Juan Kruz Lakasta
Katedralean kontzentrazioa 12etan Jaungoikoari exijitzeko Aita Saindua berpiztu dezala telebista ikusterik egon dadin. Pasa ezazu". Mezua benetakoa da, eta segapotorik segapoto ibili da azken egunotan. Nik, esaterako, jaso eta pasatu dut. Ez dakidana da kontzentraziorik egin ote den. Ez naiz joan. "Telebista ikusterik" zioen tokian, lasai aski esan zezakeen "irratia entzuterik", edota "periodikoak irakurtzerik". Edonola ere, sakelako telefono mezuak ederki islatzen du Karol Wojtylaren heriotzaren inguruan pairatu dugun informazio olde itogarria.
Ukaezina da Joan Paulo II.a gure gizarteko zati handia osatzen duten kristauentzat erreferentzia garrantzitsua zela. Hogeigarren mendeko pertsonaia historiko garrantzitsua zela. Eta, hartara, bere heriotza albiste garrantzitsua dela. Baina, halaber, ukaezina da neurriz kanpokoa dela 24 orduko telebista programazio berezia egitea. Egunero irratsaio monografikoak egitea. Egunero egunkarietako azal osoa gai horri eskaintzea. Eta hedabide guztiek egin dute hori. Ez soilik Elizarengandik gertu daudenek, baita ustez laikoak direnek ere. Ez soilik atzerakoiek, baita aurrerakoiek ere. Ez soilik estatalek, baita nazionalek eta tokian-tokikoek ere.
Gertatutakoak ederki islatzen du nola funtzionatzen duen egungo kazetaritzak. Sinesgarri izateko, hedabide batek ez du egia esan behar. Sinesgarri izateko, hedabide batek hedabide handiek diotena esan behar du. Informazioaren gizartean benetako errealitateak ez du axola, balio duena errealitate mediatikoa da. Eta errealitate mediatikoa komunikabide erraldoiek eraikitzen dute. Hobeto adierazita, komunikabide erraldoien gibelean dauden enpresa-talde erraldoiek diotena. Egunotan, Euskal Herrian, ez dut topatu arau hori hautsi duen komunikabiderik. Penagarria. Pena ematen didala, alegia. Nago errazegi plegatzen garela idatzi gabeko arau horren aitzinean. Nago gogoeta egin beharko genukeela.
Herritar ateoak informazio olde gogaikarria pairatzen ari dira egunotan. Eta, gainera, norabide bakarrekoa. Gehien gehienetan, panegiriko hutsez osaturikoa. Egunotan, hamaika aldiz errepikatu digute Wojtyla txiroen aldeko aita saindua izan dela. Oso gutxitan esan dute, baina, Eliza Katolikoa ia Trentoko kontzilioaren aurreko jarreretara eraman duela, dogmetan oinarritu dela, zanpatuekin, sufritzen dutenekin -emakumeekin, homosexualekin, hiesdunekin, bizitzaren azken txanpan eutanasia eskatzen dutenekin- gupidagabea izan dela.
Karol Wojtylari, Joan Paulo II.ari, egunotan Magno ezizena jarri diote, Handia. Hori baino aproposagoa iruditzen zait Mediatikoa. Aita saindu mediatikoa izan baita hasieratik eta amaierara arte, agoniaren zuzeneko kontakizun pornografikora arte. Eta indar mediatiko hori profitatzen jakin du, mundu osoan barna egindako bidaietan milioika lagun mobilizatuz, nazioarteko kontuetan erreferentzia bilakatzeko. Zentzu horretan, Eliza indartu du.
Egunotan pantailaraturiko erreportajeetan, hain zuzen ere munduko lur guztiak makurturik musukatzen, tirokatua izaten, zahartzen, gaixotzen eta hiltzen ikusi dugu. Pantaila txikian, baina, ez dugu ikusi azpijokoetan, eliza katolikoaren barruan izan duen jarduera autoritarioan.
Vatikanoko Kuria elizako talderik atzerakoienen esku utzi du: Comunione e Liberazione, Focolari, Neocatechumenat eta, jakina, Opus Dei. Adibide bat: Wojtyla Erromara heldu zelarik, Askatasunaren Teologia mugimendu indartsua zen. Karguaz jabetu bezain pronto, Opus Deiko zazpi apezpiku izendatu zituen Perun -Gustavo Gutierrez Askatasunaren Teologiaren sortzailearen sorterrian-, lau Txilen, bi Ekuadorren eta bana Kolonbian, Venezuelan, Argentinan eta Brasilen.
Ez dago argi Wojtylak talde atzerakoiak erabili dituen, edo talde atzerakoiek Wojtyla. Edonola ere, argi dago loturik, ongi loturik dutela oinordekotza. Aita Saindu berria aukeratu behar duten kardinalen artean gehien-gehienak Wojtilak berak izendaturikoak dira. Beraz, oso litekeena da Aita Saindu berria ere atzerakoia izatea. Eta dogmei, apaizen zelibatoari, dibortzioaren zein antisorgailuen inguruko jarrerei eustea.
Eliza-gizon atzerakoien arrakasta izanen da. Eta Elizaren porrota. Izan ere, Aita Sainduaren pisu mediatikoa pisu mediatiko, argi dago egun Eliza urrutiago dagoela gizartearengandik duela 26 urte baino. Alde horretatik, Eliza ahul, oso ahul utzi du Wojtylak. Hori oso gutxitan kontatu dute egunotan. Informazio olde norabide bakarrekoarekin gogaitu dituzte herritar ateoak. Eta honako hau bezalako ageriko kontuz beteriko artikuluak idaztera bultzatu dituzte.
Xabier Mendiguren Elizegi
Gastronomia kultura omen dela-eta, egin dezadan sukaldaritzaren eta beste arte-mota batzuen arteko konparazio bat.
Hara: sukaldeak berezkoa du nahasketa, horrek ematen dizkio aberastasuna eta kalitatea. Sagar bat gauza ederra da bera bakarrik eta gordinik jateko, baina irina, arrautza, esnea, azukrea, marmelada eta sagar zatiak nahastuta sagar-tarta asmatu zuenak ekarpen handi bat egin zion gure zibilizazioari; eta zer esan olioa, arrautzak, tipula, piperra eta patatak nahastuta patata-tortilla asmatu zuenaz? Edozein nahaste ez da ordea berez eta beti on, ondo asko daki sukaldaritza berriaren berritu beharraren gehiegikeriak dastatu eta jasan dituenak. Nik orain txerri-gibela, txokolatea, piperrautsa eta endibiak lapiko batean sartu eta sutan jarriko banitu, hortik ateratakoa kaka zaharra litzateke, ahotik pasatu gabe zuzenean komuneko zulora joan beharko lukeena.
Kulturan, berriz, nahasketaren lilurapean bizi gara oraindik. Ez dakit noiz hasi zen moda, baina azkeneko hamarkadan behintzat aldiro eskaintzen zaigu ikuskizun ustez berritzaile eta ausarten bat, bere berritasun eta ausardia guztia osagaien gehiketa nola-halakoan daukana: balet abangoardista gehi diapositiba-emanaldia gehi txalaparta izango da batean; pintura-performancea gehi poesia-errezitaldia gehi musika elektronikoa hurrengoan, eta horrela nahi dituzuen konbinaketa guztiak, helburua ez baita elkarrekin ondo ezkontzea, edo sentsazio aberatsagoak sortzea, ezpada nahasketa bera. Eta, nola ikuskizun horrek esperimentalaren eta berritzailearen etiketa daukan, instituzioetako arduradunek laguntzatxo bat behinik emango diote, komunikabideek aldez aurreko babesa eskainiko diote, eta ondotik ere inor ez da ausartuko kontrako hitzik esatera. Batzuek, aspertuta, "hau izango da kultura modernoa" esango diote elkarri; beste batzuek, nazkatuta, horrelako narraskeriarik gehiago ez ikusteko aginduko diote beren buruari; baina beti izango da lerdoren bat esperientzia ia mistikoa bizi izan duela usteko eta aldarrikatuko duena.
Berrikuntzak amaitzea proposatzen ari ote naizen pentsatuko du baten batek. Ez noski. Kultura maite dudalako ari naiz botatzen purrustada hau. Estetika gure bizitzaren alderdi inportantetzat daukadalako eta handi-ustez jantzitako edozein lardaskeria onartzen ez dudalako, jaterakoan gure ahoak eta urdailak edozein txerrikeria irensten ez duten modu berean. Non dago muga? Errepara diezaiogun berriz ere sukaldeari: nahasketa berri bat plater onargarritzat hartzeko, bertako osagaiak banan-banan hartuta baino hobea izan beharko luke emaitzak. Egia da gustu diferenteak daudela, egia da, halaber, dastamena hezi daitekeela eta esperimentazioa behar dela betiko aza-olio eta berakatz-zoparekin ez geratzeko, baina helburuak beti izan beharko luke zerbait harrigarria eta bikaina lortzea.
Beste horrenbeste artean ere. Balet-dantzari bat ona denean koreografia eder batekin txunditu nahiko gaitu, eskultoreak bere estatuarekin liluratu edo aztoratu, poetak bere testuekin emozionatu, ez baita lantegi erraza. Posible al da hizkuntza artistiko ezberdinen arteko elkarlana? Jakina. Konbinazio batzuk dagoeneko klasiko bihurtu dira eta berezko genero bilakatu, hala nola opera, baita zinema bera ere. Baina, nahasketa aberasgarria izango bada, aldez aurretiko lan eta bilaketa eskatzen du, etengabeko ebaluatze eta moldatze bat, egiazko sorkari berri eta osatu bat lortzeko.
Gure artean, modernitatearen esnegainaz estalita eskaini ohi diren menestra artistiko horiek ez bezala.
Jose Angel Irigaray
Jatorrizkotzat hartuak diren zenbait herriren sinesteen arabera, oraingo bizitza norbederak bere buruaz dagien ametsa omen da. Ondokoa, ez-ametsezko errealitatean, zinezkoan, garatzen omen da. Oraingoa, beraz, betierekoan gertaturiko «eten» ttipi eta laburra baizik ez dateke.
Iradokigarria. Agian, lehen gain-begiradan ematen duen baino sakonagoa.
Eta ezin erran zenbait herriren uste horiek ustelak direnik, gainerako usteak haiek bezain ustel direlako, gutienez; «eten» horren aurre-ondokoaz ezeingo usterik gabekoenak barne. Gutiz gehienetan haiek baino itsusi eta zarpailagoak, denak.
Mendebaldean -«mendebalde» bihur(ri)tutako mundu osoan-, ametsean bizitzera eta amets egitera (des)heziak gara, eskubide-obligazio-aukera berdinak ditugulakoan, lorpenak oro gure esku direlakoan -auzoa zamakatuz, bidenabar, hurkoa eta urrunekoa, pertsonal mailan eta kolektiboan-... Baina, aspaldiko kontua da, nahiz gero eta gaizkoatuagoa izan, abantzu beti ametsa ameskeria bilakatu ohi da. Gakoetarik bat ukatean eta xahutzean datza, menperatzean eta kontsumitzean, alegia: natura, gauzak, gauzakiak, izakiak, jendeak, herriak, beraien ametsak... Jakina, inor «bestea» eta bere ametsak menperatu-kontsumitzerat pusatua denean -edozein suerteko etekin egarriz-, ustez eta arrazoiz eta eskubide osoz hornituta gainerat, ezin konta ahala jende gertatu ohi dira bide-bazterrean, benetako amesgaiztoan bizitzerat kondenatuak. Errealitatearen infernuan, alegia.
Guztiarekin ere, izuak eraginik edo, amets hau neke eta sufrikarioren iraganbidea baino ez dela aldarrikatu ohi da, kapera eta kaperatxo guztietan; benetakoa, egiazkoa, hil ondokoa dela. Hemen azpi-bizitzeak, beraz, ez du muntarik, garrantzia duen bakarra gerokoa da-eta. Hargatik, funtsean, ez duke zentzurik indar apurrak «eten» bat baino ez den honetan xahutzea; benetako beste munduan inbertitzea omen da zuhur eta probetxugarrien, hango kontu korrituak sekulako errenta-iturri dira-eta... mundu honetakoetan.
Jatorrizkoak deituak diren zenbait herrirentzat, aldiz, amets liluragarria bizitza hau da. Inbertitzekotan, beraz, gehien bat hemen dute egiten, ez bestean, betiereko ez-dakiten-zertan. Alazankoa!
Sozietate aferetan, bestalde, ametsari kontrajartzen zaiona errealitatearen lokatza izan ohi da: edo ametsean zabiltza, galdua, edo lokatzan lekeda bezala trabatua, zikin, saldua... Eta auzia da lokatzan egonik -ez gaude beste inon- amestea, baina lokatzatik abiatuta eta lurra galdu gabe; areago, berau arras ongi ezaguturik: zertan den ahul, indartsu zertan, noiz eta non duen saihetsa flako... Hain zuzen, denik eta une-gune-hautarik ñimiñoenean oina lokatzan ezarriz, amets alderako urrats sendoa eman ahal izatea. Tai gabeko ariketa.
Niri, mendebaldar gogaitu eta halere probestua, gaitza zait, zaila alegia, oraingoa amets liluragarritzat hartzea, arras zaila. Menpeko hemen honetan eta luzeegi doakigun neguan mardul garaturiko sentipena... Eta hemen hori bada zitua -edo uzta-, pentsa hainbat eta hainbat tokitako egoera anitzez jasangaitz eta mugagokoetan.
Eta hori dena, aldeak alde, ez da patuaren edo antzeko deusen kumea, araiz, giza ukate egarriak eragin, gauzatu eta gaizkoatua baizik. Azken buruan, beraz, aldagarria, egozgarria. Borondaterik baldin bada, naski. Ez botereen gotor-lekuetan, naski, haietan sistema iraunaraztearen aldeko interesa baizik ez da. Askatasun egarria, eta balorea, atxikitzen duten sozietateei dagokie azken hitza, testuinguruak testuinguru eta funtsean. Garaian garai eta tokian toki. Orain eta hemen, geureari.
Eta gu ibili bagabiltza, aspaldi. Nahiz, funtsean, nahikotasun mailarat ezin iritsiz izan, eta tartean anitz jasan eta pairatuta. Eraso gero eta bortitzagoko egoera ez da ametsa, ezta ere lokamutsa. Atzarri eta hazi ezean, beti da etorkizun aro beltzagoa... errealitate gordin eta hitsean.
Mikel Aramendi
Beste hamaika herriri buruz esana izango da egiatasun bertsuarekin, baina geureari buruz hain zuzena izateak kezkatzen nau ni: engainatzen erraza eta konbentzitzen zaila. Hala garela esaten dute, eta gero eta zailagoa egiten zait ukatzea.
Apirilaren 17ko hauteskundeen inguruan gaurdaino gertatu dena behintzat, aburu hori berrestera etorri da: askatasunean eta berdintasunean, hots «normaltasunean» parte-hartze politikoa bermatu beharra, argudiatu beharrekoa balitz, hamaika era eta saihets ezberdinetatik arrazoitu da. Alferrik. Batasuna lehenik eta Aukera Guztiak gero, legez kanporatuta eta hautagai izan ezinik geratu dira, egungo Europa Mendebaldetik baino iraganeko Turkiatik askoz hurbilago dagoen prozedurari jarraiki.
Orain, ordea, hautagaien zerrendak argitaratu zirenean bati baino gehiagori irribarretxoa ezpainetararazi zigun EHAK izeneko kandidaturaren bitartez helmuga bertsura hel gintezkeela iradokitzen zaigu. Funts-funtsezko kontuetaz ari garenez, nahiago dut tranpa eginez ûpartidu hori oraintxe arte ez da existitu praktikanû bederen helmugaraino iristea, arrazoiz beteta bide erdian geratzea baino. Baina prozedurak erreparoa ematen dit, engainu zaletasunean beste urrats bat ematen dugulako.
Hortxe baitago koska: ez dela lehenengo aldia, urrik eman ere. Egia esateko, gure ekimen politiko gehienen osagai garrantzitsua, funtsezkoa ûbakarra, batzuetanû izaten da engainua. Gaitik urrundu gabe: Partiduen Legearen bultzagileek publikoki adierazi zutena ala geroztik argiago ikusi ahal izan dugun beste hau zen haren benetako xedea? Ez dagokie alde batekoei bakarrik, ez: Lizarra-Garaziko egitasmoa, jendeari adierazi zitzaion bezalaxe zen ala bazituen isilpeko addenda inplizitu nahiz esplizituak? Eta Ibarretxe planak? Adibide hutsak dira. Askoz ziri mingarriagoak ere aipa genitzake.
Ez nator engainua politikatik kanporatu egin behar dela esatera. Eskarmentu gehiegi daukat purismo horiekin neure burua engainatzen hasteko. Askotan, gainera, informazioa ongi dosifikatzea nahitaezkoa da politikan gauzak onik burutu ahal izateko. Dinamikak kezkatzen nau.
Engainuen dinamika hau omnidirekzionala delako: denak saiatzen dira ahal duten bakoitzean ziria sartzen, eta ilarako azkenak, subiranoa omen den herriak jasotzen du bilduma osoa. Bidenabar, eragozpenen bat engainu bitartez gainditzen ûahalû dugun bakoitzean, konbentzitzen ahalegintzeko arrazoi bat galtzen dugulako. Baina, morala eta antzekoak alde batera utzita, engainuaren bitartez sekula konponduko ez diren arazo horietako bat badugu mahai gainean.
Hamaika bider entzun diet bake prozesuetan aditutzat aurkezten zaizkigunei "elkarren arteko konfiantza maila sendo bat" gabe ez dutela aurrera egiten horrelakoek. Ez dute esaten elkarrentzat sekreturik ez edukitzea, oinarrizko asmoetan elkarri iruzur ez egitea baizik. Gurean, hortik oso urruti gaudela esango nuke. Areago oraindik, gehiago urrutiratzen ari garela.
Engainua gaitzat duten ipuinen artean ezagunenetakoa da bi alprojek engainatuta biluzik ibiltzen zen enperadorearena. Ipuinaren izaera pedagogikoagatik edo, istorioa onik amaitzen da, alprojentzat izan ezik. Nire lagun batek, ordea, esaten du errealitatean guztiz bestela amaitu zela gertaera hura: enperadoreak, berriro ere alprojei kasu eginez, haur salatariari begiak atera ziezazkioten agindu zuela, eta hark esandakoa errepikatzen zuen beste edonori ere bai. Engainua, beldurraren porlanarekin hartuta, egia bezain sendoa izan daiteke.
Antzeko zerbait gerta daiteke gurean ere: engainuekin arrazoiekin baino erosoago bizitzen ohitzea.