Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-04-17 -- 1988.zenb

Jakoba Errekondo

Anbulo gaizto (Narcissus pseudonarcissus) horiarekin batera, oraintxe, zuritik loratzen da adjektibo dotore hori nonbait merezi ez duen anbuloa: anbulo zuria, olana, porrostia, kulunboa edo basaporrua (Asphodelus albus). Zuria beti onerako... Anbuloa baso argietan eta hauen inguruetako belazeetan hazten da. Lurpeko sustrai lodikoteek urtero porru itxurako belar handia eman eta metro beteko gararen muturrean lore sorta zuri ikusgarria garatzen du. Uda hasieran fruitu borobilak umatuko zaizkio.
Sendabelar, elikagai eta abar, garai batean egun baino ezagunagoa izango zen landare hau. Euliak uxatzeko, lore gara xextogintzan... Sustrai potoloek almidoi ugari dutenez, besterik ezean udazkenean lurretik atera, lehortu, ehotu eta ogia egiteko erabili omen zen; udan fruituek eta negu kaskarretan hosto onduek urdaldeak asetzera laguntzen zuten, ardi eta ahuntzei ez ei zitzaien ematen, esneari kino txarra eransten omen... Sendabelar gisa azaleko gorabeheretarako erabili zen garatxo, ekzema, herpes eta abarretarako, baita janda barruko beste batzuetarako. Orain asfodelina alkaloidea duela dakigunez, liseriketa aparatuan sor ditzakeen arazoak direla eta, ez ogi ez sendagai, ez jatea gomendatzen da. Sustraiak hartzitu araziz alkohola sortzen da, honen kalte eta onurak bakoitzak neurtu behar... Egun kosmetikoak egiteko ere erabiltzen da. Anbuloaren bestengusu bat, Asphodelus aestivus, lekeda egiteko bildu izan da.
Suak erretzen duen lurretan lehenengo kolonizatzaileetakoa da anbuloa. Bere lore galantaz itxura ederra ematen du, baina berez gizakiaren suntsitzailekeriaren adierazle garbia da. Garai batean Parisko Eliseo zelaiak anbuluz gainezka izaten omen ziren, guduen ospakizun toki ezagunenetakoan ezin falta... Hil berria den kristau katolikoen nagusiak badenik ezeztatu zuen infernuaren karrejo edo ataria ere anbuluz tapizatua omen zela zioten.

Jabier Agirre

Bereziki ume txikientzat diseinatutako telefono mugikorra merkatutik erretiratu zuten joan zen astean. Mugikor hori Britainia Handian 86 eurotan saltzen zen, eta bost telefono-zenbaki gordetzeko aukera ematen zuen. Zein izan zen horrelako erabakia hartzeko arrazoia? Erresuma Batuko Babes Erradiologikoaz arduratzen den Batzorde Nazionalak (NRPB erakundeak) txosten bat kaleratu zuen, eta bertan gurasoei esaten zitzaien beren seme-alabentzat horrelako tresnen erabilera kaltegarria izan zitekeela, baldin eta umeak 8 urtetik beherakoak baziren.
Txostena ezagutzera eman eta 10 eguneko epea bete aurretik MyMo enpresak, 4-8 urteko haurrentzat larrialdi-egoeretan dei egiteko aukera izan zezaten mugikor berezi hori diseinatu zuenak, produktua merkatutik erretiratu zuen.
Telefono mugikor batek "ume oso gazteen garuneko ehuna kaltetu dezakeela" iradokitzen zen txostenean, ehun hori ez baitago oraindik behar bezala garatua. Arrisku horren haritik, enpresaren eledunak, hartutako erabakia nolabait justifikatu nahian-edo, zera esan zuen: "Geure produktuetako batek edozein umerentzat osasun-arriskua izateko probabilitaterik txikiena ere onartezina da guretzat, eta horregatik erretiratu ditugu mugikor horiek, prebentzio-neurri gisa".
NRPB erakundearen zuzendariak ñabardura bat erantsi zion txostenari, esanez oraingoz ez dagoela froga sendorik pentsatzeko hiritar guztien osasuna arriskuan egon daitekeenik telefono mugikorren erabilera dela-eta, baina ume txikietan nahiago izan dutela zuhurtziaz jokatu, eta horregatik 8 urtetik beherako haurrentzat teknologia berri hori ezgomendagarritzat jo dutela.

Joxerra Aizpurua



Haizetiko energia eztabaidagai Frantzian

Frantziako parlamentuak onartu berri duen lege baten arabera, 12 Mw baino potentzia txikiagoko zentraletako energia eolikoa ez du derrigor erosi behar izango EDF Frantziako energia konpainiak. Erabaki honekin paisaiak babestu nahi dira instalazio anarkikoetatik eta bestetik energia mota hau bultzatu nahi da, baina beti ere maila handiko instalazioak eraikiz.
Hala ere, eztabaida bizia sortu da Frantzian gai honen inguruan. Legearen aurka bozkatu duten diputatu ekologista eta ezkertiarrak ez daude ados "anarkiko" terminoarekin. Hauen arabera, jende asko dago instalazio txikiak gaizki ikusten ez dituena eta bai, aldiz, handiak.
2010 urtean Frantziak behar duen energiaren %21 energia berriztagarria izatea lortu nahi da, baina une honetan %15 baino ez da eta horretatik ia gehiena energia hidraulikoa da.


Aeronabigagailu funtzioanitza

Helioz betetako aeronabigagailua prestatzen ari dira Purdue University-ko ikertzaileak. Helburua altuera handiko leku finko batean kokatu eta bertatik hainbat zerbitzu eskaintzea da, hala nola, behaketa, segurtasun zibila, misilen aurkako defentsa, meteorologia eta abar.
Ibilgailua US Air Force Research Laboratory-k finantzatu du eta Oleg Wasynczuk eta John Sullivan irakasleek zuzendutako 10 ikerlari lanean ari dira. Esan bezala, 20.000 metro inguruko altueran kokatu nahi da denbora luzez.
Ibilgailuari energia hornitu ahal izateko eguzki-zelulak eta erregai-pilak garatzen ari dira; halaber diseinu aerodinamikoa lantzen ari dira, ibilgailuak altuera handian eta haizete bortitzen artean finko iraun ahal izateko. Horretarako haizearen aurka egingo duten motore elektrikoak jarriko dira.
Ibilgailuaren eta abioi komertzialen arteko talka saihesteko kokatuko da hain altu lehena, baina altuera hau sateliteena baino txikiagoa izango denez, hainbat eginkizun sateliteek baino askoz hobeto egiterik izango du.
Elektrizitatea eguzki-zeluletan eta pilatan sortuko da eta sistemak elikatzeko erabiliko da, baita uraren hidrogeno eta oxigenoa banatuko duen sisteman ere. Gauez, bi elementu hauek pilan erabiliko dira energia sortu ahal izateko.
Luzera ez badago erabat zehaztuta ere, 300 metrokoa izan daitekeela uste da, baina une honetan erabaki garrantzitsuenetakoa ibilgailuaren karkasaren materiala zehaztea da, honek izpi ultramoreen eta tenperaturen aldaketa denbora luzez jasan behar izango baitu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan