Joxean Sagastizabal: «"Kutsidazu bidea Ixabel"ek fama badu, nik ez»


2005eko apirilaren 17an
Trankil bizi zinela esan zenidan aurreko batean...
Bai, eszedentzian naiz joan den urteko irailetik. Maiatzean hiru hilabeteko baimena hartu nuen, soldatarik gabekoa eta, gero, irailean, eszedentzia. Lehengo urteko maiatzetik "lanik" egiten ez dudala nago. Nire bizimodua izugarri aldatu da, onerako. Baita nire osasuna ere. Ez diot esate aldera, ez. Bizkarretik ibiltzen naiz ni, eta bizkarretik ere askoz hobeto nago. Jakina, badakit zergatik nagoen askoz hobeto: ez ditudalako egunero zazpi-zortzi ordu pasatzen Jaurlaritzako eraikin tristean, ordenagailuaren aurrean...

Eszedentzian, funtzionarioaren lan tristea egin gabe, beste lan batzuk eginez...
Lan horiek izan ez banitu ere hartuko nuen eszedentzia. Kutsidazu bidea, Ixabel filmak eta telesailak eman didaten diruarekin finantzatu dut eszedentzia. Gainera, antzerki-lan bat idazteko aprobetxatu dut, Donostia antzerki-saria irabazi duena, nahiz eta ez dakidan sekula antzeztuko den, eta, horrekin batera, aspaldi hasitako nobela bukatzeko. Bukatzeko zorian daukat, behintzat.

Gustuko lanean, beraz. Eta, gustuko lanean, aldaparik ez!
Nire lagun batek esaten duena: aldapa bai, baina aldapa behera!

Zertan ari zara, oraintxe, Kutsidazu-rekin...
Laster elkartzekoak gara hiru gidoilariok, Karlos Zabala, Nagore Aranburu eta hirurok, eta bi zuzendariak, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues. Gidoiaren lehenengo bertsioa egina dugu eta, bostok bildu eta behin betiko bertsioa egingo dugu. Filmazioa egiten, berriz, uztailean hasiko gara.

Esperientzia berria, horratik!
Errodajea bai. Eta gogo handiz nago. Neuregandik sortutako istorio batetik abiatu eta filma egitea behin tokatuko zait! Luzemetraia!

Gauza handia, gero!
Kutsidazu da... nola esan? Jainkoren baten eskuak ukitutako historia bat. Badakizu zein arrakastatsu izan zen liburua! Bestalde, zeuk esan zenuen behin: "Hau al zan?".

Bai, "hau al zan?"...
Horixe ba, eta arrakasta! Nekez atera liteke euskaraz liburu arrakastatsuagorik. Liburuaren arrakastari esker, antzezlana. Eta nekez egin liteke antzezlan arrakastatsuagorik. 180 emanaldi egin dituzte. Ama begira zazu-rekin eta, emanaldi gehien egin duenetako bat. Arrakasta horri esker, filma eta telesaila datoz orain. Eta antzezlanaren DVD-a! Aurten Bai fundazioak CD-Rom interaktiboa egin zuen orain dela urte batzuk, Kutsidazu oinarri hartuta. Ze beste euskarri falta da?! Besterik egin al liteke istorio batetik?

Eranskailuak, kamisetak...
Marchandising! Antzezlanaren lehenengo emanaldiekin kamisetak egiten hasi izan bagina... ez dakit zenbat, baina salduko zirela seguru! Kamiseta ganberro xamarrak, Kukuxumuxu-koen tankerakoak.

Liburuaren zenbat ale saldu diren ba al dakizu?
33 edizioan ari dira, bina milako tirada... 64.000 inguru. Hori espainolez best-seller bat da. Egin nahi dituzun konparazio guztiak, baina horixe da egia: best-seller bat, espainolez, munduan gehien hitz egiten den hizkuntzetarik batean. Hizkuntza munstro batean. Euskaraz, ez dago sinesterik ere! 1994ko liburua da eta oraindik, joan den urtean, antzerkiari eskerrak, bost mila ale saldu ziren. Hamargarren urtean!!! Laster jakingo dut DVD-a nola saldu den, baina ondo xamar saldu dela, seguru!

Poza, dirua, fama, satisfazioa... zer da hori?
Dena. Dirua, bai, nik dirua irabazi dut Kutsidazu-rekin. Hainbeste euskarritan dagoenez! Joan liburudendara eta, nahi izanez gero, liburua duzu, DVD-a, CD-a, eta, laster, filmaren DVD-a... Komikia besterik ez da geratzen! Eta gu biok komikizale gara... Baina egin liteke komikia ere. Dirua, satisfazioa, ez sinesteko modukoa. Fama... istorioak bai, badu, nik ez. Jendeari galdetu Kutsidazu-ri buruz eta badu lanaren berri, baina egilearenik ez. Galdetu: "Eta hori nork idatzi du?". Eta ez dakite. Neuk konprobatu dut. "Ez dakit, baina liburua mundiala da!" esan izan didate. Baina egilearen izena ez jakitea ere! Esan nahi dut ni ez naizela ezaguna. Jendeak ez duela nire aurpegia ezagutzen. Alberdaniakoek esan zidaten: "Liburuaren barruko azalean hire argazkia jarri izan bagenu, Euskal Herrian ez zuan izango hi bezain pertsona ezagunik!".

Euskaldun berri baten gorabeherak baserrian ditu abiapuntu Kutsidazu-k. Baserritarrari burla egiten ote zaion, kritikazko eskutitza bidali zuen ikusle batek euskarazko egunkarira...
Bai, Berria-n atera zen, harpidedun naiz, eta irakurri nuen. Baina umorea beti da exajerazioa. Exajerazio gabe nekez egin liteke umorea. Egin liteke umorea, baina beste bide batetik. Barre egiten dela baserritarraren kontura? Bai. Eta euskaldun berriaren kontura ez, ala? Saltsa horretan agertzen diren pertsonaje guztien kontura egiten dugu barre, baina, batez ere, baserrira joan den euskaldun berri "ezgauza" horren kontura! Eta, "ezgauza" hori neu naiz! Neure buruaren kontura egiten dut barre. Besteren kontura? Baita. Eta? Ez al dago egiterik ala? Baserritarrak ez direla horrelakoak? Ez, ez dira. Baina euskaldun berriak ere ez!

94an AEBetan nintzen, eta esan nezake haraino iritsi zirela Kutsidazu-ren hotsak. Oker ez banaiz, garai hartantxe hasi zen Goenkale ere. Haraino heldu zen bien sona handia. Bi boom izan omen ziren...
Bai, eta bueltan, esango zenuen: "Hauek al ziren?"... Orduantxe liburu salduenen zerrenda ateratzen zuen Diario Vasco-k, larunbatero. "Los más vendidos en euskera". Ezta "Euskarazko libururik salduenak" ere! Ez, ez: "Los más vendidos en euskera". Urtebete pasa egin zuen, astero-astero-astero, Kutsidazu-k, salduenen artean. Urtebete baino gehiago! Kutsidazu maiatzean aurkeztu zen. Uda ez da liburuak saltzeko garai aproposena. Jendeak beste kontu batzuk ditu buruan. Inazio Mujikak hileroko datuak erakutsi zizkidan behin: boom-a irailean hasi zen, urrian segitu zuen, eta azaroan lehertu egin zen. Hilabete batean 1.500 ale. Hilabetean! Liburu baten bizitza osoan saltzen den ale kopurua! Hilabete horietako batean, ekainean edo uztailean, bigarren agertu zen Kutsidazu zerrenda horietako batean. Uste dut ordena zela Gizona bere bakardadean, Kutsidazu, Otto Pette. Hori ikusi nuenean, guraizeak hartu eta: "Hau gorde egin behar diat nik, ilobei erakusteko! Begira zein dudan aurren, eta zein ondoren!". Handik gutxira, salduena izatera pasa zen. Niretzat sekulako albistea zen nire liburua konpainia hartan ikustea!

Hori 94an, euskaldun berriak gutxiengo zirenean. Laster, ordea, euskaldun zaharrak izango dira gutxiengo. Dagoeneko halaxe dira zenbait lekutan. Kutsidazu-ren bertsio iraulia egiteko moduan gaude. Euskaldun zaharraren parodia egiteko, alegia...
Babesteko moduko espeziea euskaldun zaharra izango dela esan nahi duzu... Urrestillakoa dut andrea eta han ez dut horrelako sentsaziorik. Euskal Herri euskaldunak lehengoan segitzen du, "Jaungoikoari eskerrak"!. Euskara eremu berriak irabazten ari da... Ez da gehiegi gustatzen zaidan gaia, baina aurrera: ez dakit gaur egungo euskaldun asko zenbateraino diren euskaldun. "Bai, umea ikastolara doa!". Etorri umea, galdetu: "Eta? Zer moduz?". "Bien!". "Ze ikasten ari zara!". "Pues yo que sé. Ahí, en la ikastola!"... Orain dela gutxi izan da Korrika. Gasteiztik ere pasa zen. Han izan nintzen, alabagatik. Han azaldu ziren gure alabaren ikastolako guztiak. Beraien artean erdaraz, por supuesto! Munduko gauzarik normalena balitz bezala! Eta, horixe da normalena! "La Korrika, que bien lo vamos a pasar!". Korrika beste gauza bat da. Horrelako mila esperientzia ditugu. Ume horiek euskaldunak dira? Esaten badugu ezetz, "ez" txiki bat esan behar dugu. Esaten badugu baietz, "bai" txiki bat esan behar dugu era berean.

Onenean, euskaraz badakitela esan behar...
Euskaldun pasibo dira, eta egunen batean "benetako" euskaldunak izatea erabakitzen badute, beste ahalegin bat egin beharko dute, oinarri sendo batetik abiatuta, ze ikasketak euskaraz egin dituzte eta edukiko ahal dute oinarri sendoa!, hizkuntza hori aberasteko eta lantzeko oinarriak. Gehienak penagarriak dira!

"Euskaldun penagarriak", beste definizio bat asmatu duzu oraintxe...
... Eta ez Gasteizkoak bakarrik. Donostian bizi izan gara orain dela hiru urte arte, eta han ere igualtsu. Urrestilla, Azpeitia, Azkoitia... beste kontu bat da. Gazteek 16-17 urterekin erabakitzen dute izan nahi dutena, linguistikoki, esan nahi dut. Azpeitiar batek ez du horretan pentsatu beharrik, baina donostiar batek bai, eta bilbotar batek ere bai... zer nolako bizimodua egin nahi duten erabakitzea iristen zaienean gazteei, "Zer ikasiko dut? Zer egingo dut bizitza honetan? Nola hitz egingo dut, egunen batean, seme-alabekin?"... Hiri handi bateko ikastola normal batetik irtendako horrek baino hobeto hitz egin beharko dio seme-alabari, bigarren ahalegin bat eginda, ze lehenengo ahalegin horrekin jai dago.

Zergatik ez da behar beste hitz egiten gai hauetaz, edo guraso euskaldunek seme-alabak euskaldun hezten dituzten problemei buruz, eta hitz egiten da axaleko hamaika gairen gainean?
Nik entzun izan ditut horrelako komentarioak. Egin dudana bezalakoak.

Eztabaida ez dagoela zabaldua, esan nahi dut...
Iztueta, Azkarate... edo Haritxelar garai batean... "Gero eta euskaldun gehiago daude. Ume euskaldunak...". Bai, bai, bai, "ume euskaldunak"! Edo "ikastolara doazen umeak" esan behar dugu? Ze, ikastolara doan umea, euskalduna da? Seguru asko bai, baina seguru asko besterik ez. Jendea mailakatzen hastea ere ez da oso egokia, baina badakigu zer den hizkuntza gaitasuna. Hizkuntza gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna. Bilboko ikastola bateko gaztetxoa hartu, 15 bat urtekoa, eta agindu: "Kontaidak...". "Kontai zer?". "Konta ezazu atzo gauean telebistan ikusitako filma". "Pues, de puta madre..." eta euskañola gero. Eta euskañola, eta spanglish-a... filmetarako, primeran. Baina gure belarriek izugarri sufritzen dute!
(...)
Beraz, "euskara eremu berrietara zabaltzen ari da", esaten digute, eta bai. Baina kantitatea, kalitatea... boladan dagoen beste eztabaida, Garzia, Egaña, Amonarriz, horretan ari dira oraintxe. Kalitateaz zera esango nuke... Esan dezagun Urrestilla ez den herri euskaldun bat. Zarautz, adibidez: herri euskaldun bateko jendeak hobeto hitz egiten zuen orain dela hogeita bost urte gaur egun baino, batere dudarik gabe! Ez da inpresio axal bat. Ez, ez. Halako pertsona jakin honek, hobeto hitz egiten zuen orain dela hogeita bost urte gaur egun baino. Zer gertatu zaio? Gaur egun euskara salbatuta dagoela! Eta Lehendakariak "ere" euskaraz hitz egiten duela. Militantzia zaharraren garaiak pasa dira! Hizkuntzari buruz ari naiz betiere. Gaur egun militantzia berriak behar ditugu, baina militantzia behar dela, dudarik ez daukat, gure hizkuntza honetan normal, normal, komunikatzeko gauza izango bagara. Nik ez dut euskañolez hitz egin nahi, eta euskañola entzuten dut izugarri, izugarri! Eta mingarri da.

Idazle zara, ez soziolinguistikari, nahiz eta hori izatea ere tokatzen zaizun, alaba duzunez gero... Baina itzul gaitezen idaztera. Antzezlana Kutsidazu, eta antzezlana zure izena hedabideetara ekarri duen azken berria ere: Donostia saria irabazi duzu Moskatel Team lanarekin...
Antzerki zaletasuna aspaldikoa dut. 82an Antzerti antzerki-eskola sortu zen. Urte hartan bertan bukatu nituen nik irakasle ikasketak. Lan bila hasteko garaia nuen, beraz. Uda hartan Antzerti-n sartzeko azterketa egin nuen. Gainditu nuen, eta hartu ninduten. AEK-n ere izena eman nuen, irakasle izateko. Hartu ninduten. HABE-n ere saiatu nintzen, egin nuen froga, eta hartu ninduten: Antzerti, AEK, HABE... hirurak nituen aukeran. Aukera bi nituen: Antzerti eta AEK, biak batera egin, ala HABE-n jardun. Diru beharra ere banuen, premia. Antzerti-AEK, ala HABE? Zer egin? 82an-edo sartu ziren Antzerti-n Mikel Garmendia, Karlos Zabala, Eneko Olasagasti, Joseba Apaolaza... denok ezagutzen ditugun euskal aktoreak. Gaur egun galdetzen diot nire buruari: "Beste bide horretatik saiatu izan banintz zer ote nintzateke gaur egun?". Beharbada aktore, beharbada kale-garbitzaile... Esan nahi dut nire antzerki-zaletasuna ordutik badatorrela, gutxienez ordutik. Aspaldikoa da. Urte askoan euskara irakasle izan naiz HABE-n. Gero, beste hamaika kontu. Ni ez nago aktore izateko tenorean, seguru asko, nahiz eta ez dudan esperantza galdu, eta ez da txistea, baina Kutsidazu antzerki-lan egiteko garaia iritsi zenean bizitu egin zen nire zaletasuna, Gorringo taldearen arrakastari esker, eta jendearen harrerari esker ere bai. Jarri publiko artean, nola ez naizen ezaguna, Kutsidazu ikusten, eta jendea ezker-eskuin barrez lehertu beharrean! Testuaren egokitzapena Nagore Aranbururekin batera egin nuen eta, gero, Kutsidazu-ren emanaldiak bukatzea erabaki zutenean, garai hartan, iragarkia ikusi nuen Berria-n. Antzerki-lanen saria, Donostian. "3.000 euro". 3.000 euro! Dirua pizgarri! Beste obra bat idaztea erabaki nuen. Gaia, txirrindularitza, Euskal Herrian hainbesteko afizioa dagoenez. Urrestillan esaten duten bezala, "Futbola? Futbola berria dek hemen! Hemen ziklismoa izan dek lehenengo, herri txiki euskaldunetan. Gero etorri dek futbola!". Eta horrelaxe idatzi nuen Moskatel Team.

Moskatel Team, txirrindulari taldea, beraz...
Bai, ba! Ze uste zenuen ba!

... Linda White-ren artikulu batean, A Literature in Chains, zure hitzak ageri dira. Diozu zuk egin ezin dituzunak eginarazten dizkiezula zure pertsonajeei...
Linda Whiteren artikulu batean? Eman behar didazu artikulu horren erreferentzia... Zenbaitetan bai. Literatura ere bada egin ezin ditugun horiek egin ahal izateko modua. Nire ezkerrean dagoen honi nola lepoa moztu ezin diodan, moztu diezaiotela hamazazpi aldiz, liburuan. Denok ditugu gure mamuak eta noizean behin hil beharra dugu baten bat, fikzioan. Hil beharra, inor benetan hil gabe. Literaturan gauzatu dadila!

Bizitzeko dugun armetako bat ere ba omen dugu literatura. Zuk esana da hori ere.
Bizitza oso kontu latza da, gogorra, oso. Jaungoikoari eskerrak -ni ez naiz sinestuna baina-, gizakiok baditugu arma batzuk, bizimodu honi aurre egiteko. Arma garrantzitsuenak: umorea, edertasuna, besteren kariñoa. Kariñoa diot, maitasuna oso gauza potoloa delako. Kariñoa badago munduan, maitasuna... dudak ditut. Umorea, edertasuna, besteren kariñoa. Jana eta edana ere badira, baina bigarren mailan jartzen ditut nik. Nik esan nezake nire literatura dela umorearen bidez egiten dudan edertasun bilaketa.

Linda Whiteren artikuluan zera ere esaten da zuri buruz...
Linda White horrek gauza asko esaten ditu niri buruz...

... bada, zure hitzak omen dira: "Axular? Pikutara! David Bowie behar dugu hemen!".
Bai, hori ezagun egiten zait. Xabier Montoiak Anfetamiña atera zuenean, irakurri eta bertako poema bat hartu nuen buruan. Zioen batzuentzat Historia hasi zela Jesu Kristo gurutziltzatu zutenean. Beste batzuentzat, Leninek esan zuenean: "Botere guztia sobietentzat". "Neuretzako, David Bowiek ilea moztu zuenean" dio Xabier Montoiak. Hori irakurri eta neure artean esan nuen: "Hori dek! Hori dek, gizona!". Axular momia bat da, ikasteko moduko euskaran idazten zuena. David Bowie? Zera esateko modu bat da: "Bizi gaitezen garai honetan!".

"Lotsagabekeria gehiago, rock-and-rolla, eta heterodoxia", zure hitzak, artikulu berean.
Erabat ados neure buruarekin. Nahiz eta aipu horiek zahar kutsua duten, dexente gazteago nintzela esandakoak. Serio gara, bizitza gogorra delako, nahiz eta ni orain dela urte batzuk baino hobeto bizi, funtzionario lana aparte utzita, alegia. Umorearen arma erabiltzen dena baino gehiago erabiltzea komeni da. Horixe esango nuke. Gero eta konbentzituago nago umoreak sekulako indarra duela. Jesukristorena! Zer egin dute Vaya Semanita-koek? Barre Lehendakariaren kontura, ertzainen kontura, ETAkoen kontura, HBkoen kontura, PNVkoen kontura, PSOEkoen kontura, PPkoen kontura... guztien kontura! Fenomeno! Txalogarria, eta osasungarria, horixe baietz. Hitz egin liteke kontu linguistikoez, baina, bestela, oso ondo! Aktore horietako bati galdetu zioten behin Berria-n: "Eta hori egiterik bada euskaraz?". Eta berak, "Bai". Eta nik diot ezetz. Euskaraz ezin dugu hori egin. Umoreak zenbait klabe behar ditu: argot bat, denoi irudi berberak eragiten dizkigun zerbait, humus hori, eta euskaraz ez dago. Ez dago Vaya Semanita euskaraz egiterik. Humus horren faltan, euskaldun denok barrez jarriko gaituen umorea ez da inondik ere erraza! Zergatik jotzen dugu "kaletarra", "baserritarra", eta horrelakoetara? Euskalduna hor mugitu izan delako orain arte. Gaur egun, euskara ikastea, euskaldun berria eta abarra. Baina dekoratu berriak behar ditugu euskal umore modernoa egiteko.

Vaya Semanita euskaraz egiterik ez...
Ez, klabeak falta zaizkigulako. Gainera, askotan, jendeak ez luke umorea ulertuko, umorea ulertzeko behar den euskara maila ez duelako. Akordatzen Txokolatex? Ez zuen funtzionatzen, umore hori ulertu ahal izateko klabeak falta zitzaizkigulako. Politiko denak agertzen ziren, euskaraz. Ez da sinesgarria, badakigu eta "honek" ez dakiela, eta "horrek" ere ez. Ezin dut barre egin bere kontura.

Euskara irakasle izan zara, urte askoan. Badakizu euskara lantzeko erabili duena, askok, Kutsidazu...
Barre eginarazi nahi nion jendeari, ez besterik. Askotan entzun dut: "Kutsidazu hainbeste saldu da, euskaltegietan-eta irakurtzeko agindu dutelako". Bai. Horrek ez dit poz berezirik sentiarazten. Kontua da euskaltegian behar direla liburu ez oso potoloak, erraz irakurtzen direnak, erraz ulertzen direnak. Euskaltegietan, eta institutuetan ere bai! Liburua askoz potoloago izan balitz, askoz gutxiago salduko zen, dudarik gabe. Umorezko liburua, erraz irakurtzen dena, euskaldun berriaren kontuak... Gainera, euskaldun berri bati euskaldun berri baten istorioa ematea oso normala da. Nik ez nuen Kutsidazu idatzi euskaltegiak gogoan hartuta. Nik hilabete pasa nuen 76an, 19 urte nituela, Ernialdeko baserri batean, nire orduko euskara penagarria hobetzen. Benetako esperientzietan oinarritutako lana da Kutsidazu. Euskaldun berri hori neu naiz. Ni istorio kontatu zale izan naiz beti, eta, behin, Gasteizko koadrilarekin nengoela, kontatzen hasi nintzen, erdaraz. "Behin, baserrian nengoela...". "Beste behin, arratsalde batean..." Eta koadrilakoak barrez algaraka. Eta esan zidaten: "Idatz itzak horiek! Hi idazle haiz, ezta? Ba, idatzi horiek!". Eta horrela. Ez zitzaidan niri etorri, nire lagunen ideia izan zen.

Funtzionario
«Ez dago gauza tristeagorik administrazioa baino. Eta Jaurlaritza baino. Eta Lakua 1 eta Lakua 2, eta 3 eta 4 baino. Administrazioa aipatu eta kolore grisa etortzen zaigu gogora, kolore horrek definitzen duelako mundu hori. Nik ez dut ezer funtzionario izatearen kontra, baina nik ez dut funtzionario izateko balio: ordena, hierarkia... beti dago bat, edo hamazazpi, agintzen, aginduak ematen, eta ni ez naiz aginduak jasotzeko pertsona. Aginduak emateko ere ez dut balio. Oso jefe txarra izango nintzateke. Gainera, tiranoa naiz. Bakean uzten ez nautenean antzaldatu egiten naiz: film hartako Jason bihurtzen naiz, edo Freddy Kruger azkazal-luze hura, edo Mr. Hyde... Jesukristoren amorrua sortzen zait, eta aginduak eman dizkidanari muturrekoa jotzeko gogoa. Egia berdaderoa!».

Joxe Andres
«Joxe Andres da nire izen osoa, ez Joxeantonio. Eibarko San Andres elizan bataiatua. Joxe Andres, beraz. Very important! Nire liburuko barruko azaletan izen osoa jartzen dut beti, jendeak jakin dezan. Baina, gero, inork ez du barruko azal hori irakurtzen, eta alferrik! Eibarren jaioa baina Gasteizkoa eta Donostiakoa naiz ni. Nire hika hitz egiteko modua ere Urrestillakoa da, andrearen herrikoa. Nik ez dakit eibartarrez. Onenean, Goenkalen agertzeko lain, eibartarrarena eginez. Erroak Eibarren izan arren, ez ditut nire baitan sentitzen. Aldiz, donostiartasuna eta gasteiztartasuna, bai, sentitzen ditut».

Patxi Gallego-Xalbador
«Iaz, Durangoko Azokan, Pololoak saileko lehenengo komikia atera zuen Patxi Gallegok: Xabinaitorren balentriak. Super-heroia, txapela duena, eta etengabeko erekzioa duena da Xabinaitor. Pololoak irakurri eta Patxi Gallegorekin harremanetan jartzeko gogoa etorri zitzaidan. Eta esan: ‘Nire anaia haiz, nire maitea, nire gizona! Umore horixe behar dik Euskal Herriak’. Pololoak ireki eta zera agertzen da, Ur epeleko artzaina. Durangoko garai horretan bertan Auspoa bildumako liburua nuen esku artean, Xalbadorren Odolaren mintzoa. Edizio berria. Kasualitatea! Batetik, Ur epeleko artzaina, komiki ezin berdeago, ezin ganberroago, ezin lotsagabeago hori, ‘Euskal Herriak behar duena’, eta, bestetik, Odolaren mintzoa. Ni ez nago Patxi Gallegoren mundutik Xalbadorrenetik baino askoz gertuago, baina biak ezagutzen ditut, maite ditut, eta errespetatzen ditut. Fernando Aire - Patxi Gallego. Xalbadorrekin batera, jar dezagun dagokion tokian Patxi Gallego bezalako jendea, behar-beharrezkoa gaur Euskal Herrian».

Bertsoa

Doinua: Xagutxo batzuekin

Kutsidazu Ixabel
liburuarena
ez ote da bizitzan
behin gertatzen dena?
Konpromiso latza da
horren ondorena,
noizbait izan ez dadin
zutaz diotena
"Kutsidazu Ixabel
idatzi zuena".

Nortasun agiria
Joxe Andres Sagastizabal (Eibar, 1956). Eibartarra familia: aita-amak, osaba-izebak, lehengusu-lehengusinak eta gainerako ahaideak. Hiru urte zituela Eibartik Gasteiza ekarri zuten BH bizikleta fabrika 1960an. Eta Gabilondo, eta Lambreta, eta beste zenbait. Eta fabrikekin batera, Sagastizabal familia. Gasteizen hazia da Joxean. Irakasle ikasketak Donostian egin eta bertan jardun zuen lanean 27 urtez. Hiru urte daramatza Gasteizen. Jolasean idatzi zuen 1983an, Paixibo 1987an, ezpal oneko idazlanak... 1994an, Kutsidazu bidea, Ixabel, eta eureka! fenomenoa hasi zen. Hamaika urte eta gero ere, bizi-bizirik irauten duena. Bizirik Kutsidazu, eta bizirik Sagastizabal idazlea.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude