Luis Beroiz: «Andoni Beroiz ez du Garzonek espetxeratu, EAJk baizik»

  • Andoni Beroizek bi urte eta bost hilabete daramatza preso. Aranjuez, Topas eta Valdemoroko espetxeak ezagutu ditu. Beroizi -eta berarekin atxilotutako dozena bat gazteri- 60 kale eraso leporatu zizkioten. Ertzaintzak inputatutako 60 ekintzetako sei baino ez dira epaituak izan azkenik. Fiskalek guztira 91 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuten Andonirentzat: lehen bi epaiketetan û12 eta 15 urteko zigorra eskaerazû absolbitua izan zen. Hirugarren eta laugarren epaiketetan 10 eta 14 urteko zigorra jaso zituen. Helegiteak aurkeztuta daude eta Auzitegi Gorenaren erabakien zain dago. Bosgarren epaiketan 17 urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, baina absolbitua izan zen, kontrako akusazioak torturapean jasoak izan zirelakoan. Seigarren epaiketan, fiskalak 22 urteko zigorra eskatu zuen. Epaiketa ordea, bertan behera geratu zen. Beroiztarrek Andoniri leporatu zioten ekintzaren errugabetasunaren koartada aurkitu baitzuten.


2005eko apirilaren 10an

Azaldu iezaguzu nola iritsi zareten semearen errugabetasuna frogatzera auzi horretan.

Auzi horretako koartada juizioaren diligentziak prestatu baino askoz lehenago genuen, baina Andoni epaitzera deitu arte ezin genuen ezer egin. Duela bi urte, Andoniri ekintza horren eguna ûorain lau urtekoaû jakinarazi ziotenean, egun hartan istripu larria izan zuela gogoratu zen. Eguna urtarrilaren 1a zen eta Agoitzeko lagun batekin etorri zen Bilbora. Zuia herrian ordea, autobidea uztean, istripua izan zuten. Ertzaintzak istripuaren argiketa egin zuen. Nik ez nion Ertzaintzari atestatua eskatu noski. Autoaren asegurantza-etxera jo nuen. Atestatua jaso nuen eta Kepa Landa abokatuari helarazi nion. Zerua ireki zitzaion, Ertzaintzak berak baitzeukan Andoniren errugabetasun froga. Ertzaintzak, hala ere, ordura arte Andoniri ekintzan parte-hartzearen akusazioari eutsi zion.

Kasua Garan agertu duzu bereziki.

 

Idaztea da nire arma bakarra. Koartada eta argipen asko aurkitu dugu egiaren bila. Beste ekintza baten inputazio garaian belauneko ebakuntza egin berria zioten semeari. Sendagile-agiria aurkeztu genuen Andoniren ezintasuna frogatzeko. Autoak edota eraikinak makuluekin erretzen ibiltzea ez da arrunta edo erraza, nik uste. Semeari inputatu dizkioten ekintzen "frogak" torturapean atera dizkiotela egiaztatu dugu, baina nik urrunago joan nahi dut. Egiaren bila ari naiz eta ez Andoniren kasuaren egi bila soilik.

Garan argitaratutako artikuluetan ikaskide eta lankide ohiak aipatzen dituzu, botere karguetan dauden «lagunak». Andoniren kasua tarteko, berriz ere beraiekin topo egin duzu nonbait.

 

Bai. PSOEko Joaquin Almunia Koki, eta Vocento taldeko Jose Mari Pito Bergarecherekin sei urtez ikasi nuen. Oso "lagun atseginak" izan dira orain gutxi arte. Berauekin, nolabait, desio ez nuen egoera batean topo egin dut. Nik ez dut ezer bilatu. Lagundu nazakete, horretarako boterea baitute, baina ez diet laguntza eskatu, ez erregu egin ere. Andoniren kasua aditzera eman nahi izan diet, besterik ez. Horrenbeste injustiziarekin buka dezaten iradoki diet. Almunia norbait da PSOEn, pertsona baliagarria. PSOEk agintzen du orain eta gatazka konpontzeko alderdi gakoa da. Almuniak Garan argitaratu ditudan artikulu guztiak jaso ditu, baina ez dit erantzun. Eta Andonirena gertatu baino lehenago mintzatu ohi ginen. Pito Bergarechek bazeukan nire artikuluak El Correon argitaratzea. Ez dit inolako kasurik egin. Azken artikuluan gure abizena kakaztu zuela esan diot. Eta arrazoirik gabe egin zuela frogatu dut. Nire abizena garbituko lukeen artikulua argitaratzea baino ez nuen nahi. Ez du argitaratu, ezin dio bere buruari harrika egin, jakina. EITB eta Deiaren jarrerak ere antzekoak dira. Isiltasuna erabatekoa da guztien aldetik.

Artikuluren batean Burukide izeneko bat aipatu duzu. Nor den jakiterik bai?

 

Hori da azken bi urteetan mantentzen dudan inkognita. Ez dizut izena emango, nire azken aurreko artikuluan esango dut izena. EAJn gehien agintzen duena da, itzaletik maneiatzen du EAJ, beso-ukaldiz agintzen du. Berak kanporatu zuen Xabier Arzalluz eta berak erraztu zuen Josu Jon Imaz EBBren lehendakaria izatea.
 

Javier Balza Herrizaingo sailburuarengana ere zuzendu zara.

 

Bai, baina bera ez da EAJko burukidea, morroia da. Menpekoa. Nik hemengo botere politikoarengana jo dut eta hor Burukide dago. Garzonek ez zuen Andoni Beroiz espetxeratu, EAJk baizik. Hor dago arazoa eta gakoa. Zazpi urtez, laneko aferak tarteko, Burukiderekin bildu naiz hilabete oro. Besoz beso lan egin dugu zazpi urtez. Berarekin harreman sakona izan dut. Baina, hara, ez naiz horregatik EAJkoa, ezta izango ere. Berak eraman dit Andoni Madrilera.

Sabin Etxean al dago?

 

Bertan bazkaltzen da. Lantokia ondoan dauka. Ontzi-kapitaina da.

EBBko kide al da?

 

Ez. Ez dizut izena esango. BBBren lehendakaria izan zen zenbait hilabetez, beste inor prest ez zelako. Ez da inoiz aurrean agertu, ezta nahi ere.

Andoni eraman dizula baieztatzeak gogorra dirudi. Zeinek eraman zuen Andoni: Ertzaintzak, EAJk, Burukidek?

 

Niretzat berak agintzen du EAJn, eta Ertzaintzan batez ere EAJk agintzen du. Ez dut Javier Madrazok Andoni eraman duela esango, ezta? Nahiz Madrazo Ertzaintzan agintzen duen Gobernuko kide izan.

Zer aurkitu duzu hedabideen munduan afera hau tarteko?

 

Izugarrikeriak. Gazteak atxilotzen dituztenean hedabide boteretsuek erakusten duten poztasun ankerra. Izen eta abizenak zabaltzen dituzte barra-barra. Gazteei leporaturako inputazioak guk baino lehenago dakizkite, den-dena dakite.

Zer iradokitzen dizu horrek?

 

Vocento taldeko egunkariek poliziarekin harreman zuzena dutela. Andoniren aferan atxilotu baten amak, El Correoren bitartez izan zuen semearen berri, goizean goizik. Ertzainek Andoni frontoian zegoela atxilotu zuten eta Tele 5 etxeko atarian genuen guk ezer jakin baino lehen. Hedabide boteretsuek «gatazka» saltzen dute. Gure kasuan, adibidez, publikatu dutena gezurtatu dugu baina ez dute ezeztatu nahi izan.

Esnatze moduko bat izan al da gertatua?

 

Ez. Baina, beste bati gertatzen zaionean zein urrun gauden erakutsi dit. Lehen ulertzen ez nuen gauza asko ulertzen dut orain. Eta ulertzen dut zergatik jende askok ez duen erreakzionatzen, nik ez bainuen ere lehen erreakzionatzen. Lozorrotu gaituzte. Baina ez dut horregatik esna ez dagoena madarikatzen. Boterean daudenek dena oso ondo planifikatzen dute bertan irauteko. Adibidez: EAEko hauteskundeak datoz, EAJk abertzaletasunaren lurrina zabalduko du: «Presoen sakabanaketarekin bukatu behar dela, Aukera Guztiak-en eskubideak bermatu behar direla...». Hitzak besterik ez. Nik semeari leporatu diotena ezeztatu dezaten eskatzen dut. Eta espetxean dauden presoen eskubideak bete ditzaten. Besterik ez.

Jeltzaleen mundua hurbiletik ezagutzen duzu, antza.

 

Bai. Nire aita EAJkoa izan zen. Gerra zibil ostean askotan atxilotu zuten.

18/98+ taldeak Bilbon deitu zuen manifestaziora, baina ez zinen joan.

 

Horregatik berarengatik. Manifestazioan pertsona inputatu batzuen egoera salatu zen. Ados. Baina pankarta atzean hirukoaren politikoak joan ziren. Joan nahi nuen, baina ezin dut horien ondoan ibili. Kale borrokan aritzeagatik erruduntzat jo duten gazte askoren lekukotasunak torturapean jasota daude. Semeari leporatutako ekintzaren «egiletasuna» torturapean atera ziotela frogatu dugu. Kasuaren errugabetasuna frogatu dugu, baita Ertzaintzak froga ezkutatu zuela ere. Tortura ezkutatzen ari dira. Nola nahi duzu manifestatzea Espainiako justizia salatzeko, justizia lohitzen dutenekin?

Zer sentsaziorekin geratu zara?

 

Sentsazio arraroak, nahasgarriak eta higuingarriak. Adibidez, Xabier Arzalluzek Aukera Guztiak plataformaren alde sinadura eman du. Horrek ez du piperrik balio. Areago, ezker abertzaleari gustatu zaiola dirudi eta mingarria da. Baina, tira, nahi dutena egiteko libre dira. Nik ikusi dudana egiaztatu besterik ez dut egin, gatazkaren kontura dagoen ustelkeria izugarria dela, alegia.

Zer eman dizu bizitakoak?

 

Gaztetu egin nau. Gatazkak jarrai dezan dagoen interesa ikusarazi dit. Politikoei gatazka oso errentagarria zaie krematistikoki. Botere politikoa baduzu ekonomia kudeatu dezakezu. Hemen ez dago ezer gabe joaten den politikaria, inor ez. Nire etxetik Arzalluzek eraiki duen bunkerra edota luxuzko etxea ikusten dut. Etxegintzan sartuta dago, semea tarteko. Txaletak egitea debekatuta zegoen lur eremua erosi zuten eta hara! Politikariek beti ateratzen dute zerbait azazkalen artean. Politikak nazka ematen dit, baita politikariek berebat.

Ezker abertzaleak ere ez dakit gogobetetzen zaituen?

 

Nire lagunak ezkerrean daude. Gara irakurtzen dut. Ezker alderako joera daukat. Ezker abertzaleko politikarien helburua ez da krematistikoa. Ez dut uste ezker abertzaleko politikariek azazkalen artean dirua eraman dutenik. Nahikotxo arriskatzen dira. Baina besterik ez. Beren esanek ez naute ere guztiz konbentzitzen. Politikari guztien berbak esamesak eta ele-meleak dira. Uneon, boterean daudenak bereizten ditut besteengandik. Haiek eraman digute Andoni.

 

Andoni Beroizek jasandako torturen pasarte batzuk, aitak kontatuak
Arkauten. Andoni hogei minutu oro itaundu zuten, lo egiten utzi gabe. Kokoriko ipini zuten zorua izerdiz bete arte. Orkatiletan kolpeak jaso zituen, oihu eta garrasien artean. Pareten aurka jarria, makila bat uzkitik sartzeko sasi-saiakerak egin zizkioten. Konortea galdu arte jo eta ke saiatu ziren berarekin. Hiru aldiz eraman zuten ospitalera itaunketa egin bitartean. Bosgarren egunean egia ez dena sinatu zuen, torturapean jakina.

Errepidean. Guardia zibilek Andoni lekuz aldatzera zeramaten batean, istripua izan zuten. Furgoneta itzulipurdika joan zen errepidetik at. Guardia zibil bat hila izan zen. Andoni eskuburdinez lotuta zeramaten eta kolpe izugarriak jasan zituen. Harrezkero lepokoa eraman behar izan zuen. Une hartan bertan, errepidean zeudela, gainerako guardia zibilek hil berriaren gorpuaren aurrean jarri zuten, mespretxu, irain eta mehatxu ikaragarriak jasan zituen. Gertatutakoaren errua leporatu zioten.

Ospitalean. Iazko martxoaren 11n pneumoniarekin zegoen eta ospitalera eraman zuten. Egun berean izan ziren Madrilgo atentatuak. Poliziek ospitaleko atarian bota zuten eta biktimen senideen aurrean laga. Andoni aurreko hilabetean Madrilera bidean 500 kilo lehergailurekin harrapatu zuten «etarra» zela esan zieten. Andoniren lintxamendua bilatu zuten. Geroago, hildako eta zaurituen arropa odolduak zeuden gela batean sartu zuten eta bertan akabatuko zutela esan zioten.


ASTEKARIA
2005eko apirilaren 10a
Azoka
Azkenak
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude