Unai Brea
Tenplarioak, Izara Santua, Maria Magdalena, merobingioak, Grial Santuaà Gai horien inguruko enigmak gustuko badituzu, zortea daukazu; joan zure auzoko liburu dendara eta hantxe aurkituko duzu, hilero-hilero, aipatutakoen edo antzekoen inguruan antolatutako nobela berri bat. The Da Vinci Code duzu ezagunena, baina ez bakarra, ezta lehenengoa ere. Dena dela, badirudi Dan Brownen eleberriaren arrakastak bat baino gehiago bultzatu duela luma zorroztu eta berea idaztera. Are gehiago, garai batean sona handirik gabe argitaratuak izan zirenak berriro kaleratu dira, antzinako sekta ezkutuak eta enparauak eroslearentzat oso erakargarri bihurtu direla ikusita.
The Prophecy (Ángeles y demonios), El último Catón, La hermandad de la Sábana Santa, Kingdom Come (El último merovingio), The Book of Q (La conspiración de los herejes), La Biblia de barroà Zerrenda etengabe haziz doa. Badira aldeak batzuen eta besteen artean, noski, baina ia guztiek dituzte ezaugarri komun batzuk. The Da Vinci Codek ezin hobeto laburbiltzen ditu: alde batetik, salmenta kopuru handiak eta literaturaren ikuspegitik kalitate eskasa, salbuespenak salbuespen; edukiei dagokienez, eleberria garai modernoan girotuta dago, baina erlijioarekin eta, zehatzago kristautasunarekin, zerikusia daukaten antzinako gertakarietan dauka abiapuntua. Protagonista bi daude, gizona eta emakumea, badaezpada enigma bat argitzeaz gain beste zerbaiterako denborarik suertatzen den. Sektaren bat ere egoten da, guztiz asmatutakoa batzuetan eta benetakoa baina testuingurutik ateratakoa besteetan; dagoeneko desagertuta dauden sektak «berpiztu» daitezke, edo -Dan Brownek bezala- oraindik existitzen direnak sorrera baino askoz lehenagoko garaian kokatu.
Eliza jomugan?
Azkenik, ia ezinbestekoa da Eliza Katolikoa nola edo hala agertzea. Eta ez beti onerako. The Da Vinci Codek, esaterako, hankaz gora jartzen ditu Opus Deiren irudia batik bat eta Elizarena oro har. Azkenik, Vatikanoak eleberriaren aurka hitz egin du Tarsicio Bertone kardenalaren ahotik. Ez erosi, ez irakurri; horra agindua. Bertoneren ustez, Dan Brownen eleberriak helburu gaiztoren bat eduki lezake, erabat zilegia den liburu asko saltzekoaz gain. Eta ezin esan nobela berri hauetako askok goxotasunez darabiltenik Elizaren izena.
Javier Sierra espainiarra La cena secretaren egilea da. Beraren ustez, «eleberri hauek helburu bi dauzkate: batetik, entretenigarriak izatea, eta bestetik zenbait informazio jartzea publiko zabal baten esku. Nik neuk behintzat ez dut Elizari erasotzeko inongo asmorik izan». Sierraren lanak baditu labealdi berri honetako eleberriez bereizten duten hainbat ezaugarri-ûhobeto idatzita egotea, esaterako-, baina baditu, era berean, The Da Vinci Codearekiko zenbait kidetza: esaterako, Leonardo da Vinci pertsonaia nagusietako bat da, eta Maria Magdalena historia ofizialak aitortu duena baino askoz pertsonaia garrantzitsuagoa dela ematen du aditzera.
Hasierako kristauen sekretuak agerian
Esan bezala, eleberriok kristautasunaren hastapenetara jotzen dute sarri. Behin baino gehiagotan errepikatzen da, ñabardurak ñabardura, honako argudioa: lehenbiziko kristauen arteko liskarren ondorioz, azkenean Eliza ofizial bilakatu zen lerroak Jesusen benetako irakaspenak estali zituen, emakumeak zokoratuz besteak beste. Nobeletan, agiri zahar baten aurkikuntzak, edo auskalo zerk, sekretu horiek argitara emateko aukera sortzen du, eta orduantxe hasten dira batzuen eta besteen arteko borrokak hori hala izan dadin ala ez.
Hainbeste idazlek ildo bera jorratzea ez da kasualitatea, jakina. Ezagun da lau ebanjelio kanonikoez -hots, ofizialez- gain, ebanjelio apokrifo mordoa dagoela. Berebiziko garrantzia daukate 1948an Egipton aurkitutako ebanjelio gnostikoak, eta agerikoa da aipatzen ari garen eleberrien egileetako askok iturri horiexetatik edan dutela. Rafael Aguirre Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultateko irakasleak dioenez, «ebanjelio gnostikoek erlijioaren oso bestelako ikuspegia ematen dute». Esaterako, horiei esker dakigu hasierako kristau talde askotan emakumeek gerora izango zutena baino garrantzi handiagoa zeukatela. Bestetik, eta Javier Sierraren iritziz, testu hauek argi uzten dute Jesusen jarraitzaile ugarik ez zuela uste erlijioak instituzio baten beharrik zeukanik, nork bere kabuz bizi zezakeela baizik.
Q iturriaren hipotesia
The Book of Q eleberrian, protagonistak Q izeneko liburu bat aurkitzen du. Q iturria deritzona existitzen da, izan ere, baina hipotesi hutsa besterik ez da, Rafael Aguirrek dioskunez: «Mateo eta Lukasen ebanjelioetan esaten diren zenbait gauza azaltzeko egin den hipotesia da. Hain zuzen, Jesusek ustez esango zituen gauzen bilduma bat da, baina ezin da ezer frogatu, ez baita agiririk existitzen. Hala ere, ikerlari asko ausartu dira Q iturria eraikitzen, eta saiakera horrek ematen duen Jesusen irudia gizon jakintsu batena da, jendeari zoriontsu bizitzen irakasten diona. Hori guztiz bat dator orain hain zabalduta dagoen new age joera horiekin, alegia, norberaren barne muinean oinarritutako erlijiotasun horrekin».
Hortxe legoke, hain justu, antzinako enigmez hitz egiten duten eleberrien arrakastaren gakoetako bat, Aguirreren ustez: «Elizak, instituzio legez, ospea galdu du; ez dago arimaren kontuetan gidaritza lana egin dezakeen erreferentziarik, eta nork bere bilaketari ekiten dio ahal duen bezala, pare bat liburu irakurriz esaterako». Javier Sierra idazleak, berriz, jendearen jakin gosea aipatu du: «Interesgarria da urtetan zehar esku-eskura egon den informazioa, baina gutxik ezagutzen zuena, orain eleberriei esker zabaltzea. The Da Vinci Code, adibidez, literatur lan modura oso txarra izaki, best seller izatera iritsi da jendeak gehiago jakin nahi duelako gauza hauetaz».
Katixa Garate
Urte asko daramazu taula gainean. Zuri buruzko dokumentazioa biltzerakoan, ordea, elkarrizketa gutxi topatu dut. Komunikabideek antzerkiari arreta txikia eskaintzen diogun seinale?
Ez zait iruditzen arreta txikia eskaintzen diozuenik. Agian badago jende bat harreman handiagoa duena komunikabideekin: telebistan aritzen diren aktoreak, jendeak asko ezagutzen dituenak, zuzendariak, antzerki talde batzuk... Besteok, antzerkia bakarrik egiten dugunok, ez gara hain ezagunak eta gutxitan egiten dizkigute elkarrizketak.
Euskararen zazpi bekatu nagusiak lanarekin ari zarete orain jo eta ke. Gustura?
Bai, oso. Korrika Kulturalaren baitan hamar emanaldi egin ditugu eta beste hamabost-edo atera zaizkigu oraingoz. Ez da gutxi hori Euskal Herrian. Interes handia sortu du. Oso gustura nago, sortze prozesua ere oso polita izan zen, lasai ibili ginen baina lan asko egin genuen. Oso polita izan da aktoreekin eta zuzendariekin sortutako harremana. Pozik joaten naiz emanaldietara eta hori suerte handia da; ez da erraza hori lortzea.
Euskaraz bakarrik antzeztuko den lana da. Karteleran dauden antzezlanekiko salbuespena.
Diru-laguntza txikia baduzu, hemengo zirkuitua oso txikia denez, gaztelaniazko bertsioa ere egin behar duzu. Euskaraz muntatzea izaten da arraroa, alegia, bi bertsioak prestatzerakoan, euskarazkoa izatea lehena. Bai Euskararen zazpi bekatu nagusiak bai orain prestatzen ari garen Zeta (Hika) euskaraz muntatu ditugu.
Pokekin antzezten ari zaren obra Shakespeareren Romeo eta Julietaren pasarte batekin hasten da. Autore beraren makina bat lan antzeztu zenuen Ur taldearekin egindako hamalau urteetan. Zer oroitzapen duzu garai hartaz?
Urte asko eman nituen taldean eta asko ikasi nuen, asko dibertitu, asko sufritu... Intentsitate horrek bi muturretara eraman ninduen: asko maitatu nuen antzerkia eta nire lankideak eta era berean asko gorrotatu. Lan egiteko era bat eta antzerkia ulertzeko modu bat geratu zait urte haietatik. Gauza oso politak bizi izan genituen, jende asko ezagutu genuen, antzerkia egiteko modu hori... Gure emanaldietara jende asko etortzen zen eta hori zortea da, benetan.
Asko ikasi nuen Ur taldean antzerkiaren munduari buruz, ez bakarrik aktoreen arteko harremanez, baita antzerkiaren esparru guztien gainean ere: eszenografia, zuzendaritza, publikoa, kritikoak, ospea, frakasoa... Zorte handia izan nuen momentu hartan han izanda. Zaila izaten da, ordea, hainbeste urtetan eta hainbeste egoeratan ekipo bera mantentzea, intentsitate berarekin. Bakoitzak bere bizitza du, bere ikuspuntua... Oso talde gutxik irauten dute ekipo gisa lan egiten.
Hamalau urte taldean egindakoan, uztea erabaki zenuen.
Taldea utzi ondorengo bi urteetan oso haserre nengoen antzerkiarekin. Oso nekatua nengoen eta esaten nuen: «Hau baldin bada antzerkia, nik ez dut ezer jakin nahi». Momentu hartan Lezoko Orratx antzerki talde amateurrekoek deitu zidaten haien lan bat zuzentzeko. Zalantzan egon nintzen, baina azkenean baiezkoa eman nien. Eta hor hasi nintzen antzerkia berriz maitatzen. Sentitu nuen zein ziren antzerkiarekiko harreman oinarrizko eta beharrezkoak. «Zergatik egiten dut antzerkia?» galderari Orratxi esker eman nion erantzuna.
Eta zein izan zen erantzun hori?
Antzerkia transmititzeko gogoa da, ez zara zu inportantea, transmisioa baizik. Transmisioa funtsezkotzat jotzen baduzu, gizaki bezala humanoagoa zara eta aktore bezala ere bai. Eta aurrean duzunari begietara begiratuko diozu beti, transmititzeko. Hori da esentzia, transmititzen duena zara, eramailea. Antzerkia egiten dugunok garena baino gehiago garen ustea dugu batzuetan, dikotomia hori dugu, batzuetan oso gaizki sentitzen gara, besteetan «jainko»... baina esentzia, oinarria, ahazten ez baduzu, alegia, antzerkia transmititzeko egiten duzula, bestearekin harremanetan jarri ahal izateko, zure buruarekin eta besteekin kontaktuan zaude. Eta amateurretan badago hori, egun osoa lanean aritu ondoren, euren bizitzako bi ordu hartzen dituzte hor egoteko, disfrutatu, barre egin, negar egin, jolastu ahal izateko. Eskuzabaltasun ekintza izugarria da.
Zenbaitetan garrantzia gehiegi ematen diogu egiten dugunari, eta seguraski ez da batere inportantea, edozein langilek guk baino gauza askoz garrantzitsuagoak egiten ditu eta ez da ikuspuntu hori galdu behar. Askotan badago sufrimendu puntu hori antzerkian, «hau arazo bat da», «beste hura ez zait ateratzen»... baina beharrezkoa da barruak nahastea, sorkuntza ez baita beti erosoa, eta nahasmen horrek, gainera, galderak egitera bultzatzen zaitu. Baina hori ez da frustrazio, moduan bizi behar... Antzerkian gabiltzanok sufrimendu sentsazio horretara engantxatzen gara batzuetan.
Taldean aritzetik bakarka aritzera alde handia dago. Zein dira onurak eta zein kalteak?
Zeta muntatu eta gero, Chimeres taldearekin hasiko naiz lanean. Hura talde bat da, Ur taldearen estilokoa. Duela bi urte eskaini zidaten haiekin lan egitea, eta baietz esan nuen, berriz sentitu nahi nuelako talde batean lan egitea zer den eta nahiko ondo sentitu naiz. Talde lanak ematen dizuna aktore lanaren segida da, igeltseroek dutena. Entrenatzeko aukera ematen dizu eta konektatua jarraitzekoa. Alegia, lana ez izatea bi hilabetez aritzea eta kito. Lanaren jarraitutasun hori oso garrantzitsua da. Bestalde, bakarka aritzeak proiektu oso ezberdinetan aritzeko aukera ematen dizu, jende oso ezberdinarekin lan egitekoa... Talde batean zaudenean, onerako zein txarrerako, asko ezagutzen dituzu zure lankideak eta taula gainean zaudenean, begirada bat nahikoa da zer gertatzen den jakiteko. Alde ona da ondo elkar ulertzeak lana izugarri haztea ahalbidetu dezakeela eta txarra, elkar ulertze horrek tranpa egitera bultza diezazukeela eta tranpa horretan harrapatuta geratu eta ez gainditu. Eta askotan hori gertatzen da taldeetan, momentu batetik aurrera ez dagoela garapenik
Noizbehinka, faltan botatzen dut taldean aritzea eta, beste batzuetan, batere ez.
Komedia jorratu duzu batez ere azken urteetan: Oihanaren legea (Hika), Terralurtarrak (Tentazioak), Poken azkena... Komedia asko egiten da ala komedian aritzen zara erosoen?
Batetik, komedia asko egiten da, publikoak eta merkatuak hala eskatzen duelako. Nik uste aldaketa bat behar dela, hori oso pobrea baita eta beste proposamen batzuk ere egin behar dira. Bestetik, komedian ondo sentitzen naizen ospea dut. Eta hala da, baina tragedian oso ondo sentitu izan naiz, beti ere komedia puntu batekin. Nik tragedia horrela sentitzen dut, bizitza horrelakoa delako, momentu gogorrenetan beti dago komedia puntu bat, bestela ezingo genuke jasan.
«Egun egiten dugun antzerkia ez da batere irautzailea, ez gara asko bustitzen. Gizartearen pare goaz», zenioen berriki OarsoaldeaN hilabetekarian.
Gizarte light batean bizi gara, azaleko kontsumoa eskatzen digun gizartean. Ezin dugu gauza traszendenteez, garrantzitsuez hitz egin, ez dugulako distantziarik. Ni pertsona arrunta sentitzen naiz, ez dut ikuspegi kritiko hori. Bernard Koltesek hiesari eta Pariseko ghettoei buruz nola idazten duen ikusten dut, eta ni ez naiz gai hori hemen ikusteko. Gizarte nahiko light batean bizi naiz eta gizarte horren parte naiz gainera, eta gauzak ikusten ditut, baina ez dakit gauza horien gordintasuna nola transmititu; agian gordintasun asko bizi behar duzu, hori transmititu ahal izateko. Eta uste dut hori gertatzen ari dela euskal antzerkian, eta gauza bera Espainiakoan eta Mendebaldekoan oro har. Bustitzen den autore eta antzerki talde gutxi dago, zerbait gogorra eta kritikoa esaten dutenak gutxi dira. «Zer arraio pasatzen ari da», galdetzen duen gutxi dago. Nik nire buruari egiten diot galdera hori eta bururatzen zaizkidan ideia guztiak urardotuak dira. Frustrazio handia da galdera horri sakon ezin erantzun ahal izatea.
Ikusleek ondo erantzungo al liokete antzerki horri?
Urte asko daramatzagu komedia jorratzen, jendeak behar zuelako, baina beste antzerki motak ikusteko aukera galdu da; oso aukera gutxi dago. Beste antzerki hori beste ikuspuntu batetik ikusten erakutsi beharko litzaioke ikusleari. Heziketa kontua da eta alde horretatik, atzera egin dugu. Antzerkia asko instituzionalizatu da eta horrek ekarri du ikusleari eskatzen duena ematea. Hor faktore asko sartzen da jokoan: programatzaileak, takilla, telebistako izenak... Guzti hori oso arriskutsua da antzerkiarentzat, hala, esateko asko duten beste antzerki moduak ezabatzen dituzulako. Herrietan antzerkirako aurrekontuak asko txikitu dira eta horrela zaila da programazio egonkor bat eskaintzea eta antzezlan diferenteak ematea.
Zer du faltan Euskal Herriko antzerkiak?
Arriskua falta du, sorpresa, emozioa. Zu antzerkira joatea eta ustekabean harrapatzea. Eta ez du zertan izugarri ezohikoa izan. Orain asko ari gara apaintzen antzelanak, eszenografi handiak, produkzio handiak, jantzi eta argiztapen apartak... eta askotan oinarrizkoenean aurkituko ditugu gauzarik interesgarrienak. Oso zaila da oinarrian arriskatzea, horrek lan handia exijitzen baitu. Gaur egungo produkzioak oso azkar egiten dira, oso diru gutxi dagoelako. Lan prozesu luzeagoak behar dira, ikertzea eta arriskatzea ahalbidetuko dutenak, emaitza bilaketa lan baten ondorio izan dadin. Konpainiek ezin dute bi hilabetetik gora egin produkzio bat prestatzen. Aldaketarik ahalbidetzen ez duen gurpil zoroa da. Aldaketa ez baita berez etortzen, lanaren ondorioz gertatzen da eta horretarako denborarik ez badago, gauzak ez dira aldatuko. Zaila dago. Ez dut «ze polita» esan nahi teatro lan bat ikusi ondoren, ni interesatzea, bizarrak zutik jartzea baizik. Eta oso gutxitan sentitzen dut hori.
Proiektu andana duzu aurrera begira. Alessandro Bariccoren Zeta (Hika), Bertolt Brechten Kaukasoar klerazko biribila (Chimeres)...
Aurtengoa oso urte ona izan da niretzat, hiru antzezlanetan parte hartuko dut aktore gisa, Koldo Mitxelenan irakurketa batzuk egingo ditut eta Orratxekin monologo batzuk landuko ditugu. Ea Zeta ondo ateratzen den. Oso ilusionatuta nago, maitasun istorio oso polita da eta sortze prozesua ona izaten ari da. Ea emanaldiak ateratzen zaizkigun. Chimeresena proiektu berezia da. Kubako, Israeleko, Frantziako jendea dago... Hogeitik gora izango gara. Euskaraz izango da eta guztietatik bospasei bakarrik gara euskaldunak. Istorio oso berezia da, oso polita, kantua, dantza, interpretazioa uztartuko dugu, musikariak eszenatokian izango dira... Bi urte daramatzagu proiektu horretan eta urrian estreinatuko dugu. Itxaro Bordak itzulpen polita egin du eta talde polita osatu da. Bi urte horietan hainbat lan prozesu izan ditugu eta horietako bat heltzen den bakoitzean piztu egiten naiz, zorte handia da beraiekin lan egin ahal izatea.
Pilar Iparragirre
Zergatik idatzi duzu futbolaz?
Aspaldi idatzi nahi nuen zerbait futbolaren inguruan. Bestalde, betidanik gertatu izan zaizkit erakargarri kirol izarrak, arrakastaren aparretan ibili ondoren hondoa jotzen duten horiek bereziki, edo bestela izanda: garaile diren arren galtzaile direnak; Maradona edo Pantaniren kasuak hor ditugu. Edo, atzerago joanda, Urtainena.
Zu zeu ere futbolaria izana zara.
Bai, gazte denboran. Eta mundutxo hori ezagutzen dudanez, pentsatu nuen egoki izango litzatekeela euskal futbolariren bat jartzea protagonista edo heroi gisa, garai batean heroi zena antiheroi bihurtuko bada ere, nobelan kontazen den historiaren arabera.
Familiak garrantzi izugarria du bestenaz gainera homosexuala den gizon horren bilakaeran...
Gaurko egunean familia dugu, oraindik ere, gure harremanetarako erreferentzia. Baina familiaren kontzeptua zabaldu beharra dago, errealitateak halaxe eskatzen duelako: emakumea ez da etxeko lau hormen artean itxita bizi, eta dibortzioak eta bereizteak hor daude, homosexualen eskabideak ere hortxe dauden bezala. Bide batez, esan dezadan gotzainen iritzien kontra nagoela, guztiz, homosexualen aurka daramaten gurutzada horrekin. Hain zaila ote da, bada, jendea bakean uztea? Gogoraraziko nizkieke Jesusek fariseuei zuzendutako hitzak: «Benetan diotsuet publikanoak eta putak zuen aurretik izango direla zeruko erreinuan». Gaurko egunean biziko balitz, «putak eta marikoiak» esango bailuke Kristok, ausaz.
Pilar Iparragirre
Garmendia
errege
Kirmen Uribe, Mikel Valverde
Elkar
93 orrialde
9,60 euro
Adiskidetasunari eginiko kantua
Kirmen Uribek jarraipena eman dio Garmendia eta Zaldun Beltzarekin hasitako bideari, beti ere Mikel Valverdek egindako marrazki adierazkorren laguntzaz. Asko gozatu omen zuen Uribek XIX. mende bukaeran Ipar Ameriketara artzain joandako ondarrutarraren abenturak idazten, eta hori gertatzen zaion bitartean hari buruzko lan berriak sortzekotan da. Bigarren honetan, Buffalo Billen zirkuan aurkituko dugu Garmendia. Goseak bultzatuta gerturatu dira bere lagun mina den Amelio mexikarra eta biak zirkuko lanetara. Behin han, ordea, ezberdina izango da bakoitzak lortuko duena, Garmendiaren ospea lau haizetara zabaltzen den bitartean, Amalio hutsaren hurrengo besterik ez baita izango. Eta euskalduna itsutu egingo du arrakastak.
Superindarra (Naturaren teoria batu baten bila)
Paul Davies
Gaiak
338 orrialde
Kosmologia eta fisika kuantikoko fenomenoen teoria
Zientzia fisiko-matematikoen irakaslea den Paul Davies australiarrak kosmologia eta fisika kuantikoko fenomeno guztiak azaltzeko teoria bakarraren osaketaz dihardu Superindarra (Naturaren teoria batu baten bila) izenburuko lanean. Simetria matematikoen garrantzia eta elektrodinamika kuantikoan izan duten arrakasta aztertzeaz gain, indar elektroahula argitzeko liburuan garatzen dituen kapituluen artean, fisika berria eta sen onaren kolapsoa, errealitatea eta kuantua, simetria eta edertasuna, lau indarrak, partikula subatomikoen mundua, infinitua heziz, hirutasun handia, superindarraren arrastoa, fosil kosmikoak, zerk eragin zuen big banga, unibertsoaren batasuna eta plan kosmikoa daude.
Un chivo en la Corte del botellón
César López Llera
Artezblai
94 orrialde 9 euro
Serantes lehiaketako lehen saria
Un chivo en la Corte del botellón o Valle Inclán en Lavapiés izenburua duen César López Llera madrildarraren antzezlanak eskuratu zuen iaz Santurtziko Udaleko Serantes Kultur Aretoak antolatzen duen Serantes izeneko antzerki lehiaketako lehen saria. Esperpento ukitu nabarmena du On Ramon María de Valle Inclánen ohorez idatzitako egungo errealitate gordinaren ispilu mikatz honek. Eta Valle Inclán bera izango da antzezlaneko protagonistetako bat, drogaren menpe aurkitzen den gizon gazte bat, hari bezala zoritxarreko beste askori laguntzen irmoki saiatzen den emakume zaharra, honen etxeko teilatutik erortzen den gizagaixoa, haren adiskidea dela dioen morroia eta polizia batzuekin batera.
2005eko Aurrekontuak: Nora garamatzate
ELAko Azterketa Bulegoa
Manu Robles-Arangiz Institutua
76 orrialde
Aurrekontu antisozialak
ELA sindikatuko Azterketa Bulegoaren iritziz, aurrekontuak alderdi politikoek adierazten dutena baino askoz gehiago dira, haien menpe daudelako gure bizitzarekin loturiko alderdi asko, hau da, osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarteratzea eta abarretan egiten den gastua; alegia, gizarte ereduarekin zerikusia eta guztion bizi-baldintzetan eragina duten gaiak. Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Erkidegoan 2005erako onartu diren aurrekontuen proiektuak aztertu ditu sindikatu horrek, eta ondorio tamalgarri honetara iritsi da: bai bateko zein besteko aurrekontuak atzerakoiak eta antisozialak dira. Eta, hain zuzen, horren berri ematen du, euskaraz eta gaztelaniaz, Manu Robles-Arangiz Institutuak kaleratutako liburuxka honek.
90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura
Batzuen artean
Pamiela
134 orrialde
12,50 euro
Manu Lopez eta Xabier Etxanizen lana
Pamiela argitaletxearen bidez kaleratu duten 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura lanean gazteenei euskaraz zuzendu izan zaien literatura izan dute aztergai Manu Lopez Gasenik eta Xabier Etxaniz Erlek. Izenburuan azpimarratzen den epea bereziki arakatu badute ere, XX. mende hasieran kaleratu ziren liburuetatik hasita eman diote errepaso haur eta gazteentzat euskaraz hedatu den literaturari, 1936ko Gerraren ondorioz egondako hutsunea ahaztu gabe. Izan ere, 70eko hamarkada arte itxaron behar izan zuen euskarazko haur eta gazte literatura modernoak nekez abiatzeko eta 80ko hamarkadan bultzada instituzionalari esker indartu zen.
Las mujeres...
Manuel Jorge Mermelo
Txalaparta
175 orrialde
13 euro
Emakumezkoek eraman beharreko argibideez
Txalaparta argitaletxeak orain gaztelaniaz kaleratu duen Manuel Jorge Mermelo portugaldarraren nobela arrakastatsu bezain umoretsu honen izenburu zehatza Las mujeres deberían llevar libro de instrucciones da. Bakoitzarekin hiru seme-alaba dituen emazte biko gizona da narrazioan kontalari. Bere bigamia zorion-iturri duen arren, buru hausteak ere ematen dizkio, eta hor dabil etengabe etxez etxe konponketak egiten. Emakume ugari ezagutu ditu horrela, eta zer egingo zaio, bera ez zen fidela izateko jaio.
Odolean
neraman
Joan Mari Irigoien
Elkar
324 orrialde 18,40 euro
Euskal futbol izar baten ospea eta gainbehera
Familia futbolzale itsu baten seme bakarra izaki, txiki-txikitandik ernetu zitzaion Joan Mari Irigoienen azken nobelako protagonistari futbolerako grina. Dohain izugarriak zituen horretarako, gainera. Bere inguruko inor baino hobea zen baloi bat oin artean hartuz gero. Bestelakoan, ordea, gauzak gaizki samar zituen: ikastetxeko irakasleri ia osoa berarekin haserre zen, futbolari arrakastatsua izateko grina baino ez zeukalako buruan; eta etxean ere ez zen oso ondo konpontzen gurasoekin, semea homosexual bilakatuko ote zioten beldur bizi zen aita alkoholikoarekin eta istilu gehiagorik izateko gogorik ez zeukan ama isilarekin. Eskerrak hantxe zuela amona, mutikoaren barne oreka gordetzeko. Eta itxuraz behintzat, lortu zuen bere ametsa betetzea, berehalakoan auzoko taldetik Realera, beranduago Barçara eta handik Espainiako Selekziora jauzi eginez. Arrakastak dirua eta ospea ekarri zizkion, gaztea txoratu eta gehiegikerietan erortzeko adina loria. Baina famaren liluraren menpe egote horrek ekarriko zion, hain zuzen ere, kirolari gisa ez ezik pertsona bezala ere ezagutuko zuen porrota.