Erramun Martikorena: "Kantari bezala nortasun bat ukatea beharrezkoa da"

  • "Bere etxolara joana da lan batzuk egitera", hala esan digu emazteak, eta bagoaz etxolara Erramunen bila. Baina etxolan ere inor ez. Auzoan bada gazte bat lanean ari eta hari galdetu diogu: "Non da Erramun?" "Ez da etxolan? Agian mendira joana da han beste etxola bat ere badu". "Akabo, ez dugu aurkituko", etsi dugu. "Lasai, joanen naiz ni motoz han den ikustera". Eta abiatu da gaztea motoan mendian gora, gora, eta gora. Handik hogei minuturen buruan itzuli da. "Lasai, atzeman dut, mendi gain-gainean zen. Orain heldu da, traktorez". Esker mila, ale bat igorriko dizugu zuri ere etxera.


2005eko apirilaren 10an


Esaten duzu aitatxik sartu zizula kanturako arra...

 

Bai, aitatxik biziki markatu ninduen. Bera oso gazterik joana zen Ameriketara, Kaliforniara, artzain. Nik pentsatzen dut han denbora pasatzeko kantu kopiak eta biltzen zituela, eta haiek ikasten eta kantatzen egoten zela. Nik haur denborako biziki oroitzapen goxoa dut berarena, nola etxe aitzinean, edo sukaldeko aulkian jarri, eta kantuz bere errepertorioa pasatzen zuen. Eta ni ere han, berak bezala egin nahiz, haur ttipiak beti handia nahi baitu imitatu.


Kantatzen baino behatzen ikasiko zenuen lehenik beharbada, behatzen ongi jakin behar baitu kantariak, belarri ona ukan...

 

 

Bai, haur ttipi batek, edozeinek, lehenik behatzen du eta gero nahi du berdin egin. Baina belarri ona, jiteak, sortzeak ematen du, eta gero esperientziarekin, entzunez eta entzunez lantzen da.


Haurra zinelarik zer zen bada etxe inguruan, herrian, behatzen zenuena?

 

 

Auzoko bestetan anitz kantatzen zuen jendeak, eta biziki egoten ginen aditzen adin batetako jendeari. Kantua bizi zen orduan. Eta auzo lana ere anitz egiten zen, iratze epaitean, edo mahasti aitzurrean, oroitzen naiz jendea kantatzen anitz entzunik. Bazen giro hori urte haietan.


Nor ohartu zen zuk bazenuela kanturako dohain berezi bat?

 

 

Urdozeko eskolan lau urte eta erdirekin sartu nintzen ni, ez nekien frantses hitz bat ere. Bazen irakasle bat haur ttipiekin, bazekiena euskaraz, baina ahal bezain guti erakusten zuen bazekiela. Alta, noizean behin, ttipia nintzelarik oraino, ez dakit zergatik, kantarazten zidan kantu bat denen aitzinean. Ohartua zen dohaina banuela. Eta niri ere gustatzen zitzaidan. Gustua beti segitu zait.
Armada ere egin nuen gero, eta han ere kantarazten ninduten. Dreux-n izan nintzen, Eure-et-Loire-n. Urte haietan zen Aljeriako gerla bukatzen ari, eta nik ez nuen gogorik joateko harat. Zeren lehengusu bat bazen han hila, eta aitak ere ez ninduen ikusi nahi hara joaten, nahiago zuen joan nendin Kaliforniarat. Baina nik gogorik ez. Orduan pasatu nuen Baionan etsamina bat ene gisako kalkuluekin, Gurutze Gorrian artatzaile izateko, kolpatuak zaintzeko, armarik ez hartzeko funtsean. Baina etorri zenean joateko denbora, egin nahi nuenaren kontrarioa egin zuten. Erizaindegira igorri ordez, komando batera igorri ninduten Dreux-ra, euskaldun bat ere ez zen tokira. Eta han ere, armadako kantuak, jendearen burua lantzeko eginak diren horiek, kantatzen nituen. Martxan joateko kantuak eta horrela. Nahiago nituzke ahantzi baina oroitzen naiz batzuekin oraino.


Eta gogoan duzu nola irabazi zenuen 1969ko kantu txapelketa Lartzabalen?

 

 

Bai, egia, irabazi nuen. Baina besterik gabe. Joan nintzen, kantatu, eta lehen saria, "bon, lehen saria" pentsatu nuen. Orduan ez nuen herritik ateratzeko gogorik, plazarik plaza kantari izateko gogorik. Gainera publikoan kostatzen zitzaidan aritzea, maite nuen herrian berean eta jende ezagunekin aritzea, ez horrela publiko baten aitzinean. Baina 1978an Manex Pagola eta lagun batzuk erraten zidaten: "Hik grabatu behar duk disko bat, grabatu behar duk disko bat...". Horrela, gehiagoko anbiziorik gabe, grabatu nuen azkenean. Hortik aitzina ukan nuen galdea alde guzietara, Euskal Herri guzian.


Orain, lehen disko hura entzuten jarri, eta zer heldu zaizu gogora?

 

 

Oroitzen naizena da, nola ene diskoa banuen etxean, baina diskoaren entzutekorik ez! Elkarrekoak etorri eta "diskoa grabatu duk, har ezak dirua..." esan zidaten. Ordaindu zidaten egin lana, eta diru harekin erosi nuen diskoaren entzutekoa. Auzoan ere berdin erraten zidaten: "Bon, hire diskoa entzun behar diagu, eta magnetofonoa ere erosi diagu espres!". Hori da oroitzen dudana, etxean eta auzoan magnetofonoa erosi genuela diskoa entzuteko.


Euskal Herrian ibiltzen hasi zinelarik giro politiko berezi bat ere bazen, eta giro politiko horren osagai bat zen kantua ere. Zuk, zure boza, giro politiko horren zerbitzuko ikusten zenuen?

 

 

Orduan bazen mugimendu bat, euskal militantismoa indartzen ari zen. Kantua ere horren zerbitzuko bezala ulertu izan dut nik, kantua izugarri garrantzitsua izan baita jendeari kontzientzia piztarazteko. Bistan dena bada plazera ere bertze aldetik, baina lehenik bada sentimendu hori.
Gero, ni hasi nintzelarik bazen beste lan bat ere: lehenagoko kantuei balorapen bat ematea berriz, akaso galtzera zihoana. Zeren eta, guk, konparazione, dantzaldietara joaten ginelarik, frantses kantuak entzuten genituen, eta zinez pena ematen zuten. Baziren frantsesez ere kantu ederrak, baina baziren itsuskeriak ere, zinez tristezia. Orduan konturatu nintzen: "Guk badugu hor balore zerbait."


Balore hori gure kantutegia da. Zuk nola hautatzen zenituen kantuak?

 

 

Lehenik hasi naiz aitzinekoetarik entzunak nituenak, gustukoenak, horiek kantatzen. Gero gaurkotasun gehiago bazuten kantuak hartu ditut, konparazione Labegeri, Xalbador, horrelakoak. Bertzeak hunkitzeko bakoitzak berak behar du sentitu lehenik, bakoitzari behar zaio gustatu. Ezin duzu besteari deusik pasarazi, ez baduzu zuk lehenik sentitzen.


Eta ibiliaren ibiliz ez duzu inoiz sentitu kantu bat gastatzen? Gehiago ez sentitzen?

 

 

Kantu batzuek, menturaz, denborarekin indarra galtzen dute, eta beste batzutan alderantziz gertatzen da. Zenbait urteren buruan esanahi berri bat atzematen diozu, eta denborarekin ederrago baizik ez da bilakatzen.


Ahots ederrak laguntzen du hitza pasarazten, baina ederregiak ez ote du hitza estaltzen?

 

 

Berdin hori ere. Perfekzionezko uztarketarik ez da. Ni beti entseatu naiz hitzak pasarazten lehenik. Lehen zortzi hamar urtetan a capella aritzen nintzen, gero gitarra jole baten laguntzarekin, baina testuari eman diot beti lehentasuna. Testuak bainau kantuan sartzen. Gaia gustatzen baldin bazait, kantatzean gai horretan sartzen naiz, eta bizitzen dut ahal bezain ontsa.


Zuk ez duzu sekula kanturik idatzi?

 

 

Ez, ez dut uste horretarako ekarria naizenik naturalki, eta ez naiz menturatu.


Segur baduzula hor nonbait gordean plazaratu gabeko hitzik.

 

 

Behin edo horrela entseatu naiz, denbora batez ari izan naiz pentsatzen, baina utzi dut laster. Nahiago dut plazaratzen trebetasun gehiago dutenei utzi.


Aldiz melodiak sortu dituzu; adibidez zuk sortua da Maitiak galdegin zautan. Nola sortzen dituzu melodiak? Nondik heldu zaizkizu?

 

 

Horretarako behar duzu halako lasaitasun bat, nik bederen bai. Kontzentratua izan behar duzu, eta konparazione lanean nabilelarik ez naiz erraz kontzentratzen. Naturan naizelarik, bizi naiz ikusten dudan harekin, entzuten dudan harekin, eta hortik bereiztea niri zaila egiten zait. Beraz, melodiak, egin ditudanak, gauaz egin ditut. Gauean, sukaldean, pentsatzen eman, eta kasik gau osoa pasa. Batzutan gau osoa pentsatzen pasa eta deus ez atzeman ere bai. Edo biharamunean desberdin ikusi: "Bon, ez duk ez hau ongi", eta utzi, eta gero galdu. Baina doinuak sortze hori ere utzi nuen laster.


Orain kantari gehienak musika talde batekin, edo bederen tresna batekin ari dira. Gaur egun ez da posible a capella kantatzea?

 

 

Hori posible da, baina horretarako behar luke giro bat berezia izan, menturaz, sala ttipi zenbaitetan eta. Eta doan jendeak jakin behar du zeren entzuteko joaki den. Entzuleri zehatz batekin, posible litzateke.


Argi dena da, orain, kalera atera baino lehen kantua anitz janzten dela. Kantu biluzia, kantu soila, auzo lanetako kantu hura, ostatuetakoa, kasik desagertua da. Zer galtzen dugu kantu hori galtzean?

 

 

Herri bateko elkartasun hurbil hura. Nonbait indibidualistago bilakatzen gara. Gu ttipiak ginelarik anitzez lotuagoak ginen elkarri. Baina ez da kantua bakarrik, orain bizimoldea ere aldatua da. Ez gara gehiago aktore, entzule baizik. Telebista, irratia, horiek denak sartu dira, eta ez dira gauzak berdin bizitzen.


Eta bizitza desberdin honetan, nola ikusten duzu euskal kantagintza?

 

 

Ikusten dut pixka bat mundu mailatik nahasketa batzuk sartuak direla. Ez naiz batere horren aurka, baina pixka bat ematen dit halako pena bat, edo beldurra, ez dakit. Baina ber denboran mundu mailakoa ezagutzeko aukera gehiago ere bada egun, eta hortik bide batzuk hartzeko aukera. Baina ez dakit zer pentsatu, ona den, ez den, nihaur galderan egonki naiz.


Agian arriskua da kantari bezala bakoitzak bere nortasuna ez aurkitzea? Eta zein mezu pasarazi ez jakitea?

 

 

Bai, anitz gauza entzuten baita anitz moldetakoa, eta nortasun bat hartzea zailagoa da beraientzat. Alta, kantari bezala nortasun bat ukatea beharrezkoa da, berezitasun bat sentitzea eta hori zaintzea. Gure denboran bazen abertzaletasun hori, hor zen indarra ematen, gure bidea eta gure rola ikusten genituen. Orain bada komertzializazio egoera handi bat, eta horretan nik zaila ikusten dut norbere burua finkatzea. Baina aldi berean mundializazio honekin, berriz ere bada beharra herria eta nortasuna bizirik atxikitzeko, eta uste dut hor beharko dutela egin. Kantua ez baita artea bakarrik. Arteaz behar da baliatu beste zerbait lortzeko.


Hasiera batean laborari bezala aurkezten zenuen zure burua. Hogeita sei urteko bidea egin eta gero, nola aurkezten zara?

 

 

Laborari. Laborari lehenik, eta gero artzain.


Eta non da beraz Erramun Martikorena kantaria?

 

 

Badakit nonbait hor badela kantari bat, baina ni ene barnerako gehiago sentitu naiz laborari kantari baino. Nik laborantza ttipi-ttipitik aitarekin egin dudan lana da, hamalau urterekin eskola utzi eta oso-osoa horretan sartu nintzen. Horretara moldatu naiz, zuhaitz bat heldu zaion bidean handitzen den bezala. Uste dut gehiago gauza banukeela errateko laborari bezala kantari bezala baino.


Laborari bezala eginen dizkizut beraz galderak: zure eguneroko laborantza lanean kantuak zenbat lagundu dizu?

 

 

Anitz, hala ere. Laborari ofizioa ere gogorra baita. Ni bakarrik gertatu naiz aski gazterik. Soldadutza egin eta itzuli nintzeneko aitak osagarri arazoak bazituen, parkinsona, eta ama eta biak bakarrik ginen baserria eramateko. Orduan, memento gogorrenetan, anitz lagundu nau kantuak. Pixka bat hatsa hartzen, irekitzen, behatzen ez bere buruari bakarrik, besteari ere, besteei. Ez banu ahotsik izan ez dakit laborantza lanean nola ariko nintzen, nondik atzemanen nuen indarra.


Ardiei ere kantatzen diezu?

 

 

Ez, txistu egiten diet.


Segur naiz kantatzen diezula...

 

 

Bai, entzuten naute bai.


Batzuk erraten dute behiak jezteko musika ematen dutela ukuiluan. Zu kantuan entzunik ardiak esne gehiago ematen du?

 

 

Ez naiz entseatu. Baina egia da esnea errapera jausteko hormona batzuk egiten dutela lana, eta makila ukaldi bat ematen badiozu behiari agian tanpez blokatuko da, aldiz musika goxo bat entzuten badu, nork daki! Beharbada gehiago ez du emanen, baina emanen duena plazerarekin, eta hura ere konda da. Eta ardi batentzat ere ezagutua da, estresatua baldin bada, beretzat atxikitzen duela esnea, edo bederen ez duela dena jautsarazten. Beraz kantuan ari bazara, menturaz... Gisa guziz kantuaz haratago, pertsona bera lasai bada, zure lasaitasuna komunikatzen diezu animaliei. Ardiek berek ere fite ezagutzen dute nola zaren.


Kantua aski aldatu da zu hasi zinenetik. Laborantza zenbat aldatu da?

 

 

Produkzionea emendatzearekin prezioak apaldu dira. Orain, behar duzu gehiago produzitu, behar dituzu alimentu gehiago erosi, dena horrela. Baina ni ez naiz produktibismo sistema horretan sartu, gelditu naiz proportzio naturalari nahiko hurbil. Bestalde 1986an hasi nintzen ardi esnea gasnatzen, ene produktua hobeki baloratzeko, eta bitarteko horren eskupekoa kentzeko. Horrela jendearekin ere lotura zuzen bat egiten dut. Eta hori da nik maite dudana: lotura ukatea lurrarekin, lotura ukatea animaliekin, eta baita ere jendearekin, kontsumitzen duenarekin. Hiru lotura horiei kantua gehitu, eta hor kausitu dut ene izatearen osotasuna: lurra, animaliak, jendea, eta kantua.


Itzul gaitezen Erramun Martikorena kantariarengana. Nola hartu duzu kantua uzteko deliberoa?

 

 

Emeki-emeki hartu dut, duda batzuk pasa eta. Batetik pentsatu dut orain urte andana bat badudala kantuari emanik, badut hor satisfamendu bat bide bat eramana izan dela, eta betea gelditzen naiz. Nekea ere hor da, orain ez dut gauez ibilia horrela hain errazki errekuperatzen. Eta bertzetik familiatu ere egin naiz, andrea eta semea ditut. Beraz, uzteko deliberoa hartu dut.


Alta, galdea bazenuen kantuan segitzeko. Baina zuk kantatua da: "Lana, lana banuela baina, gogorik ez...".

 

 

Ez da gogo afera bat. Galdea banuen bai, baina deliberoak horren gainetik hartu behar dira, bada bizitza ere ondoan. Norberak asumitu behar du bere familia, eta bere pertsona. Hori galdua baldin baduzu ez zara nehorentzat ari. Inportantea da lehenik ikustea zer zaren zu.


Ateak zabalik uzten dituzu noizbait berriz itzultzeko?

 

 

Ez dut galderarik egiten horretaz. Mementoko, gelditzen naiz, eta gerokoak gero.


Nik egingo dizut beraz galdera bat: laborantza ttipia duzula diozu, kantua utzia, eta seme bat haztekoa etxean. Maitiak galdetzen dizu ea poltsa baduzunez. Poltsa, eta dirua, bistan dena.

 

 

Gaur egungo gure gizarteak erakusten dizu behar duzula diru asko irabazi bizitzeko. Eta uste dut hori gizarte problema bat dela. Lehengoan ikusi nuen telebistan erreportaje batean Dakarren nola bizi diren. Hangoa beste gizarte bat da, bizitza ateratzen dute nolazpait, eta ez dut uste Parisen baino gehiago goseak bizi direnik. Pobreki bizi dira, baina bizi dira, eta uros. Gainera badute elkarren arteko bizia, harreman humano hori. Eta uste dut hemengo gizartean, eta inposatu nahi diguten gizarte horretan, arazo handia dela hori. Ez dakigu gutxirekin bizitzen ahal dela.


Eta maiteak galdegiten balizu orain libre zarenez?

 

 

Libre zertarako? Orain ez naiz lehen baino libreago, berdin. Bistan da behar duzularik publikoari zerbait eraman, hor badela errespontsabilitate bat. Baina orain beste eginbide bat ere badut lehenago ez nuena, eta horrek ere baditu bere loturak, eta horri gogotik emanen naiz. Hori ere bai baita herria maitatzea, eta herriarentzat ematea bizia. Beren bizia sakrifikatu edo ematen dutenak bezala, familia ere herriaren oinarria da eta hortik hasten da dena. Guraso bezala balore batzuk defenditzeko berriz behar ukanen ditut engaiamendu batzuk hartu, eta lana egin. Funtsera joanik dena soka bera da.


Beraz, aitatxik ematen zizun bezala, zuk ere semeari kantua ematen diozu?

 

 

Baita ere, baita ere. Eta bera ere, horrela, "la, la, la..." aritzen da zerbait, aitak bezala egin nahiz. Haur ttipiak beti handia nahi baitu imitatu.

 

Lehen diskoaren aurkezpena, komisaldegian
«Lehen diskoa atera nuelarik joan nintzen diskoaren aurkeztera Donostiara. Elkarrekoek erran zidaten Maria Cristina hotelera joateko, eta haiek han izanen zirela. Ni joan nintzen, beraz, Baigorritik hara ene auto zaharrarekin. Irunen zubia pasatzen dut lehenik, eta 'mekaguen, baduk polizia!'. Baina jo aitzina. Donostira arribatu, eta bildotsa bezala bazen poliza han, hirietako tanke eta dena, ni harritua so. Joaten naiz Hotel Maria Cristina ondora, eta han poliza denak metatuak ziren, sekulako pila. Artetan jaun batzuk Hotel Maria Cristinan sartzen ziren, gorbatetan, eta poliziak gibeletik. Egun hura zen justu, gaizki hautatua zuten, Madrileko ministroen biltzarra Hotel Maria Cristinan. Baina heldu nintzen ni, eta justu bazen auto batentzat lekua han hurbil, utzi nuen eta hasi nintzen Elkarrekoen xerka. Joxe Mari Sorsek errana baitzidan: "Hi, Erramun, han kalearen puntan izanen gaituk gu". Delako kale hartan jartzen naiz, eta ez ageri, ez ageri. Gero jakin nuenez poliziak hartu zituen. Nik ere ikusten nuen paisanoz jantzirik ene autoari begira gizon bat. Berriz heldu naiz autora, eta rrrrrrra! hogeita hamar bat polizia kasik, metrailetak niri begira eta: 'Papeles!' Nik, izialdurak hartua: 'Dios!', orduan oroitu nintzen banuela moltsan iheslari baten argazkia. Hasten naiz moltsa irekitzen, eta saka! hartzen dit moltsa, eta fite hartu zidan argazkia. 'Zer duk hori?' espainolez. Eta ale, komisaldegi zentralera. Han arratsalde bat osoa atxiki ninduten, sekulako izialdura ukan nuen, sekulakoa! Azkenean arratsalde bukaeran askatu ninduten, nortasun agiria beraiek atxiki zuten, eta erran zidaten: 'Hik ez duk gehiago muga pasatzeko eskubiderik!'. Nik hainbeste gogo diskoa atera eta hor gaindi ibiltzeko, eta zerua erori zitzaidan. Azkenean, egon nintzen denbora puska batez horrela, baina nortasun agiria berriz eginarazi nuen, eta ondoko Erratzuko bestetan menturatu nintzen joatera. Gainera kantatzeko ere galdetua nintzen. Eta horrela ibili naiz urte batzuz Hegoaldera pasatzen sekulako beldurrarekin, ikusten bainuen kontrolatzen nindutela. Uzten ninduten, baina hain segur, gibeletik segitzeko. Zorionez, nik hainbeste emeia edo gogo banuen Euskal Herria ezagutzeko, nolazpait gainditzen nuen beldur hori eta joaten nintzen behar zen lekura. Moralki anitz aberastasun eman dit horrek».

Baionako kontserbatorioan bost minutu
«Aldi batez izan naiz Baionako kontserbatorioan, Etorki taldean nintzelarik hango lagun batek erranik joateko. Apirilean edo joan nintzen, eta han etsaminak ari ziren jadanik preparatzen. Garbi erran zidaten: 'Ez dugu denborarik orain zurekin lana egiteko...' 'Ados, ez baduk denborarik banoak Baigorrira segidan'. Eta hola segitu dut ene baitarik».

Kantu idaztearen misterioa
«Emile Larrek kontatu zidan. Seminario ttipian Uztaritzen, baziren Euskal Herri guzitik jin haurrak, eta baziren itsasoa ez zutenak ikusi egundaino. Emile Larrek erran zien bertsu batzuk eman zitzaten idatziz itsasoaz. Eta ederrenak idatzi omen zituen bankar (Nafarroa Beherea) batek, sekula itsasoa ikusi ez zuenak. Orduan zoazi konprenitzera hor zer misterio den...».

Nortasun agiria
1943ko otsailaren 1ean sortu zen Baigorrin, Oxobia etxean, hiru anai-arrebetan gazteena bera. Urdozeko auzoko eskolan ikasi zuen hamalau urtera arte, eta gero etxeko laborantzan sartu zen buru belarri. 1969an Lartzabalen kantu txapelketa irabazi zuen, baina 1978ra arte ez zen kantari bezala ibiltzen hasi nahiz koral batzuetan kantatu. Hain zuzen ere urte hartan, 1978an, atera zuen bere lehen diskoa, Baigorriko artzain laboraria. Geroztik beste zazpi disko kaleratu ditu, azkena, 2001ean, Kantuz sortu naiz eta. Hogeita sei urtetan plazaz plaza Euskal Herri osoa pasa ondotik, kantutik isiltzea erabaki du. Lehenik laborari baita Erramun, laborari eta artzain. Eta baita aita ere. Bi urte eta erdiko semea du, eta emaztea eta hiruak bera sortu zen etxean bizi dira, Baigorrin, Urdoze auzoan, Oxobian.

Bertsoa

Doinua: Erreguetan

Pentsatu duzu plazarik plaza
kantari ez aritzea,
etxera zure emazte eta
semearekin biltzea.
Baina kantuek nahi dute zure
mingainean ibiltzea,
jende aurrean ez kantatzea
ez delako isiltzea.

Ni bertsolari? Ez, ez...
«Lehen aldiz joan nintzenean Amarako bestetara kantatzera, 1978an, hasi nintzen Xalbadorren bertsu batzuk kantatzen a capella. Jendea bertsu bakoitz esku zartaka hasten zen. Ni harritua. Uste zuten eta bertsolaria nintzela».


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude