Astekaria

 Bestelakoak 

Beteko ez den legea

Pako Sudupe

Pako Sudupe


1987. alea
2005-04-10
alde 0    kontra 0

Berriki jardunaldiak izan ditugu Oñatin, besteak beste, Jaurlaritzak 2003ko abenduan onartu zuen kontsumitzaileen legea aztertzeko antolatuak, ez lege osoa baizik hizkuntza eskubideei dagozkien sei artikuluak. Ez ginen joan Oñatira lege horretan merkataritza eta zerbitzugintza euskalduntzeko erabateko gakoa esku-eskura geneukala etsi-etsirik, baina bai itxaropen pixka batekin.

Jardunaldiei hasiera, funtsean, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman zion. Gordin agertu zuen euskararen egungo egoera tamalgarria merkataritza eta ostalaritzan, komunikabideetan, eta hortxe nonbait, gure gizartean. Hona bere hitzen mamia: «Egun CAFen ariko dira berrogei bat zientzialari euskaraz eta ingelesez lanean, baina Zarautzen erosketak egitera joan edo taberna batean euskaraz eskatu, eta askotan mutur-luzeak ikusten ditut eta erdaraz egin behar izaten dut. Aldundian, prentsaurrean, zazpi bat minutuko aurkezpena egiten badut euskara hutsean hor sumatzen ditut kazetari gazte asko egon ezinik erdarazkoa eskatuz bezala, muturra luze-luze eginda. Garbi dago gauzak ez ditugula ondo egin. Espero dut zuek bide emankorragoak irekitzea». Hasiera ona zen: itxurakeriak alde batera uzteko deia eta plangintza eraginkorra zehazteko gonbita.

Jaurlaritzako kontsumo sailburuordearen hitzaldiarekin hartu zuen lehen kolpea nire itxaropen xaloak. Kontsumitzaileen legeak, hizkuntza eskubideen atalean, EAEko herritarrok merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan, ahoz nahiz idatziz, euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko dugun eskubidea adierazten du, argi eta garbi. Sailburuordearen esanetan, lege hau garatzeko atzetik etorriko den dekretuan, batez ere euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko neurriak etorriko dira, ezarriko diren obligazio juridikoak nagusiki administrazio publikoetara mugatuko dira ûhauek errazagoak bide dira lotzen entitate pribatuak bainoû errealitate soziolinguistikoaren eta administrazio bakoitzeko alderdien ordezkaritzaren arabera, eta inolako zehapenik ez dago aurreikusia.

Benetan euskaldunen eskubideak EAE osoan errespetatuak izan daitezen legea ez ezik dekretu ausartak behar ditugu, progresiboak baina ausartak, politikarien aldetik aldeko diskurtso jarraituak, eta euskara sustatzeko neurriez gain, betebeharrak eta azken baliabide gisa, besterik ezinean, zehapenak.

Frogatzen ari gara Oarsoaldean, txikizkako merkataritza eta ostalaritzan euskarazko zerbitzuak eskaintze hutsarekin, euskararen presentzia areagotzeko zerbitzua dohain eskainita, ez dela euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeari begira emaitza aski den adinakorik erdiesten.

Iñaki Agirreazkuenaga, administrazio-zuzenbidean katedraduna, etorri zen gauzak gordinago esatera. Lege hau ez da beteko, arazoa ez da legea, gure errealitate soziolinguistikoa baizik. Inozoak gu legeak betetzeko direla uste izateagatik! Kataluniako lege berdintsuak ditugu, Kataluniakoak Quebecekoen pare, eta Quebec gauza hauetan munduko aurreratuena.

Euskal kontsumitzaileok kontzientziatu behar dugu, gure hizkuntza eskubideak urratuak direla jabetzean kexatzea dagokigu eta euskarazko zerbitzu ona saritzea bezero leial bihurtuz, baina hain gaude kolonizatuak!

Jaurlaritzakoek, beren ustez, lege aurrerakoienak onartzen dituzte gure errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta; gero horiek garatzeko aldundiek eta udalek egin behar dute indar, eta bide horretan Jaurlaritzaren eragina lurruntzen da, eta gure zurrunbilo politikoa gainera etortzen, dena gehiago lausotzera, eta azkenean dena euskal kontsumitzaile ahularen gain geratzen da, eta gaztelaniak geroz eta balio komertzial gehiago dauka eta euskarak gutxiago.

Jaurlaritza eta gainerako erakundeen aldetik jarrera irmo, jarraitu eta gogorragoa eskatzea, egoerak berak eskatzen digu premiaz euskal kontsumitzaileoi, geure buruak aintzat hartuak sentitu nahi baditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1986
 
azala1985

1987 zenbakia.
2005ko apirilaren 10a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia