Argitalpenak

Pilar Iparragirre


2005-04-24



Baleazaleak eta Kortsarioak

Iñaki Mendizabal, Asier Sanz

Elea

64 orrialde

15 euro

Euskal baleazale eta kortsarioak

Bakailaoa eta balea harrapatu nahian eta kortsariotzan gogorki aritutako itsasgizonen bizitzaren berri ematen dute Iñaki Mendizabal Elordik eta Asier Sanz Nietok idatzitako Baleazaleak eta Kortsarioak. Euskal odisea ipar Atlantikoan liburuan. Zenbait aurrekari historikoetatik hasiz, kapituluz kapitulu 1713. urteko Pasaian ainguratuta dagoen pipiak jotako Andra Mari ontziaren oroimenak kontatzen dira bertan, haren sortzaile izandako Joan Odriozola maisuaren bizitza eta lanak zein tripulazio bipilaren gorabeherak. Horrela ezagutuko ditugu Matias arpoilaria, Baionako Oihenart, Zarauzko Arriaran, Garroko Bartolome, Juan Zazun oriotarra, Artuza pilotua, Anton Larrabetzu kapilaua, Pablo Aranburu zirujaua...

El desorden social de la blasfemia

Victor Moreno

Pamiela

124 orrialde

10,40 euro

Birao egiteko ohiturak izandako gaitzeste eta zigorraz

Hiztegiak dioenez, Jainkoaren edo gauza sakratuen aurkako madarikazio edo esaldi larriari deitzen zaio birao. Historian zehar ûeta euskaldunen artean ere: gogoratu euskara biraorik gabeko hizkuntza zela defendatzen zuten Campion, Aranzadi eta beste askoren izenakû biraogilea oso gaizki ikusia eta are gogorki zigortua ere izan da, Inkisizio garai luzeak lekuko. Horren guztiaren gainean idatzi du Victor Morenok El desorden social de la blasfemia lanean, honako hau ohartaraziz beti ere: zer kalte egiten dion norberak Jainkoari, Ama Birjinari, Konstituzioari edota Demokraziari, barruan duen ezintasunak sortzen dion amorruaren eraginez haien gainean kaka egingo duela esatean?

Bernat eta bere lagunak

Manel Alonso i Catalá

Gero

94 orrialde 10 euro

Mutiko txiki baten jakin-mina

Manel Alonso i Catalák irakurle gazteenentzat sortutako lan hau Mari Eli Ituarte Zarrogoikoetxeak euskaratu du. Sei urte ditu liburuko protagonistak ezagutzen dugun unean; ezer baino gehiago trenak ikustera joatea gustuko du Bernat. Aita, ama, katua eta txakurrarekin batera bizi da mutikoa, eta aiton-amonak ere ez ditu etxetik oso urrun, baina halere anaia edo arrebaren bat izatea nahi luke eta etengabe galdetzen dio amari ea zergatik ez dion merkatuan erosten haur txiki bat, bere eskolako lagun gehienak etxean daukaten bezalakoa. Hori entzutean barrez hasten dira helduak. Zer dela eta? Bernatek ez daki, baina bai, ordea, asperturik dagoela, eta kalera doa lagun bila. Horrela ezagutzen ditu Elisabet eta beste haur asko. Eta gutxien espero duenean, jaio da bere anaia txikia.

Inflazioaren aurka: Bankugintza berriaren jardueraz

Joseba Felix Tobar-Arbulu

Udako Euskal Unibertsitatea

130 or./ 11 euro

Inflazioari aurre egiteko

Hamar urte daramatza Joseba Felix Tobar-Arbuluk Bernard Schmitt ekonomialariaren lanak arakatzen eta euskaraz zabaltzen. Oraingo honetan, inflazioak daukan garrantziaz ohartarazi nahi digu, eta inflazioari aurre egiteko beharrezko neurriak zeintzuk diren jakinarazi. Horretarako, ikuspuntu makroekonomikotik ikertzen du inflazioa, ze haren arrazoiak azaltzeko, Schmitten ikuspuntua errenta nazionalaren analisian oinarritzen da, ez errentaren banaketan, eta beraz, dirua eta bankugintza ikertu behar dira magnitude makroekonomikoak neurtzeko. Gai horietaz dihardu Tobar-Arbuluk bere lan honetan... Amaieran, Inflazioaren (eta langabeziaren) kontrako bankugintzaren jarduera: Schmittek proposaturiko erreformen ildo nagusiak kapitulua gehitu dio.

Egunero ondo jateko

Karlos Argiñano

Bainet Media

250 orrialde

17,95 euro

Karlos Argiñanoren 110 errezeta gozo

Entsalada, barazki, arroza, pasta, lekale, zopa, krema, arrautza, haragi, hegazti, arrain eta postre, plater guztiak izan ditu kontuan Karlos Argiñanok telebistan egindako 110 errezeta biltzen dituen liburu hau osatzerakoan. Ematen dituen azalpenak jarraituz gero, oso era errazean etxean presta ditzakegun janari gozoak dira guztiak. Hala ere, badaezpada, inork arazorik izan ez dezan, errezeta guztiak pausoz pauso azaltzeaz gainera, argazkiekin agertu ditu errazago uler daitezen. Eta gauza osoagoa izan dadin, plater bakoitzari sukalderako aholku bat gehitu dio, adieraziz zein den hura jateko denboraldirik egokiena, zer nolako ardoarekin lagundu behar den eta nutrizio aldetik dituen onura eta kalteak.

Laguna

Dennis S. Miles

Txalaparta

264 orrialde

16 euro

Andolin Eguzkitzak euskaratutako nobela

Txalaparta argitaletxeak plazaratu duen sortzez kubatarra baina AEBetan bizi den Dennis S. Milesen gazte garaiko nobela hau Andolin Eguzkitzak euskaratua izan zen. Bi gizon gazteren arteko harremana deskribatzen duen narrazio honetan, maitatua izatea ezinezko denean maitatzeak ekartzen duen oinazea azaltzen da. Maitatua denak botere osoa baitu, ez du ezer egin behar maitatua izatea lortzeko; maitatzen duenak, berriz, ez du botererik batere, bestea adoratu besterik ez daki egiten.

Epelde, mende baten soinua

Xabier Gantzarain

Euskal Herriko Trikitrixa Elkartea

110 orrialde+CD 15 euro

Epelde zaharrari eskainitako lana

1914an jaioa izan arren oraindik bizirik dugun trikitilaria da Joxe Mari Soraluze Balentziaga Epelde zaharra. Bere aitak jotzen zuen dultzaina albo batera utzi, eta indartsu zetorren soinu txikia bere egindako pertsona. Beste asko bezala, 1936ko Gerran faxisten alde egitera indarrez eramandako gizona. Eta haren bizitza luzea laburbiltzeaz gainera, mende hasierako Azkoitiaren erretratua ere egiten ahalegindu da Xabier Gantzarain Epelde, mende baten soinua lanean, bereziki azpimarratuz makina bat gauza zor diegula ondorengook Epelde eta bere garaiko trikitilariei, lan ikaragarria egin zutelako jendeari alaitasuna emanez eta diberti zedin bideak jarriaz. Erromeriak, besteak beste, gauzak aldatzeko leku oso aproposak zirelako. Izan ere, arau oso zorrotzen menpe bizi zen gerra aurreko Azkoitian ez zegoen dantza lotua inola ere egiterik; Bergaran eta Elgoibarren bai, ordea; orduan trikitilariek egiten zituzten beren erromeriak... juxtu mugan! Adibidez, Azkoitiako batek antolatzen bazuen erromeria Aizpurutxon, erromeria egin egiten zen, baina errepideaz bestalde, han libre zelako dantza lotua egitea.


Argia.com 2012