zen eta hori lortu du; hori bezain garrantzitsua zen, aldiz, EAJ-EAk eta EBk gehiengo osoa ez lortzea. Areago, PPk eta PSE-EEk hiruko gobernuak baino boto bat gehiago lortu dute eta Aralarren eserlekuarekin berdinketara bakarrik iritsiko litzateke Ibarretxe. Eszenatoki paregabea egokitu zaio PSOEri, balizko negoziazio prozesu batean EAJrekin eroso aritzeko. Azken finean, eta PPri aurre egiteko, badaki euskal gatazkan duen jokaera funtsezkoa izan daitekeela bigarrengoz Espainiako Gobernu buru izateko. Zeresanik ez, ahalegin horretan bake prozesu bat irekitzea lortuko balu.
Gobernu eraketa eta hurrengo lehendakaria
Akordioen dantza hasi da jadanik eta gobernu berriaren eraketarako ateak zabalak bezain korapilatsuak dira hauteskundeen ondorengo lehenengo egunetan.
PP, PSE-EE eta Ezker Batuaren arteko koalizioa baztertua dago, sozialistek eta Madrazoren alderdiak argi adierazi dute ez dela halako alternatibarik gauzatuko.
EAJ-EA-EB eta Aralarren arteko koalizioa posible da. Baina siglen saltsa-maltsaz gain, gobernua gutxiengoan legoke eta bere ahuldadea handiegia litzateke PP eta PSEren aldian aldiko erasoen aurrean. Horrez gain, proiektu asko aurrera ateratzeko EHAKren akordioa beharko luke eta, beraz, honekiko menpekotasun handia izango luke. Ez da erraza halako koaliziorik irudikatzen, baina ezta ezinezkoa ere, baldin eta beste maila bateko akordio estrategikoagoak gauzatuko balira. Bake prozesu baten barruan kokatuta posible izan daiteke, baina honek eskatuko luke nagusiki EAJ eta ezker abertzalearen artean urratua dagoen konfiantza giroa berregitea. Ibarretxe Planaren testuinguruan ere posible litzateke halako itunik, batez ere Batasunak adierazia duelako bere hitzaurrean aurrera egiteko urratsak ikusten dituela. Horrez gain, lehen unean agian posible litzateke -EHAK Batasuna ez dela argudiopean estaliz- ETAren gaia saihestea, baina horrek ibilbide gutxi izango luke epe motzean, ETAren su-etena eta elkarrizketa prozesu zabala barik.
EAJ-PSE
Beste aukera handia PSE eta EAJren arteko akordioa litzateke eta ikusi behar EA honetan sartuko litzatekeen ala ez. Euskal politikagintzan tradizio handiena duen aliantza da eta, gauzatzeko zaila izanik ere, gehien entzuten dena eta egiazki posibleenetakoa. Aukera hau mamitzekotan, ordea, alderdi batek nahiz besteak egungo beren jarreran aldaketa esanguratsuak izan beharko lituzke. Patxi Lopezek behin eta berriro aipatu du Ibarretxe Plana erretiratu beharko litzatekeela eta bera ez dela inoren lehendakariorde izango. Bigarren baieztapena samur gainditu daitekeela pentsa liteke, batez ere PSE-EEk bere gustuko akordio bat lortuz gero. Ibarretxe Planarena korapilatsuagoa da, eta ez bakarrik akordioa lortzeko, baita EAJren baitan ere. Irabazi eta berriz lehendakari izanez gero, gobernuaren helburu nagusietakoa Espainiarekin negoziatzea dela agindu du Ibarretxek, eta ondoren herri kontsulta egingo duela. Agindu zail horietatik duintasunez nola ateratzen den ikusi beharko da orain; ataka larrian harrapatuta dagoela esan liteke, baina politikan denetarik ikusitakoak gara.
EAJren baitan ere ez da txantxetakoa zabaltzen den unea. Oraindik ere hor dira Xabier Arzalluzen ondorengoaren hautaketa prozesuan zehar irekitako zauriak. Haizea alde eta lidergoan sendo, samurragoa da barne kohesioari eustea: orain ikusiko da horren hautu desberdin eta erabakigarriaren aurrean barne tentsioak EAJren kanpotik iradokitzen diren bezain gogorrak diren. Ibarretxe bera da egoera zailean geratu dena eta orain ikusiko da bere lidergoaren sendotasuna; edozelan ere, nahiko garbi dago oso zaila izango duela bere plana euskal gizarteko merkatu politikoan saltzea, bai behintzat berak jarritako prezioan.
EAJ-PSOEren balizko akordio baten baitan funtsezkoa litzateke PSOEk bultzatu nahi duen estatu ereduaren erreforma. Gernikako Estatutuaren erreforma eremu horretan kokatuko lukete alderdi biek, eta bide batez jeltzaleek beste indar bat eman ahal izango liokete Zapateroren Gobernuari. Ez dirudi lekuz kanpo dagoenik pentsatzea halako itun batek barne tentsioak sor ditzakeela jeltzaleen artean. Aldi berean, gainerako alderdi abertzaleen dianan eta presioaren higadura pean legoke itun horretan, kontuan hartu behar baita, bera izan ezik gainerako alderdi abertzaleek Nazio Eztabaidagunearen testuinguruan sinatua dutela gatazka bideratzeko oinarrizko hitzarmena.
Ikusten denez, ia dena da airean, zabal-zabalik. Gobernua era batera ala bestera gauzatuko da, baina badirudi badela garaia hortik haratago joan eta behingoz sentsibilitate nagusienak asetuko dituen gutxieneko akordio bat lortzeko. Argi dago gizarteak akordioak eskatzen dituela, orain ikusi behar dena da ea klase politikoa hauek ahalik eta modu zabalenean gauzatzeko gai den. Osatzen den gobernua osatuta ere, lasai esan liteke euskal gizarteak begi onez ikusiko lukeela bake prozesu baten irekiera eta, gainera, azken hilabeteetako giroak horretara bultzatzen duela. Lana, pazientzia handia eta borondatearekin badirudi EAJ-EAk, PSE-EEk eta ezker abertzaleak ordezkatzen duten mundu zabal horien arteko prozesurik ireki daitekeela zabaldu den ziklo berri honetan. PP eta bere ingurukoen jarrera ezaguna da eta, gainerako alderdi eta eragile sozialen artean, ez dirudi arazo handirik legokeenik aipatu hirukoaren gurdia bakearen norabidean bultzatzeko. Bi oinarri nahikoak izan daitezke, seguruenik, nahiz eta zehaztapen eta ñabardura askoko testuinguruaz hornitu beharko liratekeen: bat, euskal gizarteko herritarren gehiengoaren -zenbatekoa ote?- borondateak ez du mugarik; bi, ezin dira indarra edo biolentziaren mehatxuak erabili helburu politikoak lortzeko. Aukera historikoez aritzeak asperdura eta aukera galduetara garamatza, nahikoa litzateke azpimarratzea aukera berezi hau iragaten uzteak etsipenean urrats bat gehiago ematea litzatekeela.